“Hemengo enpresarien etekinak Israelen egonkortasunaren menpe daude”

  • Euskal Herrian harreman mota asko dago Israelekin, eta arrazoi eta interes ugari harremanak ez eteteko. Horietako batzuk aletu dituzte Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek iragarri berri dute liburuxkan, Israel hemen hasten da izenburupean. Maiatzaren 7an aurkeztuko dute lana Donostian eta Bilbon, eta 8an Gasteizen eta Iruñean. Maiatzaren 17an manifestazio nazionala deitua dute Iruñean, harreman oro eten eta Israel desegin dadila eskatzeko.

Jon Hidalgo ARGIA CC BY SA

2025eko maiatzaren 05ean - 07:06
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azaroan hasi zuten kanpaina, “bataila kultural ideologikoa” emateko palestinarren aldeko sentitzen diren sektoreetan. Eztabaida zabaltzeko, ea zein izan beharko lukeen herritar eta eragile horien papera. Askotan instituzioei gauzak eskatzera mugatu izan dela ikusten dute, baina diote alferrik dela Israel armatzen eta hornitzen duten berdinei eskatzea Palestinaren okupazioa gelditzeko. Horregatik, zuzenean seinalatu nahi izan dute Euskal Herrian zein eragilek mantentzen duten Israel zutik. Manex Mailharin eta Nerea Mitxelena plataformako kideekin hitz egin dugu.

Israel hemen hasten dela diozue. Zein paper du Euskal Herriak Israelekiko konplizitatean?

Arlo guztietan dauka konplizitatea. Lau bereizi ditugu gure txostenean, harreman komertzialak, militarrak, instituzional edo diplomatikoak, eta kulturalak, eta denetan dago erlazio zuzena Israelekin. Hala ere, zuzenagoa da esatea Euskal Herriko enpresariek eta euren ordezkari politikoek dutela harremana. Guztiz txertatuta daude Mendebaldeko bloke inperialistaren harreman sarean, eta Israel aliatu preferentea da hor. Ez da soilik lotura hori pasiboki onartzen dutela, hemengo enpresari eta agintariek aktiboki bilatzen dituzte Israelekin negozioak, kontratuak, harreman diplomatikoak...

"Euskal Herriko enpresariak eta euren ordezkari politikoak guztiz txertatuta daude Mendebaldeko bloke inperialistaren harreman sarean, eta Israel aliatu preferentea da hor"

Harreman komertzial handia dago Israelekin?

Espainiako Merkataritza Ministerioaren arabera, 2023an Hego Euskal Herriko 700 enpresa inguruk esportatu zuten Israelera, 300 bat milioi euroko salmentak, eta 400 enpresa inguruk inportatu dute bertatik, 20 milioi inguruko erosketak. Asko da, eta enpresa asko daude hor. CAFen kasu ezaguna, Mondragon taldeko hainbat enpresa, Fagor... Irizar autobus enpresaren kasua esanguratsua da. 80ko hamarkadatik saltzen ditu autobusak Israelen, herrialdearen autobus sektoreko merkatuaren %50a kontrolatzen du. Instituzio publikoak ere badaude, noski, Eusko Jaurlaritza barne. Bizkaiko Aldundiak, adibidez, Sosa programa dauka martxan, espresuki sortua Bizkaiko start-upak Israelgo enpresekin harremanetan jartzeko. Ondorio nagusia da euskal enpresarien zati esanguratsu baten etekinak eta negozioak Israelen egonkortasunaren menpe daudela. Hemengo enpresariek behar dute Israelek ongi funtzionatzea, eta ondorioz, proiektu koloniala mantentzea, genozidioak aurrera egitea.

Industria militarrean ere enpresa asko dabiltza Israelekin salerosketan?

Bai. Eta baita enpresa horietan inbertitzen duten bankuak ere. 200 enpresa inguru daude armagintzan parte hartzen dutenak Euskal Herrian, baina zaila da jakiten nork ekoizten dituen Israelentzako armak, ekoizpen katea oso konplexua delako eta enpresek badakitelako horrek beren irudia kaltetzen duela, momentu honetan behintzat. Oso mundu iluna da. Baina M Torres enpresa nafarrak, adibidez, bere web orrian aitortzen du Israel Aerospace Industries bere bezeroa dela. Israelgo armagintza industriako hiru enpresa garrantzitsuenetako bat da Israel Aerospace, eta berarekin kolaboratzen dute Aciturri enpresak edo Mondragon taldeko Ikerlan, Lortek eta Danobat enpresek. Ipar Euskal Herrian, Hazparneko Lauak aeronautika enpresak ere Israel Aerospacerekin egiten du lan 2009tik, eta aurten berritu dute bien arteko kontratua. Bestalde, Dassault Aviation enpresa frantsesak Israel du bezeroen artean, eta Angelun ere badauzka lantegiak. Bankuak aipatzearren, BBVA da Espainiako Estatuan Israelgo armada hornitzen duten enpresetan gehien inbertitu duen entitatea.

"2023an Hego Euskal Herriko 700 enpresa inguruk esportatu zuten Israelera, eta 400 enpresa inguruk inportatu dute bertatik"

Euskal Herriko poliziek ere badute harreman zuzena.

Bai. Entrenamenduak, granadak eramateko gailuak, mugikorrak zelatatzeko teknologia... asko erosten da Israeletik, harremana argia da. Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Foruzaingoak, hiruek dituzte kontratuak Israelekin, Espainiako Estatuko beste poliziek dituzten harremanez gain. Espainiar Estatuan gutxienez hamabi kontratu esleitu zaizkie armagintza eta segurtasun arloko enpresa israeldarrei, 2023ko urriaz geroztikoak bakarrik zenbatuta. Azken egunetan polemika egon da Espainiako koalizio gobernuan Guardian Defense & Homeland Security enpresari egindako kontratu batengatik. Bat utzi dute bertan behera, polemika sortu duena, baina beste asko dauzkate. Israelgo Estatuaren baliabide komertzial nagusia armagintza eta segurtasun industria da, eta Palestinako genozidioan probatu izana erabiltzen dute fidagarritasun marka gisa, tested in combat (borrokan testatua) jarrita. Argi utzi behar da industria militarrarekin edozein hartu-eman dela Israel armaz hornitzea, Israelgo armada laguntzea.

Israelekin dauden harreman diplomatikoek Estatu sionistari aurpegia garbitzen diotela salatu izan duzue.

Instituzio publikoek, alderdiek, sindikatuek, unibertsitateek, denek dituzte harremanak Israelgo enpresekin, estatuarekin eta bestelako instituzioekin, eta Israelgo Estatua normaltzen dute. Macronek esan zuen, adibidez, Netanyahu Frantziako Estatura joango balitz berak ez lukeela atxilotuko. Edo, Sánchezek, Palestina onartu bai, baina argi utzi du Israel herrialde laguna dela. Euskal Herrian ere sartu daitezke EHU, Ertzaintza, Nafarroako unibertsitate pribatua, Eusko Jaurlaritzak dituen harremanak... Eta batzuetan ahaztu egiten dugu errepresioa, baina hori ere harreman instituzionalen parte da. Hemengo estatuak eta agintariak arduratzen dira Israelen funtzio errepresiboak egiteaz, askotan zuzenean enbaxadak eskatuta.

"2005ean Hasbara plana jarri zuen martxan Israelgo Gobernuak, haien hitzetan, Israelen aurpegi jatorragoa erakusteko, jendeak ez dezan gerrarekin soilik lotu. Hortik datoz kirol eta kultura arloko interbentzioak"

Kultura eta kirol arloko harremanak salatzean leporatu izan zaizue zuek politizatzea auzia

Hor Hasbara plana aipatu behar da. 2005ean jarri zuen martxan Israelgo Gobernuak, haien hitzetan, Israelen aurpegi jatorragoa erakusteko, jendeak ez dezan gerrarekin soilik lotu. Hortik datoz kirol eta kultura arloko interbentzioak. Sotilagoak dira, zailagoa da zalantzan jartzea. Israelek politika egiteko erabiltzen ditu, baina horiek gurean lurreratzean bereizi egin behar da politikatik? Euskal Herrira datoz Maccabi saskibaloian, Israelgo Gobernuak finantzatutako pelikulak Donostiako Zinemaldian, Noa abeslaria... Mayumana dantza taldea ere askotan egon da Euskal Herrian, nahiz talde honen azken ikuskizuna bertan behera gelditu zen Donostian, zegoen oposizioagatik, edo agian, sarrera gutxi saldu zelako. Bestalde, Euskal Herriko txirrindularitza lasterketa nagusienek ekartzen dute Israel Premier Tech taldea. Euskal Herriko Itzuliak ez du ekarri 2023ko urritik aurrera, baina Donostiako Klasikoak eta Lizarrako Miguel Indurain sariketak ekarri zuten 2024an ere. Aurten, kanpaina publiko bati esker, lortu da Lizarrara ez ekartzea.

Israelen defentsarako eskubidea aldarrikatu dute zenbait euskal agintarik.

Bai, Urkulluk berak ere esan zuen. Ekuazioa alderantzikatu egiten dute horrela, erasotzaile bezala aurkezten dute, hain zuzen, herri kolonizatua, eta defentsarako eskubidea aitortzen diote 75 urtetik gorako historian kolonizatzailea izan denari. Historia urriaren 7an hasiko balitz bezala egiten dute. Beste politikari batzuek ere berdindu dituzte biolentzia horiek, posizio ekidistanteak izanez, eta horrek nolabait Israelen ofentsiba erlatibizatzen du. Politikariez gain, Palestinaren aldeko sektorean ere ikusi ditugu deklarazio ekidistanteak, eta beharra ikusi genuen palestinarren erresistentzia eskubidea aldarrikatzeko. Uste dugu plataformak ekarpena egin duela eztabaida hori berpizten, jendea posizionatu eta jarrera lausoetatik aldentzeko.


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


Eguneraketa berriak daude