Ikus-entzulearengana helduko diren euskarak sortzen


2006ko otsailaren 19an
Interneten, guztion eskura daude ETB-1en hizkuntza-irizpideak. Urte bi baino gehiago da, izan ere, erabili.com-en irakur ditzakegula; aldiro-aldiro, Asier Larrinaga ETBko Euskara Saileko buruak sinatutako artikuluren bat ekartzen du web guneak. Bereziki oparoa gertatzen ari da, esate baterako, «Bikoizketarako irizpideak finkatzen» saila; dagoeneko bost atal ditu eta gehiago da bidean. Baina gehienbat ETBko kazetariek hizkuntzalariei agertutako zalantzen erantzunak izaten dira erabili.com-en ikusgai. Web guneko arduradunek diotenez, «lehenengo aldia da EITBk bere hizkuntza-irizpideak argitaratzen dituela».

Asier Larrinagak berak eman digu irizpide horien berri. Funtsean, saio mota bakoitzerako hizkera egokiena gauzatzea da helburua. «Hizkera mota bakoitzari dagozkion ezaugarriak zehaztea da gure lana, eta ez hainbeste 'hau esan liteke eta hau ez' esatea». Hala ere, erabili.com-eko testuetan zehaztasun maila handia aurkituko du irakurleak, zalantza zehatzei emandako erantzunak diren heinean.

«Zer hizkera erabili behar den esateak -azaldu du Larrinagak- tarte zabala uzten dio kazetariari. Bakoitzak, gero, askatasuna dauka tarte horren barruan bere bidea bilatzeko». Euskara Saileko buruak albistegiak ipini ditu adibide. Horietan erdibidea topatu behar omen du hizkerak: ez jasoegia eta ez kalekoegia, ez teknikoegia eta ez zabarregia.


Erregistro falta

Bizitzaren zenbait arlo euskararentzako arrotzak ziren ETB-1 lehen urratsak ematen ari zenean -oraindik badira kasu askotan-, baina telebistak haien berri eman behar zuen, eta ahalik eta hizkuntzarik txukunena erabilita gainera. Berdin esan liteke bikoizketaz; erregistro asko sekula euskaratu gabeak zeuden. Lourdes Oñederra EHUko irakasleak dioenez, «ETBko hizkuntzalariek indar asko xahutzen dute itzulpengintzan». Badaki zertaz ari den, lau urtez hizkuntza-aholkularia izan baitzen ETBn.

Larrinagak adibidea eman digu oraindik dauden gabeziez ohartarazteko: «AEBetako film askotan agertzen diren epaiketen hizkuntza euskaratzea gatxa da. Egin egiten da noski, azkenean pelikula ematen dugu eta». Gauza bera esan liteke bestelako hizkera batzuez. Ez omen da lan erraza, berbarako, New Yorkeko auzo baztertu bateko beltz biri euskaraz solasaraztea. Gazte hizkeraz den bezainbatean, inkestak ere egin zaizkie euskal neska-mutilei, haien jardunean telebistarako eredu erabilgarri bila.

Kontuak kontu, Asier Larrinagak oso ontzat jotzen du ETBn egiten den euskara, oro har. «Aurrerapen izugarria egin da arlo askotan, eta ez bitarteko gehiegirekin».


Ereduak sortu beharra

Aipatua dugu dagoeneko Lourdes Oñederra. Berari ere egin diogu galdera: Euskara ona egiten al da ETBn? Erantzuna, beste galdera bat: «Zer hartzen da euskara ontzat? Alegia, euskara ona bada euskara bizia, erabiltzen dena, nola-hala iristen dena... orduan bai, euskara ona da. Kontua da nola iristen den». Oñederraren ustez, hizkuntzaren ontasuna gehiegi lotzen da gramatikazko zuzentasunarekin, «eta hori beharrezkoa da, baina ez nahikoa; telebistako zenbait saiotan bereziki, ez da inondik inora funtsezkoena. Kontuan hartzen dute hori ETBn? Ez dakit».

Euskararen normalizazioan zeregin funtsezkoa dauka telebistak. Oñederrak, batik bat, geroko belaunaldientzako ereduak sortzea zein garrantzitsua den azpimarratu gura luke. «Beharrezkoa da ETBk eredu desberdinak zabaltzea, geroko euskararen aberastasunari eta erabilgarritasunari begira. Kontua ez da euskara ona edo euskara txarra. Horretaz gehiegi dakigu, arau gehiegi ere baditu Euskaltzaindiak. ETB bezalako medio batean, zerbait esaten denean lehenengo aldia da hori esan behar dena euskaraz, eta hor ez dago on eta txarrik. Badaude erreferentziak eta funtsezko ontasun bat behar dugu, ez diot ezetz, baina geroari begira ikerlana egin behar da eta hori, gainera, ezin dugu hizkuntzalariok bakarrik egin».


Euskalkiak eta batua

Esan gabe doa: ETBn batua erabiltzen da. Hala ere, euskalkiek ere eduki lezakete euren txokorik, hiztegiari dagokionez, batez ere. Telebistako esatariek eta fikzio-produktuetako pertsonaiek darabiltzaten hizkuntzaz ari gara noski; kanpotik bertara doanak nahi duen modura egin dezake, non ez den gaztelania hutsez, Basetxea lehiaketan bezala esaterako.

Miren Aburuza Hiznet ikastaroko ikasleak, idatzizko lana egin behar zuela-eta, ETB-1eko ume eta gazte hizkera aztertu du orain gutxi, euskalkien erabilerari arreta berezia emanez. «ETBk, saio batzuetan, euskalkiak erabiltzea nahi du», diosku. Oinarriak batua behar du izan, hala ere, hizkuntzaren oinarritzat har baditzakegu aditz laguntzaileak. «ETB ez da eskualde jakin baterako telebista», gogorarazi du Asier Larrinagak; «kontua da: zer saio motatan egin daiteke kalean egiten den moduan? Albistegietan ez, argi dago, hor estandarra erabiltzen da». Baina badira hango edo hemengo «ukitu» handiagoa onartzen duten saioak. Goenkalen, esaterako, oso hizkera mota desberdina dute aktore batzuek eta besteek. Wazemank saioa, berriz, salbuespena da euskalkiak gordin erabiltzen baititu. Batua usaindu ere egin ez duen euskaldun zaharren batek eskertuko dio beharbada.

Naroa Iturri: ETBko kazetaria: «"Bertze", "bortz", "erran"... hitzek badute, "barik", "gura" edo "berba"ri falta zaien ospea»

Naroa Iturri gazteentzako Ikusgela saioan kamera aurrean aritzen diren hiru kazetarietako bat da. Hernaniar euskaldun zaharra da, eta gipuzkeraz egin ohi du eguneroko jarduna. Ez dauka arazorik, jakinarazi digunez, batuaz idatzitako gidoiari lotzeko, baina gidoitik kanpo euskalkirako joera agertzen du maiz, ahoskerari dagokionez batik bat.

«Nahiko estu hartzen gaituzte», uste du kazetari gipuzkoarrak, «beti ere Euskaltzaindiaren azken arauen atzetik ibiltzen gara». Hala, gidoietako hizkuntzan formaltasuna omen da nagusi. Ikusgelako aurkezleek, haatik, ez dituzte gidoiak hitzez hitz ahoratzen, «gehiegizko zuzentasuna» litekeena hauste aldera. «Gauza bat da idatzizkoa eta beste bat ahozkoa», diosku Iturrik, «telebistak baditu bere ikusleak eta haiengan ere pentsatu behar da, euskara xumeagoa erabili beharko litzateke. Xumea, baina ez horregatik eskasa».

Naroa Iturrik zein haren lankideek, beraz, euskalkia erabiltzeko ohitura dute saioa egiterakoan. Bai nahita egin ere. «Beti ere euskara zuzena izan dadin, e?», argitu du Iturrik; «gertatu izan zaigu zuzentzaileengandik gidoia jaso, bizpahiru aldiz irakurri, eta ez oso ondo ulertzea. Horregatik askotan geure modura esaten ditugu gauzak. Gazteentzako saioa da gurea, eta modu jakin batean hitz eginez gero, baliteke haiek ez ulertzea. ¡Qué guay! eta halakoak ez ditugu esaten, dena den».

Kazetariak adierazi digunez, gidoiarekin guztiz bat ez egiteak ez dakarkie arazorik: «Oso euskara kaxkarra erabili ezean behintzat, ETBn ez diote inori kargu hartzen». Euskalki kontuetan, berriz, ez omen guztiak maila bereko. Izan ere, eta Iturriri jaramon egitera, bizkaiera ez gainerako guztiek onarpen zabala daukate ETBn. «Gipuzkera batuaren antzekoa izaki, `baimendu' egiten digute erabiltzea. Nafarroako eta Iparraldeko euskalkiek, berriz, oso ondo ematen dute telebistan, antza». Zenbait hizketak, nolabait ere «jantzi» egiten du hizkuntza. Hala, «bertze», «bortz», «erran» hitzek badute, Iturriren arabera, «barik», «gura» edo «berba»ri falta zaien ospea.

Diglosia ETB-1en ere

ETB-1eko euskara arduradunek -eta beste langile batzuek- ordu asko eman behar dute itzulpengintza lanetan. Batzuetan, gainera, horra ere ezin ailegatu. Diglosiaren ispilu ederra da ETB-1: behin baino gehiagotan gaztelaniari leku egin behar zaio. Halabeharrez?

Asteburuetan ordu askotxo hartzen dituzten kirol-emankizunetan, esate baterako, ezagun da adierazpen asko -dela zuzenean jasoak direlako, dela grabazioa itzultzeko astirik izan ez delako- gaztelania hutsean datozkigula. Baliabide faltari egotzi dakizkiokeen horiez gain, badira beste kasu batzuk. Iragarki askotan, berbarako, euskaraz dago ahotsa, baina gaztelaniaz idatzizkoa. «Diruak agintzen du hor», dio etsipen pixka batez Lourdes Oñederrak; «sikiera, amore emanez lortzen den dirua balantza orekatzeko erabil liteke, euskara indartzeko, alegia. Dena den, halakoek kritika asko jasotzen dute, baina badira gauza larriagoak».

Oso lantzean behin, ETB-1ek bere programazio zatitxo bat gaztelaniazkoa izatea onartzen du, hala eginda etekina lortzen duelakoan. Aldiro-aldiro ematen den Segoviako ihesa filman, konparazio baterako, zati ugari gaztelania hutsezkoak dira, azpititulurik ere gabe. Asier Larrinagak argitu digunez, pelikularen egilearen nahia da hala eman dadin: «Guk ezin dugu besterik egin. Aukera bakarra ez ematea genuke». Beste horrenbeste esan daiteke Donostiako Zinemaldiko aurkezpen-ekitaldiaz. Bere horretan ematen da ETB-1en, hau da, gaztelaniaz gehienbat. «Horrelako ekitaldi batek prestigioa ematen dio kateari», dio Larrinagak. Prestigio horren prezioa tarte labur batez euskarazko telebista desagertzea da. Garestia ala merkea?


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude