2000 ARGIA: Ihesa... eta HIESa

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zaila da 1985-1990 tarte horren balantzea baikortasunez egitea. Hildakoak alde guztietan. Oiz mendiko hegazkin istripuan, Afganistanen, Ordiziko ferian, euskal filmetan, Bartzelonako Hipercorren, Bidasoa ibaian, Aljerian, Madrilgo Alcala hotelean... eta HIESaren atzaparretan. Krisia ETBn, krisia eta eszisioa EAJn eta krisia Seaskan Frantziako Gobernuak «Ilun, dena ez da ilun, begira ezazu leihotik...» zioen Atxagak Antzinako bihotz poeman. Hamarkadaren amaieran Obabakoak saritua argitaratu zuen idazlearen aholkua jarraituz, ARGIAren leihotik begira ipini gara eta... dena ilun. Edo ia dena behintzat.

Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak ere, ziegako ilunpean, leihotik begiratu zuten, eta kanpoan hobe leudekeela amestu. 1985eko San Fermin egunean, Imanol kantariaren kontzertuaren ondoren, bafleetan ezkutatuta ihes egin zuten Martuteneko espetxetik. «Ihesketa honek ametsak posible direla frogatu du» esango zuen gero Josu Landak, ihesarengatik espetxeratua izan ondoren, berriro kalean.

Filmetan bezala

Errealitatetik ihesi zinemako fikziora jo zutenek, besteak beste, Hamaseigarrenean aidanez, Zergatik Panpox, Ehun metro, Kalabaza tripontzia edo 27 ordu ikusteko aukera izan zuten 80ko hamarkadaren erdialde horretan. Baina errealiatea ere ez zen pantaila handitik urrun. Gogoratu bestela Ehun metroko pasarte ezaguna: Patxi Bisquerten pertsonaia Donostiako Konstituzio Plazan korrika, tiroz hiltzen duten arte.

Pelikula katastrofiko bat dirudi 1985eko otsailan Bizkaian gertatutakoak. Iberiako Boing 727 bat, antena bat jota Oiz mendiaren magalean jauzi zen, ia 150 hildako eraginez.

Nazioartetik, aldiz, film belikoen eszenak iritsi zitzaizkigun. 1986ko apirilaren 14an AEBetako VI Flota Libiara iritsi eta airez Tripoli eta Bengaziko hainbat puntu bonbardatu zituen.

Hilabete batzuk lehenago, Espainia NATOn sartu zen, sarrera erreferendumean bozkatu ondoren. Hego Euskal Herriko herritarrek ezetz esan zioten NATOri, baina alferrik. ARGIAk jasotako iritzietan, Mikel Bujandak «Euskal Herriaren territorialitatea baieztatu» zela esan zuen, Joxe Azurmendik «Mendebaldea ongi dago, baina gu gaizki gaude Mendebaldean» zioen, «noren lehendakaria da OTANi baietz dioena herriak ezetz dioen bitartean?» galdetzen zuen Jose Ramon Etxeberriak, eta Txillardegik argi zuen «Politika bidezko bakarra separatismoa dela» frogatu zela.

Hamarkada amaitzear zela, 89ko neguan, sobietarrek Afganistan utzi zuten azkenean. Gaur ederki dakigu horrek ez ziola amaiera zoriontsurik ekarri Afganistani eta orduan ere Pablo Sastrek ez zuen horrelakorik aurreikusten: «Hiriaren inguruan trumoi hodeiak metatzen ari dira eta Kabuldik mundu guztiko ordezkaritza diplomatikoak ateratzen hasi dira bata bestearen ondotik. Ez zaio irtenbide garbirik ikusten dagoeneko milioia eta berrehun mila lagun hil dituen Afganistango gerrari. Botereak egoera nola-hala kontrolatzeko egindako saioek porrot egin dute beren lerro funtsezkoenetan, eta mudjahidinek ere, barne zatiketak direla medio, ez dute alternatiba baterakoirik erreusitu».

Zatiketak zatiketa, eskerrak Berlinen behintzat batuketaren aldeko apustua egin eta harresia bota zuten 89ko azaroan.

AIDSetik HIESera

Eta Hollywoodera joango bagina fribolitate apur baten bila? Han ere heriotza topatuko genuke, hori bai, soineko berriz jantzia. 1985eko urrian Rock Hudson hil zen izurri berriak jota eta oihartzunak arazoaren larritasunaz jabetzeko balio izan zuen. 1987aren hasieran «euskal gizartea esnatzen hasi da AIDSen erasoaren garrantziaz» zioen Pello Zubiriak. Bi hilabete beranduago, martxoan, ARGIAko titularrak HIESa zuen hizpide. Eritasuna gure artean ere bazen eta euskarazko izena behar zuen.

ETBn HIES esaten zioten, baina baita SIDA ere, 1986an erdarazko ETB-2 jarri baitzuten martxan, polemika eta guzti. Gainera Euskal Telebista alboko koadroan deskribatzen den krisitik zetorren. EAJ ere orduan zatitu zen eta Jaurlaritzari euskalgintzako hainbat elkarteren -besteak beste AEK eta ARGIAren- kexuak iritsi zitzaizkion, diru-laguntza murritzengatik haserre. Iparraldean ere ez zeuden gustura Pariseko Gobernuarekin, honek ez baitzituen Seaskarekin hitzartutakoak betetzen. Egoera larria zen Iparraldeko ikastoletan: «Sekula baino jende gehiago bildu zen Seaskako guraso, laguntzaile eta irakasleek egin asanbladara, laurehun eta gehiago jende -jaso zuen ARGIAko 1985eko kronika batek-. Horrek poztasunik ematen badu ere, egoeraren txarrak ez du lasaitasunerako ate askorik uzten. Arazoa larria da benetan, otsailean irakasleek ez dute jornalik jaso, ez bait dago dirurik».

Gatazka gordina eta negoziazioa

5 urte horietan, gatazka bere gordinenean zen: besteak beste, Mikel Zabalza hilik agertu zen atxilotua izan ondoren, Txomin Iturbe Aljerian hil zen, ETAk Yoyes hil zuen... Eta 1987ko uda atarian, Hipercorreko leherketa: «Eztabaidatzeko ere handiegia izan da Bartzelonako sarraskia» zioen Iñaki Zubiondok sinatutako artikuluak.

Negoziazioaren beharra gero eta ozenago entzuten zenean, 1988ko hastapenetan, «ETAk hartu du euskal politikako protagonismoa, bi hilabetetako tregoa eskainiz. Euskadiko politikagintza fase berri batean sartzen dela dirudi, eta zalantza guztien erdian perspektiba berriak zabaltzen dira». Apirilean ETAk RENFEren kontrako ekintza burutu zuen, su-etena hautsiz. Baina ETA ez zen izan su-etena hausten bakarra.

Fatalitatea

1989ko azaroaren 12ko ARGIAn, Ni ez naiz Anoetara joan tituluko artikulua idatzi zuen Josu Muguruza HBko parlamentariak: «Beldur gara, bai, espetxeetan ditugun lagunengatik, egunero jasaten dituzten erasoengatik, beldur naiz eni, eta ene lankideei hain maiz ‘os vamos a matar, vascos hijos de puta marxistas’ telefonoz eta postaz errepikatu digutenek ez ote diguten gaur gauean bertan tiro bat botako». Ez zen gau hartan bertan izan, 8 gau beranduago baizik. Azaroak 20 gero eta ilunagoan, Madrilgo Alcalá hotelean, tiroek Iñaki Esnaola lankidea zauritu zuten, eta Josu hil.

Baina «ilun, dena ez da ilun...» eta Bernardo Atxagak Obabakoaken Bagdad-eko morroiaren ipuin tradizionalaren bertsio berri bat egin zuen, amaiera fatalista aldatuz. «Gero hasten nauk pentsatzen fatalitate hori ez dudala bat ere maitatzen» esan zion Atxagak Iñaki Uriari 1988ko abuztuan. «Fatalitatea, hori zegok sartuta hezurretaraino. Ez bakarrik literaturan baizik eta bizitzan... Oso berandu ailegatu nauk ni honetara; ikustera bi Bagdad egon daitezkeela eta ez duela zertan bukaera horrek bakarra izan behar. Egon daitekeela beste bukaera bat».

Indar armatu batekin ez da Parlamentuan negoziatzen (Joxe Azurmendi. Argia, 1.125. zenbakia, 1986ko azaroak 16)

Beharrezkoa iruditzen zait negoziaketa egitea, erreinsertzioak benetan soluziorik emango ez dielako ihes egindako ehunka horiei (...) eta are gutxiago preso dagoen jendeari. Ez dut uste herri honek eskubidea daukanik, ezta gogoa ere, horiek zuloan uzteko.
Madrilen oraindik gauza gehiagoren inguruan negoziatu beharra dago, esaterako Estatutoa. Nahi adina goratzen dela ere, badirudi osatu edo bete egin beharko dela. Eta hori bera ere, badirudi negoziatuz egiten dela.
(...) Eta gero, esaten denean demokrazia batetan Parlamentuak negoziatu behar duela eta abar, nik uste dut hori «cantamañanas» bat izatea dela. Gobernu batek negoziatzen duenean indar armatu batekin, ez du egiten Parlamentuaren bidez. Eta gainera onartuta dago Parlamentutik aparte OTANekin ere paktu sekretuak egiten direla, eta horrek ez du esan nahi demokrazia ez dagoenik, baizik eta gauza horiek ere egin daitezkeela

Argia 1985-1990: euskal prentsaren obralekua (Pablo Sastre. ARGIAko erredakzioko kide izan zen 80ko hamarkadan eta nazioarteko sailean aritu zen bereziki)

1985eko abenduan, Ametzagaña kalean, Kata ostatu legez kanpokotik minutu pare bateko bidean, inon diren abokaturik finenen ondoan, lokal biziki txukunean, baginen Argiaren inguruan, ni oroitzen: Joxemi, Jon, Pello, Iñaki, Josu, Joxemari... Osta eta Sime ere bai. Ordurako etorriak ziren, eta, luze joko luke zergatik esatea, niretzat izan zen sekulako alegrantzia, Andoaingo lagun ero bi, Xabi eta Petri, Joxemari egoskorrarekin batean, urte haietan gehien markatu nindutenak... Domaia izugarria, talde txikian neskarik ez zen! Geroxeago hasi zen astean behin uste dudanez Ixabel Urruñatik etortzen, orobat etortzen zen, bakanago igual, Orbaiztatik Kami, astean astean hain seguru ere Agus "eta bere fajadoreak"...
1989rako noski, tailer egitura ezin arraroagoko batera aldatuak ginen -beti Egia aldean, trenbidearen ondoan orain, kale-bizitzatik apartexeago, Antia eta Estrella tabernetatik ez urruti hala ere. Aurrekoez gain, orain baziren (nahi ditut, gogoan ditudanak bederen aipatu): Mikel, Joxan, Lorea, Manolo, Txumai, Eneko, Garbi, Maite, Olatz, Gorka, Pablo (ordenagailuetakoa)...
Argia une hartan, baldin aldizkari batetaz hala, norbait balitz gisa, mintzo badaiteke, makaltasun kroniko eta baitezpadako diru eskasia... eta handi nahi sekulakoen artean zebilen. Gauza asko ziren airean -niretzako, dena: taldea bera, komunikazioa ez baitzen beti errazki pasatzen; Iruñea, Gasteiz eta Bilboko taldeak... Denera baginen garai hartarako (89, 90) berrogeita hamarren bat lagun astekariaren inguruan. Zeinek zein dedikazioz, ordea? -Dedikazioak: bilera inportante guztietan, amaiera aldera, ateratzen zen gai irrikatua. Larrun, Susa, zelan indartu? (gutxi batzuen kezka, beharbada). Noiz egingo lo? (non egina, beti izaten zen: ganbaran, bitarteko estaian, periodikuen artean...) Poliki-poliki, lehentxeago-geroxeago, han nonbait ezagutu genituen: Bart, Bult, Gosto, Txiki eta Xabier, Eñaut, Aitor, Miriam, Alberto, Taxi... Nire baitan, oraintxe oroitzen ez zaizkidanak ere.
Bagenekien zer nahi genuen: euskal prentsaren indartzea -nire baitan emeki-emeki euskarazko egunkariaren proiektuan konkretatzen joan zena... Eta, aldi berean, Joxemiz harat esango nuke, itsu-mutsuan genbiltzala esan daiteke. Zergatik? Bo, ez ote edozein enpresatan jendea hala ibiltzen...? Bagenekien zein genituen egunean egunean egitekoak (ez ziren hala ere gutxi), eta bagenekien zein zen gure helburu handia. Tarteko guztiak: estrategia politikoak, azpitiko kontaktuak..., niri bederen, galdu egiten zitzaizkidan. Asmo gaitza, makina gogorra...
Egin zen, ordea, egunerokoa. Pikabeak eta Sarrik Martutenetik alde egin eta guk, talde gisa, Mikel galtzearekin hasi zen aldia (85, uztaila), Egunkariaren reboluzioarekin amaitu zen -Irakeko gerraren berri hark eman zuen ya. Talde koxkor bat gelditu ginen astekarian: Petri, Garbiñe, Bartolo, Xabi (Letona), ni...
Bost urte haietan, Joxemi artzain abilaren ondoan, triunbirato bat ikusten dut nik, sentsibilitate oso desberdinak zituzten hiru lagun. Josu Landaz, Iñaki Uriaz eta Pello Zubiriaz ari naiz. Pentsaerak ere ez oso berdinak? Pentsatzen dut hortik edo, holako zerbaitegatik eskainia izango didatela niri, erredakzioko mutil hari, urte haietako berri emateko langintza.

