Jean Claude Iriart: "Behar dugu iraun"


Bada urtebete baino gehiago EEP sortu zela. Zein da zure balorazioa?

Lehen gauza, erakundea beti hor dela, zeren eta sortua izan zenean, neke zen erratea iraunkortasun baten sartuko zen egitura zen ala ez. Behar dugu iraun. Urte bat pasa da. Guretzat hasteko, inportanteena da lehen urtean pentsatu genuen programa hori obratu dugula.
Programa horretaz zein balorazio egin, beste galdera bat da. Azterketa baikorra egiten dugu, zeren eta erran genuen gauza batzuk egingo genituela eta eginak izan dira. Lehen helburua ez da txikia eta betea izan da.

Euskararen Erakunde Publikoaren ildo nagusiak nola ari zarete garatzen?

Erakundea 2010era arte planteatua da. Hortik landa, partaideek erabakitzen ahal dute beste sei urtez segitzea. Horrek esan nahi du juridikoki badela muga bat: sei urtekoa. Horrek koadro bat definitzen du: lehen bi urteak hartuak izan dira tresna finkatzeko, deusetik abiatzen baikinen (forma juridikoa, aitzinkontua deliberatu, ekipoa izendatu, lokalak, barne araudia finkatu...). Bestalde, EEPren aitzin, Obragintza Publikoan, 2000n, hasia zen hitzarmen bereziaren programa baten osatzen (euskalgintzako aktoreak diruz laguntzeko hamar operazio ziren) eta hartuak izan ziren engaiamenduek 2006 arte balio dute. Orduan, gure eginbideetan, engaiamendu horiek errespetatu behar zirela inposatua genuen jadanik. 2005 eta 2006 urteak trantsizio urte bezala pentsatuak izan ziren eta hala bizi dira. Batetik, epe horretaz baliatzen gara tresna ezartzeko eta azkartzeko. Bigarrenik, hitzarmen bereziaren bukatzeko eta hirugarrenik, bi alor berritan, irakaskuntzan eta euskararen presentzia bizi sozialean, gauza berriak esperimentatzeko.
Aurten, 2007-2010eko plana prestatuko da. Hizkuntza politikarako proiektu berri bat landu behar genuela deliberatu da. Hori ez da gutxi, hitzarmen berezia programa bat baitzen, hizkuntza politika aipatzen zen, baina hizkuntza politikak galdegiten du engaiamendu gehiago, galdegiten du bizi sozialeko arlo guztiak hunkituak izan daitezen, eta hitzarmen berezian ez ginen arras horretan. EEPk deliberatuko du zein politika mota atxikitzen duen, baina aitzineko lan prestatze guztiak euskalgintzako elkarte eta egiturekin kontzertazioan egingo dira. Zazpi-zortzi hilabeteko lan inportantea izanen da, baina biziki eragin handia ukanen du ondoko urtetan.

Euskal Konfederazioak EEPrekiko hainbat kezka edo gabezia larri mahai gainean jarri ditu. Hona bat: EEPk koherentzia falta du, erakunde publikoen euskararekiko mespretxu eta erasoak ez direlako gelditu, eta era berean, EEPn direlako erakunde berberak. Politika publiko horrek zenbaterainoko sinesgarritasuna duen galdegin du Euskal Konfederazioak.

Ikusi beharko. Politika publikoa ez da egun batetik besterat finkatzen. Bide onean gara, baina gauzak ez dira irabaziak. Uste dut aski fite joanen direla hala ere, zeren duela hamar urte hizkuntza politika eta hitz horiek ez ziren sekula baliatzen. 30 urtez horrela pasatu da Iparraldean eta 30 urte luze da. Orain botere publikoak hitzetik obretara pasatu dira, eta ez da aski tresna baten eraikitzea, baina tresnarik gabe ere ezin da politikarik egin. Uste dut koherenteak diren etapetatik pasatzen ari garela: botere publikoak sentsibilizatu dira, gero tresna sortu dugu eta orain politika definitu eta urratu behar dugu. Historiak badu bere koherentzia; bururaino eramanen gaituen? Hori inork ezin du erran.

Euskal Konfederazioaren beste kezka bat: EEPk zenbateraino egin dezake aurrera Frantzian euskarak ofizialtasunik ez badu?

EEPko zuzendaria izanki, hori ez da gure eginbideetan sartzen. Esparru legalaren aldatzea diputatuen eskumenetan gelditzen da. EEP da tresna teknikoa politika baten finkatzeko, (gainera Estatua barne izanki) daukagun esparru legalean, ez du EEPk bere gain hartuko esparru legal horren aldaraztea. Hala ere, paraleloki desmartxak izaten ahal dira.

Hautetsien Kontseiluko lehendakari Alain Lamassourek lege proposamena iragarri du euskarari aitormen ofiziala emateko.

Ez dakit gero zer ematen ahal duen, baina esparru juridikoa aldatzen baldin bada, bistan da, horren araberako beste politika bat finkatu beharko da, baina anartean betiko kezka da: 50 urtez ez baldin bada aldatzen esparru legala, zer egin behar da? Horrek erran nahi du ez garela euskararen aldeko politika publiko batzuetan sartu behar? Ez dut erraten hori ez dela gai inportantea, baina garen egoeran ezin dugu erran esparru legala aldatuko den ala ez. Franko pragmatikoa naiz gai horri buruz. Eta hori ez da lekuko hautetsien eskumenetan, Frantzian deliberatu behar da. Euskal Herriak hartzen du departamendu baten erdia, hartzen du Akitaniaren hamarretarik bat eta Frantzian hartzen du ehunetarik bat. Eta Euskal Herrian gara aurreratuenak.
Hautetsien Kontseiluko zuzendaria ere banaiz. Hautetsien Kontseiluaren izenean, Lamassourek bultzatu desmartxa gertutik segitzen dut eta eginahala egingo dugu hori egiteko. Eta hobe esparru legala aldatzen baldin bada. Baina nehork ezin du erran fite gertatuko dela, beharbada sekula gertatuko ez den gauza da, eta anartean zer?

Irakaskuntza lan ildo garrantzitsua duzue.

Urte honetako lehentasun handienetarik da. Irakaskuntzak badu pisu estrategikoa, ezin da pentsatu irakaskuntzaz aparte salbatuko dela euskara.
Frantses sisteman irakaskuntza da Estatuaren eskumena. Lekuko hautetsiek ez dute deus erraterik. Hori behar da azpimarratu. Hartako zen biziki inportantea guretzat Hezkunde Nazioanalak parte har zezan EEPn, baita ere, biziki inportantea zen guretzat Estatuak ofizialki parte har zezan EEPn. Ez balitz hala izan, horrek erran nahiko zuen ez genuela irakaskuntzako arloa tratatzen ahalko, hizkuntza politika batetik aparte egonen zela. Behar izan zen zerbait berezi pentsatu euskararendako eta hitzarmen ofizial baten forma hartu du, Hezkunde Nazionalaren eta EEPren artean. Konpetentzia ez da transferitua (Estatuak deliberatuko du non ireki klase bat, zenbat postu eman...), baina atzeman dugun sistema da: irakaskuntzaren karta kontzertazioan definitua da gurekin eta epe luzerako programazioa ere gurekin definitu da.
Berrikuntza inportantea da, orain arte Hezkunde Nazionalak baino ez zuelako erabakitzen. Ez da batere aldaketa txikia. Anitzek ez du erreparatu, baina gauza inportantea da guretzat.

Kontzertazio horren orain arteko emaitzak nolakoak izan dira?

Goizegi da ikusteko ea sistema berri horrek zer ekartzen duen. Adibide bat: Bigarren Mailako sare elebiduneko irakaskuntzan, hiru sareentzat, (Seaska, sare publikoa eta sare katolikoa) egin ditugu haur kopuruen aurreikuspenak heldu diren bospasei urtetarako. Oro har, erraten ahal dugu, gutxienez, haur kopurua bikoiztuko dela. Bigarren Mailan bada 25 ikastetxe Iparraldean, sare elebidunean eta murgiltze sarean. Aurreikusi dugu 15etan zituzten klaseekin gai izanen zirela haur kopuruen emendatzeari atxikitzeko, beste hamar lekuetan beharko zirela klaseak doblatu eta beste zortzi gunetan klase berri batzuk ireki.

Hiru Saretak dio gurasoen eskaeren zain egoten zaretela euskarazko ereduak jartzeko eta zuen egitekoa eskaintza orokortzea dela.

Hori bera egiten da. Bigarren Mailako ikastetxe horiek aipatzen genituelarik, finkatu ditugun gauzak dira eskaintza politika baten helburuak. Erran dugu konkretuki non behar zen klaseak doblatu, non behar zen ireki eta non behar zen irakasle berriak formatu. Hori ez baldin bada eskaintza politika ez dakit nola deitzen den.

Eskaintza zabalagoa da agian gakoa.

Prentsan hori da gehiago agertu dena. Bakarrik kritikatua izan dena da helburuak ez genituela kuantitatiboki finkatu. Hori ez dugu egin eta ez da egingo. Zeren eta horrek erran lezake bestenaz, suposatzen dugula aitzinetik zer litzatekeen aita-amen hauta. Garbiki errana izan zen, dugun esparru legalarekin, gurasoek behar dute hautatutako sisteman libertate hori izan. Ez dugu inor bortxatuko euskarazko irakaskuntza baten segitzeko, ez baldin badute gurasoek nahi. Dugun esparru legalarekin urrunerat joan gara, eta atera gara galde politika batetik eskaintza politika baterat heltzeko.
Euskal Herrirako finkatua izan den hitzarmena bezalakorik ez da Frantzian. Oso esperimentala da. Abiapena ona izan da.

