Herri kirolak zulotik atera nahian

Nola egin herri kirolak erakargarri kalekumeari?

  • Baserrian gero eta gutxiago dira aizkorak eta segak, beraz, baita segalariak eta aizkolariak ere. Baserritar herri kirolariak gutxi baldin badira kalera abiatu behar herri kiroletako 18 diziplinak hartuta. Eta nola erakartzen da kalekumea? Futbolari, pilotari izarrei begira dagoen gazteak nola helduko dio harriari? Dena behar du herri kirolak zulotik aterako bada; apustua, txapelketak, lehiaketak, erakustaldiak eta telebista. Eta ikastetxeetan harrobia mimatzea.
Jon Artano  |  Onintza Irureta Azkune @oirureta
2007ko apirilaren 29a
Aldalur, Bengoa, Erasun eta Esnaola
Dani Blanco
Martxa honetan segituz gero herri kirolak zulora doazela esan du baten batek. Zuek nola definituko zenukete herri kirolen egoera hitz gutxitan?
Aitor esnaola. Egoera oso-oso kritikoa da. Globalizazioa aniztasunari lekua kentzen doan neurrian, herri txikien bizimodua bukatzera doa eta herri kirolak hor kokatuko nituzke. Egoera kritikoa, hortaz, baina aldi berean, azkeneko pare bat urtean behintzat ilusiogarria ere bai, agian bizitzea tokatzen ari zaidanagatik [Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidentea da].
Koldo Aldalur. Gaixorik daude herri kirolak. Hemezortzi diziplina daude; bada hemezortzi horietatik batzuk etxean daude eta sendatzeko botikak hartu beharko dituzten arren, badirudi erabat larri ez daudela. Badaude bakarren batzuk erietxera eraman behar izan dituztenak, baina urte batzuetan iraungo dutenak. Besteren bat grabe dago, kimioterapia behar du eta larri dago. Azkenik, badira UVIn daudenak eta hortik ez dira aterako. Herri kiroletaz hitz egiten dugunean, askotan, dena bat balitz bezala aritzen gara. Egia da denak jatorriz bat direla, baina diziplina batzuk beste batzuk baino dezente okerrago daude eta batzuk erabat gaixo daude; ez diote bueltarik emango.
Luis Mari Bengoa. Desagertzeko martxarik ez dute. Gutxiengoen kirola da, baina orain arte beti izan da eta euskalduna hemen den bitartean ez da gure kirola galduko; horretaz ziur nago. Gu ez bagara beste batzuk izango dira, baina gure kirolak aurrera egingo du, beti. Herriaren sustraiak dira eta hori oso onartuta dago. Egia da hobetu, zaindu eta indartu egin behar ditugula. Gure betebeharra da hori.
Juan Manuel Erasun. Herriaren sustraietakoak direla egia da, baina krisi sakonean daude eta niretzat, behintzat, bi klabe daude. Batetik, herri kirolak baserriko lanbidetik eratorritako kirolak dira gehienak eta nekazaritza eta baserri mundua krisian daude. Bestalde, teknologia berriek eragin handia izan dute nekazaritzan. Makineria erabiltzen da orain, segan edo aizkoran egin ordez. Bi faktore horiek funtsezkoak dira. Aldaketak planteatzen ez baldin badira zaila izango da krisia gainditzea.

Nondik hasi behar da herri kirolek burua altxa dezaten, zein dira lehentasunak?

A. Esnaola. Etorkizunean nondik jo beharko litzatekeen nahiko argi dugu guk [Gipuzkoako Federazioak]. Galdera hitzez hitz hartuta... herri kirolak burua altxatzeko lehenengo hanka sendo batzuk behar ditu. Horretan ari gara gu, oinarri sendoa eraikitzen, zertarako altxa bestela burua. Eta horretarako eskoletatik hasi behar da. [Joxe Miel] Barandiaranen esaldi bat bada dioena: "Herriarengandik jaso duguna, herriari itzuli behar diogu". Herri kirolak nonbaitetik badatoz, Juan Manuelek esan duen gisan, herritik datoz; hasieran ludikotasunean oinarritutako ekintza batzuk ziren, jolas horretatik joko bihurtu ziren eta arautzen goazen neurrian kirol bihurtu dira azkenik. Herri kirolak ez ziren gaur diren bezalakoak sorreratik. Herritik sortu zen jolasa arautzetik datoz herri kirolak; berriz herriari itzultzen ez baldin badiogu hori, ez baldin bagoaz berriz herriagana oso zaila izango dugu.
Eskoletan haurrekin egin beharreko lana dela-eta, diziplina guztiak bere gordintasunean ematen baldin badizkiegu haurrei jai daukagu! Nik zer gaitasun dudan erakutsiko diot haurrari, baina aldi berean izutu egingo dut. Hamar urteko umeari ezin diogu planteatu herri kirolaria izatea, lehenengo oinarria landu behar da. Ahal den ume gehienak jolasean jarri eta hortik aterako da jarraitu nahi duenik, eta prestatu beharko dugu beste pausoa horientzat, eta pauso horretatik beste bat eta... Azkenean, gaur goian daudenak oinarririk gabe sentituko diren bezala, etorkizunean kirolariek sentituko dute gutxienez oinarria badutela. Hori egoera sanoa litzateke.
Bestalde, hemen aipatu da herri kirol batzuk egoera onean daudela, besteak larri, besteak oso larri eta beste batzuk ia akabatuak. Agian, izango dute etorkizun samurragoa momentu honetan ia desagertu direnek. Lokotxa eta lasto altxatzea, adibidez, ia inork ez ditu ezagutzen. Baina nekazaritza mundutik ihesean doan mundu honetan zer da errazagoa, aizkoran hastea edo lasto altxatzen edo lokotx biltzen? Aukerak egiteko garaian kontuan izan behar genuke, agian, oso gaizki ikusten ditugunek izan dezaketela erakarpen handiagoa gaur arrakasta dutenek baino.
K. Aldalur. Hanka gehiago dauzka mahai honek. Ez zait iruditu Aitorrena planteamendu sinplista izan denik. Seguru asko gehiago ez luzatzeagatik, puntu jakin horretan, eskolakoan, zentratu da, baina puntu gehiago badaude. Lehendabizi, herri kirolak behean egoteak bentaja bat ematen digu; askoz beherago ez garela joango. Beste alde batetik, orain arte asko eman da transmisio familiarra herri kiroletan. Orain Egur Sport enpresak antolatutako txapelketan ari diren aizkolarien artean, esate baterako, asko izango dira aita ibilitakoa dutelako hasi zirenak. Herri kirolen historian beti izan da transmisio familiarra eta izenak atera daitezke ziento bat. Mugertza aizkolaria da eta semeak aizkolariak dira, Izeta harri-jasotzailea da eta semeak harri-jasotzaileak dira... transmisio familiarra mantentzea ez da txarra eta ez da baztertu behar. Eskolena erabat garrantzitsua da. Jolasean hasi eta jokatuz bukatu daitekeelako eta lehendabiziko afizioa hartzeko garrantzitsua delako. Betikoan sartuko gara horrekin; lehiakortasun hori txertatzea egokia den ala ez, baina herri kirolak diren bitartean aurrera! Bestalde, beti egon da materialarekin horrelako freno moduko bat: “nola egingo ditugu bada herri kirolak ikastolan?”. Hasieran erraza da: zer behar dugu? soka, bale soka badugu; zer gehiago? lokotxak, hori ere badugu; gero gauzak konplikatzen hasten dira, aizkoran ezin da egin txikiekin, harri-jasotzen ere konplikatu samarra da, Iparraldeko joko askok ere arrisku punttua badute hamar urte inguruko haurrekin aritzeko... Dena dela, hori dena moldatu daiteke gaur egun; materiala ez da aitzakia.
Beste kontu bat da kirolariek sor ditzaketen eskolak, ez bakarrik etxekoekin. Juan Manuelek erakutsi ahalko lieke bere ingurukoei segan eta aizkoran eta Aitorrek ere erakutsi ditzake berak egindako kirolak. Hori da niretzako falta dugun alorretako bat.
Hortaz, laburbilduz: batetik etxeko transmisioa dago; beste bat da ikastetxetakoa eta hirugarrena litzateke ikastetxetatik kanpoko eskolena. Pilotan funtzionatzen duen moduan. Pilotari izandako batek ordua jartzen du eta han biltzen zaizkio hamabost mutil-koskor edo neska-koskor, eta pilotari ohi horrek bere eskola sortzen du. Zelai, adibidez, horrela ari da lanean. Jarri du bere txokoa eta gazte batzuk joaten zaizkio. Miren Urkiolak berarekin ikasi du. Hirugarren aukera hori ez da baztertu behar. Gauden bezain gaizki egonda ezin dugu aukera horietatik bakar bat ere baztertu.
Txapelketak eta lehiaketak ere beharrezkoak dira. Ezin dugu geure burua engainatu: txapelketak aparteko gogoa ematen dio kirolariari. Nuarbeko sokatiralariekin garbi ikusi da hori; zoritxarrez, Europako eta Munduko Txapelketetan parte hartu ezin duenez, aurten ez dauka jende nahikoa taldea osatzeko. Nahiago nuke Azpeitiko ikastolan baleude hamar talde sokatirakoak, baina ez daude. Eta Nuarbek, Munduko txapeldun eta Europako talderik onena izan denak, momentu honetan ez dauka sokatiran egiteko koadrilarik. Txapelketen garrantzia aizkoran ere nabarmena da. Duela hamar urte aizkoran genuen egoera eta gaurkoa erabat ezberdinak dira. Eta hasieran, Luis Marik nik baino askoz hobeto daki, antolatzen hasi zirenean kirolari askok aurpegi txarra jarri zuten. Eta lehen zer egiten zen? Irailean txapelketa nagusia eta neguan apusturen bat ateratzen baldin bazen herri kirolzaleok ikaragarri pozik. Orain berriz, puntan dabilen kirolari batek egingo ditu 30 saio eta hain puntan ez dagoenak ere hamar saio egingo ditu.
Joera desberdinak daude: Luis Mari-eta gehiago dira lehiaketakoak, aizkolari kontsakratuekin ibiltzekoak eta Aitor-eta dira gehiago oinarriko lana egitekoak, baina kontua da dena behar izango dugula.
A. Esnaola. Txapelketak ezin ditugu albo batera utzi, baina etorkizunari begira nondik hasi eta norantzako ibilbidea egin pentsatzen eta adosten hasi beharko genuke.
K. Aldalur. Galdera da: Erakargarriak al dira herri kirolak hamabi-hamahiru urteko mutil edo neskarentzako? Futbola, saskibaloia eta pilota izanda erakargarria al da sokari eustea?
A. esnaola. Futbola zenbat aldatu da? Betikoa izaten jarraitzen du, arauak ez dira aldatu...
L. M. Bengoa. Lehentasunei erreparatuz, planifikazio zabal bat behar dugu, leku guztietan eta enpresa guztietan bezala. Planifikazio on bat. Behar dugu eskolako lana alde batetik, gero behar ditugu aterako diren gaztetxo horiek segitu dezaten bertako herri kirol eskolak, hori ez daukagu eta daudenak afizioz ari dira eta horiek konpondu eta indartu egin behar dira. Beste alde batetik aztertu beharko litzateke zer den herri kirola eta ea diziplina guztiek egon behar ote duten federazio bakarrean. Izan ere beste kirol guztiak bezala gureak ere batzuk taldekoak dira eta beste batzuk bakarkakoak. Ez dago munduan federaziorik bi motatako kirolak batzen dituenik; gurea bakarra da. Hasieran aipatu dudan planifikazio horretan lehenengo pausoa egingo nuke, adibidez, sokatirak bere federazioa izan dezala. Dena den, indar gehiago hartu arte baliteke besteak multzo berean egotea, baina indartu arte, zeren bestela arriskua dago. Hau da, guk Arabako Herri Artekoa martxan jarri genuenean ipini genituen sei diziplina. Harri-jasotzaile ona bat bazen, baina sokatirako taldearekin elkartu zen eta bera bezala hainbat harri-jasotzaile on izango zirenak sokatiralariekin batu eta denak sokatiran hasi ziren. Harri-jasotzailerik barik geratu ginen. Aizkolariekin berdin gertatu zen teknika oso desberdinak diren arren.
Horregatik egokia litzateke banatzea taldeko eta banakako kirolak eta bakoitza bere bidetik indartzea. Kontua da fitxa kopuruari bakarrik begiratuta banatzen bada dirua ba akabo... Kirol batek eta federazio batek, dirurik ez badu lan egiteko, ezin da ezer ere egin. Federazio berezituak izan behar genituzke eta laguntza propioak; ez gaur dagoen laguntza denen artean banatu, baizik eta bakoitzari gaur denek jasotzen duten laguntza eman. Horrela oinarria sortuko genuke, eta hortik aurrerakoak beste kiroletakoen antzera behar luke: herri arteko edo bailaratako txapelketak, lurralde bakoitzekoak, Euskal Herrikoak eta nazioarteko txapelketak baleude, hobe. Hori litzateke piramide egokia. Eta gero, gu aizkoran ari garen moduan –ez dakit ondo edo txarto ari garen baina–, kirol guztietan ahalegindu beharko ginateke telebistara egokitzen. Aizkora zalea denarentzat bai baina, ezagutzen ez duenarentzat bigarren edo hirugarren enborretik aurrera ez dauka emoziorik. Bizitasuna eman behar zaio kirolari.
J. M. Erasun.
Planifikazioa oinarrizkoa da eta diagnosia egiten baldin bada hau da lehen pausoa: heziketa. Nekazaritza mundua gero eta murritzagoa da, bi ikuspuntutatik gainera: kirolariak izateko eta ikusle potentziala izateko. Futbolak eta pilotak daukaten bertutea horixe da; zenbat milaka eta milaka haur hasten dira jolasean kirol horietan? Jaio orduko pilota dago etxean eta gero pixkanaka-pixkanaka etorriko dira hamabost-hamasei urterekin taldeen perfekzionamendurako eskolak-eta. Herri kirolean ere, antzeko sistema bilatu behar dugu. Pixkanaka hasi eskolatan, modu ludikoan, eta gero joango da bakoitza kokatzen gustukoa duen horretan. Hori bai, lehen baserri giroan eta familia transmisioari esker egiten zena betetzeko herri kirol eskolak sortu behar dira. Hamasei urte inguru horretan, eskola amaitzen denean hutsunea dago. Familia transmisioa garrantzitsua da eta gerora ere eragina izango duela garbi dago; baina hori gainerakoari gehitzen zaion zerbait da. Ondoren, kirolariak prestatzeko eskolak erakustaldi, txapelketa eta gainerakoekin lotu behar dira. Eskailera mailak dira eta pertsona bakoitzak gora doan ahala bere aspirazioa mantentzeko ilusioa behar du. Baina garbi izan behar dugu hori guztia eskoletatik gora pixkanaka-pixkanaka doan sistema dela. Gero, zenbat eta lehiaketa gehiago era antolatuan orduan eta hobe kirolarientzat.

Diruaren garrantzia aipatu du Luis Mari Bengoak.


J. M. Erasun. Diruak ez luke ikaragarrizko aldaketarik ekarriko. Hala ere, garrantzitsua ez dela iruditzen zaigun horretan dirua gastatzea esfortzu handia dela uste dugu. Futbola baino askoz garestiagoa al da herri kirola? Bada seguru ezetz. Baina, joño, zeinek esaten dio futbolari ezetz? Ez daukagu barneratuta herri kirolak diru laguntza behar duela eta apur bat jartzen denean esaten da: “herri kirola oso garestia da!”. Ni ez nago ados horrekin.
L. M. Bengoa. Ba niri oso garestia iruditzen zait. Aizkolari baten entrenamendua eta futbolari batena ez duzu konparatuko.
J. M. Erasun. Beno, salbuespena egin beharko genuke aizkolariekin.
L. M. Bengoa. Enborrak erosteko, maisuei ordaintzeko... behar da dirua. Euskararen gaian, denbora hartan, gau-eskolekin hasi ginen eta gero pixkanaka-pixkanaka hasi ginen eskolak lortzen. Bertsolaritzan ere berdin pasatu da: lehen baserriko plaza-gizonak ziren, gaur, eskolak martxan jarri ostean, emaitzak hor daude. Bertsolaritzak eta euskarak duten sasoia planifikazio on bati zor diote. Guk ere hori behar dugu.
A. Esnaola. Diru kontuak direla-eta adibide bat jarriko dut: nahiz eta herrian futbol talderik eduki ez, nahiz eta herrian futbolari bakarra eduki ez, instalazioak edonon daude, zenbat kostatu da instalazio hori? Atera kontuak zenbat urterako egitura lukeen horrekin herri kirolak. Herri askotan dago futbol zelaia edo futbitoko aretoa kiroldegian, ikusi al duzue kiroldegiren batean sokatirarako txirrika bat? Bada txirrikak 300 euro balio ditu.
L. M. Bengoa. Gasteizen harri-jasotzaileak ba al dakizue non entrenatzen diren? Kiroldegi bateko etxabean, han baino ez dutelako berogailua. Horrela ezin daiteke kirola aurrera atera.
A. Esnaola. Hori gau-eskola litzateke.
L. M. Bengoa. Hori diru arazoa da, dirua behar delako instalazioak ipintzeko.
J. M. Erasun. Dirurik gabe inon ez da ezer ere egiten. Inon, ezer.
A. Esnaola. Ba herri kirola asko egin duk dirurik gabe; eta hortaz aprobetxatu dituk.
L. M. Bengoa. Eta egiten da. Egiten da.
A. Esnaola. Lehen, familia transmisioaz aritu dira eta herri kirol eskolen kontuan Zelairen adibidea aipatu da. Nik horiek guztiak lotzen ditut, Luis Marik erabilitako konparazioa hartuz, gau-eskolekin. Bestalde, herri kiroletan mugitzen den jendeak eduki du izaera oso berekoia-edo... herri kirolaria, zenbat aldiz, ezkutuan prestatu eta gero atera da plazara. Kultura hori badago eta horren ondorio izan daiteke inoiz burutik pasatu ere egin ez izana azterketa egitearen premia. Norberak berea, momentukoa nolabait atera eta... eta hor zuloa egin da. Zuloa izan da juxtu oinarrikoa. Eta oinarria zein da? Gazteak. Eta oinarri horren oinarria? Umeak. Horregatik etorkizunaz hitz egitean nondik hasi behar dugu goitik behera ala behetik gora? Nire ustez behetik gora.
Taldekako eta bakarkako kirolen federazioena ere aipatu da. Hasteko, herri kirolak bat dira eta badute federazioa. Kirol batzuk zapalduta egon daitezke, baina momentu honetan diziplinak bakarkakoetan eta taldekoetan banatzen hasten baldin bagara indarra galduko dugu.
L. M. Bengoa. Zuk maite baduzu sokatira indartuko duzu sokatira, eta berdin sega edo aizkorarekin. Federazioetan zer gertatu da askotan? Bost sokatirazale eta igoal harri-jasotze zalea bat ere ez eta zein indartzen da horrelakoetan? Sokatira. Eta badakit zer esaten ari naizen, esan diezazuket noiz, nola, non, eta zergatik.
A. Esnaola. Federazioa zuzendari batzordeak gehi batzarkideek osatzen dute eta batzarkideetan diziplina guztiak daude ordezkatuta. Federazio gehiago sortzearena osasuntsu gaudenean planteatzeko gaia da.
J. M. Erasun. Nik ez daukat oso garbi. Egia da, bakoitzak bere ibilbidea eta izaera dauka. Zaku berean sartzean indartsuena gainera ateratzen da eta besteak beti, nahigabe, eta ez besteek lana hobeto egin dutelako, azpian geratzen dira. Orain dauden bezala, denak batera, beti gailenduko dira sega, aizkora, harri-jasotze, soka... horiek. Dena dela, lehen txikiak izan eta bereizten hasiz gero batzuk igoal galduta gera daitezke. Dudak ditut. Hori bai, diagnosiaren ondoren, plangintza egiteko garaian, zehatz jarri beharko litzateke bakoitzarekin zer nahi dugun lortu. Hori beharrezkoa da nahiz federazio bakarrean egon.
K. Aldalur. Hiri ulertu diat orduan modalitate batzuek beste batzuk zapaltzen dituztela pisuagatik.
J. M. Erasun. Bai. Adibidez, goitik behera joanez lehen aipatu ditudan indartsu horien azpian daude txingak, boloak, lokotxak... plangintza propioa behar dute bestela batzuek besteak jaten dituzte diru kontuak eta egiteko garaian, dedikazioaren garaian...
Nola egoera oso kritikoa den ikusi beharko litzateke nolako plangintza egiten den, batez ere, eskoletan. Giltza da konturatzea heziketa horren fruituak ez ditugula ikusiko urte askoan.
A. Esnaola. Nik hogei bat urte galdutzat joko nituzke; herri kiroletan modalitate batzuk osasuntsuena egon diren garaian.
L. M. Bengoa. Hogei urte ez, orain dela hogeita zortzi urte joan ginen lehen aldiz Munduko Txapelketara: Aramaio, Mutriku eta Avellaneda taldeak Suediara joan ginen Jönköping-era. Abarkekin joan ginen. Ez da hainbeste urte. Horregatik esan gura dut ez direla hogei urte galdu.
A. Esnaola. Herri kiroletako hainbat modalitate osasuntsuena egon diren garaian pasatako urteei “galduak” deituko nieke oinarriko lana egin ez delako. Nola osasuntsu gauden oinarriko lanaz ardurarik ez: “bah! hori bere kasa etorriko da”, pentsatuz. Baina gizartea aldatzen joan da, begiratu zer zurrunbilotan bizi garen.

Iñaki Perurenak, duela urte batzuk, etxean egindako kirolariei onddo deitu zien eta eskolatakoei txanpiñoi.


L. M. Bengoa.
Hori edozeinek esan lezake. Berriz hartuko dut adibide bertsolaritza: Xabi Payak erdaraz bota zion bertsoa amari azken Bizkaiko Txapelketan. Xabi ez da ez euskaldun-euskalduna, ez baserrikoa eta ez lehengo plaza gizon horietakoa, baina txanpiñoia da ala onddoa da?
K. Aldalur. Joxe Lizaso ere kaletarra duk baina...
J. M. Erasun. Lehen erabiltzen genuen kale-kumea hitza eta hauxe esan: “kalekumea ez da iaioa”. Zergatik baserritarrak herri kiroletan? Ba txiki-txikitatik beti erreminta eskuetan eduki dugulako; batzuetan jolasean eta bestetan lanean. Heziketa natural eman da. Orain eskolak sortu behar dira eta pixkanaka-pixkanaka txanpiñoia dena onddo izango da.
K. Aldalur. Mitxelenak egin du bertso saioa Xabier Euzkitzerekin. Xabier gazte-gaztea zen eta itxura denez nahiko ondo moldatu zen kantuan eta bukatu zutenean Mitxelenak esan zion: “Joño Xabier, itxuraz, hi ere ez haiz depositoko ura, harkaitzetan behera doana baizik”. Harentzat depositoko ura zen eskoletako bertsolaria. Gaur egunean ezinezkoa litzateke bertsotan txapelketa egitea eskoletatik ateratako bertsolaririk gabe. Eta eskolak, herri kiroletan, ez daude. Bertso eskolak zuzentzen, seguraski, arituko dira lehen bertsolari izandakoak edo plaza batzuk egindakoak behintzat.
Eta ikastetxeetan, herri kirol eskola horiek baino lehenago behar lukeen urrats horretan nor arituko da?
K. Aldalur. Agian andereñoa eta hark emango du matematika eta gero herri kirola eta gero ingelesa eta ez dakit zer, baina behar dira irakasle berezituak.
J. M. Erasun. Gaur badaude soinketa-eta emateko ikasi duten irakasleak, gertatzen dena da bakoitzak ematen duela bere espezialitatea; pilota dela edo besteren bat... baina herri kirolak ez ditu inork ematen. Urte askotako lana dago gizartean sentsibilitate minimoa txertatzeko.
A. Esnaola. Orain hamar-hamabost urte, hain osasuntsu geunden garaian, kalekumearekiko gutxiespeneko jarrera eduki du herri kirolak orokorrean. Perurenarena pentsamolde horretan oinarritutako esaldia da eta garai hari badagokio esaldi hori. Baina gaur esaldi horri buelta emango nioke, bestela bai doala dena zulora. Zer dugu nahiago kilo bat onddo ala sei kilo txanpiñoi? Onddoa bukatzen den garaian sei kilo txanpiñoi baldin badaude, horiek ere jan daitezke, e!
L. M. Bengoa. Onddoak egiten dira arbolategietan eta arbolarik ez badago...
A. Esnaola. Hori da, baratzerik ez badago jai dago. Abiatu oinarri-oinarritik abiatu behar dugu. Barandiaranen esaldi horretara itzuliz, orain arte herriak emandakotik jan dugu, baina herriari zer eman diogu bueltan? Ikastetxeetan zerbait erakargarria eskaini behar diozu, ez diozu esango igo egur honen gainera eta dale! Bestela babak aterako zaizkio eta kito. Lehen aizkoran hasteko etxean ez zegoen zaila, zain egoten ginen asteburua ailegatzeko, basora joan eta non harrapatuko urritzen bat okertuta: “hauxe bota behar diagu!”. Eta gaur ez, gaur bestelako planteamendua egin behar dugu. Aizkorak kirtena izanagatik puntakoak ez dauka zertan aizkora izan behar. Azkenean gimnasia bera eginaraziko diozu jolasa asmatuz; eta horiek jada asmatuta daude. Ikastetxeetan ezin dira herri kirolak bere horretan txertatu. Euskal jolas eta jokoak dira etorkizunean herri hirola egitea ahalbideratuko duen heziketa. Horrek zer esan nahi du? Soin heziketako programazioan txertatu beharra dagoela, eta hori baino lehen Euskal Curriculumak aukera hori eskaini behar duela.
K. Aldalur. Erakargarritasunaren gaiari helduz, badago puntu bat klabea: gizarte eredua. Oraingo gizarte ereduan lehentasuna zeukak derrepente lortzen den garaipenak eta herri kirola duk, juxtu, epe motzean garaipenik ematen ez duena. Nik hamazazpi urteko mutil-koskorra zeukat eta zeuzkak bi lagun Realean jokatzen, laster dirua kobratzen hasiko dituk; beste bi lagun pilotan ari dituk eta hasita zeudek herriz herri dirua kobratzen... eta gainera, ikusten diate hemezortzi-hemeretzi urterekin ba, agian, kirol horretan punta-puntakoak izango direla. Osasunan hamazazpi urteko mutil batek jokatu zian UEFAko partidua eta Athleticen ere bazagok adin horretako bat jokatzen ari dena. Gazteek hartzen dizkiate eredu horiek. Eta esaten diate: “segitzen badiat pixka bat pilotan hamairu-hamalau-hamabost urterekin, igoal egunen batean profesionaletara pasatuko nauk”. Horrek ez luke horrela behar, baina hori duk errealitatea. Belokik hogei urterekin buruz buruko txapela irabazi zian. Eta futbolean gauza bera; bi gipuzkoar fitxatu dizkik Athleticek bakoitzari milioi piloa emanda. Eta herri kirolak ez dik ematen aukerarik epe motzean satisfazio horiek lortzeko. Orain nerabea den batek bazekik sokatiran, esate baterako, sei-zortzi urte pasa beharko dituela Realeko jokalariak adina zaintzen, aditu ondo, ezer ere ez lortzeko. Ezer ez, tira, satisfazio pertsonala, talde giroa... gauza oso inportanteak, baina dirua denez neurri nagusia gizartean, alde horretatik begiratuta ez dik ezer ere lortuko. Ez orain eta ez gero; ezta munduko onena izanda ere. Aizkoran edo harri-jasotzen, agian, zer edo zer lortuko dik, baina lokotx biltzen, txingan, alferrik dik. Alferrik ez, baina kontuan hartu behar diagu gaur Operación Triunfo-n sartzen dela gazte bat eta handik bi hilabetera munduko famosoena dela.
J. M. Erasun. Hik aipatzen dituanak oso bakanak dira, ez dakit zenbat milatik aterako dituk horrelako figurak. Baina futbolean, edozein arrazoirengatik, balio ez dutenak ere hor aritzen dituk eta horiek agian herri kiroletan onak izan daitezke eta gainera, beharbada, beraien aspirazioa ez duk izango ekonomikoa. Bai, batzuena izan daiteke...
K. Aldalur. Nik ez diat esaten horrela behar duenik baizik eta gizartea horrela jarrita dagoela, zoritxarrez.
J. M. Erasun. Baina hori oso eliteko planteamendua duk. Badago makina bat jende ezin duena horra iritsi. Pilotan ere berdin: eskuko minak direla eta hamabost-hamasei urterekin uzten dutenak, zenbatek. Baina horrek herri kirolen ezagupena badu, ba, kontxo agian, hori aukeratuko dik kirolzalea delako.
K. Aldalur.
Idolo falta ikaragarria zeukagu. Saskibaloian dabiltzan hamabi urteko neska-mutilek esaten didate: “Nik nahi diat izan House” eta nik: “Zein da House?”, “House TAUko jokalaria”. Behin ere ikusi al duk bateren bat kamisetan Ronaldinho edo Stepanovic jarri beharrean Mindegia jartzen duela? Ez ba.
A. Esnaola. Elitea ona da, baina oso arriskutsua, eliteak beti duelako ondoan frakasoa.
L. M. Bengoa. Elitea egoteko oinarriak egon behar du. Orain bederatzi urte hasi ginen aizkora txapelketarekin. Zortzi lagunek hartu zuten parte, zazpik egundoko triparekin, argala bat bakarra, Peñagarikano, eta hark irabazi zuen. Aizkora desagertzekotan zegoen. Ez zegoen ezer ere. Konturatu ziren gu [antolatzaileak] serio ari ginela eta orain, aizkolari asko, urte guztian daude sasoian eta beste itxura bat ematen dute. Telebistak indar handia dauka, oraintxe ari naiz ni horretaz konturatzen. Txapelketatik txapelketara gazte bat edo bi sartzen dira. Joan den egunean Alejandro Mindegia sartu zen. Hartzen baduzu federazioko historiala eta, tristea da hori, urte askoan ibili da federazioa jubenilen txapelketa bete ezinik, hiru lagun topatu ezinik Euskal Herri guztian. Zorionez, hemezortzi urtetik beherakoak gure txapelketan aurten bederatzi atera dira. Lana eginez gero eta telebistan erakutsiz gero badago emaitza. Gurea oso baxu dago oraindik pilotarekin konparatuta baina, pixkanaka-pixkanaka hobetuko dugu.
Beste kontua da udakoa. Herri kirolarien mauka, edo behintzat, neguko entrenamenduetako gastuetarako-eta egiteko uda da. Eta udan zer gertatzen da? Hor dituzu goi mailako batzuk ez dutenak erakustaldirik egiten, egitekotan gutxi, hogei bat exibizio eta beste batzuek, igoal bigarren mailakoek 60 erakustaldi. Hori zer da? Asko gertatzen da udaletan dauden kultura zinegotziak edo dena delakoak ezjakinak direlako gure zerean. Esango dute: “Tráeme deporte rural, para que haya deporte rural”. Gure lana da apurka-apurka hori aldatzea. Udan federazioak parte hartu behar du, exibizio guztiak kontrolatuta eduki. Askotan koadroak ikusten dira, zirkoak eta gure errua da hori, nortasunaren kontuek seriotasuna behar dute.

Apustua, erakustaldia, errekorra, txapelketa... Non uste duzue egin daitekeela indarrik handiena? Ume-jendea aparte lagata gaur egiten diren ekitaldietan zein ikusten duzue eredu egokiena?


L. M. Bengoa.
Txapelketa, dudarik gabe. Ikastolako umeari kendu iezaiozu txapelketa eta...
Eta nagusiagotan?
L. M. Bengoa. Txapelketak eta lehiaketak. Eta markak ere hor sartu litezke. Orain gehiena erakustaldia egiten da eta kirolaren nortasunaren kontrakoak gehienak. Seriotasunez eta profesionaltasunez ere egiten dira, baina beste batzuk... ez dago izenik eman beharrik.
A. Esnaola. Momentuko irtenbidea planteatzeko ez dakit, datorrena datorrela moldatu behar dugu. Zertan jarri indarra? Txapelketak hor daude, markak ere bai... Eta apustuari muzin egin behar al diozu? Apustua ere beste aldagai bat da. Aztertu beharko genuke historikoki gure kulturan erronkak izan duen balorea, eta noiztik aurrera erronka apustuarekin lotu den. Euskal kulturarekin lotu al daiteke gaurko apustu eredua? Nire ustez ez.
J. M. Erasun. Egiten dena konplementarioa da, ez dago ezer soberan. Apustuak gero eta gutxiago daude eta hori ordezkatu behar da. Apustuaren lehiak jende masa gehiago mugitzen du, baina horiek oso puntualak dira. Eta Luis Marirekin ados nago, herri kirolariok eman dugun irudia txarra izan da benetan. Diskutitu izan dut batekin baino gehiagorekin: exibizioa Tolosan arratsaldeko seiretan eta egun berean ez dakit non beste exibizioa hartuta.
L. M. Bengoa. Bost egun berean ere bai.
J. M. Erasun. Azkeneko momentuan lagunari deitu eta: "Ea hi joaten haizen ez naiz eta iristen". Eta joaten baldin banaiz lehengoa bukatu eta aldatzeko betarik gabe, izerditan. Irudi benetan txarra.
L. M. Bengoa. Ni alde eginda nago. Nik zirkorik ez dut presentatzen. Kirola da eta horrela hartu behar dugu, osterantzean jai daukagu.
J. M. Erasun. Aitorrek esan du. Herri kirola ghetto moduan ikusi da, norberak dakiena kontuz besteei esplikatu. Nola esaten da, "cada maestrillo tiene su librillo" baina herri kirolek ireki beharra dute, bestela oso zaila daukate.
A. Esnaola. Planteatu al dugu aizkolariak taldean entrenatzea? Entrenamenduan taldeak kristorena balio du. Aizkoran ibili nintzen garaian askotan gertatzen zitzaidan entrenatzeko egurra preparatu, nazkatu eta buelta, "bihar ebakiko dut". Orain trontzan beste batekin ari naiz. Eskola bat baldin badaukagu non biltzen diren zortzi aizkolari, eskema guztiak hausten ditugu, ez da kirol bakartia, talde giroa dago, ideia berriak sor daitezke... Orain bakoitzak bere eltzetik babak nola aterako ari gara.

Oraindik ere horrela segitzen du horrek?


L. M. Bengoa. Zorionez, Sakanako Mankomunitateak ordainduta Nazabalek eskola dauka hemezortzi aizkolari gazterekin. Baina kontu solteak dira, ez daude planifikazio baten barruan. Ikusi zelako gauzak egin daitezkeen.
K. Aldalur. Finantza kontuarekin lotu behar da hori. Hemezortzi lagun nola dauzkate Floren Nazabalek eta horiek? Bateren batek kontzientzia hori hartu duelako eta esan duelako hemen diru batzuk –gutxi hala ere– mugituko ditugu hau martxan jarri ahal izateko. Baina kontzientzia hori da falta dena. Udaletxe batentzat errazagoa duk urtean behin herriko festetan herri kirol saio bat jartzea diru harekin eskola bat jartzea baino eta bazeudek herri kirol saio garestiak. Dirua gastatzen da, baina agian diru horrekin hartu dezakezu Aitor eta sei hilabetean mutil batzuei trontzan erakutsiko die. Baina udalarentzat askoz luzituagoa duk Goenatxo ekartzea eskola hori jartzea baino.
A. Esnaola. Eskoletan sustapena egin behar da.
L. M. Bengoa. Lokotxa, sokatira... eta besteren bat gehiago kenduta ezin liteke, mutikoek ez dute gorputzik horretarako. Gure herri kirol eskolak jarri behar ditugu. Mutikoak 14 urterekin sasoia badauka...
A. Esnaola. Eta bitartean?
L. M. Bengoa. Erakustaldiak eta ahal dena eman.
Ikusleak gutxi eta zaharrak omen dira, baina leialak. Nola erakarri ikuslea?
J. M. Erasun. Ikusle potentziala da txikitatik kirola ezagutzen duena, hari egiten zaio afizioa. Eskolan praktikatzen duenari egiten zaio afizioa, ez denei baina bai batzuei.

Oraingo ikuslea ez al da apustuzalea?


L. M. Bengoa. Apustua odolean daramagu euskaldunok.
A. Esnaola. Euskaldunak badu apusturako sena, baina azkeneko urteotan, zer nahi duzu esatea, apustu asko ari dira egiten, “hemendik ea pezeta batzuk ateratzen ditugun”. Eta Olasagasti eta Mindegiaren artekoan zer zen, herri kiroletako ikuslea? Nahiko garbi zeukagu ezetz. Han asko zegoen diru jokatzailea eta frontoietako jendea. Ez herri kirolzalea, beste aldera begira dirua jokatzen duena baizik. Asko horrelakoak, beste asko benetakoak.
J. M. Erasun. Baina konplementarioa da. Herri kirolari kentzen zaio jokoa eta adios, hori ahaztu. Jolas moduan herri kirola mantenduko dela ados, baina elitekoa, edo hobeto esan, teknifikazio maila batekin... kontuz. Alizienteak behar dira, nik beti apustua eta lehiaketa lotu egiten ditut, elkar osatzen dute.
L. M. Bengoa. Francoren denboran zerk mantendu zuen herri kirola? Apustuak.
A. Esnaola. Baina apustuaren funtsa zer zen dirua?
L. M. Bengoa. Bai. Dena dela, garbi ikusten da txapelketak behar direla, eta apustua ezin dela kendu, gurea da, baina herri kirola salbatzeko apustua ez da behar. Niretzat zerrendan azkena da, baina beharrezkoa.

Olasagasti-Mindegia apustuko ikusle asko benetako ikusleak ez zirela esan duzu. Orduan ikuslerik ba al dago?


A. Esnaola. Oso gutxi.
J. M. Erasun. Mindegia-Olasagasti fenomenoa komunikabideek egin zuten. Komunikabideek asko egiten dute. Morboa sortu zen. Bai, egia da jokalariak badirela eta dirua mugitzen dute, baina hara joan zen ikusleen artean jokalaria zenbat izango zen, ehuneko bosta? Ehuneko hirua?
A. Esnaola. Gehiago.
J. M. Erasun. Keba.
A. Esnaola. Eta apustua mugitu ziaten pilotako bost korredorek.
K. Aldalur. Nik apustua egin beharko banu orain aizkoran, lehendabiziko gauza komunikabideei deituko nieke afarira: “Halako egunetan, hainbeste diru... zer iruditzen zaizue? Hor egoteko moduan al zarete?”. Eta hiru-lau komunikabidetaz ari naiz, ez daukagu besterik, lau lagun dira.
Batzuetan ez gara konturatzen, baina hau produktu bat da eta saldu egin behar da. Erakargarria egin behar dugu saldu ahal izateko eta saltzeko komunikabideak behar dira. Komunikabideek konpromisoa hartzen baldin badute hori aurrera aterako da.
A. Esnaola. Ni ez nauk joango telebistari produktua prestatzera.
K. Aldalur. Nik uste dut baietz.
A. Esnaola. Itxoin. Momentu honetan, herri kiroletako hainbat esparrutan aldaketak eta planteamenduak egin behar diren garaian, telebista publiko horri ere badagokio zerbait eta konpromisoren bat ere hartu beharko du ezta?
K. Aldalur. Bai, bai, hartzen duena baino gehiago.
A. Esnaola. Telebista ibilbide osoko beste atal bat duk, besteek bezainbesteko garrantzia duena, baina beste atal bat. Datorren igandekoa gustatu zaiolako telebistak denbora bat dedikatuko dio, baina beste batzuetan, badakik, txapelketa ofizial batekin joan eta bilera eskatzearekin harrituta geratzen dituk.
K. Aldalur. Komunikabideek eta diru publikoak herri kiroletara begira egon behar dute, baina herri kirolak eskaini behar dio zerbait erakargarria.
A. Esnaola. Elkar elikatu behar dira.
K. Aldalur. Bai noski. Baina orain jartzen baldin baduk pilota partida bat frontoi zurian, zikinean, Retegi-Tolosa zuriz jantzita, audientzia erdira etorriko da. Formalidade gabeko kirola ematen dik. Luis Marirekin mila aldiz komentatu dut: aizkolariak urdinez, berdez ala gorriz, baina binaka direnean igarri egin behar da zein den zeinekin. Orain dela zenbat urte, bat zuriz bestea berdez, gorriz... bat bere propagandarekin... Saldu behar dugun produktua da eta bestela ez dugu salduko. Jendeak pentsatzen du publikoa delako gure gauzak bultzatu behar dituela, bai, hori hala da, baina bueltan etortzen baldin bada produktu on bat, bestela ez da bultzatuko. Bestela, herri kirolak bihurtuko dira museoko kirolak eta hori ez da bultzatuko.
J. M. Erasun. Komunikabideen gaia inportantea da eta ez dugu gehiegi landu. Kirolari duintasuna eman behar diogu komunikabideetara iristeko. Ikuspuntu ekonomikoa bezain inportantea da eragin mediatikoa. Kristoren marka egin baldin badut, baina komunikabideetan jasotzen ez badute, lana egin dut, baina nireak ez du balio. Kirolaria ispilua da, berea egiten du, baina baita ere jaso nahi du errekonpentsa, eta beti ez da ekonomikoa errekonpentsa hori, izan daiteke saria publikoa bera. Askotan eztabaidatu dugu saioak zuzenean eman ala ez. Zuzenean emateak garrantzia handia dauka, baina ez da ezinbestekoa. Herri kirolei buruzko astean behingo erreportaje txukun batek, ordu jakin batean, eragin handia izango luke publikoarengan, eta gainera, ikusle fidela izango luke, bertsolaritzak duen bezala.
L. M. Bengoa. Baina geuk eman behar diegu.
J. M. Erasun. Noski, hori oso garbi daukat.
L. M. Bengoa. Ez da aurreko etxekoa zure etxera etorriko zer nahi duzun galdetzera, zeuk joan behar duzu bere etxera. Ikastolak, eskolak, txapelketak... Gauza serio bat egiten badugu denek egingo digute kasu, seguru. Mahaian eseri eta azpitik hasi eta puntaraino antolatu behar da. Ez bagara kapaz hori egiteko hau ez doa aurrera.

Ez dugu asko hitz egin ikusleari buruz. Gutxi eta zaharrak direla esan dut. Kontrarik ez didazue egin

.
L. M. Bengoa. Nik egingo dizut kontra. Aizkora saioak gaueko hamaiketan jartzen hasi naizenetik gazteak gehiago joaten dira zaharrak baino. Eguerdian zahar gutxi eta gauean zaharrok eta gazteak.
K. Aldalur. Herri kirolzalea baldin bada klasiko hori, baserri inguruko mutil hori, publikoa ere halakoxea joaten da. Bateren batek broman hartuko dit baina nik bi punki behar ditut, krestarekin. Kirolari onak eta serioak noski, baina irudi aldetik berrikuntza bat emango diotenak. Iruditzen zait hemen gauden guztiok egiten dugun lotura dela herri kirolak eta herri txikiak. Ez ditugu ikusten herri kirolak Barakaldorekin edo Sestaorekin lotuta eta etorkizuna, agian, hor dago, kirol hau ezagun egitea orain ezagutzen ez duten horiei. Telebistatik erretransmisio bat egiten dugunean badakit errezildarrak ikusiko duela, baina nik nahi dut ikustea Sestaoko hemezortzi urteko neska gazte batek.
A. Esnaola. Punkia... Punkia den ala ez niri bost axola.
K. Aldalur.
Niri bai!
A. Esnaola. Telebistak behar duela punki hori, beno...
K. Aldalur. Hiri herri kirolak gustatzea ez duk inportantea, hire tipoko jendea badaukagulako. Beste publiko bat bilatu behar diagu.
A. Esnaola. Non sortzen da hori?
K. Aldalur. Non sortzen den? Komunikabideetan, antolaketarekin...
A. Esnaola. Ikastetxetan hasi behar da lanean.
K. Aldalur. Baina Aitor, eskolara doan hori igoal badoa ikusi duelako gustuko duen eredua telebistan. Igoal ikusi dik mutil edo neska ikaragarri erakargarria aizkoran... Eskoletan nik dudarik ez zeukat, ikaragarri garbi zeukat, baina beste gauza batzuk bilatu behar dizkiagu.
A. Esnaola. Eskoletan eskaini behar diagu produktu erakargarria. Produktua erakargarri eskaintzeko ez duk egon behar telebistaren zain. Telebistaren eginbeharrak ikuslea erakartzea izan beharko luke.
K. Aldalur. Jakin ezak umeak telebistatik hartuko duela eredua.
A. Esnaola. Ba gaizki goaz.
K. Aldalur. Fenomeno goaz.

Eusko Jaurlaritzaren Plan Estrategikoa abian da. Jose Ramon Garai Kirol zuzendariak esan berri du urtebete beharko dela planaren eragina plazetan azaltzeko. Hobekuntzak eta aldaketak eragiteko orduan motel dabiltzala eta EAE baino ez dutela kontuan hartuko azaldu duzue herri kirol munduko hainbatek. Zenbaterainoko fedea duzue plan horretan?


L. M. Bengoa. Nik ez dut ezagutzen.
J. M. Erasun. Garai bateko diagnostikoa irakurri nuen, baina ez dakit zertan datzan plana.
K. Aldalur. Analisia egin da, plan estrategikoa sortu da, baina gero gauzatzerakoan ez dugu oraindik ezer ikusi. Sortu da marka bat, helburu ia nagusia izan zen marka hori sortzea, marrazki bat gure kirola beti horrekin erlazionatzeko. Arropak eta denak aurkeztu zizkiguten. Aurkezpen ponpoxoa egin zen, baina herri kirolzaleak ez du ikusi ondoriorik. Horregatik dago orain mesfidati. Herri kiroletan ohituta gaude gauzak ikusten, Santo Tomasen tankera horretara. Eta egia esan, antolatu zuenak, Eurogapek, hasieratik esan zuen luzerako joko zuela. Hitz politak baditugu eta itxaropena ere bai.
L. M. Bengoa. Beharrezkoa da analisi hori.
K. Aldalur. Bai, bai, beharrezkoa eta gainera analisi serioa eta puntu batzuetan sakona egin da. Baina ikusten ez den bitartean... askok galdetzen du, “zertarako egin zenuten hura guztia?”.
A. Esnaola. Diagnosiak nahiko txukun adierazten zuen herri kirolen egoera. Diagnosiaren ondoren bigarren zatia zetorren, aplikazioa. Euskal Herri osorako diagnosia egin zen eta irtenbide posibleak ere bai. Baina gero, aplikazio garaian, Euskal Herri osoa ez dute hartu. Esan zitzaien federazioen artean ados jarri gintezkeela diseinu orokorra marrazteko, konpromiso hori hartuko genuela eta beraiek ere beren konpromisoa hartzeko instituzio mailan. Erantzuna ezezko garbia izan zen. HK18 marka berri hori non ikusiko dugu? Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Nafarroan eta Iparraldean ez dugu ikusiko. Herri kirolen etorkizuna, edo planteatzen dugu osotasunean edo... hau ez da futbola. Plan Estrategikoa? Dauden fruitu guztiak aprobetxatzera behartuta gaude, aprobetxatuko ditugu. Baina behartuta gaude instituzio arteko harremanetarako ate guztiak itxita geratu diren garaian, federazioen artean egituratzeko konpromisoa hartzera. Ez diet eskatzen instituzioei egin ezin dutena egitea, baina aukera izan eta egiten ez badute... Gu behintzat saiatu egingo gara.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Akabatzearen negozioa argitara

Hiltegietako irudiak publiko egiteak kaltea eragiten dietela jakitun, animaliak hiltzea negozio bilakatu duten arduradunek hermetismo handia ezarri dute hiltegien inguruan.


2018-10-21
Otegi eta Zapatero Txillarren elkartu dira, jendeari horrelako bilerak inporta zitzaizkionean bezala

Arnaldo Otegik eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezkutuko bilera egin zuten irailean Elgoibarko Txillarre baserrian. Bileraren xedea “elkar ezagutzea” zela esan duten arren, ezker abertzaleko iturriek Beranduegiri esplikatu diotenez, bi politikariek beren buruari egindako omenaldia ere izan da.


2018-10-21
Legioko ahuntzak idatzi du Casadoren diskurtsoa

Oso gutxitan erabiltzen dutela-eta, Espainiako Legioak erabaki du bere desfileetan parte hartu ohi duen ahuntza, Cientocincuentaycinco, birziklatzea.


2018-10-21 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Behingoz edo garaia da

"Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria

Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.


2018-10-21 | Amaia Lekunberri
Ruben Collio aktibista maputxea
"Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"

Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta... [+]


Nerea Arriola. Txantxarik ez umorearekin
"Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"

Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…


2018-10-21
Nerea Arriola Urberuaga (1988, Donostia)

Erizaina da lanbidez, baina antzerkian ibili da betidanik, Zurriolako Ikastolako antzerki-taldean. Berak eman die gorputza eta ahotsa Supertxope euskal youtuberrari eta Info7 irratiko Dolores Mujika Dolox pertsonaiari. Duela bi urte egin zuen lehen bakarrizketa, eta besteak beste, zeregin horretan dabil orain han eta hemen. Aurten bukatu du antzerki-prestakuntza, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude