Xarnege: Musika kontrabandorako


2005eko apirilaren 24an

Xarnege proiektua bazkari baten inguruan jaio zen, otorduetarako zaletasuna handia baita gaskoien artean ere. Lehendik, Josean Martin Zarkok, Juan Ezeizak eta Joan Baudoinek elkar ezagutzen zuten, lehenengo biak Ganbara folk taldean aritu zirenean Baudoinek diskoetako batean parte hartu baitzuen. Beraz, duela urte pare bat Joan bere seme Roman eta iloba Matèurekin Oiartzunera kontzertua eskaintzera hurbildu zenean, Zarko eta Ezeiza emanaldia entzutera joan ziren eta berriketan egiteko aprobetxatu zuten. Solasaldi hartan, euskaldunen eta gaskoien folklorea, abestiak eta doinuak zeinen antzekoak ziren ikusita, elkarrekin zerbait egin behar zutela pentsatu zuten. Ondoren, bazkaria, egitasmoa eta diskoa etorri ziren, pixkanaka baina denborarik galdu gabe.

Landetan hasi ziren entseatzen eta segituan, hiru hilabeteren buruan, errepertorioa nahiko erraz atera zuten. Folk jaialdi eta kantaldi ugaritan parte hartzeko deitu zieten, gehienbat Espainiako Estatuko herrietatik eta Andorratik. Hala, Aragoin, Katalunian, Extremaduran eta Gaztelan aritu ziren, besteak beste, baina Gaskonian eta Euskal Herrian ez zuten apenas emanaldirik eskaini. Kontzertuetako harrera ona ikusirik, diskoa kaleratzea bururatu zitzaien eta lauzpabost hilabetetan lortu dute, grabazioak Landetan eta nahasketak Miarritzen eginez. Ezeizak kontatu digunez, gauzarik zailenetakoa biltzeko denbora topatzea izan da, partaideak Gipuzkoa, Bordele, Pau eta Landetan bizi direlako eta gainera beste hainbat proiektutan dabiltzalako. Hizkuntzarekin ere komeri ugari dituzte: normalean, frantsesez hitz egiten dute elkarren artean eta gaizki ulertuak ohikoak dira.

Akitania eta EAEren artean egindako lanek dituzten diru-laguntzez baliatu eta Pyrene izeneko zigilu propioa sortu dute Xargeneko kideek. Hala, autogestioaren bidea aukeratu dute diskoa egi bihurtzeko: «Hasiera batean polita da »dio Ezeizak», lana zure kabuz egiten duzu eta zu arduratzen zara denaz, baina banatzeko garaian zailagoa da». Izan ere, Euskal Herrian Zabaltzen enpresak banatzen du beraien diskoa, Espainia eta Ingalaterrarako beste bi banatzaile lortu dituzte; Frantzian, ordea, ez dago modurik. Hitzak frantsesez eta ingelesez ipintzeko eskatu diete, baina diskoan euskara eta gaskoia erabili dute eta ez dago gehiagorako lekurik. Jatorriarekin ere arazoren bat edo beste izan dute. Txantxetan, Made in Vasconia jarri dute diskoan, Vasconia baitzen erromatarren garaian Euskal Herria eta Gaskonia hartzen zituen lurraldea. Baina legez kanpokoa dela eta Made in Spain edo France jarri behar dutela esan diete.

Estilo berezia

Xarnegeren diskoan aurki daitekeen musika ez da komertziala. Egungo melodia errepikakorretatik urrun, berezko estilo originala lortu dute. Ezeizak argitu digunez, jotzen dutena folka dela esan daiteke, tradiziozko musika den aldetik, «baina ez dugu tradiziozko musika museo baten moduan bakarrik egiten». Tresna zaharrak dauzkate, batzuk Joan Baudoinek berak eginak, eta hainbat musika tresna elektrifikatu dute, pedalak, soinu efektuak eta halakoak integratuz. Moldaketa lana eta esperimentazioa handia da bilduman eta tresnei garrantzi handia ematen diete. Hala, kideak instrumentu ugari jotzeko gai direnez, musika tresna asko erabiltzen dituzte agertokian, tartekatuz. Soinu originalekin gauza berriak sortzea gustuko dute eta hots oso desberdinak uztartzen dituzte, baina oinarria biolina eta zarrabeteak dira eta perkusioari dagokionez, berriz, ttunttunak eta besson izeneko musika tresna. Txistuak ere garrantzi handia du.

Hitzak, aldiz, bigarren mailan geratu dira diskoan. Abesti gehienak instrumentalak dira eta hitzekin lau kanta aurki ditzakegu: bi euskaraz eta bi gaskoiz. Izan ere, komunean dugun folklorea hitzik gabekoa da, logikoki, hizkuntza desberdina baita. Gehienbat, dantzarako musika da batzuen eta besteen tradizioan berdin mantendu dena eta bilduma hau horren isla da. Dena den, euskara eta gaskoia nahastuta dituen kantarik ere aurkitu dute, eta erabili ez dituzten arren, hurrengo proiektuan hartuko dituztela adierazi du Ezeizak.

Denera, diskoak hamalau abesti ditu eta horietatik erdia baino gehiago bi herrietan agertzen dira. Aukeraketa egiteko garaian, hasieran nabarmenenak zirenak hartu zituzten, Baudoinen familiak eta Ezeizak eta Zarkok ezagutzen zituztenak, alegia. Hori agortu zitzaienean, esperimentuak egiten hasi ziren. «Bizkaiatik Landetara izeneko kantan, esaterako, Bizkaiko martxa bati boha, caremera eta beste hainbat musika tresna erantsi dizkiogu eta Landetako abesti batekin nahastu dugu», kontatu digu Ezeizak.

Kontrabandisten antzera

Hori guztia dela-eta, zaila da Xarnegeren musika estiloa zehaztea. Definizio modura, kontrabandoko musika egiten dutela diote taldekideek, «etengabe muga igarotzen ari baikara, tradizioa eta kultura alde batetik bestera barreiatuz». Hala, hitz joko horretatik atera zuten diskorako izenburua: Gaueko lan musika euskaraz eta Musica de contrabanda gaskoiz. Diskoan, gaiaren inguruko testua gaineratu dutela argitu digu Ezeizak, herriek ez dutela mugarik eta muga politikoak guk asmatzen ditugula defendatuz: «Pirinioak, esaterako, ez dira inoiz muga kulturala izan, justu kontrakoa; artzainak hor biltzen ziren eta komunikatzeko gaskoiek, euskaldunek eta aragoiarrek hizkuntza frankoa sortu zuten. Herri xarnegoak ere adibide dira: Euskal Herria eta Gaskoniaren artean daude eta ez dira ez guztiz euskaldunak, ez guztiz gaskoiak. Nahasketa horiek kontrabandoko ohituraren, kantuen kontrabandoaren baitan daude».

Eta abestien kontrabandoa bistakoa da Xarnegeren estreinako diskoan, baina beraiena ez dela mestizaia argi utzi du Joan Baudoinek behin baino gehiagotan: «Hau bidegurutzea da; bidegurutzean gelditzen zara, elkar banatzen duzu eta gero bakoitzak bere gauzekin jarraitzen du». Esperimentazioa da bilatzen dutena, ez dutelako folklore berririk asmatzeko asmorik, xarnegea existitzen da jada.

Proiektuak aurrera egin ahala, bi kulturek elkar banatzen dutena asko dela konturatzen joan dira taldekideak. Hemengo txirula eta ttunttuna, adibidez, gaskoiek berdin jotzen dituzte eta flabuta eta tamborin deitzen diete. Biarnon eta Landetan tipikoa den Sot dantza eta Ipar Euskal Herrian Jauzi izenez ezaguna dena ere dantza bera dira. Doinu asko errepikatzen dira, pauso antzekoekin eta izen eta hitz desberdinekin. Gehienbat, gertutasunagatik, Ipar Euskal Herrikoen dantzekin eta doinuekin zerikusi handiagoa du gaskoien musikak. Batik bat, gaskoiek erritmo bitarrak eta hirutarrak erabiltzen dituzte, mazurka eta baltseak tartean, dantzari maitasun handia diote eta ez dituzte gure amalgama erritmoak jorratzen; zortziko ezagunak, adibidez.

Kasu bitxiak daude, gainera. Zuberoan kantatzeko modu berezia dute, Euskal Herriko beste lekuekiko desberdina, eta Biarnon era horretara abesten dute. Izan ere, Zuberoako herri batzuetan auzo gaskoiak eta euskaldunak nahasten dira eta mugek zehaztasuna galtzen dute. Eskiula, esaterako, herri euskalduna da, baina Biarnon dago. Are gehiago, gaskoiek oso argi dute Baiona gaskoia dela eta ez euskalduna. Hizkuntza oso desberdina dute, herri erromanizatua delako eta latinetik datorren okzitanieraren familiako hizkuntza darabiltelako, baina euskaratik hartutako arrasto ugari geratu zaizkie. «Euskaldun erromanizatuak direla esaten diegu guk -dio Ezeizak- eta beraiek guri, berriz, gaskoi zibilizatu gabeak garela».

Gaskoien hizkuntzak eta kulturak indar handia izan zuen antzina. Merkatariak izan ziren eta eragin handiena Ipar Euskal Herrian utzi bazuten ere, Hegoaldean ere arrastoak aurki ditzakegu: Nafarroako Erresuman erregeak pribilegioak eskaini zizkien eta Gipuzkoan asko egon ziren. Hala, Donostian toponimia gaskoieko leku ugari daude: Urgull (harrotasuna), Aiete (pagadia), Miramon, Morlans, Ulia, Molinao (errota), Gasco abizena eta abar. Egun, ordea, hiru milioi biztanle izanik eta hiri garrantzitsu asko bertan egonda ere, beraien hizkuntza eta kultura gainbeheran dago.

Horregatik, aipagarriak dira Xarnegerena bezalako proiektuak. Gaskoien eta aragoiarren artean egindako beste disko bat badago, bi kulturek harreman handia izan dutelako. Euskaldunok, ordea, ez dugu beste kulturekin mestizatzeko hainbesteko ohiturarik. Taldeak irautea eta etorkizunean egitasmoarekin jarraitzea da Xarnegeren asmoa. Oraingoz, kontzertu ugari antolatu dituzte 2005. urterako. Belgikan, Portugalen eta Katalunian izango dira datozen hilabeteetan. Euskal Herrian jotzeko parada hartzen badute, beraien webgunean emango dute emanaldien berri.

Webgune aberasgarria
www.xarnege.com ez da musika taldeen ohiko webguneak bezalakoa. Taldearen, musikarien, musika tresnen, kontzertuen eta abarren inguruko informazio zehaztua eta diskoa erosteko aukera eskaintzeaz gain, gaskoiei eta beraien kulturari buruzko informazio dezente jaso dute bertan. Gaia jorratzen duten artikuluak eta testuak hartu eta lotura anitz ipini dituzte. Web orria taldeak berak kudeatzen eta berritzen du. Juan Ezeizak dio jende asko jarri ohi dela webgunearekin harremanetan, proiektuarekin harrituta daudelako, xarnege izanik beraien esperientzia pertsonala kontatu nahi dutelako edo informazioa eskaintzeko. Bitxikerien artean, XVIII. mendean ustezko sorgin baten auzian emakumeak esandakoak jaso dira: deabruak gaskoiz eta euskaraz hitz egin zuela zioen emakume hark. XIX. mendeko beste testu batean, Baionako Barrutiko Kontseiluko batzarkideak dio Pirinioetan dauden herri guztiak herri bera direla eta ezin dela hor mugarik jarri. Bi hizkuntzak nahasten dituen bertso bat ere irakur daiteke. Azken finean, Ezeizak esan digu asko dela Sarean Vasconiari buruz dagoen informazioa.

Musika tresna tradizionalak eta berritzaileak
Esperimentazioa da Xarnegeren ezaugarri nagusietakoa eta musika tresnei dagokienez ere euskaldunen eta gaskoien tresna tradizionalak uztartzen dituzte, efektuak eta soinu berriak lortuz. Joan Baudoinek tradiziozko tresna gaskoiak egin izan ditu. Are gehiago, musika tresna berriak asmatzera ausartu da semearekin eta ilobarekin batera. Ttunttuna oinarri hartuta, ttunttun bikoitza asmatu zuten, bi akorde beharrean lau erabili ahal izateko. Besson (bikiak) deitu zioten. Horretaz gain, hari tresna den zarrabetea, txistuaren antzekoa den flabuta, ttunttuna, alboka, klarineteen familiakoa den boha, ia desagertua zegoen caremera haize tresna, dultzainaren antzekoa den txanbela, biolina, mandolina eta bouzouki hari tresna erabiltzen dituzte beraien emanaldietan. Jakina, ez dituzte denak batera jotzen, baina hainbeste soinu desberdin izateak polifonia bitxiekin jolasteko aukera eskaintzen die taldekideei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude