Lionel Joly: «Jendeari galdetu ze hizkuntzatan hitz egin duen halakorekin duela bost minutu, eta ez daki»


2005eko martxoaren 06an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Martinez de Lunarekin batera, euskararen normalkuntzaren barne mekanismoez ondo jabetu gabe jokatzen dugula uste duzu... Zein dira barne mekanismo horiek?
Hego Euskal Herrian egiten diren ikerketek gizartearen argazki egitea dute helburu. Adibidez, hartzen duzu Euskararen Jarraipena izeneko inkesta eta ezagutza, erabilera eta jarrerak landuko dira bertan betiere. Aldiz, mekanismoak ez dira aztertzen. Jarrerak ikertzen direnean, jarrera baikor horiek benetakoak ez direla konturatzea da barne mekanismoaz jabetzea. Alegia, pertsonak pentsatzen duela esaten duena ez da benetan pentsatzen duena, ez da bere ekintzetan agertuko dena. Horretaz ari gara barne mekanismoak hizpide hatzen ditugunean...

Hitzaldian diozu ikaragarria iruditu zitzaizula soziolinguistikari buruz Euskal Herrian dagoen ikerketa kopuru handia. Ikerketa ez ezik, baita ekintza eta erakunde mordoa ere.
Hasteko, okzitaniarra naiz, Avignon-en sortua, eta hango egoera oso da ezberdina. Hona heldu eta ikerketa pila batekin egin nuen topo: gobernuak agindutakoak ziren batzuk eta gizarte mugimenduek egindakoak beste batzuk. Ikertzaile pila bat ere bazen, teoria aldetik ere bazen aukera! Gizarte mugimenduak ere hainbat dira; eta Bat aldizkaria, SEI soziolinguistika klusterra… Gauza asko, beraz. Bestalde, heldu nintzenean ikusi nuen euskara batua bazela, eta hori, egoera diglosikoa bizi duten herrietan arazo bat da hizkuntza bateratua ez izatea. Abiapuntu baikorrak ziren.

Ikerketa horietarik asko, gainera, euskaraz garatzen direla azpimarratu zenuen...
Deigarri izan zitzaidan, dudarik gabe. Oso gauza garrantzitsua duzu hori. Are gehiago, Robert Lafont okzitaniarrak dio jauzi kualitatiboa dela hori; alegia, egoera diglosikoan hizkuntzarekiko errebindikazioa hizkuntza gehiengotuan egitetik hizkuntza gutxituan egitera iragatea, jauzi kualitatibo handia dela oso. Okzitanieraren kasuan ez da horrelakorik egin behin ere!

Ez dago arrosarik arantzarik gabe. Kritika ere egiten diozu ikuspegi "eder" horri. Besteak beste, euskara ikasten dutenen porrot handia eta ikerketek ageri dituzten emaitza "baikorrak" aipatzen dituzu...
Kanpotik heltzen zarenean aurreko horiek denak ikusten dituzu eta baikor irizten diozu egoerari. Gero, egoera zenbat eta hobeto ezagutu eta konturatzen zara egoera ez dela hain baikorra. Batua, adibidez, bada hizkuntza bateratua, baina gorabeherak dira oraindik. Batua normalizazioaren abiapuntutzat hartu da, besterik ez zegoelako. Gogoetarik ez dela egin uste dut, eta errazena horixe zelako hartu dela iruditzen zait. Bestalde, ikaste porrot handia ere hor da, eta batuaren kontua ezagututa, erraz ulertzen da. Ikastegian ikasten duzuna eta kalean egiten den euskara bat ez badatoz, kalean egiten dena ez duzu ulertuko. Eta alderantziz, ikastegikoa ere ez duzu kalean entzungo. Ondorioz, ezin izango duzu zure euskara maila garatu. Egoera honetan oso zail da ikastea. Bestalde, barne mekanismoek ere ez dute laguntzen.

Adibidez?
Adibidez, ETBn euskaraz egitea beti zailtasun edo lana da. Hartu albistegia, bai ETB1n eta bai ETB2n. Euskaldunak, euskaraz egingo du ETB1n, eta gaztelaniaz ETB2n. Igor Astarloak, adibidez. Berarentzat lana izan da, bitan jardun behar izan duelako. Gainera, ETB2 begiratzen duenak ez du ezer ikasten euskaraz, ez entzuten du, ez harremanik du; ezta pasiboa ere. Beste mekanismo barneratu bat: euskarak gizartean duen hizkuntza zailaren ikurra. Ikaste prozesua zaildu baino ez da egiten horrela...

Zenbateraino da inportante hemen egiten diren lanak atzerrian egiten direnekin konparatzea?
Alde batetik, jauzi kualitatiboaren kontua aipatu dut lehen. Urrats positiboa, dudarik gabe. Baina badu bere alde iluna ere. Kanpoan gutxi irakurriko dela, alegia, hizkuntza gutxituan delako. Aldiz, hemengoen barne mekanismoak direla eta, kanpotik errazago ikusten dira horiek, hau da, norberak hain barneratuak dituen mekanismo horiek. Zenbait ikerketa oso interesgarri litezke Euskal Herriarentzat baina beste ikuspegi batetik ere landu beharko lirateke, kanpotik, esan nahi dut, eta beste zientzia batzuetatik ere bai. Ikerketa horietarik batzuk motz geratzen dira. Soziologia matematikoa, Txepetxen teoria eta beste, mugatuak dira feed back gabe geratzen direlako. Eta sakondu beharko lirateke.

Nola asmatu, orduan?
Euskaraz jardunda. Indarrak mugatuak dira eta ez dira alferrik galdu behar. Are gehiago gaurko egunean, nork bereari besterik ez dio begiratzen eta. Gizartea aldatu egin da. Euskaraz egitea nahitaezkoa da. Beste lekuetan zer egiten den ere jakin behar da, eta besteetan ere jakin beharko lukete hemen zer egiten den: harremanak ezinbesteko dira. Ikerketa asko eta ezberdinak egiten dira hemen baina ez dira bata bestearekin alderatzen. Beti argazki egiten ari gara, barne mekanismoak aztertu gabe. Gauza handia litzateke ikerketak bata bestearen ondoan jarri eta konparatzea. Horretan saiatu naiz ni, ez besterik egiten, zeudenak konparatu eta ondorio ateratzen baizik.

Irakurri dizudanez, bat egiten duzu hizkuntza kontu "afektiboa" dela diotenekin. Afektiboa, arrazoizkoa gabe.
Claude Piron-ek garatutako pentsamendua da. Esperantoaren aldekoa da Piron, eta itzultzaile lanean jarduna zenbait lekutan. Egun, esperantoak ez du prentsa onik baina tira. Bere liburuetako batean dio zera hori: hizkuntza arrazoitik kanpo dagoela, kontu afektiboa dela. Berak dio umea botere batez jabetzen dela gauzak izendatzen ikasten duenean. Hori ez dela arrazionala dio. Gurasoek ere diote: "Ez, da hola esaten, beste hala esaten da". Kasu horietan arrazoiak ez du balio. Batzuetan, era batera hitz egin behar da, beste batzuetan beste era batera, honekin horrela, harekin beste era batera… Hizkuntza irrazionala dela, barruko gauza dela dio Piron-ek. Agiriak izenpetzea gauzen gainean botere izatea da. Gauzak, nolabait, egia, errealitate bihurtzen dira. Atera kontuak, erlijio askotan hitza da lehenengo gauzetarik bat; horrela da hemengo erlijio nagusietan eta beste askotan. Maia Kitxuen Popol Vuh-n ere lehenengo esaldian agertzen da hori.

Egiten diren ikerketak egiten direla, behin eta berriz ageri dira emaitzok: ezagutza, gora; erabilera, ez behar beste; jarrerak, oso aldekoak beti. Nola zehaztuko zenuke hori?
Ezagutza, erabilera, jarrerak, errepresentazioaren adibide dira. Errealitateari hurbiltzeko gizakiok baliatzen dugun modua. Izan ere, ez gara errealitatera zuzenean hurbiltzen, errepresentazio batzuen bidez baizik. Hori esanda, esango nuke, ezagutzari buruz, hasteko, Araban eta leku erdaldunetan igo dela gehien. Horietan, jendeak oso erraz esaten du euskaraz badakiela. Normala ere bada hori, euskararen kalitate txarra oso normalizaturik dagoelako, eta bestetik, leku horietako hiztunek harremanik ez dutelako hizkuntza normalarekin. Irakasleek ere gabeziak dituzte leku horietan, askotan. Bestalde, orain dela 25 urte ikerketa zientifikoak egiten hasi zirenean, adinekoek euskaraz ez zekitela esaten zuten, txikitandik buruan sartu zizkieten kontuengatik, hau da, euskara arloteen hizkuntza zela eta antzekoak, edo jakin beharreko eredua ez zekitelako, euskara batua, alegia. Beraz, orain errazago esaten du jendeak euskaraz badakiela. Lehen baino errazago...

Eta erabilerari buruzko kontuak?
Erabilera? Gero eta euskaldun gehiago, omen, baina ez dakite ondo, kalitate falta dute, eta ez dute erabiltzen. Jendeak badaki, omen, baina ez du erabiltzen. Nola jakin badakiela? Ezin jakin! Erabilera beherantz doala esango nuke. Leku euskaldunetan ere, behera ari dela. Lehen, euskaraz bakarrik funtzionatzen zutenak ere, euskaraz eta gaztelaniaz ari dira gaur egun. Leku erdaldunetan euskararen erabilerak gora egin du pixka bat, eta euskaldunetan alderantziz. Baina barne mekanismoak ekarri behar ditut berriz aipura: askotan, jendeari galdetu ze hizkuntzatan hitz egin duen halakorekin duela bost minutu, eta ez daki. Alternantziagatik, askotan. Galdetu eta jendeak ez daki. Beraz, normalean ze hizkuntzatan hitz egiten duen galdetzeak ez du balio. Zer edo zer aterako da, baina ez zuzen zer erabiltzen duen, baizik eta berak zer pentsatzen duen erabiltzen duela. Askotan egin dut froga, eta hiztunak ez du asmatzen, errepresentazioa erabiltzen du: horri buruz berak pentsatzen duena.

Jarrerak ditugu hirugarren...
Horixe da interesgarriena. Zer galdetzen zaio hiztunari ikerketa kuantitatiboetan? Galdetzen zaio zer pentsatzen duen pentsatzen duenari buruz. "Zer pentsatzen duzu pentsatzen duzula?" Horregatik agertzen dira kontuak oso baikor.

Jendeak hizkuntzari erruki diolako, beharbada...
Ikur da hizkuntza. Jarrera positiboak bereganatzeko moldea erabiltzen du jendeak. Ez da hizkuntza arazoa bakarrik. Pierre Bourdieuk ere esan zuen: hizkuntza ez da denona, baina jarrera, aldiz, bai. Hizkuntzarekiko jarrera ikurra bereganatzeko era da. Donostiako zenbait ikastetxetan euskararekiko jarrera baikorra dutela diote gazteek, aldeko jarrera, baina haien ekintzari begiratu eta horrelakorik ez da ageri. Euskara arrantzaren gainean hitz egiteko dute, edo herrietan bizi direnekin hitz egiteko, baina ez ikastetxean bertan bata bestearekin hizketan jarduteko. Hor euskara ez da ondo ikusia. Hizkuntzari irudiak lotu dizkiote, gaztelaniak irudi on eta ederrak ditu lotuak. Euskararen erabilerarekin bat egiteko, gazte horiek bat egin behar dute zenbait irudirekin: arrantzalearekin, baserritarrarekin, edo antzekoekin…

Euskararen kalitate txarra normalizatuta dagoela idatzia duzu…
Normalizatuta, bai. Askotan entzun dut nire euskara maila ona dela, adibidez, hain ona ez bada ere. Inkestak egiterakoan, galdeketan zentzurik ez duen euskaldun mota bat sartzen da: euskaldun hartzailea. Aipatzeak berak, egiazko bihurtu du euskaldun mota hori. Jendeak "hartzaile" irakurri eta dio: "Horixe jarriko dut: hartzaile". Eusko Jaurlaritzak hizkuntza agiriak ematen ditu. Agiri horietako batzuk patetikoak dira guztiz, hori lortzeko behar duzun maila, esan nahi dut. Agiri horietako batek, ezagutza jakintza maila bat duzula ziurtatzen dizu. Maila?! EGA dela eta, jakin nahiko nuke: horren pareko bat jarri ingelesez edo frantsesez, eta esan: "Horixe da jakin behar dena irakaskuntzan jarduteko, edo administrazioan lan egiteko". 250 hitzeko idazlana egin behar duzu delako agiriaren azterketan. Gainera, zenbait akats onartzen dizkizute, bat edo pare bat, izan edo ukan nahastea gorabehera. Horrelakorik frantsesez edo ingelesez egin eta barre egingo lukete. Ni seguru nago zailago dela Hizkuntza Eskolan ingelesezko edo frantsesezko bosgarren maila gainditzea, euskarazkoa gainditzea baino.
Edo telebistari begiratu. Ikusi ETB1n Barnetegia! ETB2n onargarri litzateke, azken finean, ikaste prozesua ETB2n bultzatzeko modua litzateke, orain modan dagoen errealitatea agertzearekin batera… Baina hori ETB1n ematea? Azkenean, gaztelania sartzen da ETB1n, eta euskara txarra. Ez dugu Basetxea-z eta horietaz jardungo… Horietan teorikoki euskaraz ondo egiten dute… Baina Barnetegia ETB1n? Egoeraren isla da. Edo Miren Azkarate euskaltzainak orain dela pare bat urte elkarrizketa batean esandako hura: "Ibarretxeren euskarari 9 bat emango nioke".

Telebista aipatu duzu, gure zorioneko ETBa, eta segi dezagun hortik. Zer diozu Harry Potter-en filmaren emanaldiarekin gertatu zenari buruz?
Hasteko, EITBn norbait beharko lukete egiten dutena soziolinguistika aldetik aztertzeko. Albistegiak ematen direnean, adibidez, azpitituluen erabilera, Barnetegia eta antzeko programen balioa… Harry Potter dela eta, pentsatu behar zuten zer gertatuko zen. Norbait behar dute hizkuntza aldetik egiten dutena aztertzeko. Lehen ere esan dugu, jendearen jarrera dela eta, jarrera aldekoak dituela jendeak, nahiz eta ekintzak bat ez datozen. Jarrerak baikor dira, baina maila teorikoan. Gizarte egoera orokorra ere hor da: telebistak bizitza errazaren irudia agertzen du: dena da erraza, izan telesaioetan, etxe erosoak, jende dotorea, goi mailakoa, hala moduzko arazoak dituenak… Erraztasuna da eredu. Hizkuntzari dagokionez, filmak euskaraz ikusteko ohiturarik ez omen dago. Tira, ETB1n gutxi ematen dira, eta ezin esan. Orduan, errazago da gaztelaniaz ikustea. Erraztasuna. Jendeak beste era batera nola esan ez pentsatzeagatik, erdarara jotzen du. Ama hizkuntzan ere gertatzen da hori: hiztegia oso mugatua du belaun berriak. Frantzian ere horixe da kasua, ikaragarri mugatua da hiztegia, mugatua egiturak, mugatua... Eta hizkuntza mugatuak pentsamendu mugatua dakar.


Azkenak
“Txistuak, mehatxuak eta irain sexistak” jaso dituzte Laudioko jaietan eraso matxista bat salatzeagatik

Agerraldia deitu zuen Laudioko mugimendu feministak igandean, Odoloste eguneko goizaldean Txosnagunean gertatutakoa salatzeko. 


Donostia 1813

Donostia arpilatua, bortxatua eta propio erreta Espainiako independentziaren alde 1813ko abuztuaren 31n.

1808an Napoleon enperadoreak Baionan bildu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako errege aita-seme borboiak, Carlos IV.a eta Fernando VII.a, biek nahi... [+]


Kirurgialari euskaldunak errektoreorde eta sailburuorde ohi letragabearentzat

Sarriegi jokatzen dugu erreaktiboki Euskal Herrian eta Euskalgintzan. Albiste bat, elkarrizketa bat, epai bat, eraso bat. Ondoren, erantzuna. Tamalez, berriro ere inertzia berak nakar Ander Gurrutxagaren elkarrizketa euskarafoboa aztertzera. Gustura gelditu zen, tartean zera... [+]


Global Sumud Flotillako euskal ordezkaritza
“Israelek Gazara heltzea eragotzi nahi badigu, indarrez egin beharko du”

Igande arratsaldean irten da Bartzelonako portutik Palestinaren aldeko inoizko ontzidirik handiena: 30 itsasontzi inguru eta 300 bat ekintzaile, Gaza helburu, blokeoa apurtu eta genozidioa salatzeko. Bidean ontzi gehiago batuko zaizkie Mediterraneoko hainbat portutatik. Gauean... [+]


2025-09-01 | ARGIA
Trumpek uste du Auzitegi Gorenak arrazoia emango diola, eta muga zergak ez baliogabetzea lortuko duela

AEBetan, Apelazio Auzitegiak Donald Trump presidenteak ezarritako muga zerga gehienak bertan behera utzi ditu. Dena den, ez ditu urriaren 14ra arte indargabetuko, eta bitartean, ia segurua da Trumpek helegitea jarriko duela. Presidenteak uste du Auzitegi Gorenak arrazoia emango... [+]


Espiritualtasun ukitu bat

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons. Donostiako Orfeoia.
Koru zuzendaria: Esteban Urzelai.
Bakarlariak: Julia Kleiter (sopranoa), Christian Gerhaher (baritonoa).
Egitaraua: Mendelssohn eta Brahmsen lanak.[+]


2025-09-01 | JJ Agirre
Supremazistek beti “win-win”

Euskararen (euskaldunon) aurkako oldarraldiak ertz ugari ditu; horietako bat fronte mediatikoa da, Voxento taldea buru eta PSOE-CCOO-UGTko kide ezagunak ekintzaile nagusi. Sarri eskaintzen digute idatziren bat, barnera dezagun Euskal Herriko hizkuntza ofizialetatik zein diren... [+]


2025-09-01 | Behe Banda
Barra warroak
Makina

Hamar minutu igaro dira lur hartu dugunetik. Bizkaiko kostatik sartu, Leioa gainetik igaro eta gurpilek ordeztu dituzte hegalak Loiun. Bosteko ilaretan irten behar omen da hegazkinetik eta gu hogeita zazpigarrenean gaude zain. Estatubatuarren ikerlanek diote istripu bat egonez... [+]


Labak astelehenean irekiko ditu ateak, eta larunbatean eginen da Irekiera Festa

Eraberrituta dator Laba. Egoitza handiagoak ostalaritza eskaintza zein kultur ekitaldiak baldintza hobeagoetan ematea ahalbidetuko du.


2025-09-01 | Garazi Zabaleta
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

Historikoki, artzaintzari eta abeltzaintzari guztiz lotuta egon den bailara da Erronkaribarrekoa, baina azken hamarkadetan nabarmen eraldatu da eta turismoa bihurtu da jarduera nagusia. “Ekonomia horrela aldatu da, eta hamarkadaz hamarkada ardi, behi eta behor kopurua... [+]


2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Pagatza, bizitza, sutza

Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana.


2025-09-01 | Irati Diez Virto
Satitsua
Burmuina txikituta bizirauten duen ñimiñoa

Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta ugaltzeko. Badira, ordea, hori guztia denbora askoz ere laburragoan egin behar duten gu bezalako ugaztunak:... [+]


Mingain urdina

Odolustea uztailaren 10ean hasi zen. Hamar buru hil zaizkigu harrezkero: hazarkume bat, ahari bat eta zortzi ardi. Odol analisiek baieztatu dute mingain urdinaren gaitzaren ondoriozko heriotzak izan direla denak ere.


Eguneraketa berriak daude