2000 ARGIA: Ilargiak ez du h-rik

  • Udaberria Frankismoaren neguan. Ez Dok Amairu, Gaur edo Jarrai bezalako taldeek euskal kulturaren loraldia bultzatu zuten 60ko bigarren erdian. Hamarkadaren bukaeran ordea, banaketa garaia iritsi zen. ETA zatitu zen lehenik, gero Ez Dok Amairukoek ere bakoitzak bere bidea egitea erabaki zuten, Jarrai antzerki taldea desagertu zen eta letra ziztrin batek, h-ak, amildegi zabala ireki zuen euskaltzaleen artean. Udaberria 1968an. Parisen, ikasleak kalera atera zirenean. Pragan, sobietar tankeek kaleak hartu zituztenean... Bitartean AEBak Ilargia lehen aldiz zapaltzeko ahaleginetan ari ziren, Vietnam zapaltzeko ahalegin luzea alboratu gabe. Arazo lurtarrak atzean utzita, Aldrin, Armstrong eta Collins Ilargira iritsi ziren hamarkada amaitzear zela.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Burukomin galanta izango zuten Londresko Decca diskoetxeko arduradunek 1965ean. Hiru urte lehenago, Liverpool-eko lau gazte ate joka zituzten grabaketa proba bat egiteko eskatzen. «Mutiko hauek ez dute musikaren negozioan arrakasta izateko inolako aukerarik» esan zuten orduan. Laukoteak diskoa bere kabuz ekoiztea beste irtenbiderik ez zuen izan. Hiru urte geroago, Beatles taldea mundu guztiko zerrendetako lehen postuan zen eta komunikabide guztiek zuten hizpide. Baita Zeruko ARGIAk ere. Goiko koadroan jaso dugun bezala, Londrestik etorri berri zen Arantxa Gurmendik Beatlesen inguruan idatzi zuen, «She loves you» ezagunaren euskarazko bertsio eta guzti. Estreinatu berri zen Gazte naiz sail berritzaile eta polemikoan idazten zuen Gurmendik, belaunaldi berriek Goenkaleko Hortentsiren paperagatik ezagutuko dutenak, besteak beste, Ramon Saizarbitoria, Xabier Lete, Jose Luis Alvarez Enparantza, Mari Karmen Garmendia edo Ibon Sarasolarekin batera.

Haustura, dena den, ez zen soilik prentsatik iritsi. Artista berriak Gaur taldean bildu ziren, musikariek Ez Dok Amairu sortu zuten euskal kantagintza berriaren erakusleiho gisa eta Jarrai antzerki taldea, lan tradizionalak baztertu eta Ibsen, Tennessee Williams edo Arestiren obrak taularatzen hasi zen. Esparru desberdinetako loraldi honen protagonistak, gainera, berberak ziren sarritan. Arantxa Gurmendik, esaterako Biurriak taldearekin musika jotzen zuen eta Jarrain ere aritzen zen, Ramon Saizarbitoria bezala. Jarraikoa zen, halaber, Xabier Lete poeta eta kantaria. Multidiziplinarrak zirela 60ko gaztehauek!

Euskal zinemak ere eman zuen fruiturik, Amalur filma kasu, Walt Disney euskal animazio zinegile handiena 67an hil bazen ere. Walt Disney euskal zinegilea? «Walt Disney jatorriz euskalduna omen zan» titularra topatu dugu behintzat Zeruko ARGIAko 67ko urtarrileko zenbaki batean. «Izen-abizen egiazkoak auek omen-dira: Jose Gizao Zamora. Gizao abizen euskalduna omen-da ta Zamora Almeria’koa» zioen ondoren astekariak. Horra euskal zinema zer den eta zer ez den eztabaidatzeko elementu berria!

Euskal kulturgileak taldeetan biltzeko joera osasungarriak, batasun izpirituak, ez zuen asko iraungo eta hamarkadaren amaieran ETArena ez zen zatiketa bakarra izan. Jarrai desagertu egin zen eta Ez Dok Amairuk ez zuen luze iraungo. Zatiketa horietan bereizketa politikoak zeresanik izan zuen.

Giro aldaketa horretan letra soil batek ere euskaltzaleen zatiketa ekarri zuen. H-a erabili behar zen ala ez? Ibon Sarasolak orrion hasieran bildu dugun artikuluan gatazkaren berri eman zuen.

Gerora euskara batuaren ajeen berri emango ziguna, batu gabeko euskararenak somatzen hasia zen. Aita Plazido Mujikak «H-arekin ez dezagun indioarena egin» zioen bitartean, Gabriel Arestik Harri eta Herri titulua ipini zion bere bigarren liburuari, propio.

68ko udaberria

Gurean gatazka hitzetan zegoen bitartean, Parisko ikasleek lehenik, Europako hainbat hiriburuetakoek geroago, ekintzara pasatzea erabaki zuten 68ko maiatzean. «Erakus-bideak ezpaitaude bear aiñean antolatuak; lan-bideak ere erdi-ipurdi dabiltza Ikastetxe-saillean. Azkenengo legeak gauzak okertzera ekarri dituzte. Bizi-bidea zaildu, etorkizuna illundu, ikasleak ugaldu ta korapilloak geitu», zioen orduko Zeruko ARGIAko azaleko artikuluak. Korapiloa ere ez zen makala AEBetako kaleetan, Martin Luther King beltzen liderraren hilketa eta gero, bereziki. Indarkeria etxean eta auzoan, hamarkadak aurrera egin ahala Vietnameko gatazka luzatuz eta gogortuz joan baitzen. Hori bai, bere soldaduak Vietnam okupatzera bidaltzen zituzten bitartean, AEBek ez zuten inongo erreparorik sobietarren Txekoslovakiako okupazioarengatik euren haserre bizia agertzeko.

Nazioarteko kontu hauek guztiak, Rikardo Arregik aztertzen zituen Zeruko ARGIAko Herriak eta gizonak sail bikainean.

Rikardo Arregi eta Apollo XI

1969ko uztailak 27an Zeruko ARGIAko 334. zenbakiko azala bi gaiek hartzen zuten osorik: bata, gizakiak Ilargia zapaldu zuela; Rikardo Arregi hil zela, bestea. Nazioarteko gaietan kazetari ona izateaz gain, Arregi euskaldunen alfabetatzearen bultzatzaile nagusienetakoa izan zen. Gainera Gabriel Aresti, Ibon Sarasola, Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia eta beste batzuekin batera Lur argitaletxea sortu zuen 69an bertan. Gabriel Arestik Kriseilu argitaletxea sortua zuen urte pare bat lehenago, baina Arregik eta besteek argitaletxea erosi zioten Seat 850 baten truke. Automobila entregatzera zihoala gertatu zen Rikardo Arregiren istripua. «Uztail ontako ostegun kiskalgarri batek ekarri zigun berri mingarria -zioen Andoni Iturria Zeruko ARGIAko zuzendariak- baina eman dezunaren gabeak min ematen badigu, gure erriaren onerako aurrerantzean eman zenezakezunak ematen digu min garratzagoa».

Testu honen aldamenean, Apollo XI.aren irudiak. Eta Aldrin, Amstrong eta Collins irribartsu. Ilargia zapaldu zuten, azkenean. Hilabete batzuk lehenago Txillardegik -Larresoro sinadurapean- gizakia ilargira iristeak «gizadiaren umiltasuna azkartuko» zuela zioen. «Gure mundu hau izar hotz eta kaxkar gisa erreparatzean, fotoan Illargiko geografia xehe-xehe eta Lurrekoa larri-larri baizik ez ikusita, ni zorabioak hartu nau. Ez iñolaz ere harrokeriak».

Eguna iritsi zenean, astekariaren azalak galdera bat botatzen zien irakurleei: «Orain arte gizonak egin duan egitekorik bikainena ote da onako au? Geroak esango du...». Geroak dio karrera espazialak ez duela umiltasuna ekarri.

Inportazioko jokabiderik ez (Rikardo Arregi; Zeruko Argia, 289. zenbakia, 1968ko irailak 15)

Gauz kuriosoak ikusi ta entzun ditugu Txekoslobakiako gertaerekin. Sobietarrek eta bere monagilloek nazioartekotasunaren izenean inperialismorik nazkantenaren bitartez Herri bat zapaltzen. Biafrarrak zapaltzeko Nigeria'ri armak ugaritasun guztian ematen dizkion Londres’ko gobernua protestarik beroenak egiten sobietarrak Txekoslobakia zapaldu dutelako. Santo Domingo'n beste horrenbeste egin zuen eta Vietnam'en beste horrenbeste egiten ari den Washington'eko gobernua santu balitz bezela bere soñekoak urratzen Mosku'ko zapaltzailleak egin dutenagatik. Bere aragian inperialismo bat sufritzen ari diran Ipar Vietnam'eko buruzagiak sobietarren inperialismoa onartzen. Fidel Castro bera ere, nolabait, sobietarren egitea onartzen.

(...) Sobietarrak Txekoslobakia zapaltzeakin sozialismogintza baztertu egin behar dela adierazi al du? Sozialismogintza guztia alperrikakoa ta kaltegarria dela? Aldrebes uste dut.

(...) Txekoslobakia'ko erresumen burruka ez da izan kapitalismoa ta sozialdemokrazia berpizteko -ta au esatea, eziñ bestela izan, ahaztu egin zaie eguneroko, irrati ta telebista kontserbadorei-. Oien burruka sozialismo demokratiar baten alde izan da ta ez sozialdemokraziaren edo kapitalismoaren alde, bi gauz diferente baidira. Brevnev, Gomulka, Ulbricht etab. erabat kondenatzen baditugu ez du orrek esan nahi Wilson eta Guy Mollet artzen ditugunik sozialismoaren eredutzat. Ezta ere beste Brevnev txikiak edo Wilson txikiak.

Musika gazte (Arantxa Gurmendi; Zeruko Argia,141. zenbakia,1965eko azaroak 7)

Danontzat ezaguna da Inglaterran zala bere sorlekua, zuzenago ibiltzearren Liverpool izeneko erri batean, erdi existentzialista zulo oietako batean jaio izan zala, esan bearko det.

(...) Askok bestela uste arren, nik ez det uste iritxi diran lekura jazkera edo melena gaitik izan danik, dudarik gabe musikari bezela onak dira. Aginduta bezela, euskeratutako abesti berri bat azalduko det gaur, eta ain zuzen Beatles'ek sortu eta beren berri azaltzen lagundu zituan bat.

(...) maite zaitu
berak auxe esan zidan
maite zaitu
eta au pozgarri da u, u, u
Maite zaitu bai, bai, bai (bis)
maitasun orrekin
zoriontsu izango zera.

Euskaldunen alfabetizazioa (Juan San Martin; Zeruko Argia, 227. zenbakia, 1967ko uztailak 2)

Aspaldi esan zuen Ibiñagabeitia adiskideak, euskaldunok giñala,munduan analfabeturik geien genuen herria, geure izkuntzan ez irakurten eta ez idazten ez genekielako. Mingarria bada ere, ez da arrazoi makala. Baiña, zorionez, gazte andana bat asia da Euskaltzaindiaren babesean utsune hori bete nahirik. Udara honetan asiko dira lehen ikastaroak euskaldun izanik euskeraz ez irakurten eta ez idazten ez dakitenentzat.

(...) Abegi onez lagunduko ahal diegu gazte kementsu hoieri. Izkuntzarik zaharrenaren jabe garalako ditugun arrokeriak baztertuaz. Amor emanaz. Zeren kultur bide horretatik abiatzen ez bagera, galduak gera.

«H» dala-ta (Ibon Sarasola; Zeruko Argia, 149. zenbakia, 1966ko urtarrilak 2)
Jende askorentzat, euskal idazle batzuek «txarrak» dira, «H»'z idazten dutelako, besterik gabe. Au ezin genezake onartu, ezta iñolaz ere. Ola jokatzea ez da «euskalduntasuna», intolerantzi zikiña baizik. Euskalduntasunaren izenean euskaldunkeri galantak egiten ditugula uste dut. «H» kontrakoak «H»'en aurka ematen dituzten arrazoiak objetibismuz ikusi ezkero, ezin dira esan «H»'z idazten duten idazleak eta auen liburuak baztertzeko aiñak. Ezta ere «H» zaleak eta «H» faltaren kontra ematen dituztenak. Eta arren ez dezagun esan «euskeraren bizitzaren kontra» ari dirala «H» zaleak edo besteak. Gure intolerantzia «H»'ren eta lexikoaren kontuan, arrixku milla aldiz aundiagoa da euskeraren etorkizunaren aldetik. Erri txikia izan-da gizalegez eta errespetuz jokatzen ez badugu, gureak egin du.

Zeruko Argia: 1965 (Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»; 1965ean hasi zen Zeruko ARGIAn idazten Goienetxe sinadurapean lehenik eta Larresoro bezala ondoren)

1965eko urtarrilaren 24an (orain dela 40 urte , beraz) Zeruko ARGIA aldizkariak bere 100. zenbakia kaleratu zuen. Eta, harro-harro, eta bere burua euskaltzaleen artean onarpena lortu nahiz edo, esaldi hau nabarmendu zuen: osorik euskeraz agertzen dan asteroko bakarra. Euskara Batua oraindik finkaturik ez zegoela erreparatu duke segituan irakurle erneak.

Gaur egun, berriz, ARGIAren 2.000. zenbakia heldu dela-ta (zortzi ale falta), hirurogeiko hamarkada hartaz neure lekukotza emateko proposatu dit Nagore Irazustabarrena lankideak.

Begirada orokorrak urruti eramango gintuzkeela bide, 1965. urteko giroaz zerbait gogoraztekotan elkarraditu gara. Partziala izango da hau, badakit. Baina orduko eguratsa aditzen lagun badezake, gaitzerdi.

(Zeruko) ARGIAren kondaira ez da batere lerro-lerro joan. Gerra aurrean 17 urtez hilero argitaratua (1919-1936), frankismoaren ondorioz, 18 urtezko etendura jasan zuen (1936-1954). Gero beste bi aldiz izan zen etena; 1963tik aurrera nola-hala bere asterokotasuna osoki finkaturik geratu arte.

Prezioaren aldaketak berak lagun gaitzake agian ondoenik egin behar dugun jauzia egiten: 2,50 pezeta balio zuen (1965ean). Hortaz, 210 bat aldiz galestiago bihurtu zaigu! Hobea, trinkoagoa eta osoagoa ere bai, hein berean.

Zer zegoen "giroan" urte haietan? Hautaketa egin behar. "Gemini"ren arrakastak (1965 - IV), "Apollo" saila, eta Ilargirako bisitaldia iragarri zituen. URSSean, Mikoyan Presidente eta Brexnef Alderdiko Sekretario agertzen ziren. Franco, berriz, nagusi; eta handik bi urtetara muntatuko zuen "Referendum"aren fartsa erraldoian, are sendoago jarraitzeko bidean. 1975era arte. Euskal Herrian, 1966an, "Bandas"koen greba historikoa . Eta ETAren kontrako zapalketa, gogor hasia. Sarekadak maiz, Burgosko Epaiketa 1970ean gertatuko bazen ere. Praga, Budapest, Dubcek, Nagy (1968), stalinismoaren lekuko.

Eta, gurera etorriz, nork eramaten zituen Zeruko ARGIAren erremalak urte haietan? Hona hemen kronikari nagusiak.

Nere Bordatxotik sailak, "Basarri" Eizmendi bertsolariak eramana, sistematikoki baserritarrei eskainia, gure folklorearen berri ematen zuen. Erraza da gaur artikulu luze haietan akats hau edo hura salatzea. Ez dut nik egingo. Euskaldungoaren alor bat elikatu zuen Basarrik urte zail haietan; eta gure esker ona merezi du.

Baina kaletarren euskal alorra sortua zen jadanik. Izenetan beretan irakurleak berehala igarriko duenez.

Karlos Santamaria matematikariaren kronikek zuten mami handia. Oso kontuz eta hitzerdika bazen ere, nazional-katolizismo ofizialaren aurka Don Karlosek Maritain-en filosofia hedatzen zuen 1948az geroztik. Rikardo Arregik, bere aldetik, munduko ezkerraren berri ematen zuen bere kroniketan: Harold Wilson eta beste.

Hain zuzen, ez da txiripa Euskaltzaindiak 1965an K. Santamaria eta R. Arregi berberok Urgazle izendatu izana.

Gurutz Antsolak ekonomia arazoak lantzen zituen euskaraz; ez baitzen batere ohikoa. Eta Arestik poesiaren saila arakatzen zuen astero bere zutabeetan; harrigarriro, poesiatik at ere, A. Mokoroa "Ibar"en Genio y Lengua liburua goraipatuz. Gotzon Garate "Gomiga"ren kronikak irakur zitezkeen maiz. Eta Koldo Mitxelena hizlari ikusten dugu, Donostiako EUTG-etan "euskera eta latiñaren arteko harremanei buruz" mintzo.

Ni neu ere (Goihenetxe gaitzizenez mozorroturik) agertzen naiz 1965 urtean; eta nire zutabe finkoari Asterik Astera zeritzon. Artikuluak Patxi Altuna-ren bitartez helarazten nituen Argiara. Eta sinadura horren atzean argitara nituen hamabost bat artikulu 1965eko urritik aurrera. "Kaletarrak dira gure helburu nagusia" errepikatzen nuen. Eta F. Mauriac-en "Destins" nobelaren kritika eskaini ondoren, "euskal Mauriac baten beharra" aldarrikatzen nuen (1965-X-31).

Maila pertsonalean urte zail mordo bat jasan nuen. Euskara Batuaren alde Euskaltzaindiak garabidean urratsik ematen ez zuela-ta, dimisioa eman nuen 1963ko irailean.

Hain zuzen Batuaren prozesua bultzatzekotan Batzorde bat sortu genuen Baionan urte hartantxe. Eta 1964an oinarri batzuk prestatu genituen, handik 4 urtetara Mitxelenak onetsiak. Bai ARGIAk eta bai Anaitasunak sostengu osoa eman zieten hasieratik Batuaren aldeko urrats guztiei.

1964ko udazkenean, Francoren presioei amore emanez, Parisko gobernuak kasatu egin ninduen Ipar Euskal Herritik eta Frantziatik. Huntaz eta Hartaz liburua, horretara, 1963-1964 urteetan Iparraldean idatzia, Bruselako neure bizileku berrian jaso nuen. Eta Argia-rekiko lotura Belgikatik berrantolatu behar izan nuen.

Jakin egin zuen poliziak, ordea, "Goienetxe" hori nor zen. Eta beste gaitzizen bat hautatzeko beharra adierazi zidan P. Altunak. "Zergatik ez Larresoro", galdetu zidan. "Laffitte Kalonjea hantxe bizi duk, eta Seminario horretatik pasa duk Iparraldeko apaiz euskaltzale asko".

Trabarik batere ez nuela erantzun nion. Eta horrela, Goienetxe-ri Larresorok eman zion segida ARGIAn eta bestetan. Igara, Usako, Aloña, Harribizketa, Atorrasagasti eta beste; Txillardegirekiko "kunpáña hunín"...

Aldatu egin dira gauzak, bai. Zalantzarik ez.


Azkenak
Astelehenean hasiko dira Zaharraz Harro! jaiak Gasteizko Alde Zaharrean

Astelehenetik igandera askotariko 106 jarduera antolatu dituzte auzoko bizilagun eta eragileek, parte hartzea, auzo harrotasuna eta autogestioa ardatz. Aurten Poliziak bortizki hustu berri duen Korda espazioa izango dute gogoan. Hamazazpigarren edizioa da aurtengoa.


Gasteizko lorezainak hiru hilabete greba mugagabean
“Egoera oso zaila da une honetan, baina langileek borrokari eutsiko diote”

Ostegunean hiru hilabete beteko dira Gasteizko lorezainak greba mugagabea hasi zutenetik aho batez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Gasteizko parke, igerileku eta berdeguneak belarrak eta sasiak janda ikusteak oso ikusgarri egin du greba, baina iragan astean... [+]


Sergio Ayucar (BSH): “Prozesuari eustea oso gogorra izaten ari da; mediku-bajak bikoiztu egin dira”

Eskirozko BSH lantokia ixteko asmoa plazaratu zutenetik lan taldearen mediku-bajak bikoiztu baino gehiago egin direla salatu dute gaur: "Abenduan prozesua hasi zenean lan taldearen %4 zegoEn bajan, orain %13 baino gehiago dago", adierazi du Sergio Ayucar BSHko langile... [+]


Kanpaina bukaerako ariketa

Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek izango dituztela bospasei kilo. Uztailaren bigarren astean edo utzi egingo diogu gazta egiteari.


2025-06-23 | Irati Diez Virto
Askari izena duen haragijale txikia

Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia ikusita, kume bat izan behar zuela pentsatu nuen; baina oker nenbilen. Munduko ugaztun... [+]


2025-06-23 | Jakoba Errekondo
Arrosa basatiaren izen saltsa

Loratu da. Kostata baina loratu da, bai, arkakaratsa (Rosa spp.). Lore arin, mehe, hegalari itxurakoa da, arrosa bat da eta lorea ere arrosakara eta zuriaren arteko kolorea du. Urtero loratzen da lurrin fina zabalduz. Lore horiek destilatu egiten dira, ia erabat kosmetikan eta... [+]


2025-06-23 | Garazi Zabaleta
Azpigorri
Bertako ahuntz arrazaren txorizoak

David de Blasek abiatutako proiektua da Azpigorri Ahuntz Txorizoak, eta izenak argi uzten duenez, azpigorri arrazako ahuntzekin ari da lanean. “Urteetan industrian aritu nintzen lanean, baina pandemia garaian artzain eskolara joan nintzen, eta ikasketak amaitutakoan... [+]


NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Eguneraketa berriak daude