"Harkaitzeko eskalatzaile baino ez denak sinesgarritasun gutxiago du"


2007ko urtarrilaren 14an

Aztiek eskuei begira igartzen dute pertsonaren etorkizuna. Mutiko zinela, zure esku eta hatzetan irakurtzen zen eskalatzaile izateko jaioa zinela?

Ez dakit nolako hatzaparrak nituen hamabi urterekin, ez dut gogoratzen, baina ez dut uste nire gorputza berez eskaladarako propio egina denik. Nire baitan oso garrantzitsua izan dena burua da, ni oso burugogorra naiz, eta horrek lanerako gaitasun handia eman dit, eta nik uste nire emaitza guztiak horren ondorioa izan direla. Ez nire gorputza horretarakoxe jaio zelako.

Zerbait izango zuen, traba behintzat ez zizun egingo.

Ez, trabarik ez dit inoiz egin, baina burugogorkeria izan da ni hona ekarri nauena.

Eta zure buruari noiz esan zenion «ni eskalatzaile izango nauk!»?

Hamar urte nituenerako nire buruari esana nion ni eskalatzaile nintzela. Amak esaten zidan ezin nintzela denbora guztian eskalatzen aritu, aitak ere berdin, eta beste gauza asko egin behar nituela. Baina eskuzabalak ziren eta asteburuetan eskalatzera joaten uzten zidaten. Bada asteburu guztia eskalatzen pasa, eta igande arratsaldea heltzean, hurrengo ostiralerako motxila egiten hasten nintzen, eta motxila prestatzen aritzeak berak urduri jartzen ninduen. Igande edo astelehenerako egoten nintzen ostirala noiz iritsiko. Amodioaren moduko zerbait da, itsutu egiten zaitu.

Oraindik ere antsia hori bizi duzu?

Bai, behar fisiko eta psikologikoa sentitzen dut eskalatzeko, droga bihurtu da. Negu oro atsedena hartzen dut, oraintsu hain zuzen. Hiru egun daramatzat geldirik, eta dagoeneko urduri nago, eskalatu egin behar dudala sentitzen dut.

Antsia horrek egingo zintuen hain handi, eta Munduko Kopa irabazi duzu berriki. Asimilatu duzu?

Ez, ez dut asimilatu. Hasieran esaten nuen denbora behar nuela, baina azkenean ohartu naiz ezetz, ez dut asimilatu nahi. Nik Munduko Koparen bidean gozatu dut, azkeneko momentuan izugarri, lortu dut, pasatu da, eta gozatzen segitzeko beste helburu bat zabalduko dut. Norbera jabetu behar da gozamena bidean dagoela, eta ez iriste hutsean. Helburua lortzean bakarrik disfrutatzen baduzu, eta bide guztian disfrutatu gabe ari bazara, sufrimendua luzea da eta plazera laburra. Garrantzitsuena bidea da.

Harritu zaitu zure lorpenak izan duen boom mediatikoak?

Bai. Boom handia izan du. Eta hori ona da, ez niretzat bakarrik, ona da oraingo babesleentzat, etorkizuneko babesleentzat, eta batez ere eskaladarentzat. Nik uste dut jendeari eskalada gerturatu egin behar zaiola, jendeak ez baitu kirol hau behar bezala ezagutzen.

Nola ezagutu behar da bada eskalada?

Den moduan. Niri eta eskalatzaile guztiei sentsazio eder bat sentiarazten digu kirol honek, halako filosofia baten barruan sartzen gaitu, eskaladak bere bizitzeko era baitu, bere pentsatzeko era. Eta niri gustatuko litzaidake jende gehiagok proba dezan sentsazio hori. Eta ohar dadila jendea eskalada ez dela kirol arriskutsua.

Nola pentsatzen du eskalatzaile batek bizitzaren aurrean?

Kirolari guztiak gara apur bat egoistak. Eta eskalatzaileen artean heltzen da momentu bat eskaladan bakarrik pentsatzera iristen garena. Langileak direnek ere, eskalatzera joateko egiten dute lana, ez dute nahi ordu estrarik, askatasuna nahi dute.

Askatasuna, edo alienazioa, pasioak alienatuta ere bizi da eskalatzailea...

Bai, eta apur bat masokistak ere bagara, zeren eta ia jende guztia rokodromora joaten da, entrenatzen aritzen da, eta gogorra da, eskuak min ematen dizu, sufritu egiten duzu, baina ez dakit nola esplikatu, lotu egiten zaitu, behar duzu, eta azkenean droga da; eskalada bera, harkaitzak, lagunak, momentuak, natura, osotasun horrek erakartzen zaitu eta ezin zara askatu.

Ez zara inoiz sentitu soka artean preso?

Bai, orain dela pare bat urte soka artean preso nintzen. Ez nion ikuspegi onetik begiratzen bideari, presiopean bizi nintzen, nik sortutako presio baten barnean, eta hortik atera naizenean, aske bihurtu naiz. Orain nahi dudalako eskalatzen dut, neuretzat eskalatzen dut, eta hori da garrantzitsuena.

Pasioa profesio bihurtzeak hartu zintuen preso?

Hori bera. Gertatu zen orain dela lau urte Eusko Jaurlaritzak laguntza bat eman zidala; ekarpen ekonomiko bat, medikua eta entrenatzailea jarri zizkidan. Ordura arte nire eskalatzaile bizitza oso metodikoa zen, baina ez neukan bete-beteko diziplinarik, eta Jon Iriberri entrenatzailearekin ikasi nuen hori. Diziplina zorrotz bat neureganatu nuen, baina akats bat egin nuen, eskaladak eragiten zizkidan kilimak galdu nituen, eta iaz arte ez ditut berreskuratu. Kilimarik sentitu gabe jardundako bi urte horietan asko sufritu nuen. Burutik pasa zitzaidan lehiaketa uztea eta berriz ere lehengo harkaitz eskalatzailea izatera itzultzea, babesleak alde batera uztea, lan egitea, eta libre izatea. Orain dela urtebete, gainera, nire amak lanera deitu zidan idazkari batek baja hartu zuelako, bi aste lanean pasa nituen, eta pentsatu nuen «ez da hain txarra, zortzi orduan lan egin, diru bat irabazi, inongo presiorik ez, eta gero eskaladari heltzeko denbora». Baina urtea hasi zen, hasi nintzen berriz ere entrenatzen, eta bidea topatu nuen. Diziplina eta kilimak elkartu zitzaizkidan. Hortik etorri da Patxi Usobiagaren aldaketa azken urtean.

Babesleen presioa handia da?

Babesleak zu laguntzeko daude, eta beraiek beren interesak badituzte ere, zuk beraiei ez diezu ezer zor. Beraiek aukeratu dute zurekin egotea. Beraz, babesleengatik eduki dezakezun presio guztia zuk zeuk sortua da, ez diozulako bideari ikuspegi onetik begiratzen, eta horrek askotan kirolariak gure bidetik galdu egiten gaitu, eta laga egiten dugu.

Babesleek ez dizute ezer eskatzen?

Eskatu bai, jakina. Beren laguntzak hobetuko dituzte zure emaitzak ere hobetzen baldin badira, eta alderantziz. Baina hori horrela hartzen baldin baduzu zure aurkako pisu bat bihurtzen da.

Ez al daukazu norbera enpresa bihurtzearen sentsazioa?

Bai, azkenean ni irudi bat naiz. Salgai dagoen irudi bat naiz, eta nork egiten didan eskaintza onena, ni harentzat. Hala da hori. Baina bestalde niri ez zait gustatzen aspalditik duzun babesle bat baztertu eta gehien ematen duenarengana joatea. Ez da polita norbait momentu onetan eta txarretan zure ondoan egon denean, gero horri agur esatea. Askoz gustagarriagoa da erlazioa hurbilekoa eta sendoa izatea.

Askotan sentitu zara irudi huts?

Bai, sentitu naiz.

