"Autogestiotik nator eta hortik joko dut beti"

  • Fermin Muguruzaren indar eta energia handiak ditu Black is Beltza komiki edo nobela grafikoak. Kantaria, Harkaitz Cano idazlea eta Jorge Alderete ilustratzailea egile, iazko kultur produkturik erakargarrienen zerrendan ageri da, merezimendu osoz. Ezustean, ustekabeko liburu ederra dugu irakurgai zorioneko irakurleok, eta aztergai bikaina, aldiz, kritikariek.


2015eko otsailaren 19an
Beltzak zirelako New Yorken desfilatzen utzi ez zieten erraldoiei buruzko albiste batean du abiapuntua Black is Beltzak.
Beltzak zirelako New Yorken desfilatzen utzi ez zieten erraldoiei buruzko albiste batean du abiapuntua Black is Beltzak.Zaldi Ero

Sukalde honetan kuzinatu zenuten proiektua…

Harkaitzi [Cano] deitu nion, esanez proiektu bat nuela, etortzeko Irunera, azalduko niola. Etorri zen, eta sukalde honetan bertan eman nion ordu arte idatzita nuena: orrialde eta erdi. Hartu zuen, zutitu zen, eta esan zuen: “Hau akordeoi bat da. Ez dago hauspoa ireki eta soinua irteten uztea besterik!”. Oroitzen naiz horixe esan zuela, zutituta… Orrialde eta erdi hartan nik buruan neukan istorioaren sinopsia zegoen. Eta inportantea, orrialde harekin batera erraldoien argazkia erakutsi nion. Argazkia ere guztiz deigarria gertatu zitzaion, jakina.

Zer zioen delako sinopsiak?

Istorioaren arrankea zen, nolabait esateko: 1965ean New Yorkera eraman zituztela Iruñeko erraldoiak desfila zezaten, baina arrazakeria medio, ezin izan zituztela erraldoi beltzak desfilatzen jarri. Sinopsian esaten nuen gure protagonista –Manex, euskalduna–, han zebilela, eta Manexek zer bide egin behar zuen ere kontatzen nuen, bide edo bidaia horretako zenbait xehetasun. Esate baterako, Montereyko jaialdia, De Gaulle jenerala, Aljeria, Madril…

Nondik atera zen bidaia horren asmoa?

Bidaia benetakoa da, hor ez dago gezurrik. Istorioak, berez, bi gertakari historiko ditu oinarri. Batetik, New Yorkeko desfilea –nahiz eta erraldoi beltzak ez ziren joan; hori guk hartu dugun lizentzia poetikoa izan da–; eta, bestetik, benetako bidaia, munduan barrena egindakoa. Behin, Kuban nengoela kontatu zidaten: Iraultzaren halako urteurren batean komandanteren batzuk Euskal Herrira etorri zirela, Van Van orkestraren lagun batzuk ere bai…

Zirkulu horietan ibilia nintzen Kuban izan nintzenean 1991n, Negu Gorriakekin. Hain zuzen, Van Vanek utzi zigun musika ekipo guztia han jo genezan. Elastiko bat nuen jantzita, “Black Panther, Power to the People”, eta nire ondoan zeudenek horri heldu zioten eta bidaiaren historia kontatu zidaten. Harrezkero, dokumentatzeko aukera izan dut eta jakin dut Pantera Beltz batzuk Kuban bertan daudela errefuxiatuta. Baina Kuban ez ezik, Aljerian ere errefuxiatu ziren. Nonbait, Pantera Beltzek AEBetatik Kanadara jo izan zuten, Quebecera, handik Montrealera, Montrealetik Aljeriara, handik Madrilera, eta handik Kubara. Gertaera historikoa zen, eta horixe zen sinopsia. Gainerakoan, hauspoa zabaldu eta toki bakoitzean zer gertatzen zen asmatu behar zen, istorioa jantzi.

Arrazakeria da Black is Beltzaren gai nagusia?

Ez dago gai nagusi bakarra… Gaur egun esaten da gauza guztiak harremanetan daudela. “Barkatu! Eta lehen ez?”, erantzuten dut nik. Lehen ere baziren loturak eta harremanak. Esaterako, Che Guevararen hitzaldi asko entzun ditut. Komikiak agertzen duen garaiarekin oso lotuta daude haietako asko. NBEren egoitzan egin zuen hitzaldia, adibidez. Komikiari laguntzen dion erakusketan jarri dugu hitzaldi hori, Bilboko Alondegian, eta pare bat esaldi ere hartu ditut hitzaldi hartatik, ez komikian erabiltzeko, egin dudan kantuan baliatzeko baizik: “Gizateriak esan du: ‘aski da!’, eta jarri da martxan, eta bere martxa erraldoiena da!”. Zoragarria! Bada beste esaldi bat ere, Cherena, izugarria: “Dagoeneko ez dago arerio ahulik, kontuan hartu behar ez denik, ez baitago herri isolaturik!”. Internazional osoa ari da antolatzen Che garai hartan! Bera joango da Kongora, bera joango da Boliviara. Iraultza internazionala da, esaten ari da. Era berean, musika ere harremanetan dago toki guztietan.

Abiapuntua prentsa-ebakin bat izan da, Iruñeko erraldoiek New Yorkera Munduko Azokaren karietara egindako bidaiaren berri ematen zuena.

Orain dela hamalau urte irakurri nuen albistea, eta gorde egin nuen prentsa-ebakina, askotan egiten dudan bezala. Hau eta hura irakurri, deigarria gertatu, eta jaso egiten dut. Kantuak egiteko balio didate, adibidez. Bilboko Alondegiko erakusketan, esaterako, 2000tik hona bildutako zenbait prentsa-ebakin ageri dira. Gaur egun pentsaezina nuke, digitalean irakurtzen dudalako prentsa guztia, nahiz eta Berriaren harpidedun naizen. Baina orain dela hamalau urte paperezko prentsa asko kontsumitzen nuen. “Noizbait ezer egitea erabakitzen badut, hemen daukat informazioa”, esaten nion neure buruari. Juan Rulforen inguruko ebakina, adibidez, 2001ekoa da. Erraldoiak New Yorken izan zirela irakurri nuenean, eta erraldoi beltzei ez zietela utzi desfilatzen, gorde egin nuen. Harrigarria iruditu zitzaidan albistea.

Hamaika urtez gorde…

Baina handik bost urtera, beste egunkari batean, albiste bera irakurri nuen. Argazkia ere bera zen, erraldoiak beti. Eta ebaki eta gorde egin nuen, berriz. Bestalde, Kuban kontatu zidatena gogoan nuen ordurako eta “arraioa! Eleberria idatzi behar diat!” hasi nintzen neure buruari esaten. Baina niri jendearekin lan egitea gustatzen zait. Musika egiterakoan hala egin dut. Hasten naiz lanean, eta laster nahi ditut beste musikari batzuk ondoan. Horretan, Josu Landarekin elkartu nintzen 2002an. Erraldoien istorioa kontatu eta ikaragarri gustatu zitzaion. Esan zidan: “Corto Maltese euskalduna sortu behar duk hemen!”. Hugo Pratten pertsonaia mundial hori! Baina bizitza bizitza da, hainbat gorabehera izan ziren bidean, eta bertan utzi nuen proiektua 2009ra arte.

Eta orduan?

“Animaziozko filma egin behar diat!”, esan nuen orduan. Dibulitoon-era [bideo-ekoizpen zerbitzuak, Irunen] joan nintzen. 2006an ere haiekin egin nuen Euskal Herria Jamaika Clash bideoklipa eta, tartean, Balsean Bashirrekin animaziozko filma ikusi nuen, potentea oso! Dibulitoonen gidoia idatzi behar nuela esan zidaten. “Badakizu zein zenukeen lagun ona honetarako? Harkaitz Cano”. Jakina, aurretik ere ezagutzen nuen Harkaitz, bagenuen harremana, oso polita gainera. Eta hots egin nion.

Kalean da komikia. Ez dakit filmaren bidea itxita dagoen…

Ezta pentsatu ere! Kontua da tempoak oso ezberdinak direla. Esan nahi dut, musikariok kasik bat-batean egiten dugula lan. “Kantua ere egin behar diat Black is Beltza honen inguruan!”. Eta egin dut. Mikel Azpirozi hots egin eta baietz. Hemendik urtebetera diskoa egiteko plana egiten badut, badakit zein diren epeak. Baina film baten kasuan epeak ikaragarri luzatzen dira. Eta liburua ateratzeko ere, kontuan hartu 2000n izan nuela ideia, duela bost urte elkartu nintzela Harkaitz Canorekin, duela hiru urte –gidoia bukatu genuenean–, jarri nintzela harremanetan Jorge Aldereterekin...

Euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta frantsesez dator Black is Beltza.

Zenbait bilera ere egingo dugu, ingelesez itzultzeko. Bestalde, gaztelaniaz argitaratu dugu hemen, baina edizio berezia du Mexikon. Guadalajarako liburu azokan izan nintzen, eta beste bi edizio egiteko akordioa ere lotu nuen: Kolonbian aterako da udaberrian, eta Argentinan irailean. Eta Txilen ere banatuko dugu.

Produktuaren aldeko apustu sendoa egin duzue…

Lan bat egiten badut, larrua uzten dut bertan. Ezinbestekoa zait egiten dudana azaltzea han eta hemen. Nire eskola propioa da: autogestioa, “egin zuk zeuk”. Autogestiotik nator eta hortik joko dut beti, berdin da diskoa izan, filma izan edo liburua.

Zer da lan hau zure musikari edo artista bidean?

Beste artefaktu bat gehiago! Gauza asko da Black is Beltza. Bilboko Alondegian pedagogia-taldea ere badute, eta Black is Beltza hartu eta unitate didaktikoa egin nahi zutela esan ziguten. Ni neu Pedagogia ikasitakoa naiz, eta zoragarria iruditu zitzaidan asmoa. Gazteak motibatzea da kontua, eta lortzen ari dira. Sekulako feedbacka jasotzen ari dira. Pozak txoratzen daude. Batean, haikuak asmatzen dituzte; bestean, bunbuiloetako testuak; hurrengoan, komiki klasikoak dituzte aztergai, edo emakume ilustratzaileen lanak… Ideiaren berri eman zidatenean, chapeau iruditu zitzaidan, eta joan ere egin nintzen tailer haietako batera.

Jorge Alderete da ilustratzailea…

Argentinako Los Fabulosos Cadillacs musika-taldearentzat egiten zuen lana ikusi nuenean, erabat txundituta utzi ninduen. Taldea ezagutzen nuen, Mexikon haiekin batera jo nuen 1992an. Haien managerrarekin gertatu nintzen Los Angelesen, eta marrazkilariaz galdetu nion. “Bai, motel, Mexikon ezagutu huen! Foro Aliciaren afixa guztiak egiten dituen morroia!”. Alderete, komikilari baino, ilustratzailea da, afixak egiten ditu, disko azalak eta hau eta hura. Komiki tirak ere eginak zituen, baina honen moduko lan mardulik ez. Hala ere, berarekin kontaktatu nuen. Jorgek Buenos Airesen jotzen ikusi ninduen, Cemento mitikoan, Todos Tus Muertos-ekin, eta hartatik ezagutzen ninduen. Asmoa azaldu nion, eta gidoia eskatu zidan. Jaso zuen, eta emazteari erakutsi zion. Galerista eta arte-kritikaria du emaztea, Mexiko DFn. Laster esan zidan Jorgek: “Fermin, nik ilustratzeko egina dela ematen dik, baina egia esan behar diat: andreak esan zidak lan hau bai ala bai egin behar dudala”. Beraren etxean nuen aliaturik handiena! Zail xamarra izan da elkarrekin lan egitea, distantziagatik. Baina Skype bidez jardun dugu, Bartzelonan ere izan ginen, DFn ere denbora eman dut berarekin... Zoragarria izan da Jorge Aldereterekin lan egitea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fermin Muguruza
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Negu Gorriak taldea omenduko du Irungo Lakaxitak larunbat honetako Jaion! festan

Irungo Lakaxita gaztetxeak Negu Gorriak taldea omenduko du larunbat honetan ospatuko duen Jaion! festan. Urdanibia plazatik –alegia, Moskutik– abiatuko da festa eta hiria gurutzatuko du “Fight D Power_Kamioi System” kamioi musikalarekin.


Eguneraketa berriak daude