Pentsio publikoak murrizten jarraituko dute

  • Toledoko Ituna delakoa berrituko dute aurten. Orain dela hamar urte jaio zen Espainiako Estatuko pentsio publikoak arautzeko eta Administrazioak, Patronalak eta sindikatu espainiarrek hartzen dute parte bertan. Itxura denez, aurten ere murriztu egingo dira pentsioak. Euskal Herriko pentsioak Madrilen eta Parisen hartzen diren erabakien menpe daude, eta erabaki horietan ez dute parte hartzen sindikatu abertzaleek.

2005eko azaroaren 13an

Pentsio publikoak murrizten jarraituko dute. 30, 35 edo urte gehiago lanean eman ondoren, 2006an euren pentsio publikoak kudeatzen hasten diren pertsonek orain arte izandakoak baino baxuagoak diren pentsioekin egingo dute topo ziurrenik; izan ere aurten Toledoko Ituna negoziatzen ari dira eta hartzen diren erabakiek 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak. Kalkuluen arabera, murrizketa gaur egungo pentsioen %10 eta %20 artekoa izan liteke batez beste.

Toledoko Itunak arautzen ditu Espainiako Estatuko pentsio publikoak. Duela hamar urte sortu zen itun hori, pentsio sistema publikoaren iraunkortasunerako; hala esan zuten, behintzat, sortu zutenean. Organo horren barruan Administrazioa, Patronala eta CCOO eta UGT sindikatu espainiarrak daude; ez dago ordezkari abertzalerik. Organoa aldian behin biltzen da ituna berrikusteko, eta aurten dagokio berrikusketa. Subiranotasun politiko eta ekonomikorik gabe, Euskal Herriko langileen pentsioak bi estaturen menpe daude: Espainiaren eta Frantziaren menpe. Izan ere, gure pentsioak Madrilek eta Parisek erabakitzen dituzte, euskal ordezkari bakar bat ere tartean izan gabe. Eta Madrilek eta Parisek erabakitzen dituztenez, Hegoaldeko eta Iparraldeko pentsioak desberdinak dira. Ipar Euskal Herriko herritarrek jasotzen dituzten pentsioak askoz hobeak dira, Europako herrialde gehienetako pentsioen antz handiagoa dute.


ELGA-k eta NMF-k hartzen dituzte erabakiak

Aznarren ministro izandako Rodrigo Rato lehendakaritzat duen Nazioarteko Moneta Funtsa (NMF) eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA) dira Espainiako Estatuko pentsio publikoen sistema murriztu nahian dabiltzanak. Bi erakunde horien ustetan, pentsio publikoen sistema bideragarria izan dadin, alde batetik lan bizitza luzatu beharra dago (gaur egun 65 urtera arte lan egin behar da baina adin hori luzatu nahi dute) Gizarte Segurantzan kotizazio urte gehiago lortzeko. Eta beste aldetik, pentsioen zenbatekoaren kalkulua lan bizitza osoko soldatetan oinarrituta egin behar da eta ez orain arte bezala, lan bizitzako azken hamabost urteak kontuan hartuta. Dirudien bezala asmo hori ezartzen bada 2006tik aurrera, pentsioak batez beste %10 edo %20 murritzagoak izan litezke.

"Gomendio" horiek daude Toledoko Ituneko mahaiaren gainean eta badirudi Gobernuak eta Patronalak onartu egingo dituztela. Horretarako CCOO eta UGT sindikatuekin ados jarri beharko dute. Sindikatuek, hasiera batean esan dute ez dela arinegi jokatu behar eta aldaketa egiteko pausoz pausoko prozesua beharko dela... Sindikatuen jarrera ikusita, ez litzateke harritzekoa Toledoko Itunaren lehenengo urratsa pentsioak kalkulatzearen ingurukoa izatea. Lehenengo ahaleginean ezingo da langileen lan bizitza osoko soldaten kalkulua egin, baina orain arte egiten zen azken 15 urteetako kalkuluaren ordez azken 20 urteetako kalkulua egingo omen dute eta badirudi urteek aurrera egin ahala poliki-poliki lan bizitza osoa hartuko dutela kontuan.


Ipar Euskal Herrian hobeak dira pentsioak

Eskuratu ditugun azken datuen arabera, Ipar Euskal Herriko herritarrek jasotzen dituzten pentsioak askoz hobeak dira Hego Euskal Herrikoek eskuratzen dituztenak baino. ELGAk argitara emandako azken datuen arabera -2001eko datuak dira-, Ipar Euskal Herriko 65 urtetik gorako pentsiodunek batez beste 20.367 euroko pentsioa jaso zuten 2001ean. Hego Euskal Herriko pentsiodunek, aldiz, urte berean ez zuten kopuru horren erdia ere eskuratu, izan ere batez beste 9.275 euro jaso baitzituzten. Europako herrialdeetako pentsiodunek, Luxenburgo, Danimarka, Suitza eta Herbehereetakoek, esate baterako, Espainiako Estatukoek eragindako gastuaren hirukoitza eragin zuten pentsiotan.

Hala ere, Hego Euskal Herriko pentsiodunek batez beste pentsio handiagoak jasotzen dituzte Espainiako Estatuko gainontzeko pentsiodunek baino, gehiago kotizatzen baitute. Gaur egun 550.383 pentsiodun daude Hegoaldeko lau euskal lurraldeetan. Hilean 723,5 euro jasotzen dituzte batez beste. Estatuko batez bestekoa, aldiz, hilean 607,76 eurokoa da.

«Kaleratze objektiboa» berrikusi nahi dute

Espainiako Estatuko sindikatuak, Patronala eta Administrazioa jadanik negoziatzen ari dira euskal herritarrei ere eragingo dien lan erreforma. Negoziatu beharreko gaien artean dago arrazoi objektiboengatiko kontratu amaieraren berrikusketa. Horixe da enpresek kontratuak amaitzeko gehien darabilten formula, besteak beste langileari ordaindu beharreko kalte ordaina askoz ere txikiagoa delako kaleratze "arrunta" eginez gero ordaindu behar izaten dena baino. Esan bezala, kalte ordaina txikiagoa izaten da "arrazoiren" bat egoten delako langilea kaleratzeko: arrazoi ekonomikoa, teknologikoa, antolakuntzakoa edo ekoizpenekoa. Arrazoi horiek direla-eta, enpresak ezinbestean "amortizatu" behar izaten du lanpostu bat edo gehiago etorkizunean bideragarria izaten jarraitu nahi badu.

Kaleratze mota hori diziplinazko kaleratzearen antzekoa da, baina kontuan hartu beharreko zenbait berezitasun ditu: kaleratze arruntean ez bezala, kaleratze objektiboan izapideren bat falta bada, kaleratzea bidegabetzat jo beharrean baliorik gabekotzat jotzen da, eta enpresaburuak langileari 20 eguneko soldatari dagokion kalte ordaina ordaindu behar izaten dio bere enpresan lan egindako urte bakoitzeko -diziplinazko kaleratzean urteko 45 eguneko kalte ordaina izaten da-, hamabi soldata gehienez ere.

Kaleratzeko jakinarazpenarekin "batera" eman beharko zaio langileari kalte ordaina; orain arte hori ez zen ohikoa. Betekizun hori oso garrantzitsua izango da, epaileek zorrotz exijituko dutelako eta hala egiten ez dela ikusten badute kaleratzea automatikoki baliorik gabe utziko baitute. Ez da onartuko zor-agirien, kanbio letren edo merkataritzako bestelako agirien bidez egindako ordainketarik, orain arte ohikoa izaten zen bezala. Ondarea enpresatik kaleratutako langilearen eskuetara eraman beharko da, langile horrek dagokion diru-kopurua kaleratzeko jakinarazpena jasotzen duenean bertan erabili ahal izan dezan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


Eguneraketa berriak daude