Luistxo Fernandez: «Blogekin erabiltzaile indibidualok erakundeei aurre hart diegu"


2005eko abenduaren 04an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Zein helbururekin sortu zenuen Ingelesen Hilerria izeneko bloga?
Ez dut helburu berezirik. Nahi dudana idazten dut eta alde horretatik primeran funtzionatzen du. Hasieran, tresna jakin bat probatzeko erabili nuen bloga. Hiru hizkuntzatan egiten hasi nintzen: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Diseinu aldetik blog narras samarra irten zitzaidan, baina esperimentu horretatik abiatuta zerbait egin zitekeela ikusi nuen. Harrezkero blog komunitate txukun bi sortu dira, Eibarkoa eta Goienakoa. Nik estreinatu nuen blog softwarea erabiltzen dute, informatikariek hobetua. Nire esperimentuak, beraz, erabilera praktikoa izan du.

Nahi duzuna idazteko aukera izateaz pozik zaude, baina irakurleak izatea ere nahiko duzu, ezta?
Ez dut blogaren bidez ezer lortzeko afan berezirik. Badago audientziak kezkatzen dituen jendea, baina blog bakoitzaren irakurle kopurua oso txikia dela kontuan izan behar da. Zera irakurri nuen nonbait: "etorkizunean denok izango ditugu hamabost harpidedun". Eta hala izango da. Ez da inon aurkezteko edo Euskadi Irratiaren, ARGIAren edo herri aldizkarien audientziekin alderatzeko modukoa. Pentsa ezazu, ordea, zure hamabost irakurle horiek zure bloga munduan dauden milioika blogen artean aukeratu dutela. Erantzukizuna, beraz, ez da txikiagoa. Ni nire hamabost harpidedunekin gustura nago. Bakoitzaren egoa gehiago ala gutxiago puztu daiteke, baina niri gutako bakoitzaren audientzia metatua interesatzen zait. Eta alde horretatik, geroz eta gehiago gara.

Eduki aldetik euskal blogak aberatsak al dira?
Nik eduki askatasun absolutuan sinesten dut. Parke teknologikoan lan egiten duen ingeniariaren artikuluak ez ditut hamazazpi urteko ikaslearen kezka zoroak baino gorago jartzen. Nik kontsultatzen ditudan guztiak ez dira guru kategoriako lagunenak. Jende arruntarenak ere gustura irakurtzen ditut.

Euskal komunikabideak blogek eskain ditzaketen abantailez jabetu al dira?
Kezkatuta, antena jarrita behintzat badaude. Blogek, neurri batean, komunikazio modu jakin batzuk iraultzen dituzte. Gauza askoren berri blogen bidez izaten dugu. Xakeari buruzko albisteek adibidez ez dute lekurik hedabideetan. Nahikoa da xakean aditua den blogari bat egotea mikroaudientzia hori asetzeko. Komunikabideak horretaz ohartu eta pausoak ematen hasi dira. Blogek hedabide tradizionalei lekua jango dieten ez dakit, baina mundu hau ezagutu beharra dutela argi daukat. Jendeak bere kasa sortutako informazio uholdea geroz eta handiagoa da eta oreka zail horretan trena ezin da pasatzen utzi.


Ohiko hedabideek sareaz hitz egitean sarri alde negatiboak azpimarratzen dituzte. Modu egokian jorratzen al dira Internetekin lotutako albisteak?

Arrazoi duzu: Interneteko arriskuak, pederastia, drogak, lapurretak... horrelakoak maiz entzuten ditugu. Edo bestela, Googlek edo Microsoftek ez dakit zer iragarri dutela Kalifornian. Kazetariak dinamika baten pean daudelako izango da: teletipoak edo digeritutako informazioa jaso eta horixe eman. Kazetaria, ziurrenik, Internetera konektatu eta blog nahiz albiste interesgarriak topatuko ditu. Hala ere, bere publikoarentzako edo bere hedabideko ildo ustez serioarentzako interesgarriak ez direla ikusiko du. Blog bat idazten duzunean horrelako gauzarik ez duzu pentsatzen, zure lerro editoriala zu baitzara. Lotsa gutxiago duzu gauza interesgarriak zein topatzen dituzun txorakeriak komentatzeko. Eta Interneti buruzko albiste negatiboez... badakigu gezurra eta egia zeintzuk dioten. Beraz, ez ditugu aipatzen edo ironiaz komentatzen ditugu.

Eta instituzioek nahikoa oihartzun ematen al diote Interneten inguruan egiten diren proiektuei? Askotan Interneteko proiektu bat garatzen da eta instituzioek publizitatea sarera bideratu beharrean, paperean sartzen dute...
Bai, Interneten inguruko gertaerak paperean ikusten ditugu, Diario Vascon, Vocentoren orrietan. Oro har, instituzioak nahiko galduta ikusten ditut. Lana txukun egiteko gai den jendea egon badago, baina politika orokorretan zer egiten den ikusita, gauzak argazkian ateratzeko egiten direla iruditzen zait. Web gune baten inaugurazioa Teleberrin txukun agertzeak soilik kezkatzen dituela dirudi askotan. Zer egin beharko luketen ez dakit ziur. Inbertsioak egin, hori bai, eduki sorkuntzan eta komunitatean, adibidez.

Publizitatea erakartzea ere zaila da...
Nik uste dut Interneten publizitatea erakartzeko sistema asmatuta dagoela: Google-en iragarki sistema. Euskarazko berbak erosten dituzten bezero gutxi daude, Google-ek apenas hartzen du aintzat euskara, baina benetako formatu publizitarioa hori da. Gainerakoa gezurrezko publizitatea da, ezkutuko diru-laguntza. Google-en adwords edo hitzen bidezko formatu publizitarioa termino komertzialetan oso justua dela uste dut. Bisita eta eduki jakin bati lotutako klik gehien dituenak lortzen ditu irabaziak. Sare horretan momentuz euskarazko publizitatea bideratzeko aukera gutxi dago, baina agian horren antzeko sistema alternatiboa asma daiteke. Noski, beharbada ez da hori komeni...
Edukiak azaleko geruza dira. Azpiegiturek funtzionatzen dutela erakustea eta gero azpiegitura horiek saltzea bada negozio iturri bat. Euskaraz, edukietatik soilik oraingoz ezin da bizi. Gaztelaniaz bizi daitekeen ere ez dut argi. Benetako negozioa edukietan baino, azpiegituretan dago. Geroz eta argiago ikusten dut edukiak boluntarioek sortzen dituztela, ez kazetari profesionalek. Irakurleak geroz eta gehiago joko dute blogariek sortzen duten informazioa kontsultatzera.

Blogak aipatzen ari gara etengabe. Etorkizuna hor ikusten al duzu?
Bai. Nik erabiltzaileek sortutako edukiengan (ez bakarrik blogengan) konfiantza osoa daukat. Horrez gain, eduki generazio kolektibo hori bideratzeko tresnetan, azpiegituretan, badago etorkizunik. Jendeari tresnak ematea bada negozio lerro bat. Azkenik, gauza bat eta bestea lotzeko teknologiak daude, automatizazioa, estandarrak... Aurki RSS bidezko bilatzailea, neurri batean, estandarretan oinarritutako robota da, robot batek egiten duen albistegia. Zenbat jende bizi da Aurkitik? Zero. Baina azpiegitura interesgarria da eta eduki mordoa du. Automatizazioan, estandarretan, azpiegituren negozioan eta eduki kolektibo aberatsean ikusten dut etorkizuna.

Iaz Kaixo.com-eko Aitor Lopez de Aberasturi elkarrizketatu genuen (1970. zenbakian). Hark esan zigun orokorrean Euskal Herrian Interneten inguruko gauza gutxi egiten dela, oso poliki goazela...
Egia da poliki joan garela, alor askotan atzeratuta geratu garela. Nik blogen kontu honekin itxaropen handia daukat, ikusten dudalako erabiltzaile indibidualok instituzioei -elkarte, enpresa edo administrazioari- aurre hartu diegula. Horiek atzean geratzen ari dira. Kaixo.com, bestalde, oso proiektu zaharkitua dela uste dut. Aukera handiak zituen baina ez du eboluzionatu. Beste gauza batzuek egin dute aurrera, blog komunitateek adibidez. Gauzak mugitzen ari dira. Ez goaz denok batera manifestaziotzar batean, baina bata hemen eta bestea han, batez ere erabiltzaile indibidualen gero eta kreatibitate interesgarriagoaren bidetik, aurrerantz goaz.

Kazetaritzarekin bueltaka
Luistxo Fernandez 1966an jaio zen, Eibarren. Kazetaritza ikasketak amaituta paperezko hainbat komunikabidetan jardun zuen. 2000. urtean, Code & Syntax enpresa sortu zuen bi lagunekin batera eta egun hortxe dabil lanean. Iaz Ingelesen Hilerria (www.eibar.org/blogak/luistxo/eu) blog eleanitza jarri zuen martxan. Urrian, gaztelaniazko bertsioa marketing helburuak dituen Mapamovil.net blogan paratu zuen. Internetera zer dela eta salto egin zuen galdetzean, zera erantzun digu: "Euskarazko kazetaritzan, hedabide publiko batean -EITBn- zaude, edo pobrea zara. Argi neukan beste gauza batzuk egin behar nituela".

Patxitrapero, Telezaborra eta Uztarria
Euskal blogarien artean izen bat nabarmentzea itsusia izan daitekeela dioen arren, izen bi aipatzekotan, Zumarragako Patxitrapero eta Telezaborra aipatuko lituzkeela esan digu Luistxok. Aurrenekoak "sekulakoak" egiten omen ditu; "telebista pertsonala asmatu du!". Telezaborrak, bestalde, "kritika sozial eta telebisibo ikaragarria" egiten duela adierazi digu. Halaber, hedabide elektronikoei dagokienez, Azpeitiko Uztarria atariak lan oso ona egiten duela dio, eta merezita jaso zuela Sareko Argia saria. Sustatuk ere ederki funtzionatzen omen du: "Gauza sinplea da, baina egunean hiru albiste sareratzen ditu". Bestalde, Interneten, "edizio jarraituan" sinesten duela esan digu eta hortaz, Bizkaie! moduko proiektuak "arraroak" direla: "Periodikotasun bati lotutako Interneteko proiektuari -azalean 'ez dakit zenbatgarren alea' jartzeari- ez diot zentzurik ikusten".

Patxitrapero: http://patxitrapero.blogspot.com
Telezaborra: www.eibar.org/blogak/telezaborra
Uztarria: www.uztarria.com
Bizkaie!: www.bizkaie.biz


Azkenak
Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Putin eta Trump ostiralean bilduko dira, baina Zelenskik argi utzi du Ukrainak ez duela “lurralderik oparituko”

AEBetako presidenteak Ukrainarekin su-eten akordio batera iristeko ezarritako epea amaituta, Alaskan bilduko dira Trump eta Putin ostiralean. Bloomberg hedabidearen arabera, Errusia eta AEBak gerra "izozteko" plan bat prestatzen ari dira, Moskuk orain arte Ukrainan... [+]


Aldatu Gidoiak ere salatu du IB3 Balearretako telebistak gaztelerazko edukia areagotu dituela

IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]


Amaya, altxor ia ezezagun hori

Zer: Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Diego Martin-Etxebarria. Easo Abesbatza

Zuzendaria: Gorka Miranda

Bakarlariak: Arantza Ezenarro, Gillen Munguía, Marifé Nogales, Lucía Gómez, Juan Laborería, José Manuel Díaz, Darío Maya, Luken... [+]


Sañu Bizirik: “Statkraft enpresari alfonbra gorria jartzetik, herri presioari esker udalak parke eolikoari helegitea jartzera igaro dira”

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ingurumen baimena ukatu dio Piaspe egitasmoari, Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi dituen errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo... [+]


26 urteko nafar bat hil da Pirinioetan

Russell mendian gertatu da ezbeharra, amildegi batetik jausita. Gaztea Iruñekoa zen.


Zarrakazteluko sutea perimetratu eta kontrolpean dute suhiltzaileek

Suhiltzaileek itzaltze lanetan jarraitzen duten arren, egonkortu dute kontrolik gabeko sutea. Espainiako Gobernuak larrialdi aurreko faserako plana onartu du, autonomia erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko komunikazioa hobetzeko; dena den, larrialdien kudeaketa autonomia... [+]


Eguneraketa berriak daude