Jaioko dira berriak (Joxemi Zumalabe. Argia, 1270. zenbakia, 1989ko abenduak 3)

Jon, Josuren seme, agur:
Hildakoei idatzitako gutunak bizi garenok irakurtzen ditugu. Eta jaioko zaretenek ere ezingo dituzue, zuei bidalitakoak, berehalakoan irakurri. Lerro hauetara gerturatzen bahaiz ere, noizbait, denboraren distantziaz, zail izango zaik hitz hauok bere neurrian dastatzea. Pentsa ezak orduan, lerrook ez hindutela hi helburu. Zendu zenari utzitako laztan bat, berari eman ezinean, hemen, lur honetan bizia emandako kimuari eskaintzea zela asmoa. Bizitza bait da ondare, eta heriotzeari »etsaiari» egindako engainu izkutu bat bezala jaioko haiz, Jon. Sumatua zuenaren aurrean, heriotzeari tranpa eginez, geroari utzitako hazia.
Hiri eta lagunoi hildakoaren itzala luzatzea dagokigu. Bizi adin gerora ere. Bizi erazi egin behar ditugu eta, gure hilak, etsaiaren ahaztearekin deman.
Elenaren sabela erditzear daukak, motel. Hire bizi nahia ez duk honez gero amaren larru tenkatupean kabitzen. Atzo bertan, denon ezintasunaren erdian tinko, aspaldidanik hezitako adore harrigarria erakutsiz, erabaki irmoek dakarten indarrez zebilen hire ama. Hik betetako sabelak doluminak zurrupatutako begizuloekin egiten zuen kontraste. Laister irten beharko duk. Eta ea negarrak datozenerako prest hagoen.

Hiru poeta urkabean: Sarrionandia (Koldo Izagirre. Argia,1.078. zenbakia, 1985eko azaroak 3)

Ihes egin zuenean, komentarista ezagun batek esan zuen oso idazle saritua zela «ez preso zegoelako, ona zelako baizik». Ohituak gaude kartzelaratuak mutil onak eta jatorrak direla entzuten eta irakurtzen, udan aunitzek egin ohi du halako agiri publikorik bertako seme-alabengatik. Eta mutil kartzelaratua mutil ona baldin bada, zergatik ez idazle ona idazle kartzelaratua?
Egia da, Sarrionandia idazle ona zen, hori bagenekien kartzelaratu baino lehen, prailea izan aurretik sukaldaria izana baitzen. Sarrionandiak ez zuen kartzelaren premia ona izateko.
Baina ona zen lehiaketetan parte hartu baino lehen ere. Haren ontasuna ez dute sariek egin (eta hori saritu gutxik esan lezake bere buruagatik). Eta iritzi finkaturiko idazlea izaki, berak ere bazekin hainbeste.
Zertarako konkursatzen ote zuen? Zergatik? Irabazteko, haren sariaren ondoan bigarren abizena azal zedin: preso en Puerto de Santa Maria, preso en Herrera de la Mancha. Eta bigarren abizen horrek preso guztiena egiten zuen Sarrionandiaren saria. Voil… la différence.
(...) Komentarista harek uste ez bezala, Sarrionandia preso zegoelako zen saritua. Preso ez balitz egon, ez lieke aukera hori emango.
(...) Zenbait idazlek, gizartean daudelarik, ihes egiten dute. Bestek berriz kartzelan egon behar dute ihes egiten ausartzeko. Onak baitira.

Birus hiltzailearen bila (Joxe Mollarri. Argia,1.142. zenbakia, 1987ko martxoak 15)

HIES ez da «izurri» berri bat. HIES kutsatzeko bideak ondo zainduz gero biztanlegoaren parte murritz bat baino ez dago arriskuan gaitza harrapatzeko. Arriskudun talde horietan zenbait neurri hartzen baldin badira are eta zailagoa da HIES gizartean zabaltzea.
Gaitza berria bada ere, eta HIV birusa orain artean ezezaguna bazen ere, ezda inolaz ere izurria.
OMS (Osasunaren Munduko Erakundea) delakoak argitara eman duenez 38.000 HIESdun ezagutu dira munduan barrena. Horietatik 29.000 Estatu Batuetan eman dira Frantzia delarik bigarren agertzen dena 997 kasurekin. Estatu espainolean 201 kasu deklaratu dira.
Bada kontraesan bat OMS erakundeak emandako zifren eta Madrilgo egunkari ospetsu batek emandako beste batzuren artean. Egunkari honen arauera 250.000 lagun dira Afrikan dagoeneko hil direnak HIES-en eraginez, 5 milioi afrikar HIESdun bezala aipatzen zituelarik.
1991. urterako HIES delakoak eragindako 270.000 lagun espero dira munduan barrena. Zifra handiak izanik ere begibistan dauzkagunak, bere testuinguruan ulertu behar dira, sentsazionalismoan eta alarmismoan erori gabe.

Oiz mendiko istripua (Laura Mintegi. Argia, 1.050. zenbakia,1985eko martxoak 3)

Infernua deitu diote Oiz mendiari astearteko istripuaren ondoren. 148 lagun hilik hainbat eta hainbat metrotan sakabanatuta. Gorputz hautsiak, aurpegi ebakiak, beso sakabanatuak, zango txikituak... Iberi konpainiako «Alhambra de Granada» Boeing 727a jauzi zen. Bere inguruan eraiki da aste honetan Euskal Herriko informazio bolumenik handiena.
Otsailak 19. Asteazkena. Goizeko bederatziak eta laurden. «Trumoiaren antzeko hots bat entzun nuen. Begiratu eta abioi bat agertu zen sutan mendipuntako laino artetik. Maldan behera jauzi zen sutan eta erreka zuloan izkutatu zen. Beste zarata ikaragarri bat atera zuen». Honela kontatu zuen Justina Etxeberriak berak ikusi eta entzundakoa.

Euskal Telebistaren krisia: tentsio zahar guztiak batera lehertu dira (Josu Landa. Argia, 1.064. zenbakia, 1985eko ekainak 16)

Joan den hilaren 9tik aurrera eta larunbat eta igande guztiz greba bati ekin zioten ETBko langileek, gatazka sindikal zabal bat planteiatua gertatu delarik. Horrekin batera, Martin Ibarbia eta Joseba Olabarriren dimisioak eta Manu Aranburu eta Juan Garcíaren kaleratzeak, desorekazko egoera horretan areagotu baino ez du egin orain arte zegoen krisia. Krisi horretan, denetarik bildu da: inkonpatibilitate pertsonalak (buru batzuren kasuan), erdara gehiago sartu nahi dutenen erasoa (ETB barruan indarra batik bat administrazioan dutelarik), «Estudio Hamburg»en projektutik sortu diren desegokikuntzak nahiz lan-gatazkak (Langile Batzordeak Amatiño eta Areizagaren dimisio eskatzeraino), Arzallusen aldekoek aurrera eraman zezaketen bengantza baten posibilitatea... guzti horrek sortu du krisia, batez ere elemendu desberdin asko eta asko elkarren nahasian agertu direlako.


Azkenak
Ez hil, faborez

HIL FABOREZ FEST
Lekua: Ibaola Harriak, Eskuernaga.
Taldeak: Lukiek, Las Sexpeares, Seggs Tape, GAL, Chuleria Joder!, Aposapo, Bayou la Batre, Borla, Türbot, Malakias MX3

Data: 2025eko ekainaren 14a.

--------------------------------------------------------

[+]


EAEko herritarren %58k mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu du 2024an

EAEko 1,3 milioi biztanlek Europar Batasunak 2030erako ezarri berri dituen mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu zuten 2024an, Ekologistak Martxanek eginiko ikerketaren arabera.


2025-06-25 | Hala Bedi
Gasteizko lorezainek grebarako eskubidea aldarrikatu dute hiriko hainbat iturri berdez tindatuz

ESK eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, lorezainek greba egiteko duten zilegitasuna aldarrikatu nahi izan dute ekintza ikusgarri honen bitartez. PSE eta EAJren gobernu-taldea seinalatu dute erantzule nagusi gisa, "Green Capital markaren atzean hiriaren ikurra zaintzen... [+]


2025-06-25 | Rafael Poch | CTXT
Mendebaldea bere mundu-gerra eskalatzen ari da

Gaza izan zen iragarpena, Ukraina tanteoa, Iran eskalada, baina Errusia eta Txina dira traka eta azken helburua. Europar Batasunak "Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea" baieztatzen jarraitzen du, eta bere lehen potentziaren buruak aitortzen du "Israel lan... [+]


2025-06-25 | Xiberoko Botza
Ikusgarrietako intermitenteek lana mentx düe

Frantziako gobernamentüak ekonomiak egin nahian, leküko kolektibitateer eta eskülder sos pübliko gütigo banatü dü. Horrek ondorioak badütü, ekonomia handiena kültüran egin beita. Intermitenteek nekeziak ezagütze... [+]


Statkraft, Kutxabank eta Azpeitiko Udala

Ia oharkabean pasa da joan zen asteazkenean (2025eko ekainak 18) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia.

Izenburua: Azpeitiko 5. poligonoko 58. lurzatian aldi baterako estazio meteorologiko bat
interes publikokotzat deklaratzeko eskaera (GHI-049/25-J01)
. Hemen... [+]


EAJren hizkuntza eskakizunetarako proposamena “atzerapausoa” dela salatu dute ELAk eta LABek

Euskara eskakizunak zehazteko derrigortasun indizea ezabatzea eta erabakia erakunde bakoitzaren esku uztea proposatu zuen iragan astean EAJk. LABek salatu du derrigortasun indizea kenduz gero, epaileen "borondate euskarafoboak" ezarriko lukeela hizkuntza eskakizunaren... [+]


Arabako Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei arreta murriztu diela salatu du ESK-k

Lanpostuak, emakumeak artatzeko egonaldi ertaineko harrera zerbitzua eta aurrekontua murriztu ditu Aldundiak.


Zenbait lagun zauritu dira Hernaniko San Joan gaueko istiluetan, eta gutxienez pertsona bat atxilotu dute

Xabier Lertxundi alkateak adierazi du istiluak leku eta ordu ezberdinetan gertatu direla, eta haien artean ea loturarik dagoen ikertzen ari dira. Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari 03:30 aldera, eta haiek oldartzean hainbat lagun zauritu dituzte. Segurtasun Sailak... [+]


2025-06-24 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Chen Yun: txoria eta kaiolaren auziak hortxe jarraitzen du

Ekainaren 13an, ezohiko ekitaldi baten lekuko izan zen Pekineko Herriaren Areto Handia: Txinako Alderdi Komunistaren aginte goren osoak (baimenduta leudekeen absentziak salbu; nola jakin horietakoa ote zen He Weidong jeneralarena? Izan ere, ez zen ageri mahai nagusian,... [+]


Bilboko Bira Kulturak eskaintza gutxituko du laguntza publikoen murrizketagatik

Ez dute itxiko, baina orain arte eskaini duten programazioari ezin izango diote eutsi. "Bira txikiago bat" izango dela zabaldu dute sare sozialetan.


Nola debekatu sare sozialak erabiltzea 16 urtez azpikoei? Australiako Gobernuak badu formula

Legez, 16 urte bete arte ezingo dituzte sare sozialak erabili Australian, urte bukaera honetatik aurrera. Baina nola gauzatzen da hori praktikan? Gobernuaren azterketa batek ondorioztatu du teknikoki bideragarria dela, eta aurrekaria jarri du bide bera hartu nahi duten... [+]


Israeli boikota musika jaialdietan ere

El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]


NATOtik ukatu egin dute Sánchezek iragarritako gastu militarraren salbuespena

Mark Rutte NATOko Idazkari Orokorrak ukatu egin du “baztertze klausula” onartu zaionik Espainiako Estatuari. Kalkuluen arabera, BPGren %3,5a gastu militarretara bideratu beharko du gobernuak, NATOk eskatzen dituen kompromisoak betetzeko.


Trumpek Israel eta Iran arteko su-etena iragarri du eta ordu gutxira zalantzan dago jada

Iranek AEBen Qatarreko base militarrari eraso egin ostean eman du ustezko akordioaren berri Etxe Zuriko maizterrak, Truth Social sare sozialean. Ostean, Israelgo Gobernuak adierazi du Trumpen proposamena onartu duela, eta berdina egin du Irango Segurtasun Nazionaleko... [+]


Eguneraketa berriak daude