"Mundu justu eta koloretsua ez, mesedez, hori hippyen mundua da"


2007ko urtarrilaren 28an
Evaristo Páramos, La Polla Records taldeko abeslaria
Evaristo Páramos, La Polla Records taldeko abeslariaDani Blanco

Evaristo komikoa, Evaristo petrala, Evaristo eszeptikoa, esan izan duzu hamazazpi Evaristo existitzen direla. Gaur nori egingo diot elkarrizketa? Denak aterako dira?

Ez, ez, lasai, beste denen gainetik beti egoten da Evaristo buru bat, Evaristo dominatzaile bat... kar, kar, kar. Ai... berriz ere atera zait Evaristo harroputza! Oso kontrolatua neukan aspaldian, baina beti ibiltzen da hor barrenetik ni mareatzen, berak nauka guztietatik haserretuen, atera zaidan semerik okerrena da.


Izango da beste Evaristo bat oraindik ezagutzen ez duguna ere...

Baita nik ezagutzen ez dudana ere! Baina itxaron, harroputzak gauzatxo bat esan nahi du lehenik. Aurrez nik pentsatua neukan zerbait irakurtzen dudan bakoitzean, esaten dut, «joder, zein ongi idazten duen tipo honek!». Nonbait irakurri nuen izaera bakarreko pertsona izatearen kontu hori lelokeria dela, ez daukagula pertsonalitate bakarra, mordo bat ditugula, eta gainera ez dela txarra hori. Izaera bakarra baldin baduzu, eta horretan sakondu, txilibitu bihurtzen zara, beti hots bera ateratzen zaizu.


Ikasleaz galdetzen baldin badut, zer aterako zaigu? Evaristo bihurri gaixtoa, ala Evaristo txintxo diskretua?

Hori Evaristo lotsati eta isilaren garaia zen. Gaztetan ni asko ikastekoa nintzen, eta irakurri ere asko egiten nuen, hamalau urtera arte makina bat orri tragatu nuen. Historia asko gustatzen zitzaidan, batez ere batailak-eta ateratzen zirenean, eta Algortako fraideetan froga bitxi bat egina nago. Historiako azterketa batean, bi orrirekin nahiko osatuta gelditzen baginen, nik zortzi orri bete nizkion, eta astakeri mordo bat idatzi nuen, zein baino zein handiagoa. Azterketa itzuli zigun, eta hamar bat jarri zidan. Horrela frogatu nuen tipoak jada ez zituela nire historiako azterketak irakurri ere egiten.


Nola moldatzen zinen mojekin eta fraideekin?

Oso ongi. Haiek nire aurpegia belarrondokoak jotzeko erabiltzen zuten, eta nik masaila jartzen nuen. Paperak oso ongi definituak genituen. Eta gerora izan nuen garai bat, hogei bat urterekin edo, kalean ikusten nituen bakoitzean edukazio handiz kristorenak esaten nizkiena. Orain, kalean gurutzatzen baditut, paso egiten dut. Baina beti geratzen naiz badaezpada nora doazen begira, jende arriskutsua pasatzen denean begia soinean eraman behar baita.


Evaristo punkya noiz sortu zen?

Aguraingo lagun talde batek, musika zaleak denak, aldizkari batean irakurri genuen punkaren berri. Han esplikatzen zen punk talde bat izateko ez zegoela musika instrumenturik jotzen jakin beharrik, eta kaleko hizkeran hitz eginda nahikoa zela, horixe aproposa guretzat. Arazoa da hasiera hartan entzuten genituela beste taldeak, eta «tupatupatupatupa» jotzen zuten, sekulako nerbioarekin, eta guk turboa sartuta ere «tu pa, tutu pa, tu pa...» egin genezakeen, pixka bat azkarrago korrika egiten hasten baginen muturrez aurrera! Baina jakina, orduan norbaitek esan izan baligu «speed», «baita zure aita ere!» erantzungo genion, ea nor zen hura gu iraintzeko.

 

Hiztegiko definizioan jartzen du punka Londres inguruan sortutako jarrera eta janzkera bat dela: minifalda, larruzko jaka, txupa militarra...

Nik oraindik ez dut lortzen punka zer den esplikatzea. Nik uste dut punkyak gizateriaren garai guztietan izan direla, eta izango direla, beste izen bat izango duten arren. Baina janzkerari buruz, uste dut soldaduska derrigorrean egin behar izan balute laster kenduko zitzaiela txupa militarra janzteko gogoa...


Evaristo soldadua ere existitzen da?

Bai, baina esan behar dut sei hilabete beranduago joan nintzela. Nire bila zebiltzala-eta gutunak iristen zirenean etxera nik ezkutatu egiten nituen. Baina egun batean, «tok, tok», ateraino etorri ziren, eta ezin izan nuen ezkutatu. Burgosen, Ibeas de Juarrosen, kapitain baten moduan zerbitzatu nuen ejertzitoa. Eta sari bezala hepatitis B-a harrapatu nuen. Badakizu zer den, orratz bat, zainetan sartzen duzuna, eta bat baino gehiagoren artean erabiltzen baduzu edozer gauza harrapa zenezakeena? Bada horixe. Hepatitis B-arekin itzuli nintzen soldaduskatik. C-a oraindik asmatu gabe zegoen.


Evaristo igarleak idatzitako esaldi bat irakurriko dizut: «1980an etorkizuna ez zen garaje batean lan egitea, ez eta ezkontzea eta haurrak edukitzea ere. Nahiago genuen ez etorkizunik izan etorkizun hori izan baino».

Jakina, eta ez naiz sekula damutu bide hori hartu izanaz. Ba al dakizu diskotekan kalabaza ematen zidaten neskak nola dauden orain? Ze gorputz zaharrak! Baina batez ere, a ze buruak! Beldurgarria da, zahar-zaharrak dira eta! Eta nire koadrilakoak? Ze zaharrak diren! Eta nire adina daukate! Arazoa da hogei urte zeuzkatenerako ere halako zaharrak zirela...


Noiz hilko dira?

Jada hilda daude. Eta gero haurrak edukitzen dituzte, eta bozka ematen dute, ze nazkagarria! Bozkatzera doaz, eta erabakitzen dute zein den txanda tokatzen zaion txotxongiloa. Edozer gauza egiten dute berriz ere bizitzara ez pizteko...


Ez duzu inoiz sentitu zuregan Evaristo zaharra, Evaristo koadrilara errenditua, Evaristo hila...

Bai, une labur batez, baina segidan esan nuen, «Evaristo, bide honetatik ez». Pare bat egunean Aguraingo garaje batean egon nintzen lanean, eta han hilda sentitzen nintzen. Ez lanagatik, bestela. Javier Murgialdai, gero Tourrean etapa bat irabazi zuena, nire garaje berean zen sukalde-laguntzaile. Eta bioi erdizka eman ziguten hogei duroko propina bat jokatu nion ezetz arratsaldean lanera itzuli. Hark baietz. Itzultzekotan beste hogei duroko batekin itzuli behar nuen. Eta zer diren galiziarrak, ehun pezetagatik lana utzi nuen.


Noiz gailendu zen zure pertsonen arteko batailan Evaristo kantaria?

Nahi gabe gertatu zen. Gu barnealdeko herri batean lo geunden eta kostaldeko herri batean esnatu ginen, Mundakan, taula baten gainera igoak, olatu handia zetorrenean. «Aiba dios! Eta hau nola egiten da?», esan genuen, baina azkenerako, garen lekukoak izateko, nik uste nahiko ongi moldatu garela.


Esaten dute asko entseatzen zenutela.

Bai, oso txarrak ginen eta kontziente ginen horretaz, beraz, ez zegoen beste biderik. Ez dut esango bukaeran hasieran bezain txarrak ginenik, baina hori entseatzearen poderioz lortu genuen. Guk, kontzertu egunean eta biharamunean izan ezik egunero entseatzen genuen. Beharko zen zerbait lau txotx muturrekin Tour Eiffel-a egitekotan... Baina kristorena kosta zitzaigun! Eta La Pollak hainbeste urte irautearen sekretua hori da, oso makalak ginela ikasten, ez genuela bilakaerarik. Oso argia den jendeak ostia batean ikasten du, garatu egiten da, eta gero beste zerbaitetara pasatzen da. Guri abiadura pixka bat hartzea hamabi urte kosta zitzaigun, eta kantuak jarraian jotzea...


Ongi bizi daiteke musikatik?

Konformatzen bazara bai. Baina norbaitek jakin nahi badu nik musikari bezala zenbat irabazi dudan, bada fabrika batean lan egin izan banu baino gehiago, eta enkargatua izan banintz baino gutxiago, gutxi gorabehera hor. Eta horri erantsi ez daukadala gizarte segurantzarik.


Beti konformatu izan zara?

Nola ez naiz konformatuko? Drogatzeko ere iritsi zait-eta! Ez kristoren pila drogatzeko, jainkoari eskerrak tente gaude oraindik, baina nola kexatuko naiz ni horretaz? Gainera inoiz egingo ez dudana zortea tentatzea eta gehiago irabazten saiatzea da, ez da polita, eta agian tupust egiten duzu eta hor uzten dituzu mukiak asfaltoan. Guk historia osoan gehien kobratu dugun festibala Bilboko festetan izan zen, kilo eta erdi kobratu genuen. Kilo erdi bat musika ekipoa ordaintzeko, furgonetarako beste pixka bat, eta sekulako dirutza gelditu zitzaigun guretzat. Arrakasta itzela, putza! Baina polita da horregatik kritikak entzutea, zeren eta zerbait esatera etorri zaizkidan guztiei, kopetan koloretako hizkietan irakurtzen zaie: «Gorroto zaitut, putasemea, nik zuk daukazuna eduki nahi dut!»


Evaristo predikatzailea pulpitutik kantari ari da, eta milaka lagun ikusten ditu bere letania errepikatzen, lepo-buruak gora eta behera, makurtu eta altxa... Zer inpresio?

Palau Sant Jordiko kontzertuaz oroitzen naiz. Sekulako jende pila zegoen, zortzi mila, bederatzi, ez dakit zenbat, eta peña guztia entzuten nuen kantuan, nire ahotsa baino ozenago ia, buruz zekizkiten hitzak. Bada ez zitzaidan ilerik puntan jarri, ez oilo ipurdirik atera, sentsazio bakarra izan nuen: arriskuarena. Pentsatu bainuen, «eta hemen dauden hauek guztietatik, zenbat egongo ote gara ados esaldi honen edukian?»


Evaristo kritikoa orain. Nik esango dut zuek kritikatzen duzuenaren zerrenda bat eta zuk luzatu zerrenda hori: kapitalismoa, komunismoa, faxismoa, hipokresia, alienazioa, alderdiak, moda, kontsumoa... Zer gehiago?

Bada ni edozein egunetan egon nintekeela horietako edozeinetan, horra kritikarik interesgarriena.


Irudikatu mundu justu bat, kolore guztiak armonian ezkontzen direna, baketsua, zer kantatuko du Evaristok?

Ez mesedez, hori hippyen mundua da, emaiezu eskopeta bat zerbait gerta dadin behintzat... Nik askoz ere nahiago dut hor mikrofono aurrean egon baino arbola bat nola hazten den ikustera joan, askoz ere entretenigarriagoa eta.


Evaristo berria zer moduz dabil Gatillazon?

Izugarri gustura. Talde honen izpiritua taldekide batek laburbildu zuen behin ongi. Hogei festibal genituen, hamar debaldekoak, eta Kataluniako bi bertan behera gelditu ziren. Ezagutzen duzu ERC? Bitamina berria da. Bada bi kontzertu horiek ERCko udalek utzi zituzten bertan behera, zergatik? Arrazoi politikoengatik, jo ezak pareta txikito! Iritsi nintzen lokalera eta esan nien, «mutilak, joan zaitezkete Sex Pistols edo horietakoren batengana, abuztuan kobratzeko geneuzkan bi kontzertuak, katapum!». Eta batek esan zuen, «de puta madre, horrela denbora gehiago daukagu kanta berriak lantzeko!». Nola ez naiz gustura egongo horrelako talde batean? Eta badakit hain zuzen komentario hori egin zuena larri baino larriago zebilela diruz. Bide batez, ni hain izan nintzen bere kolega, ez niola duro bat ere utzi.

 

Pulpituak dependentzia sortzen du?

Ez, nik uste dut edozein momentutan utz nezakeela. Ez dut uzten ez dudalako nahi. Baina horrek ez dit dependentziarik sortzen. Dependentzia besteak sortzen dit, notak eta silabak errotatzar honetan bueltaka ibiltzeak. Egun batean artista famatu batek galdetu zidan, punkya omen dena bera, «zuk Evaristo, nola moldatzen dituzu kantuak?», eta buaaaaa! Barkatu baina hitz horrekin goitika egiten dut. Goitika egin eta gero esplikatu nion, «begira, ikusten duzu pareta hura?, hara joan etorri bat egingo dut: 'Ua ua ua ua ua... (melodia batean ari da)' Horrelaxe. Eta hogei buelta ematen baldin baditut, hogei kantu ekarriko dizkizut. Ez dizut esaten hogei kantu on, baina hogei, bat, bi, hiru, lau, bost, badakizu kontatzen, ez? Bada horrela hogei arte». Niretzat droga hori da. Eta egun batean toreroa bezala sorbalden gainean ateratzen banaute, zer jokatzen duzu sorbaldan naramatenei «eih! Gelditu pixka batean! -esango diedala- eta zer iruditzen zaizue beste kantu hartan, erdi parean, gitarra sartzen bada eta æraka, raka, rakaÆ egiten badu? Ez, ez, lasai, segi, komentatzeagatik bakarrik esaten nuen, oraintxe bururatu zait eta».


Evaristo drogazalea, noizbait izan duzu erreparorik drogei buruz publikoki hitz egiteko?

Hasieran, horrelako gauzak esatearren, kartzelara joateko beldurra izaten nuen, baina orain, euskara garbian esango dizut, me la repampinfla. Izan ere, orain, droga nirekin izaten dudanean oso ongi gordetzen dut, alegia nire gorputzaren barruan. Nahi baduzu mukiak botako dizkizut, kar, kar, kar.


Ez, mukiak ez, baina bota iezazkidazu pare bat kopla heroinaren garai hari buruz.

Kontu honek, mutikotan nire aita zaharrak arrazoi zuela onartu behar izaten nuenean bezala, sekulako amorrazioa ematen dit. Onartu behar baitut, baietz, arrazoi zutela, heroina gazteriaren iraultza itzaltzeko sartua izan zela. Asturiasen ere berdina egin zuten meatzariekin. Baina gu beste uhin batean genbiltzan, guk leherketa bat genuen barrenean, hegan egiten genuen. Eta heroinarekin hil zen jende askok ere berdin, ez zen hil egin nahi zutela, edo ez zutela iraultzaileak izan nahi, baizik eta hegan egiten zutela. Besterik ez. Dena den, oraindik ere gutxiago dira drogak hildakoak bideak hiltzen dituenak baino eta ez dituzte autoak debekatzen.


Drogaren alde txarrak erakutsi dizkidate ikastolan. Eman onak.

Esaldi bakarrean esango dizut: drogak hil egiten du, baina bitartean...
 

Orain ezagutzen ez den Evaristo hori aterako dugu, gutxik espero duena, Evaristo zaindua, Evaristo dieta zorrotza, esan egia.

Makina bat denbora pasa dut nik janari makrobiotikoa janez. Kontzertuetara camping gasaren aparatua eramaten nuen, eta besteak sudurzuloetan irina sartzen ibiltzen ziren lababoan arroz integrala egiten egon izan naiz. Han garbitu izan dut entsalada ere. Eta egia esan dieta hori oso ongi etorri zitzaidan. Medikuak esanari ardiak bezala kasu egin izan banio oraindik ere hepatitis Beeeeee-a edukiko nuen. Eta badira urteak gainditu nuela.


Noiz ezagutuko dugu Evaristo euskalduna?

Nik euskaraz hitz egiteko estudiatu egin beharko nuke. Entzute hutsarekin ezin dut ikasi, eta gainera arazo bat dut. Leku batean nagoen bakoitzean eta beste hamarrek euskaraz hitz egiten dutenean segidan hasten dira gazteleraz. Horrelako gauzak ditu jende itxi eta baztertzaile honek; ez dutenean nahi beste batek euskaraz ikasterik, beti gazteleraz hasten dira!


Eta nola sentitzen da Evaristo idazlea, Durangoko Azokan, liburuak izenpetzen, sekulako ilara bere zain, eta ondoan, beste idazle batzuk elkarri begira?...

Lehen egunean laino batean egon nintzen, baina ez famak gain hartuta, baizik eta pentsatuz, «nolatan?». Bigarren egunerako goizean berandu iritsi nintzen eta pixka bat lehenago joan, gero Oñatiko kolega bat azaldu zen, eta nik ez ditut porroak erre ohi zeren eta niri sustantzia estupefazienteak ez zaizkit gustatzen, kolokatzen duena gustatzen zait, baina kalada pare bat eman nizkion eta piuffffff... Ba al dakizu zer gorputz txarra uzten zidan benetako idazleak ikusi han nire ezkerretan, inork ez zituen agurtzen, eta haien ondoan autografoak sinatzen ari zen ergelpote erdi mediatiko bat izateak? Penagarria zen, patetikoa. Kultura nire aldetik pixka bat harago zegoen. Baina dena kontatzen hasita, nik pentsatutako jokaldia ez zen liburu bat ateratzea, nik komiki bat egin nahi nuen, baina Txalapartak marrazkilari bat aurreztu zuen.


Ez zinen gustura gelditu?

Tira, ez dakit, nire lagunak esaten duen bezala, komunean, papera daukazun saskitxoan, edukitzeko liburu bat iruditzen zait. Liburua hartu, pare bat kapitulu irakurri, eta kito, berriz saskira. Nik pila bat irakurri dut nire bizitzan... Ongi idazten duen jendea ezagutzen dut, eta zer nahi duzu esatea, zer kristo hasiko naiz ni defenditzen?
 

Orain ikusten dugu polizia bat mutiko baten etxera iristen, prezintatzen dute bere ordenagailua, eta kartoizko kutxa batzuk jaisten dituzte kopiatutako KDz beteak. La Pollarenak ere bai tartean. Epaiketa egiten ari zaizkio, pirateatzeaz akusatuta dago. Evaristo abokatua da. Akusaziokoa ala defentsakoa?

Nigatik balitz segidan askatuko lukete mutikoa. Nik disko bat benetan eduki nahi nuenean, bere portadatxo eta guzi, dendara joan eta erosi egiten nuen, baina gainontzean? Bizitza osoan izan gara eta grabatzekoak! «Begira hau oso ongi dago! Egingo dizut nahasketa bat honekin eta beste harekin, eta pasako dizut».


Pirateatzeak asko izorratu zaituztete?

Ni ezta batere, eta disko industria ere ez. Nik diskoaren industria ezagutzen dudanetik krisian daude. Eta ikusi egin behar da gero zer auto erabiltzen dituzten!


Nire helburua ez da zure kontzientzian itoginak sortzea, baina aita egin zara, Evaristo aita da. Nola moldatzen zara?

Oso ongi, ama den batekin elkartu nintzen, eta sekulako emakumea da. Izan ere gu, oso punkyak, eta oso aurrerakoiak, baina azkenean ama da marroi guztia jaten duena. Gure bikotean bera da haurrak ezagutzen dituena. Nik, haurrekin nagoenean, hezkuntzaren mandamenduak, punkyarena bezala, bitan oinarritzen ditut: ez gehiegi molestatu, eta beti inguruan ibili badaezpada.


Eta orain Evaristo aitona. Ikusten dugu laurogeita hamar urterekin, erdi okertuta, elizaren aurretik pasatzen, bastoi bat du eskuan, eta gelditu egiten da. Zer egingo du?

Bada, bastoiarekin bere buruari eutsi eta txistua bota. Eta badaezpada elizara asko hurbilduko da punterian ez huts egiteko.

Evaristo Evaristoena
«Viña-Rockeko festibalean nire alabari 'etorri hona', esan nion, euskaraz. Eta han altxa zitzaizkidan bi armairutzar, beltzez jantziak, erabat minduak esan nuenarekin. Garbi utzi behar izan nien, lehenik ez nintzela haiekin ari hizketan, eta bide batez ez nintzela hori esanez haiei barkamena eskatzen ari, eta bigarrenik nik nire alabari nahi nuenean hitz egingo niola polonieraz, ni Poloniatik nentorrela eta. Agian, ez nien esan behar gero 'zer, iazkoak ez dira etorri? Enpresak zuek merkeago jarri zaituztete ala?', ez dakit, agian hori ez nien esan behar, baina esan nien».

Evaristo analista politikoa
«Gertatzen ari dena betikoa da. Tabernan bi txikito hasten dira diskutitzen, eta batak besteari esaten dio, 'benga, eman dezagun biek pauso bat atzera, eta negoziatzen hasiko gara'. Batek atzerantz urrats bat ematen du, eta besteak bitartean 'danba!' aurrera pausoa emateko aprobetxatzen du, eta esaten dio, 'to, orain foruen parte hau kenduko diat'».

Fernandito
«Instrumentuak banatu genituenean, nola txikiena bera zen, azkena izan zen, eta bateria tokatu zitzaion. Beste bateria joleei begira ikasi zuen jotzen, hamabi taldek jotzen zuten festibal handi haietan. Oraindik ere ez dakit nola ez zioten begi bat atera egun batean, hain jartzen zen hurbil nola jotzen zuten ikusteko. Eta gero eseri zen, makila batzuk hartu zituen eskuetan, eta hasi, halaxe ikasi zuen. Eta entseatu, entseatu, eta entseatu. Nik hala oroituko dut, beti esfortzuan ari zen mutila bezala. Beste bateria joleak harrituta gelditzen ziren berekin, 'nola ostia egiten du?', nonbait oso modu berezia zuen jotzeko, denboraren barruan zihoan, baina denboraz kanpo bezala. Mila aldiz saiatu dira niri esplikatzen, paperean marrazkiak ere egin dizkidate, baina ez naiz inoiz ulertzera iritsi».

Evaristo & Miguel Angel Blanco
«Ez dut inoiz ahaztuko Miguel Angel Blancoren heriotza. Nire alaba bera hil zen egun eta ospitale berean jaio baitzen. Urduri ez jartzeko Aguraingo sevillar bakarrarekin joan nintzen ospitalera. Goizez iritsi ginen, eta beren satelite handi horiek guztiak desmuntatzen ari ziren. Eta Aguraingo sevillar bakarra, puztuta, nire bizkartzaina balitz bezala pasa zen denen aurretik, denei esanaz, 'argazkirik ez mesedez, argazkirik ez'».

Nortasun agiria

Evaristo Páramos Pérez 1960ko ekainaren 13an jaio zen Guillarey-n (Pontevedra), baina Agurainen (Araba) bizi izan da beti. Fraide eskoletan egin zituen ikasketak, eta gero musikara bideratu zuen bere bizitza. La Polla Records taldearen sortzaileetako bat izan zen 1979an, eta ia hogeita bost urtean hamazazpi disko atera zituen taldearekin. Taldeko kantaria eta letra egile bezala egin da ezagun. The Kagas taldearekin ere disko bat atera zuen, eta orain Gatillazo taldean dabil kantari. Liburu bat ere badu idatzia, Por los hijos lo que sea (Txalaparta, 2001). Bi haurren aita da eta Oñatin (Gipuzkoa) bizi da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Punk
2022-12-27 | Julen Azpitarte
Jayne County, rock transgeneroaren aitzindaria

Asturiasko Colectivo Bruxista argitaletxeak gaztelerara itzuli du Jayne County musikari transgenero estatubatuarreren autobiografia: Man Enough To Be a Woman. Rock transgeneroaren aitzindaria da County, baita sortzen ikusi zuen punk eszenaren diva izandakoa ere. Lerrootara... [+]


Punk arrastoak III
Anarkiatik 'rave'-etara

1960ko hamarkadaren amaieratik nonahi aurki daitezke punk kulturaren aztarnak. Hiru artikuluko serie hau bukatzeko,  agerpen horietako batzuei buruz ariko gara: AEBetako zenbait talde iraultzaile, Malcolm McLaren, Sex Pistols eta eztandaren ondorengo hamarkadetan punk... [+]


Punk arrastoak II
Gazte basatiak, absurdoa, tiroak, iraultza

Punkak pinturan izan zituen aurrekariez jardun genuen orrialde hauetan joan den astean. Lehen Mundu Gerraren ondoren Europan agertu ziren zenbait eztanda artistikori buruz arituko gara aste honetakoan, besteak beste dadaismoa, surrealismoa, mugimendu letrista, beat... [+]


Punk arrastoak pinturan
Etorkizuneko apurketak iraganean

Los Picoletos bikoteak “Quinquis, macarras y skaters. Rastros del punk en el arte contemporáneo” (“Kinkiak, makarrak eta skaterrak. Punk arrastoak arte garaikidean”) sei saiotako mintegia antolatu zuen 2021eko ekainean BilbaoArte aretoan. Astean bi... [+]


2022-01-14 | ARGIA
6.000 euroko isuna, La Polla Records taldearen Gasteizko zuzenekoetan osasun-araudia ez betetzearren

Osakidetzak 6.000 euroko isuna jarri dio Last Tour enpresari, La Polla Records taldeak Gasteizen emandako bi kontzertuen arduradun izanik covid-19ari aurre egiteko "osasun-araudia ez betetzeagatik". Arrazoi horregatik jarri daitekeen isunik handiena agindu du... [+]


Eguneraketa berriak daude