Euskara teknikariak diruz lagunduko dituzue herri elkargoek hala nahi badute.

Iparraldeko hamar herri elkargoetako presidenteei proposatzen diegu teknikari baten hartzea, hiru urtez. Gure gain har genezake lanpostu horren erdia diru-laguntzaren aldetik. Iduritzen zaigu, gehienetan, ongi-etorria egingo dutela, hala ere, ez dut uste hamarrek baiezkoa ematera helduko garenik. Errespetatuko ditugu hartutako erabakiak, ez dugu inposatzen ahal. Iduritzen zaigu gure proposamenak zinez laguntzen ahal duela, kostuaren erdia gure gain hartuz.

Euskararen erabilera gizarte bizitzan. Lehen aldia da erakunde publikoren batek esparru horri helduko diola.

Arlo hori, orain arte, elkarte militanteek hartu izan dute bere gain, botere publikoek ez dute sekula bere gain hartu euskararen presentzia bizi sozialean bultzatu beharra. Hori da berrikuntza inportantea; lehen aldikotz botere publikoak, Estatuak barne, zeregin hori eman dio EEPri politika publiko baten finkatzeko. Horrek ez du erran nahi konkurrentzian biziko garenik elkarteek eramaten duten borrokarekin. Beharko dira osagarriak izan.
Euskara ez da hizkuntza ofiziala, horrek erran nahi du ez dugula legez inork edozein bortxatzen ahal euskararen baliatzea. Horrek erran nahi du ere, ahal dugula joan lantegi publiko, pribatu, elkarte... bizi sozialak dituen erakunde guztien ikusterat, eta ikustea haiekin ea nola erabil dezaketen gehiago euskara komunikazio idatzian, ahozkoan... Beharbada, leku batzuetan, espero dugu eragin zabalagoa ukanen duela, zeren pentsatzen dugu gai izanen garela desmartxa militante batzuetan sartzeko prest ez diren aktore berri batzuen konbentzitzeko.

EEPren alor asko jorratu ditugu. Kezka berezia sortzen dizunik izango da...

Erakundeak iraun behar du. Bada gauza inportantea Hegoaldearen eta Iparraldearen artean: Iparraldean euskararen arrangura dutenak ez dira gehiengoa, urrunetik. Horrek erran nahi du egoera biziki hauskorrean bizi garela. Eta alderdi politikoetan gehiengoa ez da horretan. Hala ere, behar dugu euskara salbatu, gauden egoeratik abiatuz, eta ez asmatutako egoera batetik abiatuta. Horretarako behar dugu iraun, zeren biziki urrats politiko inportantea izan baita Frantzian diren erakunde guztiak elkarrekin batzea, lekuko hizkuntza baten alde politika abiatzeko. Oso kritikagarria izanen da, anitzek erranen du ez dela aski, baina hori ez baldin bada egiten euskara ez da salbatuko, ez dugu hauturik, behar dugu politika publiko bat finkatu eta azkartu. Horregatik dut erraten behar dugula iraun. Alde batetik instituzioek, zeren egin duten urratsa ez da beharbada betiko, urteroko gatazka izanen baita orain partaide diren guztien atxikitzea erakunde publikoan. Bestetik, euskalgintzan ari direnekin ez gara konkurrentzian sartu behar, biziki arriskugarria litzateke euskararen salbapenarentzat.


EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOAREN OSAKETA

Erakundea 2005ean jarri zen abian.

Kideak eta aurrekontua
Estatua: 30
Akitania Eskualdea: %30
Pirinio Atlantikoak Departamendua: %30
Euskal Kulturaren Aldeko Herri Elkargoa: %9
Euskal Herriko Hautetsien Biltzarra: %1
Aurrekontua: 1.733.000 euro (2005 eta 2006rako kopuru bera hitzartu zuten. 2007-2010ekoa finkatu gabe dago).

Administrazio Kontseilua
- Estatuko hiru ordezkari: Pirinio Atlantikoak Departamenduko prefeta, akademiako errektorea eta kultur ekintzen eskualdeko zuzendaria.
- Akitania Eskualdeko Kontseilua: lehendakaria edo horren ordezkaria eta eskualdeko bi kontseilari.
- Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorra: lehendakaria edo horren ordezkaria eta bi kontseilari orokor.
- Euskal Kulturaren Aldeko Herri Elkargoko lehendakaria edo ordezkaria.
- Euskal Herriko Hautetsien Biltzarreko lehendakaria edo ordezkaria.

Aholku Batzordea: euskalgintzan lanean ari diren elkarte eta egiturak daude.

Ekipo teknikoa: Max Brisson da EEPko lehendakaria, Jean Claude Iriart zuzendaria (egun erdiz) eta taldean beste lau langile ari dira lanean egun osoz.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude