Pilotakada Enpresen Liga ahalguztidunari


2005eko ekainaren 26an
Dudarik gabe, berezia da esku pilotako txapelketak kudeatzeko modua, gainontzeko kirol lehiaketekin alderatzen badugu behintzat. Eusko Jaurlaritzak 1999an onartutako pilotaren inguruko plan estrategikoak enpresen liga bat sortzeko beharra aurreikusi zuen; profesionalak Afizionatu mailatik desberdinduko zituen liga bat. Hausnarketa horren ondorioz, 2002an EPEL jaio zen, Asegarce eta Aspe enpresen gidaritzapean, eta gaur egun, bi horiek kantxen jaun eta jabe bihurtu dira. Izan ere, liga itxia da eta ez du beste enpresen parte-hartzea onartzen. Pixkanaka, ordea, egoera aldatzen joan daiteke. Alde batetik, Jaurlaritzak pilotari buruzko plan estrategiko berria du esku artean, eta bestetik, EPELi itzal egin nahi dion Pilota Zirkuitu Profesionala sortu du Frontis enpresak.

Frontis iazko martxoan jaio zen, Eskutik eskuzko profesionalen sindikatuaren bidez. Pilota profesionalaren munduan gauzak gaizki egiten ari zirela eta alternatiba gisa zerbait serioa behar zela uste zuten hainbat pilotarik bultzatu zuten ekimena, horien artean Inaxio Errandoneak: «Asegarcek eta Aspek ligaren monopolioa daukate eta zirkuitu itxia ezarri dute, nahi dutena egiteko. Eskutik sindikatuaren bidez rankinga errespetatzeko eskatzen genuen, aurreko urteetan kantxetan lortutakoa errespetatzeko, baina txapelketak ikuskizun moduan hartzen dituzteeta frontoiko emaitzak ez dituzte kontuan izaten. Gainera, nahiz eta profesionala izan, enpresarekin kontratua berritzeko akordiorik lortzen ez baduzu, hurrengo urtean ezin duzu beraien txapelketetan parte hartu». Horregatik, Frontisek sustatutako Zirkuitu Profesionalak beste ezaugarri batzuk ditu: teniseko txapelketen eredua jarraituz, torneo irekiak dira eta sailkapena aintzat hartzen da. Gainera, txapelketak federazioen laguntzarekin antolatzen dituzte, Aspek eta Asegarcek ez bezala. Pilotarien maila ez da EPELen jokatzen dutenen parekoa, baina gutxika zirkuitu indartsua egitea eta etorkizunean pilotarien erreferentzia bilakatzea du helburu enpresak.

Egoera penagarria

Pilotaren barne funtzionamendua gogor kritikatu du Errandoneak: «Penagarria da, enpresa profesionalak direla esan eta pilota jaialdiak edonola antolatzen dituen sasi-enpresa ugari dago, lizentziarik eta kontraturik gabe». Seriotasuna falta dela uste du. «Asegarcek eta Aspek beraien taktika dute, argi eta garbi oso itxia, eta hortik kanpora zerbait behar da, baina hortik kanpora dagoena lotsagarria da eta garrantzitsua da profesional mundua zer den eta zer ez den zehaztea». Nagusigoa duten bi enpresei dagokienez, kirola beraiena izango balitz bezala hartzen dutela dio: «Hau gure negozioa da eta ez ukitu». Bere ustez, pilotarien artean inor ez dago ados Enpresen Ligaren funtzionamenduarekin, «baina Aspe eta Asegarceren esku dago eta mundu guztiak nolabait begiak ixten ditu, elitea hor dago, komunikabideak beraien zerbitzura daude eta eredua ez da aldatzen». Errandonearen esanetan, urtebetean udal eta federazio askorekin hitz egin dute eta desadostasun handiak daudela konturatu dira. «Profesionalen mundua bideratzea gustatuko litzaidake. Gauzak modu desberdinean egiteko gaude eta etorkizunean egoera alda daitekeela eta jendeak hori espero duela iruditzen zait».

Patxi Mutiloa Aspeko gerenteak, noski, beste ikuspegi bat du. Lehenik eta behin, Frontisek beraien errespetu osoa duela adierazi digu. Hori bai, «enpresek eskubidea dugu eguneroko lana bakoitzak gure modura antolatzeko eta zentzu horretan besteei ematen diegun errespetu bera guretzako eskatzen dugu». EPELen inguruan, eredu bat gehiago, beraiek aukeratu duten eredua baino ez dela azpimarratu du. «Egitura handia eta konpromiso ugari ditugu; pilotariekin dugun handiena, hil bukaeran soldata ordaintzea. Hori guztia mantentzeko dinamika bat jarraitu behar da eta guk eredu hau aukeratu dugu. Oso merkatu txikia dugu hemen, pilota oso mundu txikia da eta kudeatzen jakin behar da: jendea zenbat pilota partida eta zein pilotari konkretu ikusteko eta zer ordaintzeko prest dagoen aztertzea dagokigula uste dut». Pilotan beste kirolen ereduak erabiltzea ez du baliagarri ikusten, errealitate desberdinak direla baitio.

Pilotak une latza bizi duela, lehia handia dagoela eta horren aurrean Asegarce eta Asperen ustez estrategia egokiena aukeratu dutela esan digu Mutiloak. «Gu pilotariak kentzen ari gara, koadro motzagoak egin nahi ditugu eta hurrengo pausoa jende gaztea hartzea izango da. Frontisek beste eredu bat dauka: jende gazteaz gain, beteranoak dituzte. Azken finean, planteamendu, egitura eta konpromiso desberdinak dauzkagu. Une hauetan, adibidez, gure pilotariek diru asko kobratzen dute eta ordaindu ahal izateko baliabideak sortu behar dira. Kirol ikuspegiarekin soilik ez da nahikoa, enpresaren ikuspegia ere beharrezkoa da».

Garbi du kirola eta errentagarritasuna bide beretik eta oreka batekin joan behar dutela eta horregatik pilota munduan hainbeste enpresentzako lekurik ez dagoela uste du: «Guk badakigu zenbat jende joaten den frontoietara eta zenbat jendek ordaintzen dituen sarrerak, eta diru kopuru horrekin bizi behar da. Une honetan lekuak hartuta daude eta enpresa berriek eratzeko eskubide osoa duten arren, merkatua oso zaila dago. Enpresa bakoitzak ikusi beharko du nondik nora planteatzen duen errentagarritasunaren gaia», dio behin eta berriz, Enpresen Ligaren eredu itxia justifikatzeko.

Nolanahi ere, merkatu zail horretan Frontisek bere lekua aurkitu duela dirudi. Hainbat jaialdiz gain, Pilota Zirkuitu Profesionalaren baitan azaroan Nafarroako Lau T’erdikoa antolatu zuten, urte hasieran Bizkaikoa, ondoren Araba eta Errioxako binakako txapelketak eta azkenik Gipuzkoako Lau T’erdikoa. «Beti ere »nabarmendu du Errandoneak» sailkapena errespetatuz». Hau da, pilotariek lortutako puntuaketak gehitzen joan dira eta neguan emaitza hoberenak bildu dituzten zortzi pilotariek Masterra jokatu zuten maiatza bukaeran. «Kantxan ondo ibiltzen denaren merezimendua baloratzen dugu eta hori jendeari asko gustatzen zaio», dio Errandoneak. Txapelketen deialdia irekia da: Federazioaren lizentzia eta kuota ordaintzea baino ez da eskatzen parte hartzeko, eta «hori pilota profesionalaren munduan ez da sekula ikusi». Kuota ordaintzeko baldintza, maila ematen duten pilotariek parte har dezaten jarri da. Etorkizunean, banakakoa antolatzea gustatuko litzaieke Frontiseko arduradunei, handitzen joatea baita beraien helburua.

Horretarako, besteak beste, pilotari gazteengan jarri dute esperantza. Orain hamasei pilotari dituzte, baina enpresa handien aldean jende berria hartzeko mugatu samar daude. Une hauetan, EPELen aritutako beteranoak dira Frontisen partidetako erakusleiho erakargarriena, baina epe laburrean horrek aldatu behar duela uste du Errandoneak, gazteak hartu nahi dituztelako. «Horretarako, komunikabideen eta batez ere telebistaren beharra dugu. ETBri eskaintzak egin dizkiogu, baina jada jaialdi eta pilota partida asko ematen dutela esan digute». Beraien ekimena sustatzeko telebistaren bidez indar gehiago egin beharko litzatekeela uste du, «egun telebistan agertzen ez den kirol batek oso zail duelako, profesional izan nahi badu, behintzat».

Orokorrean, komunikabideek Frontisekin izan duten jarrera ona izan dela ziurtatu digu Errandoneak, baina jaso dute kritikarik. Esaterako, herrietako jaialdietan diru gutxi kobratzen dutela eta afizionatuei jaialdi horietan jokatzeko aukera kentzen dietela salatu dute zenbait zalek Aspek Interneten duen foroan. Pilotariak enpresaren akziodun bihurtzea ere arriskutsu ikusten dute batzuek. Negozioak eta diruak aginduko du ala pilotarenganako bokazioak irabaziko du? Liga monopolizatu baten sistematik ihes egiteko jaio dira bai Frontis eta bai Pilotaren Zirkuitu Profesionala eta denborak emango digu erantzuna. Gainera, Eusko Jaurlaritzak 1999an onartutako pilotaren plan estrategikoaren eraginez Enpresen Liga sortu zen eta ikusi beharko da Jaurlaritzak egun esku artean darabilen plan estrategiko berriak zein ondorio ekarriko dituen etorkizunean.

Erretiratuta?
Nagorek beheko koadroko elkarrizketan dioen moduan, Aspe eta Asegarcerekin ez da pilota bukatzen. Enpresen liga utzi ostean frontoietan jarraitzen duen pilotari ugari du Frontisek. Bere 16 pilotarien artean, Arretxe, Errandonea, Armendariz, Alustiza edo Mendia bezalako izenak aurki ditzakegu. Frontiseko erakusleiho nagusia badira ere, Altuna, Gorriti edo Elola bezalako gazteak ere kementsu datoz.

Jorge Nagore, Frontiseko pilotaria eta Asegarce eta Aspeko jokalari ohia: «Aspe eta Asegarcerekin ez da pilota bukatzen»

Jorge Nagore Irurtzungo (Nafarroa) pilotari ezagunak Eskuzko Pilota Enpresen Ligan eta Pilota Zirkuitu Profesionalean jokatu du. 33 urterekin, Asegarce eta Aspetik igaro da eta orain Frontisen dabil. Bere esperientziaren ikuspegitik enpresa batzuen eta besteen artean ikusi dituen desberdintasunak azaltzeko eskatu diogu, ekimen berriaren inguruan duen iritzia jasotzeko asmoz.

Zer iruditzen zaizkizu Frontis bezalako ekimenak?
Oso ekimen ona iruditzen zait, Frontisentzako merkatua badagoela uste dut. Azken finean, Asegarcen edo Aspen sartu ezin duten arren, maila oso ona duten pilotariak daude eta horrelako ekimenei esker jokatzeko eta profesional izateko aukera dute, maila txikiagoa duen enpresan bada ere. Aspe eta Asegarcerekin ez da pilota bukatzen.

Zergatik utzi zenuen Aspe eta joan zinen Frontisera?
Ez zen erabaki erraza izan, enpresa handi batean nengoelako, baina kirolari bezala ez nintzen oso maitatua sentitzen eta horregatik utzi nuen Aspe. Uste dut maila nuela eta frogatu nuela: Aspen egondako bi urteetan Lau T’erdiko final bat irabazi eta beste finalaurreko bat jokatu nuen. Horregatik, noizbehinka partida nagusiren bat jokatzeko adina maila nuela banekien, baina enpresak ez zuen komenigarria ikusi edo ez zuen ni jartzeko gogorik, ez dakit zergatik. Beraien kontuak dira. Egun, ez naiz hartutako erabakiaz damutzen, oso gustura nago Frontisen. Enpresa berria da, oraindik Asegarcek eta Aspek baino dezente maila txikiagoa du, baina enpresa zuzentzen duen taldea pilotaz asko dakien jendea da, pilotariak izandakoak, eta bide onetik doaz.

Prestakuntza eta motibazioa bera al da EPELeko enpresetan eta Frontisen?
Prestakuntza bera da. Jendeak ez dezala pentsa Frontisen maila ez dagoenik. Etorkizun handiko gazteak fitxatu dituzte eta dudarik gabe partidak irabazteko hemen ere asko entrenatu eta jokatu behar da, gazteak gogor datoz eta pixka bat erlaxatzen bazara irabazi egingo zaituzte. Motibazioa jaisten denean pila bat sumatzen da kantxan, ni oraindik oso motibatua ateratzen naiz frontoira.

Noiz arte ikusten duzu zure burua pilotari moduan?
Oraindik 33 urte ditut, joko aldetik unerik onenean nagoela uste dut eta beste hainbat urtez jokatzen jarraitzeko primeran nago. Noiz arte? Norberaren gorputzak eta aurkariek markatzen dute hori. Fisikoki hain ondo ez nagoela eta partidak ezin ditudala irabazi ikustean, agian erabakia hartzeko garaia izango da. Dena den, pilotari izateari utzi ostean, pilotaren munduan jarraitzea gustatuko litzaidake.


ASTEKARIA
2005eko ekainaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Eguneraketa berriak daude