Pasioari leku egin nahian


2005eko martxoaren 13an
Musika gogoko duen lagun taldea osatu, bizilagunak gehiegi gogaituko ez dituen txokoa bilatu eta bertan entseatzen orduak eta orduak ematea. Horiek dira musika talde handienek ere beren garaian izan zituzten hastapenak eta formula ez da aldatu, baina zailtasunak ugari dira oraindik. Gainera, hasierako uneak gogorrenak direla diote taldeek; hortik aurrera, oztopoak gainditzen ikasten dute.
Jotzeko lokala topatzea, esaterako, ez da erraza, talde asko baitago eta alokatzen dituzten lekuak gazteen poltsikorako oso garestiak izan ohi dira. Horregatik, herri askotan lokal merkeagoak aldarrikatzeko mobilizatu dira azken urteotan. Irunen, adibidez, iaz lortu zuten Udalak Tunk aretoak alokatzea eta honek hiriko musika taldeei merkeago uztea. Lehen, Tunkeko bost aretoetako bat hogei orduz erabiltzeagatik 96 euro ordaindu behar zen, orain taldeek 60 eurogatik bi hilabetez alokatzen dituzte gelak. Mota horretako lokalek entseatzeko behar den azpiegitura prest dute jada eta ekimen horiei esker gazteek aurrezten duten dirua garrantzitsua da zaletasun honekin aurrera jarraitu ahal izateko.

Maila oneko ekipoa eta musika tresnak lortzea ere oztopo handia da, garestiak baitira. Gainera, askok kontzertuak eskaintzeko zailtasunak dituzte. Areto txukunetan talde ezagunak baino ez dituztela nahi diote hasiberriek eta ezagutzera emateko traba da hori. Tabernetan eta gaztetxeetan oinarritutako zirkuitu alternatiboak badaude, baina hor ere kontaktuak behar direla kexatu zaizkigu batzuk: «Jada ezin da maketa eraman eta jo al daitekeen eskatu, ezin da gehiegi antolatu gabeko kontzerturik eman», dio Irungo Bort taldeko Alvarok. Izan ere, lehia handia da, talde asko dago eta bakoitzak bere lekua egin behar du. Sekretua musikarako grina handia izatea da, ez nekatzeko eta eragozpenen aurrean ez etsitzeko. Mikel Martikorenak musikan aritzeko lokalak alokatzen ditu Iruñeko Artsaia aretoetan. Bere esanetan, egoera «ez dago ez lehen baino hobeto, ez okerrago. Zaila dago, beti bezala. Azpiegiturak hobeak dira, baina lehia handiagoa da. Batzuetan badirudi taldeek ez dutela benetan beraiengan sinesten eta hori beharrezkoa da aurrera egiteko».

Joana Etxebarria kultura librearen aldeko Gaztesarea mugimenduko kide da. Badaki panorama ez dela samurra baina egoerari aurre egiteko hainbat baldintza baikor gizarteratzen ari dela uste du. «Aldaketa oraindik ez da eman baina bidean gaude: gaztetxe eta gazte mugimendua inoiz baino indartsuago dago eta kultura librearen aldeko eztabaida polita sortu da. Lokalen falta, pirateria, copyleft-a bezalako gaiak azaleratzen ari dira eta hori ona da Euskal Herriko gazteen artean kultura libre eta alternatiboa sustatzeko».

Taldeak ezagutarazteko gida

Hala, Gaztesareak iaz Musikagida izeneko proiektua abiatu zuen. «Euskal Herrian badago kontzertu zirkuitu alternatiboa, espazioak badaude, baina horien arteko antolaketa falta da eta potentzial hori guztia bideratzea bururatu zitzaigun», kontatu digu Etxebarriak. Musikagida 250 talde ezezagun biltzen dituen argitalpena da, beraien datuekin eta harremanetarako kontaktuekin. Herri komunikabideen eta gaztetxe eta areto ugariren kontaktuak ere gaineratu dituzte, denen arteko harremanak bultzatzeko asmoz. Halako tresna altxorra izan daiteke euren lana ezagutarazi nahi dutenentzat. Etxebarriak esan digunez, emanaldiak antolatzeko hainbatek jada erabili du. Orain, gida digitalizatzea izango da hurrengo erronka. Nahi duen taldeak bere datuak Internet bidez gaineratu ahal izango ditu eta etengabeko berrikuntzaren aldeko apustua egingo dute. Talde hasiberriekin Entsegu lokala izeneko diskoa ere kaleratu dute Gaztesareako kideek. Gainera, bai Gaztesarearen eta bai Entzun aldizkariaren Interneteko atarian, talde gazteek edo maketeroek beraien abestiak erakusteko txokoa dute.

Iruñeko Artsaia areto ezagunak ere asko erraztu die bidea gazteei. Talde amateurrek bertako instalazio eta ekipamendu musikalak asteko zazpi egunetan egunero 12 orduz zabalik dituzte aloka ditzaten. Ekimena duela hamar urte jaio zen eta negozio pribatua da, baina bokazio publikoa duela esan digu Mikel Martikorena jabeetako batek, erakunde publikoetatik eskaini beharko litzatekeen zerbitzua dela baitio. Artsaiako presioari esker, Foru Erkidegoko Gobernuak talde nafarrei diru-laguntzak ematea ahalbidetu zen. Gainera, bere aretoak erabiltzeagatik Iruñeko Udalak hiriburuko taldeak ekonomikoki laguntzea ere lortu zuen. Hala, musikara gerturatu nahi duten gazteek diru-kopuru ez oso handiaren truke entseatu dezakete. Artsaiak balio erantsiak eskaintzen ditu: kontzertuak antolatzen dituzte, aretoei buruzko datu basea eta Musika Modernoko Eskola dauzkate; halaber, abestiak erregistratzeko aholkularitza juridikoa eta maketak grabatzeko laguntza ematen dute. «Oinarrizko zerbitzuekin laguntzen diegu -dio Martikorenak- baina garrantzitsuena taldeen artean sortzen diren harremanak dira. Hemen musika giroa da nagusi eta ez dago bakoitza bere kasa, mugimendu handia dago».

Elkarteetan bilduta

Halako ekimenak lagungarriak badira ere, ahalegin handiena taldeek beraiek egin behar dute eta hori zaleek badakite. Horregatik, herri edo zonaldeka antolatu eta aldarrikapenak bateratzeko elkarteak sortzea ohiko bihurtu da. Algortako elkarteak autogestioa bultzatu du eta Gernikako Non dago Iparragirreren gitarra? kolektiboak entseatzeko lokalak eta aretoak eskatzeko egindako lana ezaguna da. Errenteriako Musika Taldeen Elkarteak duela hamalau urte lortu zituen lokalak, herriko haurtzaindegi bat libre zegoela ikusi eta Udalari erabiltzeko baimena eskatuta. 18 taldek dihardute bertan eta talde bakoitzak hilean 60 euroko kuota ordaintzen du azpiegiturak mantentzeko. Aurten, musikariek kontaktuak bila ditzaten lokaletan Internet zerbitzua ipini dutela argitu digu elkarteko presidente Txema Marinek. Gainera, elkartearen ekimenez bertakoek urtean bitan leku itxuroso batean jotzeko aukera dute eta jaietako emanaldietan ere herriko taldeak eta musikari ezagunak tartekatzen dituzte. «Festetan, egunero gutxienez euskarazko talde bat egon dadin saiatzen gara, euskaraz abesten duten taldeei aukera emateko -dio Marinek-. Gainontzeko emanaldiak talde bakoitzak bere kabuz bilatu behar ditu; zirkuitu alternatiboak badaude, baina panorama zaila dago». Etorkizunera begira, elkartea Udalarekin harremanetan dago Oarsoaldea bailarako maketa lehiaketa antolatzeko.

Hondarribiko taldeek ere beraien kabuz bilatu dituzte irtenbideak. Herriko Psilocybe elkartea duela hamaika urte jaio zen, bertako taldeentzat lokalak eskatzeko xedearekin. Hiru gela lortu zituzten Psilocybe Enea deituriko eraikuntzan eta egun hamar-hamabi taldek entseatzen dute hor. Orain, eraikuntzaren beste zatia areto bihurtu nahi dute, emanaldiak eskaintzeko. Elkarteko kide Mikel Ugarteren hitzetan, «guretzat kontzertua antolatzea mugida handia da; kanpoan egin dezakegu soilik, estalkia behar da, generadoreak, eskenatokia..., eta gastu handia da. Beraz, arriskatzen gara, ez badugu jendea emanaldietara erakartzen, diru asko gal dezakegulako». Orain arte zortea izan dute, kontzertuetara jende dezente joan da eta aretoaren aldeko sinadurak bildu dituzte. Horri esker, Udalarekin dituzten bilerak bide onetik doaz eta eraikuntzaren beste zatian sartzeko eskubidea apirilerako lor dezakete. Gainera, iazko hamargarren urtemugako ospakizunekin DVDa, diskoa eta bideoklipa kaleratu ditu Psilocybek. Tolosako Bonberenea gaztetxeak ere zonaldeko musikarien diskoa kaleratua du, Euskal Herriko beste hainbat elkarte egiten ari den bezala. Halaber, Bilboko DDT disko argitaratzaile eta banatzaile kolektiboak, adibidez, 15 urte daramatza autogestioaren aldeko lanean. Beraien artean harremanak mantentzen saiatzen dira, ideiak elkarbanatzeko, kontzertuak eskaintzeko, antolatzeko. Izan ere, «Euskal Herriak sare serioa behar du musikan, Arabako azken herritik Hondarribiraino. Bestela, gurea bezalako elkarteak eta taldeak ez dira argira aterako», dio Ugartek.

Denentzako lekua

Mugimendua eta lanerako gogoa behintzat ez da falta. Azken finean, autogestioa da geroz eta talde gehiagok aukeratu duten bidea. Teknologia berriek asko erraztu diete lana beren kabuz diskoa sortu, ordaindu eta kudeatu nahi dutenei eta egungo baldintza ekonomikoek ere horretarako ateak ireki dituzte. Hori bai, horrek guztiak geroz eta maketa eta talde gehiago ahalbidetu ditu. Hala ere, denentzako lekua badagoela uste du Joana Etxeberriak, eta egungo merkatuaren legeak kanpoan uzten dituenei tokia egin behar zaiela. «Gauza asko sortzen da -dio- baina eztabaidaren muina da nola gizarteratu behar diren sortutako gauza horiek, eta ez besterik gabe sortzea. Antolatzea, hori da gakoa».

Mikel Ugarteren iritziz, jendea utzikeriak jota dago. Dauden baliabideak ez dira aprobetxatzen eta taldeek zer edo zer grabatzen dute baina ez baditu diskoetxeren batek hartzen, paso egiten dute. «Diskoetxeek egoera txarra dela diote, baina beraiek berdina kobratzen jarraitzen dute: ez dute aurrerapausorik emango eta beraz alternatiba autogestioa da, gure esku dago pauso hori ematea». Horregatik, Psilocybek Psylocybina izeneko zigilu propioa eta alternatiboa sortu berri du. Ugartek azaldu digu taldeei hastapenetan laguntzea dutela xede, baina hortik aurrerako lana beraien esku uzten dutela. «Ez da zigilua guztiz, ez dugu zigilu baten menpe egoterik nahi, taldekideak lanean inplikatzea eta mugitzea bilatzen dugu».

Dudarik gabe, musikaren merkatu komertzialetik at bizi diren doinu eta erritmoak areagotzen ari dira. Gehienek ez dute arrakasta edo Grammy saria buruan, aisialdia musikari eskaintzea eta jendaurrean jotzea nahikoa dute eta horretarako antolatzen eta beren kabuz bidea egiten ari dira. Pixkanaka, talde txikien lekua geroz eta handiagoa da.

Ametsaren atzetik
Amets baten bidez bizirik mantentzeko modua da, sortzeko eta adierazteko era, errealitatetik ihes egin eta gozatzeko aukera. Musika jotzea zaletasun dutenen hitzak dira. Gehienentzat musika beharra da eta denbora dezente ematen dute entseatzen, gustura egiten dutelako. Mikel eta bere lagunek 1999an sortu zuten Sei talde nafarra. Euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta alemanez abesten dute eta 2001ean igo ziren lehenengoz taula gainera. Mikelen iritziz, «onena entzuleak konturatu gabe zure musikarekin mugitzen direla ikustea da, sortu duzunaren bidez jendearekin komunikatu ahal izatea». Txemak denbora gehiago darama musikaren munduan. 1982an, berak bezala rocka maite zuten hainbat lagunekin bildu, gurasoen diruarekin lehenengo ekipoa erosi eta ametsa egi bihurtzeari ekin zioten. Egun oraindik hard rock gogorra egiten jarraitzen dute T.Dinox taldeko kideek. Maketaren bat edo beste grabatu dute, baina batez ere ondo pasatzeko elkartzen dira. Gurasoak dira eta arrakastarako itxaropenik ez dutela argi du Txemak. Astero hitzordua egin eta entseatzeko pasioa ez dute galdu, ordea.

Alex errenteriarra gazteagoa da, Boogie van taldean gitarra jotzen du eta maketa argitaratu dute. Etorkizunean, diskoetxeren batekin diskoa kaleratu nahi lukete. Ez da samurra, baina itxaropentsu daude, maketarekin 400 kopia saldu zituztelako eta udara arte kontzertu ugari lotu dituztelako. Hala ere, orain arte bezala dirurik irabazi gabe jarraitu beharko balu, ez luke musika utziko, hori gabe bizitzeko ez litzatekeela gai aitortu baitigu Alexek. Giro honetan irauteko aholkuren bat ematekotan, gogoa ezinbestekoa dela dio. «Ez du kapritxoa izan behar, benetako nahia baizik». Duela gutxi, Donostiako taberna bateko emanaldian Boogie vaneko gitarra joleari anplifikadorea izorratu zitzaion. Sei taldeko Mikelek ere gogoan du nola bateria joleak nahi gabe taldekidearen biolina puskatu zuen eszenatokira igotzear zeudela. Urduritasun uneak dira, baina ikasteko eta esperientzia hartzeko ere balio izan diete. Ametsaren atzetik zabiltzanean, ez dago oztopo gaindiezinik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-05-05 | Xalba Ramirez
Aiztoa erakutsi!

Autotunea eta rocka nahastea izango da zakilzaharrentzat sakrilegiorik handiena: “Tranpa” dela, hori musika ez dela, edonork egin dezakeela. Musikariek badakite, ordea, gitarra elektrikoari efektu pedalak kenduz gero, zatarra eta, batez ere, zaila dela jotzeko... [+]


2024-05-03 | Axier Lopez
Oiartzungo Yakovlev 42 musika taldea zigortu nahi du Guardia Zibilak bere abestiengatik

Astelehenean Donostiako Instrukzio Epaitegian deklaratu beharko dute taldeko kideek. "Adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako erasoa" dela salatu dute.


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Puccini: gogokoen artean gogokoena

Maiatzaren erdialdean OLBEk bere opera ederrenetako bat, La Bohème, eskainiko digula aprobetxatuta, eta aurten bere heriotzaren mendeurrena betetzen dela kontuan izanda, Giacomo Pucciniren azalpen biografiko/artistiko bat ezinbestekoa dela uste dut.
Jakina, opera maite... [+]


Eguneraketa berriak daude