Elebitasuna sustatzeko elkarlanean

  • Hilaren 13an Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen jaia ospatzen dela-eta, Iparraldeko hiru hezkuntza sareen lanari erreparatu nahi izan diogu. Izan ere, Seaskak, Frantziako ikastetxe publiko nazionalek eta ikastetxe pribatu kristauek euskararen inguruko lehen ekimen bateratua aurkeztu zuten martxoaren amaieran. Euskararen Erakunde Publikoarekin batera, hitzaldia antolatu zuten hezkuntza elebidunaren ekarpenei buruz. Elkarlan honen berri jasotzeko hiru hezkuntza sareetako ordezkariekin hitz egin dugu.

    Ipar Euskal Herrian Seaskako ikastolek bermatzen dute euskarazko hezkuntza, baina ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu kristauetan ere ele bitan (euskaraz eta frantsesez) ikas daiteke. Eredu elebidunetan izena ematen duen ikasleen kopuruak gora egin du azken urteotan (%29 dira). Gorakada hori, ordea, ez da euskararen etorkizuna bermatzeko nahikoa. Bestelako ekimenak behar dira eta euskararen alorrean, orain dela lauzpabost urte hasi ziren elkarlanean Ipar Euskal Herriko hiru hezkuntza sareak. Euskal Kultur Erakundeak Iparraldeko eskoletan euskaraz idazteko ohitura bultzatzeko ekimena jarri zuen abian, eta hiru sareetako ikasleek hartu zuten parte.
Haran, Petuia eta Otxandabaratz
Gaizka Iroz
Geroztik beste zenbait lan egin dituzte elkarrekin, eta martxoaren amaieran lehen ekimen bateratua egin zuten: hezkuntza elebidunaren ekarpenei buruzko hitzaldia. “Oso pozgarria izan zen; jendaurrean lehen aldiz azaldu ginen elkarrekin”, esan digu Yves Haran eskola publikoetako ordezkariak. Ziur aski, ez da azkeneko aldia izango, euskarazko irakurketari buruzko beste proiektu bat prestatzen ari baitira orain. Eskola kristauen ordezkari Maite Oxandabaratzen ustez, “ekimen hauek oso garrantzitsuak dira. Ikasleen artean euskararen erabilera bultzatzeko balio dute, eta baita gizartean euskara zabaltzeko ere”. Seaskako Alazne Petuia ere bat dator iritzi horrekin: “Bistan da Ipar Euskal Herriko hezkuntza sareen artean ezadostasunak daudela, baina azken urteotan gure harreman pedagogikoak biziki sendotu dira. Pedagogiari lotuta, euskara bultzatzeko ekimenak sortzen ari gara, eta hori oso garrantzitsua da”.

Euskaltzaleek nahi baino txikiagoa izan arren, Iparraldeko ikastetxeetan euskarak bere tokitxoa egin du. “Eskola publikoetan gela elebidunek gora egin dute, eta euskararekiko nabaritzen da nolabaiteko sentsibilitatea. Nik uste hautetsi batzuk hortaz jabetu direla eta langile elebidunak kontratatzen ari dira”, dio Yves Haranek. Euskararen ezagutza, ordea, ez dator bat erabilerarekin. Maite Oxandabaratzen ustez, ikastetxetik kanpo ez da euskara apenas erabiltzen: “Eskolatik kalera ateratzea da euskararen erronka nagusia. Ikastetxetik kanpo euskarazko ekimen gehiago sortu behar dira horretarako”.

Irakasleen prestakuntza

Euskara eta euskal kultura Iparraldeko ikastetxeetan zabaltzeko irakasleek euskararekiko ezagutza eta atxikimendua izatea beharrezkoa da, eta horretarako irakasleen prestakuntzak berebiziko garrantzia du. Hiru hezkuntza sareek prestakuntza eredu ezberdinak dituzte. Seaskak garrantzi handia ematen dio euskarari eta euskal kulturari irakasleen prestakuntzan. “Lehen Hezkuntzako irakasleen prestakuntzak bi urteko iraupena du. Lehen urtean arlo teorikoa lantzen dugu, eta bigarrenean teoria eta praktika. Gure proiektuaren izaera eta berezitasunak bereziki azpimarratzen ditugu prestakuntzak irauten duen bitartean”, azaldu du Alazne Petuiak.

Ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu kristauetan oso bestelakoa da prestakuntza. “Ikastetxe publikoetan 450 oreneko bi ikasturte antolatzen ditugu. Horietarik 50 oren dira euskaraz ikasturte bakoitzean, eta beste guztia frantsesez. Halaber, eskolak ematen trebatzeko ikasleen aurrean jartzen ditugu irakaslegaiak bederatzi astez. Bederatzi aste horietarik seietan frantsesez eskaintzen dituzte eskolak eta hiru astez bakarrik euskaraz”, onartu du Haranek. Ikastetxe pribatu kristauetako irakaslegaiek, berriz, Okzitaniako Tolosan egiten dute irakasle izateko prestakuntza. “Tolosan irakasle lanetan aritzeko beharrezkoak diren irakasgai guztiak lantzen dituzte, baita euskara ere. Kontua da ez dela gauza bera euskara ikastea edo euskaraz irakastea. Horregatik, gure sareko kide izan nahi duten irakasleei eskola elebidunak emateko aukera eskaintzen diegu. 12 astez gela elebidunak beraien ardurapean hartzen dituzte. Gure xedea gero eta irakasle elebidun gehiago izatea da”, azpimarratu du Oxandabaratzek.

Euskarari dagokionez, beraz, hezkuntza sareek oso prestakuntza eredu ezberdinak eskaintzen dizkiete irakasle berriei. Seaskako ikastolen prestakuntzak euskararekiko atxikimendua bermatzen du, baina ikastetxe publiko eta pribatu kristauek eskaintzen duten prestakuntzan frantsesaren erabilera euskararena baino askoz handiagoa da. Kontuak kontu, eskola publikoetako ordezkari Haranek honako mezu baikor hau utzi digu elkarrizketaren amaieran: “Eskola publikoetan prestakuntza egiten duten irakasle asko euskaldun berriak dira, eta euskararekiko atxikimendu handia erakusten dute. Euren eskoletan euskara eta euskal kultura zabaltzeaz arduratzen dira”.

ASTEKARIA
2007ko maiatzaren 06a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okzitania
2023-11-06 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Okzitania (I): kantuak eta bertso arinak

Okzitania, Europa modernoaren sorrera garaian, zulo beltz baten gisakoa iruditzen zait. Eta zalantzan izaten naiz ea ez ote garen zulo beltz horretan behera oraindik ere erortzen eta erortzen ari. Joxe Azurmendik duela gutxi argitaratu duen Europa bezain zaharra liburuan atal... [+]


Lehen arkitekturari ez ikusiarena egin zioten

Borniquel (Okzitania), duela 176.000 urte. Kobazulo batean, 336 metro sakon, neandertalek eraztun formako egitura bikoitza egin zuten estalagmitak baliatuz. Milaka urte horietan guztietan egitura ezkutuan egon zen, 1990ean aurkitu zuten arte. Eta, ondoren, beste 24 urtez,... [+]


Suteak landetan
Gizakiak eraldatutako ekosistema bat, berotze globalaren atakan

Aunitz euskal herritarrentzat, oporretara joateko tokia dira Gaskoiniako Landak (Okzitania). Duna luzez osatutako hondartzak, pinudi amaigabeak barnealderantz, eta herriak baino kanping gehiago ia. Hegoaldean Aturriko itsasadarrak markatzen du Lapurdirekiko muga. Iparralderantz... [+]


2022-08-18 | Peru Iparragirre
Pirinioetako basoak ustiatu nahi zituen zerrategi industriala ez dute eraikiko

Lannemezanen (Okzitania) eraikitzekoa zen zerrategi erraldoiaren proiektua bertan behera utzi du Florian italiar multinazionalak. Urtean 1.200 futbol-zelai adina pagadi moztu asmo zuten.


Eguneraketa berriak daude