Frustrazio handia da?

Bai, oso handia, ikusten duzu zuk gauzak ondo egiten dituzula, apustuak gogor egiten dituzula aurrera ateratzeko, eta egun batetik bestera bidali egiten zaituzte. Inongo aitzakiarik gabe bota egiten zaituzte, eta konturatzen zara zu enpresa horrentzat irudi huts bat baino ez zarela, ez zarela ezer, momentu batean alpistea, eta hurrengoan kaka.

Munduko Kopa irabazi ostean, hemendik aurrera jendeak eta komunikabideek sar diezazuketen presioak ez zaitu beldurtzen?

Egia esan jendeak niri bost axola dit. Hori ongi ikasia dut; bi motxila ditugu, bata astuna eta bestea arina. Astunak ez digu uzten eskalatzen, eta arina globo baten modukoa da, igoarazi egiten gaitu, eta jendea nik beti igoarazten gaituen globoan sartzen dut.

Eta zer da motxila astunean dagoena?

Orain momentuan motxila hori hutsik dago.

Zure buruaren gaitasunean gora begira jarriz gero noraino iristen zaizu bista?

Ez naiz begira jartzen, nik erronken bultzadetatik egiten dut bidean gora, eta ez dut begiratzen nora hel naitekeen. Beti erronka berriei heltzen diet, erronkei esker sentitzen dut odola eta gorputza bizirik, bestela hil egingo nintzateke. Eta nik uste dut, norbere errealitatearen barnean, bakoitza nahi duen lekuraino hel daitekeela.

Natura mendean hartu nahi bat badago eskalatzailearen baitan?

Ez dut uste, naturak beti gainditzen gaitu gu. Agian naturaren puntu bat gainditzeko nahi bat bai, badago, baina puntu txikitxo bat baino ez da.

Baina beti da puntutxo bat gorago...

Bai, eta horrek esan nahi du haren atzetik beste puntutxo bat badagoela hori baino are gorago dagoena. Horregatik esaten dut naturak beti gaindituko gaituela gu. Eta eskerrak, bestela hau aspergarria litzateke.

Noraino irits liteke pertsona?

Nik uste dut ez dagoela mugarik.

Zuk ere ez duzu mugarik?

Seguru baietz, pertsonok badaukagu muga bat, eta hori da errealitate bakarra. Ez dakit non, baina badaukat muga bat, hor nonbait, eskalada da mugarik ez daukana.

Eta noraino iritsi zaren ikusteak harritu egiten zaitu?

Bai, eskalatzen hasi nintzenean esan izan nuen 7 a-ra helduz gero pozik egoteko moduan izango nintzela, eta begira, 9 a+ bidea ere eskalatu dut. Urtetan zehar aurrera eta aurrera eginez iritsi naiz hona, eta harritzen naiz, bai.

Badakizu etsitzen?

Bai, badakit. (Irati Anda neska-lagunak ezetz dio ertzetik). Ez, ez, nik badakit etsitzen. Agian interesengatik etsitzen dut, baina badakit. Adibidez, joan den asteburuan Katalunian izan ginen eskalatzen, zailtasun handiko bide bat probatzen ari nintzen, eta banekien egin nezakeela, baina etsi egin nuen.

Ez zen komeni momentu horretan hori eskalatzea?

Alde batetik gogoa nuen gora egiteko, baina alde komertzialetik ez zitzaidala komeni ohartu nintzen, igoz gero Munduko Koparen itzaletan galduko zelako. Eta horrez gain, hurrengo urte hasieran motibazio handia izan nezake bertara joateko, bide batez forman ipini, hori egin, eta saltzen hasi, beraz interesengatik etsi nuen.

Zure gorputzaren kargari zenbat hatzekin eusten diozu?

Bakarrarekin. Heldulekua ona baldin bada, hatz txikiarekin ere bai.

Animaliaren batek inbidia ematen dizu?

Bai, tximinoak, nola ibiltzen diren zuhaitz batetik bestera! Iaz Guad al Unpurren izan ginen, eta hiriaren alboan eskalatzen ari ginela tximinoak zebiltzan zuhaitzetik zuhaitzera jauzika, eta hangoek esaten ziguten guk eskalatutako bide batzuk tximinoek nahi bezala igotzen zituztela, lotu barik, eta berdin-berdin, tximino ama bizkarrean umea hartuta. Sinestezina.

Eskaladaren filosofiaz aritu gara lehen, baina eskaladak filosofia bat baino gehiago du, kirol eskalada, rokodromoari lotua, edo harkaitza, naturari lotua, adibidez. Euskal eskalatzaile ezagunenak harkaitzean ari direnak dira, Pou anaiak, eta Josune Bereziartu batik bat. Zergatik hautatu zenuen zuk kirol eskalada?

Ni bietan ari naiz. Eta ez da kritika bat egitearren, baina ni Munduko Kopako irabazle moduan atera banaiz ere jendearen aurrera, ni bi alorretan naiz munduko eskalatzaile onenetako bat. Baita harkaitzean ere. Web orrialde batek ranking bat osatzen du, eta hor harkaitza eta kirol eskalada kontuan hartuta urteko hamar eskalatzaile onenak sailkatzen dituzte. Bada oraintxe ranking horretan lehena noa. Horrek esan nahi du alor guztiak kontuan hartuta munduko eskalatzaile onena izan naizela 2006an. Kontua da bai Josunek eta bai Ikerrek beraien proiektuak beste era batera saltzen dituztela, eta horregatik dute nik baino askoz ere proiekzio gehiago. Babesle asko ere harkaitzari edo naturari begira egoten dira. Baina niretzat, oraingoz, askoz ere garrantzitsuagoa da lehiaketako proiektua saltzea.

Zein da bietan gogorrena?

Harkaitzak proiektuak lantzeko bidea ematen du, baina nire ustez kirol eskalada, eta txapelketa batez ere, zorrotzagoa da. Zergatik? Txapelketa hemen eta orain jokatzen delako, bertan erakutsi behar duzu nor zaren, eta bertan izan behar zara onena. Harkaitzean proiektu bat daukazunean gaur egin zenezake, bihar egin zenezake, etzi egin zenezake, eta bestela, entrenatzen aritu eta hemendik urtebetera itzul zintezke.

Eta kirol eskaladan beste batzuen aurka ari zara lehian.

Bai, baina eskaladan erreferentzia bakarra zu zeu zara. Ez da ona besteekin konparatzen hastea, nahiz eta txapelketa batean besteekin lehiatzen zaren, eta munduko txapelduna zaren, eta beste bat bigarrena den, eta beste bat hirugarrena. Eskaladak zu zeurekiko lehian jartzen zaitu, zure buruari botatzen diozu erronka.

Sinesgarritasun arazo bat ere izan omen lezake harkaitzean baino ez dabilen eskalatzaileak, esplikatu hori.

Eskalatzaile bakoitzak sinesgarritasun bat izaten du. Lehiaketetan gabiltzan eskalatzaileok erabateko sinesgarritasuna izaten dugu, jendeak badaki ez garela dopatzen, antidopinak pasatzen baititugu, jendeak badaki oso indartsu gaudela, eskalatzen ikusten gaituelako, eta beraz, harkaitzean zerbait lortzean jendeak ez du inongo dudarik izaten benetan ari garela. Harkaitzean bakarrik eskalatzen duen pertsonak, nahiz eta oso indartsua izan, zalantzak sortzen ditu. Bere lorpenen inguruan halako duda bat egoten da askotan.

Dudan jarri izan da eskalatu ote duen ere?

Bai, lorpen batzuk dudan jarri izan dira. Badira kasu konkretuak.

Harkaitzean marka jartzerakoan ez da antidopinik pasatzen?

Ez. Harkaitz eskaladan dihardutenen artean ere ez dut uste inor dopatuko denik, baina ez dakit. Behintzat ez dute inongo kontrolik pasatzen, eta galdera ikurra gelditzen da batzuetan.

Eta badira produktuak eskaladako errendimendua hobetzen ahal dutenak?

Seguru badirela. Nik ez ditut ezagutzen, baina ziur egongo direla.

Lehiaketan noiz arte segituko duzu?

Nekatu arte, nik uste dut horrek epe bat daukala, ez dakit noiz baina helduko da egunen bat utzi egin beharko dudana. Eta egun hori heltzean harkaitzari itzuliko dizkiot begiak eta denbora. Baina ni oso lehiakorra naiz eta uste dut luzaro arituko naizela lehiaketan.

Eta eskalatzen noiz arte?

Espero dut nire bizitza guztian segitzea eskalatzen. Eta esku eta hankek pareta zailetan gora egin ezingo dutenean ere, beti hor egongo dira pareta errazagoak eskalatzen segitzeko.

Urte berriari zer?
«Gustatuko litzaidake Munduko Kopa berriz ere irabaztea, baina aurten batez ere Munduko Txapelketa dator, irailean, Marbellan izango da, eta bi urtez txapeldun orde izan eta gero, irabazi egin nahiko nuke, uste dut niretzat oso lehiaketa aproposa dela».

Nortasun agiria

Patxi Usobiaga Eibarren jaio zen 1980ko irailaren 7an. Bi anai-arrebetan gazteena bera, Eibarren burutu zituen ikasketak, baina eskola liburuak baino nahiago izan zituen beti paretako heldulekuak, eta gazte-gaztetatik hasi zen eskalatzen. Hamalau urterako 8 a bat igo zuen Araotzen, eta gora eta gora, azkenean 9a+ bidea eskalatzeraino iritsi da («Realization», Céuse-Frantzia, 2004). Kirol eskaladan hemezortzi urtez azpiko Europako Kopa irabazi zuen hamasei urterekin, bi aldiz izan da Munduko Txapelketan bigarren, eta 2006an Munduko Kopa irabazi berri du. Irati Anda neska-lagunarekin konpartitzen du bere eskalatzaile profesional bizitza.

Sugea azaldu zenekoa
«Kuala Lumpur-en (Malaysia) suge batekin izan genuen arazoa. Charlotte Durif eskalatzailea bertan zegoen, eta derrepente pista batetik behera suge bat azaldu zen, eta paretatik jaisten hasi zen, eta hor zetorren... Pitzadura batean sartu zen. Beste jende guztia eskalatuz gora zihoan, eta ez zen irteten, baina Charlotte joaten zenean mutur aurrera azaltzen zitzaion, eta parez pare jartzen zitzaion begira. Hura beldurra!».

Proiektu berri bat
«Oraintxe badugu proiektu bat buruan, baina oraindik sekretua da eta ez dizut esango zeren eta badakizu nolakoa den gerrate hau, nik esaten badut beste batzuk joango dira eta guk baino lehenago egingo dute».

Arriskua
«Eskalada arriskutsua dela esaten da, eta ikastetxe batean kirol bezala proposatzen baduzu guraso denak asaldatu egiten dira. "Ez, eskalada ez, nire semea jausi egingo da!". Jakina, sokarik gabe eskalatuz gero, edo lokarria gaizki lotuz gero, lurrera jausi zaitezke, baina gauzak normal eginik eskaladak ez dauka inongo arriskurik. Hori betikoa da, etxe barruan ere hankekin ibili beharrean eskuen gainean ibiltzen bazara seguru kristoren kozkorrekoa hartuko duzula».

Dietarekin lanak
«Ni gai naiz hogeita lau orduan segidan entrenatzen jardun eta txiki arraio egina bukatzeko, baina bazkaltzera eseri eta ahoa itxirik edukitzea gehiago kostatzen zait. Hori da gehien kostatzen zaidana. Izatez arina naiz, eta orain adibidez lasaiago nabil, nahiz eta kilo batzuk hartu ditudan, baina joan den denboraldian hamabi kilo hartu nituen atseden garaian, eta gero hori kendu egin behar da».


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude