Hausturaren aldapa arintzeko bidean

  • Banaketa eta dibortzio prozesuak geroz eta ohikoagoak diren garai hauetan, Espainiako Gobernuak 1981. urtean arautu zuen dibortzioaren legea eraberritzea erabaki du, tramitazioa arintzeko eta zaintza partekatua hobesteko xedearekin. Lege proiektuak Hego Euskal Herriari eragingo badio ere, hemen dibortziatzeko bitartekaritza familiarra alternatiba erabilienetakoa dela esan digute Aita eta Ama Bananduen Euskadiko Federazioan. Iaz, 2.171 haustura kasuz arduratu ziren eta emaitza onak lortu ohi dituzte. Gipuzkoa, esaterako, dibortziatzeko garaian prozesu gatazkatsu gutxien dituena da Espainiako estatuan. Baikor agertu dira bananduen elkarteak Madrilgo Gobernuak lehenengoz bitartekaritza familiarra arautuko duelako eta legea pixkanaka gizartearen errealitatera egokitzen ari delako.

2005eko apirilaren 10an

Zapateroren gobernuak Espainiako dibortzio prozesua laburtu eta erraztu behar zela erabaki zuen boterera igo eta hilabete gutxira. Hala, behin-betiko legea atera arte oraindik hilabete batzuk falta badira ere, Estatuko Ministroen Kontseiluak dibortzioaren legea eraberritzeko proiektua joan den urteko azaroan onartu zuen. Egitasmoak hiru helburu nagusi ditu: prozesua arintzea, kostuak murriztea eta seme-alaben zaintzan gurasoen ardura partekatzea. Horretarako idatzi duten testuan, ordea, hutsuneren bat edo beste ikusi dute guraso bananduen elkarteek. Hala azaldu digu Kidetza Euskadiko Ama eta Aita Bananduen Federazioko presidente Justo Saenzek. Bere hitzetan, hein handi batean politikariek dibortzioen errealitatea ondo ezagutzen ez dutelako gertatu da hori. Puntu nagusiak aztertuz, ekimenaren alde on eta txarrak argitu dizkigu Saenzek.

Tramitazioa arintzeko ahaleginak

Prozesuaren epeak arintzea da proiektuaren xede garrantzitsuenetakoa. Dibortziatu ahal izateko, ezkonduta hiru hilabete eramatearekin nahikoa izango da, gaur egun finkatua dagoen urtebeteko epea murriztuz. Gainera, lege berriarekin senar-emazteek ez dute orain arte bezala dibortziatu aurretik banatu beharrik izango, baina jada gizartean ematen ari den errealitatea da hori. Urtebete elkarbizitzarik gabe daramatela esanez zuzenean dibortzioa tramitatzera igaro diren bikoteak ugari dira eta hortaz, legeak errealitate hori jaso baino ez du egin.

Bestalde, alderdien arteko akordioa dagoen kasuetan prozesuak zortzi-bederatzi hilabete iraun ditzake eta akordiorik ez dagoenetan hamabi-hamalau inguru. Hori ikusita, epaiketa azkartzeko epeak ipini nahi ditu legeak. Hala ere, Saenzek dio epaileari mota guztietako gaien txostenak iristen zaizkiola eta epeak jarriagatik erregistroan tokatzen zaion arte ez duela hartuko dibortzioari dagokion kasua. Izan ere, ez dago soilik gai horietan jardungo den eta beraz horiei lehentasuna emango dien famili epaile nahikorik. Kidetzako presidentearen esanetan, oso famili epaile gutxi daude, gehienek ez dute prestakuntza espezializaturik. Federazioaren eskarietako bat 40.000 biztanleko edo gehiagoko herri bakoitzean famili epaitegia eratzea da. Epailearen lana azkartzeko kasu bakoitza aztertuko duten talde psikosozialen laguntza ere beharrezko ikusten dute Kidetzan, epailearen lana errazteaz gain erabaki egokiagoak hartzeko tresna izango baitira.

Zergatiei dagokienez, lege berriarekin ez da dibortziatzeko argudiorik eman beharko, aski izango da bikotekideetako batek dibortziatu nahi izatea, eta horrek bidea erraztuko du. Dena den, urrats handiegia ez dela diote bananduen elkarteetatik, gaur egun edozein aitzakia argudiatzea nahikoa baita dibortzioa eskatzeko. Kidetzako presidenteak kontatu digunez, bikote asko konturatu da maitasuna bukatu izana bezalako aitzakiak orokorrean errentagarriagoak direla benetako zergatiak arrazoitzea baino, azken horiek alderdien arteko gatazka gogortu eta epaiketa luzatzen dutelako. Gainera, frogak behar direnez, gastuak ere asko handitzen dira.

Zaintza partekatua

Gurasoek seme-alaben zaintza partekatzeko aukerari atea zabaltzen dio testu berriak. Egun, banatzerakoan, legeak dio haurren zaintza »norekin biziko den» amari emango zaiola eta guraso-agintea »hezkuntza eta abarren inguruko erabakiak», berriz, biei, elkarren arteko akordioa dagoenean. Baina bananduen elkarteak kexu dira, arau horrek guraso-agintea eginezin bihurtzen baitu. Esaterako, haurra eskolaz aldatu behar bada edo gurasoetako batek hiriz aldatu behar badu, amak du haurrarekin zer egin erabakitzeko benetako indarra. Umeak amarekin du elkarbizitza eta aita hamabost egunean behin ikusteak berarekin duen harremana galtzen joatea edo desagertzea eragin ohi du. Saenzek dio egoera horrek adingabekoaren manipulazioa ere ahalbidetzen duela, gurasoen artean gatazka egonez gero haurra presio modura darabiltelako zenbaitetan. Egoera horietan guztietan, kaltetuena haurra da eta bere garapenean ondorio txarrak izan ditzake.

Horregatik, aurrerapauso handia dirudi arauak elkarren arteko akordioa dagoenean zaintza partekatua ahalbidetzea, honek agintearen benetako partekatzea ere ekarriko bailuke. Azken finean, amak umea zaintzen duen bitartean aitak etxera dirua ekartzen duen eredua matxista eta atzerakoia da. Iaz, adibidez, Euskal Herrian batez ere 25etik 36 urtera arteko bikoteak banatu ziren eta, kasu gehienetan, biek egiten zuten lan eta biek hartzen zuten parte haurraren zaintzan. «Banatzean zaintza amari emanez gero, hau ezingo da egun osoz haurraz arduratu eta gainera ordura arte konprometituta egon den aita haurrarengandik baztertzen duzu», dio Saenzek. Gehiengoa zaintza partekatzeko erabakiaren alde agertu da.

Artikulu hau bideragarri egiteko bi tresna gaineratzea ezinbestekoa dela uste dute Kidetzan. Batetik, gurasoen arteko plan edo hitzarmen zehaztua egitea oso garrantzitsua dela dio Saenzek. Izan ere, hasieran bien arteko akordioa egon badaiteke ere, dena ondo lotuta uztea beharrezkoa da, etorkizunean arazorik edo zalantzarik balego hitzarmenera jo ahal izateko. Gurasoen arteko plan zehaztuak bultzatzen ez badira, etorkizunean bisita erregimenen, haurrari buruzko erabakien eta pentsioen inguruan benetako buruhausteak sor daitezkeela aurreikusten du Kidetzako presidenteak. Plan zehaztu horiek epaiketetan bilatu beharrean, gurasoek beraiek erabakitzea komeni da eta horretarako bitartekari familiarra da bigarren nahitaezko tresna. Elkarteek aurkeztutako zuzenketei eta egindako presioari esker, urtebetean bitartekaritzaren legea aterako duela ziurtatu berri du Gobernuak. Hala, aurrerantzean bikoteak bere etorkizunerako plana egin dezan beharrezko informazioa eta laguntza eskuratu ahal izango die bitartekari familiarrak, zaintza partekatua ez baita %50ean banatutako zaintza, lanaren, etxebizitzaren eta egoeraren arabera kasu bakoitzean hoberena den zaintza baizik.

Hori dena elkarren arteko akordioa dagoenean eman daiteke. Baina aldeen artean gatazka nagusi denean, legeak zaintza partekatua salbuespen gisa baino ez du onartzen eta erabakia epailearen esku uzten du guztiz. Halakoetan, Iparraldean eta orokorrean Frantzia osoan gertatzen ez den bezala, Espainiako kasu gehien-gehienetan eta Hego Euskal Herriko denetan epaileak ez du inoiz zaintza partekatuaren alde egin. Epaileek diote presioa jasaten dutela, gurasoen arteko gatazka dagoenean zaintza partekatuaren alde egin ondoren zerbait txarra suertatzen bada, erabakia oso kritikatua izango delako. Konponbide gisa, gatazka egoeretan haurraren zaintza zuzenean amari eman beharrean erabaki egokiena hartzeko, epaileari irizpide objektiboak eskura jarri behar zaizkiola aldarrikatu dute bananduen elkarteek. Besteak beste, adingabekoaren iritzia entzutea (iritzia emateko gauza denean), banatu aurretik gurasoek haurrarekin zuten harremana aztertzea, haurrarekin duten ardura ikustea eta haurraren eskubideak errespetatzen dituzten ikertzea. Frantzian, esaterako, azken puntu horrek garrantzia handia dauka eta gurasoetako batek adingabekoak beste aldearekin duen harremana oztopatzen badu, gogor zigortzen da. Irizpide horiek guztiak jasotzeko, adituen eta gizarte langileen partehartzea eskatzen dute bananduen elkarteek. Egun, epaitegietan kasu guztiez arduratzeko eta ebaluaketa psikologikoak egiteko teknikari psikosozial bakarra egon ohi da eta informazio horrekin epaileak erabakia saio bakarrean hartzen du. Saenzen iritziz, hori ez da nahikoa. Iparraldean egiten den bezala, epaileak gatazka ikusten badu, kasua bitartekaritza familiarrera bidali ahal izatea eskatu diote bananduen elkarteek Espainiako Gobernuari, leku horietan halako arazoak bideratzeko prestatuagoak baitaude.

Pentsioen ardura

Ekonomiaren inguruko artikuluei dagokienez, Kidetzako presidenteak elikadura-pentsioen gaur egungo politika ez dela errealitatera egokitzen esan digu. Epaileak zuzenean zaintza ez duenaren -normalean aitaren- irabazien %25 ezartzen du haurrarentzako pentsio gisa, egoera bakoitza kontuan hartu gabe eta seme-alabarentzat kopuru hori nahikoa izango den ikusi gabe. Kasu partikularretara egokitu beharrean, ez dira haurraren beharrak aztertzen, ezta alde bakoitzaren ekarpen ekonomikoa eta etxebizitzaren erabilera ere. Lanean ez dagoenean haurraren zaintzaileari »normalean amari» gizonezkoak eman behar dion konpentsazio- pentsioekin ere ez daude batere ados. Saenzen ustez, kopuru hori Estatuak eman beharko luke, beste hainbat herrialdetan egiten den moduan. Gobernuak, ordea, ez du ardura bere gain hartzen. Gainera, soldata horiek «kopuru ziztrinak» direla dio, hileko 120-180 euro artekoak. «Gizartea aldatu egin da eta emakume bati halako konpentsazio-pentsioa pasatzea bere duintasuna zapaltzea da -dio Saenzek-; emakume horri lanerako prestakuntza egokia eskaini behar zaio».

Dena den, pentsioen inguruko berri on bat jaso dute EAEko guraso bananduek. Martxoan, Eusko Legebiltzarrak elikadura-pentsioak jasotzen ez diren kasuetan kaltetuei ordaintzeko gizarte-fondoa eratzea onartu berri du eta erabakia datorren legegintzaldian jarriko dute martxan. Nahi ez duelako, ezin duelako edo desagertu delako aldeetako batek seme-alabari dagokion pentsioa ordaintzen ez badio, Jaurlaritzak diru hori aurreratuko du eta ondoren kopurua berreskuratzen saiatuko da. Horregatik, Madrilgo lege proiektuari egindako zuzenketei esker Gobernuak onartu nahi duen elikadura-pentsioen fondoak ez du EAEn eragin berezirik izango.

Aipatu puntuak dira proiektuaren aldaketa garrantzitsuenak eta bananduen elkarteen eskari nagusiak, baina dibortzioaren legea hobetzeko oraindik neurri gehiagoren beharra ikusten dute. Hala, familia epaitegiak sortzea, epaileak prestatzea eta espezializatzea, talde psikosozialak eta familien topaketarako zentroak eratzea, dibortziatuta daudenei etxebizitzak alokairuan lortzeko aukera erraztea eta batez ere epaitegietan gatazka saihesteko aurretik bikotea bitartekaritza familiarrera bidaltzea eskatu dute, besteak beste.

Parlamentutik senatura

Aurreko eskari guztiak bilduz, Kidetza eta Espainiako gainontzeko bananduen elkarteak biltzen dituen Espainiako Konfederazioak denera hamar bat zuzenketa aurkeztu dizkio testuari. Konfederazioaren eta alderdien proposamenak aztertu ostean, lehengo astean Justizia Batzordeak proiektuari gaineratutako zuzenketak jakitera eman zituen. Federazioan baikor agertu dira, alderdi gehienen artean adostasuna egon dela eta PP ezik gainontzekoak zuzenketa dezente onartzeko prest egon direla ikusi baitute. Akordiorik ez dagoenean zaintza partekatuaren aldeko apusturik ez dela egiten kritikatu badute ere, bananduen elkarteak pozik agertu dira, adibidez, azkenean bitartekaritza aintzat hartuko eta arautuko delako. Ziurrenik, idatzia hil honen bukaeran onartuko du Kongresuak eta senatura bidaliko dute. Han, alderdien korrelazioa parlamentuarekiko desberdina izanik (senatuan PPk du gehiengoa), zuzenketa gehiago aurkeztu ditzakete eta proiektua lege bihurtzeko prozesua luzatu daiteke. Gobernu taldearen asmoak betetzen badira, ordea, lege aldaketa ekainean prest egongo da eta uztailean martxan ipiniko dute.

Nolanahi ere, gai honetan gizartea eta bereziki euskal gizartea legearen aurretik doala argi dago. «Gipuzkoan, adibidez, 2004. urtera arte ez zegoen zaintza partekaturik eta kasuak atera dira; oraindik ez dago bitartekaritza legerik, eta EAEn 63 kasu izan ditugu», dio Saenzek. Beraiekin biltzean, politikariak gizartetik urrun daudela konturatu dira elkarteko kideak. Saenzen arabera, parlamentariek ez zuten argi zaintza partekatua zer zen eta Justizia sailean goi mailako postuak dituztenek bitartekaritza familiarra abokatuek egiten duten lana dela uste zuten. Bitartekaritza familiarra oinarrizko zerbitzua da hainbat herrialdetan, baina Espainian ez dago legeztatua. Tartean dauden interesei eta ezagutza faltari egotzi diete errua federazioko lagunek. Hala ere, Nafarroan ezik Hego Euskal Herrian bitartekaritza familiarraren jarduera handia da dagoeneko.

Bitartekaritza familiarraren garrantzia

Agipase, Kidetza Federazioaren baitan dagoen Gipuzkoako elkartea da eta bertan bitartekaritza familiarra lantzen dute. Zerbitzua abokatu batek eta psikologo batek eskaintzen dute. Bitartekaritza bakarrik egiten duenik bada, baina Agipasen ezinbestekoa iruditzen zaie dibortziatzerakoan aztertu behar diren esparru guztiak kontrolatzeko bi ikuspuntuak jasotzea eta batak bestea orekatzea. Lankideek, beraien titulazioaz gain, gradu-ondokoa dute bitartekaritzan, Europako hitzarmenen bidez. Beraien egitekoa, laburbilduz, banatu nahi duen bikoteari, jarrera neutralarekin, dauden alternatiba guztiak erakustea da. Puntu guztiak aztertzen dira, hiru esparrutan oinarrituz: ekonomikoa, emozionala eta laborala. Askok bitartekaritza terapiarekin parekatzen du eta ez da hala, ez da alde psikologikoa bakarrik jorratzen. Helburua bikoteak berak egokien datorkion etorkizunerako plana burutzea da, haurrak, lanak eta aukera guztiak kontuan hartuz. Beraiek erabakitakoa bitartekaritza akordioan idatziko da eta akordio hori ondoren haustura hitzarmenak jasoko du, epaitegietan aurkezteko. Autonomiaren printzipioa jarraitzea da xedea: bakoitzak bere bizia antola dezala, epaile batek arautu beharrik gabe. Azken finean, gatazka aurretik ekiditea oinarrizkoa iruditzen zaie elkarteko langileei, kostu ekonomiko eta psikologikoak ahalik eta txikienak izan daitezen. Adibidez, Gipuzkoan bitartekaritza familiarraren erabilera oso altua da eta horri esker, Espainian Gipuzkoa da dibortziatzerakoan prozesu gatazkatsu gutxien dituena. Bertan, elkarren arteko akordioak %78-79koak dira.

Mariaje Ruedak eta Isabel Gilek hiru urte daramatzate Agipasen bitartekari lanetan. Lehenengoa psikologoa da eta bigarrena, berriz, abokatua, nahiz eta bikotearen aurrean ez zaien gustatzenzein den zein argitzea. Beraiek kontatu digutenez, gaur egun banatzeko hiru bide aukera daitezke: bitartekaritza, elkarren arteko akordioa abokatuarekin eta auzien bidea. Agipasera hurbiltzen badira, gizarte-langileak egokien datorkion zerbitzua eskainiko dio bikoteari, batzutan terapiak arazoa konpondu dezakeelako, zuzenean dibortziora jo gabe. Bitartekaritza bideragarria dela erabakitzen bada, aldeen borondatea ezinbestekoa izango da akordioaren bidean lanari ekiteko. Ondoren, etorkizunerako plana zehatz-mehatz aztertu eta adostea izango da egitekoa, gastuak, seme-alaben bilakaera, haurren gaineko konpromisoa, bisita erregimenak, elikadura-pentsioa, irabazpidezko ondasunen likidazioa eta beste hamaika gai kontuan hartuz. «Beharrezkoa da urrats guztiak lantzea »dio Mariaje Ruedak», erabaki baten atzean (dirua ez pasatzea, esaterako) aurretik ondo konpondu gabeko punturen bat (bisita erregimenak) egon daitekeelako».

Dibortziatzeko asmoz iristen zaizkien bikote gehienek 25 eta 40 urte artean dituzte eta bigarren multzorik handiena 45 eta 62 urte artekoa da. Fideltasun eza, komunikazio falta eta desamodioa dira, hurrenez hurren, arrazoi nagusiak. Ruedak eta Gilek diote denetik aurki daitekeela eta bikotearen adinak ez duela zerikusirik izan dezaketen familia ereduarekin. Zailtasun gehien ematen duen esparrua ekonomikoa da, bereziki elikadura-pentsioari dagokiona. «Banantzeak galera ekonomikoa dakar eta maila ekonomikoz jaistea ez zaigu inori gustatzen», dio Isabel Gilek. Batzutan, gizonak elikadura-pentsioa emakumearen kontrako mendeku gisa erabiltzen du, oso gizarteratua dagoen gauza da, «eta ez dute ulertzen horrekin haurrari egiten zaiola min». Kasu gehienetan, bitartekaritza guztiz bideragarria da, baina hogeita hamar bikotetik batekin-edo ezinezkoa gertatzen da. Hainbatetan, zerbitzua elkarrekin jarraitzeko modu bezala erabiltzen dute, prozesua asko luzatuz. Bestetan, oso egoskorrak dira beraien eskariekin edo gatazka handiegia da eta konponbide bakarra auzien bidea hartzea da. «Noizbait gertatu zaigu bitartekaritza hasi eta gelditu behar izatea aldeetako batek depresioa edo anorexia bezalako gaixotasunen bat duelako. Biak baldintza berdinetan ez daudenean ez da bitartekaritzarik egiten», azaldu digu Gilek.

Azken batean, dibortzio prozesua epaitegien giro hotzetik atera eta une gogor horietan laguntza eskaintzen die bitartekaritzak bikoteei. Haustura psikologikoki oso gogorra dela dio Ruedak, «beldurra, ezjakintasuna, tristezia, galera sentimenduak» azaleratzen baitira. Gizon askok, adibidez, segituan harreman berria hasten du, une horiek bakarrik ez igarotzeko. Emakume ugarik, berriz, haurrarengan aurkitzen du sostengua, «eta hori ez da ona; gurasoen rola hartzen duten umeak daude».

Gilek eta Ruedak argi dute bitartekaritza edozein gatazka egoeretarako bide egokia dela eta eskoletan, hirugarren adinean, nerabeen harremanetan, lan arloan, bizilagunen artean... ere garatu beharko litzatekeela. Oraindik jarduera nahiko ezezaguna da, ordea. Dudarik gabe, proiektuak aurreikusten duen bezala urtebete barru bitartekaritzaren legea ateraz gero, gauzak asko erraztuko zaizkie espezialitate honetako langileei, baina zergatik ez dute lehenago arautu? «Interes eta diru kontua da »dio Gilek» eta abokatu taldeak, esaterako, gure aurkako presioa egiten du. Ez du gure lana ondo ikusten, mehatxutzat gaitu, baina gurea lan osagarria da, abokatuek gustuko ez duten zatia egiten dugu eta hemengo erabakiak ondoren auzietara bideratzen dira. Gainera, beraiek egiten dutena gauza bera dela diote eta ez da hala, elkarren arteko akordioa eta bitartekaritza familiarra desberdinak dira». Politikariek gai bat aintzat hartzea askotan moda kontua dela ere argi dute: «Gizarte gaietan hala izan ohi da: duela urte batzuk HIESa zen garrantzitsuena, orain tratu txarrak... Saltzen duenaren alde egiten dute».

Hala ere, ezin daiteke ukatu lege proiektua aurrerapausoa ez denik banatu nahi duten bikoteentzat. Hori bai, lege arloan, dibortzioaren prozesu desatsegina hobetzeko asko dago egiteke dago oraindik, zaintza partekatuari dagokionez batik bat, eta bidea errazteko ahaleginetan jarraituko dute bananduen elkarteetatik.

Haurrak norentzat?
Aldeen artean gatazka dagoenean, Espainiako kasu gehien-gehienetan eta Hego Euskal Herriko denetan epaileak ez du inoiz zaintza partekatuaren alde egin. Epaileek diote presioa jasaten dutela, gurasoen arteko gatazka dagoenean zaintza partekatuaren alde egin ondoren zerbait txarra suertatzen bada, erabakia oso kritikatua izango delako.

Ohiko kasuak
Bitartekaritzara dibortziatzeko asmoz iristen zaizkien bikote gehienek 25 eta 40 urte artean dituzte eta bigarren multzorik handiena 45 eta 62 urte artekoa da. Fideltasun eza, komunikazio falta eta desamodioa dira, hurrenez hurren, arrazoi nagusiak. Bikotearen adinak ez du zerikusirik izan dezaketen familia ereduarekin.

Dibortzioa Iparraldean, Europan eta munduan
Ipar Euskal Herrian hobeak dira dibortziatzeko orduan legeak eskaintzen dituen baliabideak. Hala diote Kidetzako langileek. Hain zuzen ere, Frantzia aitzindari izan zen Europa osoan zaintza partekatuaren alde egiten, 2002an onartutako legearen bidez. Lege horrek zaintzaren kontzeptua desagerrarazi eta guraso-aginte partekatua finkatu zuen. Aldeen arteko desadostasuna dagoenean ere, zaintza partekatua arautzen du epaileak eta gatazka egoeretan kasua bitartekaritzara bideratzen du. Gainera, Espainiako Estatuan ez bezala, Frantziako Gobernuak hilean 900 eta 960 euro arteko konpentsazio-pentsioak ematen ditu.
Europan ere, bitartekaritza bezalako prebentzio zerbitzuen eta zaintza partekatuaren aldeko joera geroz eta nabarmenagoa da. Europako Batasuneko Familiaren ministro-ordeak adierazi duenez, familiarekin zerikusia duten gaiak estatuetan batzera joko dute eta Kidetzan espero dute Espainiak ere eredu hori jarraitzea. Europatik at, Ameriketako herrialdeetan orokorrean dibortziatzeko bitartekaritza erabiltzea ohikoa da. Hona, handik iritsi zaigu zerbitzua. Bereziki Hego Ameriketan bitartekaritzaren garrantzia nahiko barneratua dute eta Argentinan, esaterako, psikologoen erreinuan, bitartekaritza institutuak oso garatuak daude.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gilen Konkistatzailearen oinordeko aberatsak

Hastings (Ingalaterra), 1066. Gilen I.a Normandiako dukearen gudarosteak Harold II.a erregearen tropak mendean hartu zituen, eta tronua eskuratu zuen. Gilen I.a Konkistatzailea 1087 urtera bitartean izan zen errege.

Normandiarren konkistaren ondorengo erregealdi horretan,... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Eguneraketa berriak daude