Kultura negozio


2005eko maiatzaren 29an
Liburua argitaratuko dizunaren bila zabiltzala? Zure artelanak ikusgai ipintzeko gogoa duzula? Herriko festetarako antzerki saioa, kontzertua eta erakusketa antolatzea falta dela? Museoa kudeatzeaz arduratuko den enpresa bilatzen ari zarela? Ez kezkatu, badago nora jo: kultur kudeaketarako enpresek lagun diezazukete. Lanbide nahiko berria eta batzuetan ezezaguna da, ordea. 80ko hamarkada bukaera arte, ez zegoen inolako kultur azpiegiturarik, ez kultur teknikaririk, ez kultur ekintza antolatu indartsurik. Festetako zinegotziak edo herriko talde boluntarioek ekitaldiak prestatu ohi zituzten, udaletako diru laguntzekin eta profesionalizaziorik gabe. Baina horrek gorabehera handiak ekar zitzakeen, ekimen horiek herri guztietan ez zutelako indar bera, edo urteekin indarra galtzen joan zitezkeelako. Pixkanaka, aretoak eraikitzen hasi ziren, azpiegitura eratzen, ekintzei jarraitasuna ematen eta zirkuituak bultzatzen. Horri guztiari erantzuteko, kultur kudeaketarako enpresak sortzen joan ziren.

Enpresa horietako langileek diote zerbitzua beharrezkoa dela, erakusketak eta ekitaldiak antolatzen dituzten erakunde publiko nahiz pribatuek ez baitute horietaz arduratzeko pertsonal nahikoa. Gainera, profesionaltasuna eta baliabideak eskaintzen dituzte eta kultur joeren berri dute. Hau da, nazioarteko berrikuntzak jarraitzen dituzte eta ideia horiek Euskal Herriko proiektuetan barneratzen saiatzen dira. Karmele Barandiaran K6 enpresako museo kudeaketa departamentuko zuzendariaren arabera, «kulturak eta profesionaltasunak bere balioa du eta hori ordaindu egin behar da. Garai batean zailagoa zen kultura ordaintzea, baina erakundeak geroz eta ohituago daude».

Jendea ere berrikuntzetara eta kultur arloko esparru anitzetara ohitzen joan da. Lehen, ez omen zen hain erraza jendea museotan ikustea, baina egun normalagoa da; «Guggenheim efektuak-eta jendea erakarri dute», dio Barandiaranek. Administrazio publikoaren aldetik ere, mota honetako enpresak kontratatzeko joera normalizatu egin da. Azken finean, kultur ekintza eta proiektu gehiago dago eta udalek, aldundiek eta Jaurlaritzak horien plangintza beste enpresa batzuen esku uzten dute geroz eta sarriago. Bankuak bezalako erakunde pribatuek kontratatzea ere ohikoagoa da, oraindik eskaeren iturri nagusia Administrazio publikoa den arren.

Datuak aztertuz gero, Administrazioak oraindik sekulako pisua dauka kultura alorrean, baina kontzeptua pixkanaka aldatzen joan behar dela uste du Xabide enpresako koordinatzaile Jose Mari Armentiak. Bezeroen zerbitzura dagoen enpresa izaten jarraitu arren, beraien kabuz produktuak ekoizten hasi direla eta joera horrek indarra hartu behar duela esan digu. «Kultura prostituitzea dela esaten duenik egongo bada ere», argi dauka publikoa erakarri behar dela eta horretarako marketinaren, komunikazioaren eta gestioaren ezagutzak kulturan aplikatu behar direla. Izan ere, eta kultura interes publikoa duen arloa dela kontuan hartuz, ezinbestekoa da kultur kudeaketa sektore moduan ikustea, «etorkizunean garapenerako oso garrantzitsua izango den sektore bezala».

Negozio zaila

Sektore moduan, kultur kudeaketak merkatu propioa aurkitu du Euskal Herrian, baina oraindik ere negozio zaila dela azaldu digute. Enrique Forondak, adibidez, Hurbil Kulturgaiak enpresa familiarra darama eta ez du ikusten urte batzuetatik hona egoera gehiegi aldatu denik. Bere esanetan, Euskal Herrian ekintza kultural asko dago, «seguruenik, beste inon ez dago hemen dugun adinako kultur ekintza kontzentraziorik», baina ez dago ekintzen koordinaziorik. Erakunde publikoek kulturan dirua gastatzen dute, baina aurre plangintzarik eta orekarik gabe: urtero gauza berdinetan inbertitzen da eta ez dago berrikuntzarik. Gainera, Forondaren ustez aniztasuna ere ez da handia. «Bezeroek ez dute apustu berririk egiten. Arrakasta lortzen dutenean baino ez dituzte gauza berriak kontratatzen -azkenaldian Cocidito madrileño antzezlanarekin gertatu den bezala, esaterako-. Ez dira ausartzen emanaldi edo erakusketa berritzaile eta konplexuagoekin».

Merkatua oso handia ez dela diote. Udal askotan antolatutako ekintza kulturalak beraien kabuz egiten dituzte, herriko argazkilariaren edo erretiratuen lanez baliatuz, helburu jakinik gabe. Merkatu mota hori nora doan ez dela oso argi ikusten uste du Armentiak. «Ekipamendu txikiak sortzen dituzte, baina zertarako? Barne kontsumorako? Zein xederekin?» Bestetan, erakunde publikoek, nahiz eta garestiago izan, komunikazio enpresengana jotzen dutela dio Forondak. Horiek ekitaldia zatika kontratatzen dute: «Guri zati bat egiteko eskatzen digute eta beste batzuei beste zati bat, azpikontratu bidez. Hori ez da enpresa sortzea eta, beste arrazoien artean, horregatik gaude hain enpresa gutxi».

Gainera, erakusketen kasuan zirkuitu gutxi dago Euskal Herrian eta gehiago egotea interesgarria iruditzen zaie sektoreko langileei, produktua errentagarri egingo bailuke. Sozialki produktu kulturalak azpiegitura gutxiko herrietara ere iritsiko lirateke, erakunde handiago batek babesturik, eta ekonomikoki merkeagoa izango litzateke. Izan ere, ikuspegi ekonomikotik ez da balio erantsi handiko produktua: etekina txikia da, azpiegitura handia behar delako eta produktuak zirkuitu laburra izan ohi duelako.

Kulturaren balio ekonomikoa zehazteko garaian, hartzaileak produktuari ematen dion balioa kontuan hartu behar da eta normalean azken hartzaileak produktua doan jasotzen duenez, ez du behar bezala baloratzen. Horri, herrialde askotan eta gurean ere errepikatzen den arazo larria gehitu behar diogu: kulturaren eguneroko kontsumoa oso txikia da; Forondaren esanetan, biztanleriaren %15ekoa baino ez. Bere esanetan, bezeroek %15 horrentzako produktuak eskatzen dituzte, %85a erakarri beharrean. Azken horiek erakartzeko, baliabide eta azalpen gehiago duten muntaia errazagoak egin behar direla dio, baina inbertsio handiagoa eskatzen du eta ez da errentagarri ateratzen. «Herri batean erakusketa oso garrantzitsua eginez gero, berau azalduko duten gidari prestatuekin, erakusketa normala antolatuta baino 300 bisitari gehiago izan ditzakezu, baina kostu ekonomikoa bost edo sei aldiz handiagoa izango da». Helburuak zeintzuk diren finkatzean datza gakoa.

Forondak ez du argi kulturan gehiago inbertitu behar ote den, baina diru hori modu orekatuagoan inbertitu behar dela uste du. Karmele Barandiaranek, berriz, kulturak geroz eta diru gehiago behar duela adierazi du: «Aurrekontu guztietan murrizten dena izan ohi da eta lan handia dago oraindik egiteko. Erakunde publikoek lan handia dute, kulturaren oinarri eta eredu bezala, eta kanpoan gauden profesionalekin batera etsenplu izan behar dute».

Etorkizuna zehaztuz

Lanbidearen egoera ez da, aipatu dutenez, dirudien bezain ezkorra. Negozio berria da eta muturra sartzen ari da, pixkanaka. Horretarako eman behar diren urratsak geroz eta argiago dituzte sektorekoek. Xabideko Jose Mari Armentiaren ustez, beraien lanbideak birmoldaketa behar eta izango du etorkizunean, eta jauzi horretan gainontzeko industrien prozesua izango da eredua: orain Euskal Herrian ari dira lanean, Espainiako Estatuko merkatuan zabaltzen hasiko dira eta azkenik nazioarteko merkatuan hedatuko dira. Bere hitzetan, ekoizpen propioko produktuak sortzea da bidea, beti bezeroen mende egon gabe. «Industri edo sektore pentsamoldea barneratu behar dugu». Baina negozioa definitzeko oraindik lan egin behar dela badaki Armentiak eta horretarako Europako beste herrialdeetako esperientzia baliagarria izan daiteke.

Erakunde pribatuen kulturarenganako inplikazioa handiagoa izatea ere garrantzitsua ikusten du Xabideko koordinatzaileak: «Enpresak eragile inportanteak dira eta ekitaldietan lantegiaren marka ipintzetik haratago jo behar dute. Enpresak irabazitzat hartzen duenaren gaineko ikuspuntua aldatzea beharrezkoa da». Hala ere, Administrazio publikoak beraien alde egiten duen apustua ere indartsuagoa izan behar dela diote kultur kudeaketan dihardutenek, anbizio handiagoko planteamenduak eta helburuak finkatu behar dituela. Pixkanaka, sektore hau bere bidea garatuz doala dirudi. Dagoeneko, kultura ere merkatuaren arauen menpe dugu eta ez dago atzera bueltarik.

Ligako jokalariak

Euskal Herrian gutxi dira kultur kudeaketa lanbide duten enpresak. Xabide eta K6 dira nagusietakoak. Xabide sortzen lehenengoetarikoa izan zen gainera, 1987an jaio zen eta asko handitu da ordutik. Orain, Madrilen bulegoa irekitzeko asmoa dute, Euskal Herriko merkatua txiki geratu baitzaie. Kulturaren kontzeptu globala dutela diote eta Euskadiko Gazte Orkestraren edo Azkoitiako pilota museoaren kudeaketa, esaterako, beraiek daramate. K6rekin batera, San Telmorako proiektu museografikoaren ikerketa burutu dute. Bezerorik gabeko ekoizpen propioen artean, Divergentes ekimena aipa daiteke. Ekimen horren baitan, nazioarteko hamar artistek Euskal Herriko hainbat enpresa berritzailetan lanak sortuko dituzte eta ondoren lan horiek erakusketa bakarrean bilduko dira. K6 enpresari dagokionez, 1989an sortu zen eta museo txiki eta ertainen merkatuan egiten dute lan. Igartubeiti baserriko interpretazio zentroa edo Irungo Erromanizazio museoa beraien proiektuak dira.
Hurbil Kulturgaiak enpresarekin ere hitz egin dugu. Beraien esanetan, ez dute Xabide eta K6 enpresen liga berean jokatzen. Hirugarren mailakoak direla dioten arren, urtean 100 erakusketa muntaia inguru egin ohi dituzte, antzerki arloan 65 emanaldi, zineman 20 eta 30 bat kontzertu. 1990ean sortu zen eta enpresa familiarra izaten jarraitzen du. Haroko ardoari buruzko erakusketa edo Kutxaguneko Einsteinena beraiek kudeatu dute. Lan honetan kulturarenganako bokazioa handia dela eta esperientzia oso aberasgarriak bizi dituztela denek azpimarratu digute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Eguneraketa berriak daude