Hizkuntz ereduak: Zertarako sortu ziren eta zertarako dira?


2005eko urtarrilaren 30ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Gaur egun Hego Euskal Herrian indarrean dauden irakaskuntzako hizkuntz ereduak Frankismo ondorengo lehen urteetan egosi ziren »Nafarroan dezente beranduago arautu baziren ere», trantsizio politikoaren giro nahasiak eta elebitasunari buruzko zalantzek berotutako lapikoan. Hala ere, ereduok badituzte aurrekariak.

Aurrekari horiei buruz hitz egin digu Joxe Garmendia EHUko irakasleak: «Espainiako Estatua XVIII. mendean hasi zen estatu gisa eratzen». «Horretarako eskola zuten zutabeetako bat; XIX. mendean hasi zen Espainiko eskola sortzen, eta orduan hasi ziren irakaskuntzan gaztelania erabiltzera behartzen zuten legeak erditzen».

Euskarak, hala ere, lortu zuen habia egitea administrazioak estaltzen ez zituen zirrikituetan. Eta azkenik, Bizkaian eta Gipuzkoan zirrikitu horiek zabaltzea lortu zen, euskarazko irakaskuntza arautuz. Hala, lehen hizkuntz ereduak, gaur ulertzen ditugun modura, Bizkaian agertu ziren XX. mendeko 20ko hamarkadan. Sasoi hartan abertzaleen esku zegoen Foru Aldundia, eta haiek sortu zituzten auzo-eskolak, hirietatik kanpo bizi ziren umeak eskolaratu ahal izateko.

Auzo-eskolak talde bitan banatu zituzten, hizkuntz-egoeraren arabera. Eremu euskaldunetan gaztelania irakasgai hutsa zen, eta gainerakoa euskaraz ikasten zen, eta erdaldunetan guztiz aurkakoa. Eskola mota bi haiek A eta B zuten izena, hurrenez hurren. Bizkaiko auzo-eskolek indarra hartu zuten denboraren poderioz, eta 1930ean, sortu eta hamar urtera, ia 6.000 ikasle zeuzkaten, 100 ikastetxetan.

30eko hamarkadaren hasieran, Gipuzkoako Foru Aldundiak -artean karlisten esku- landa-eskolak sortzeko proiektua abiarazi zuen, Bizkaiko auzo-eskolen ildoari jarraiki, eta halaber umeen jatorrizko hizkuntza kontuan hartuz. Kontuak kontu, Gipuzkoako landa-eskolek ez zuten luze iraun, ez eta mendebaldeko bizilagunek adina zabalkunde lortu ere; haiek bezalaxe, 36ko Gerrarekin batera desagertu ziren. Edo hobeto esanda, frankismoaren eskola sarean sartu zituzten batzuk zein besteak. Akabo hizkuntz ereduak.

Frankismoaren ostean, berriz agertu

Gaur egungo ereduak 70eko hamarkadako azken urteetan hasi ziren diseinatzen. Artean Eusko Jaurlaritzarik ez zegoela, Eusko Kontseilu Nagusiko Hezkuntza Sailak bereganatu zuen ardura. Arduradunetako bat Lontxo Oihartzabal zen, gaur egun Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea. Dioenez, "ez geneukan artean eskumenik, baina lanean hasiak ginen. Madrilgo Ministerioaren eskabidea izan genuen haur hezkuntzako hizkuntza plangintza nola egin zitekeen adieraz genezan. Gure proposamena onartu zuten, eta 79ko maiatzerako, Gernikako Estatutua onartu baino lehenago ere, lau hizkuntz eredu »A, B, C eta D» aurreikusi zituen Errege Dekretua argitaratuta zegoen. Hurrengo ikasturtean hasi zen han esandakoa ezartzen".

Eredu proposamena egiteko garaian, lan taldeak hainbat gauza hartu behar izan zuen kontuan. "Batetik, gurasoen euskararekiko sentiberatasuna ez zen berdina leku guztietan; bestetik, irakasle euskaldun gutxi zegoen; hirugarrenik, zenbait girotan esaten zen elebitasun goiztiarra kaltegarria izan zitekeela umeentzat. Baziren urte haietan eta geroago ere hori aldarrikatu zuten hainbat alderdi politiko. PSEk, esaterako, hala zioen 1986an. Eta horrek, noski, guraso batzuen jarrera baldintzatzen zuen". Horri guztiari eskualde bakoitzeko ezaugarri soziolinguistikoak gaineratu behar zitzaizkion.

Eredu bat ume mota bakoitzarentzat

Osagai haiekin egin zen ereduen errezeta. D eredua jatorriz euskaldunak ziren umeentzat pentsatu zen batez ere, "haiek euskaraz eskolatzeko aukera eduki behar zutela uste genuen eta". Familia erdaldunetatik zetozenentzat, B zatekeen egokiena, eta A "euskararekiko sentiberatasunik ez zuten gurasoentzat jarri genuen, pentsatuz umeak hiru urterekin hasiz gero eta hamasei urtera arte ondo landuz gero, euskara ikas zezaketela, ez beste ereduetan bezain ondo, baina bai behintzat ulertzeko eta bizitzaren oinarrizko eginkizunetan moldatzeko". C eredua, berriz, ez zen sekula ezarri. A ereduaren antzekoa zen, baina ikasgai batzuk euskaraz emanez. A eta Bren arteko erdibidea, nolabait esatearren.

A eredua diseinatu zutenek hura poliki-poliki desagertzeko itxaropena zuten hasieratik, Oihartzabalek dioenez: "Momentu hartan beharrezkoa zela iruditu zitzaigun, guraso askok, beldurrak jota, ez lituzketelako inola ere B ete D ereduak onartuko, eta bestetik nahiko irakasle euskaldunik ez zegoelako". Lehenengo oztopoa berez gaindituko zen, ereduen asmatzaileen ustez, gurasoak B eta D ereduetan ikasteak gaztelaniaren ezagutzari kalte egiten ez ziola konturatu ahala. Bigarren oztopoari aurre egiteko, maisutza euskaraz ikasten hasi berriak ziren irakasle belaunaldien zain egoteaz gain, irakasleak euskalduntzeko IRALE programa jarri zen abian, baina hori ez zen 1981. urtera arte gertatu, Eusko Jaurlaritzak Euskararen Legea onartu baino urte bat lehenago eta Hezkuntza Sailak ereduen dekretua kaleratu baino bi lehenago, hain zuzen. Orduantxe, 1983an, lau urtez indarrean zeramana arautu zen lehenbiziko aldiz.

Nafarroan, 1987an

Nafarroan, hizkuntz ereduen ezaugarriak ez ziren 1987ra arte zehaztu. Funtsean, EAEko berak ziren, baina aldaketa batzuk egon ziren. Batetik, B eredua baztertu egin zen, "gurasoek muturreko aukeretara (A eta D) joko zutelakoan eta eredu harekin lortutako euskara maila eskasa izango zelakoan". Horixe adierazi digute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailetik. Bestetik, eremu mistoan eta erdaldunean euskarazko irakaskuntzak norberaren borondatearen araberakoa izan behar zuela ebatzita, G ereduaren aukera ere ezarri zen, alegia, euskara irakasgai huts gisa ere ez daukana. Eta hori da, alde handiz gainera, herrialdean nagusi.

Aldaketak al datoz?
Hizkuntz ereduen "zeregina" legeak ezarritakoa ziurtatzea da, hots, derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan ikasle guztiak euskaraz zein gaztelaniaz behar bezala jarduteko gai izatea. Badakigu gaur egun teoria hutsa dela hori, ordea. Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak berak onartu duenez, A ereduak ez ditu ikasleak euskalduntzen. Azken boladan, gainera, B eta D ereduetan dabiltzanek eskuratzen duten euskara mailari buruzko zalantzak sortzen ari dira bulego bat baino gehiagotan.

Orain, badirudi Iztuetak zuzentzen duen sailak arazoari tinko heltzea erabaki duela. Sailburuak adierazi digunez, martxoan azterketa egingo zaie DBH amaituko duten ikasleei, euren euskara maila neurtze aldera. "Azterketa ALTEren »hizkuntz-gaitasuna neurtzeko europar erakundea» 4. mailakoa izango da, ingelesezko First-aren baliokidea". Orain arte, euskarak 5. mailako azterketa besterik ez du izan, EGA, hain zuzen.

Martxoko probaren emaitzek bideratuko dute, Iztuetaren berbetan, ereduekiko politika. Legediak agintzen duena betetzeko gauza ez bada, hizkuntz eredu sistema berriz aztertu beharko dela esan du sailburuak; ikusteko dago zer nolako neurriak proposatuko dituen Hezkuntza Sailak, baina badirudi hautsak harrotu daitezkeela udaberritik aurrera. Izan ere, EAEko ikasle guztiek euskara maila nahikoa eskuratzeko ezinbestekoa izango da gutxienez A eredua "ukitzea". Ea zelako erreakzioa daukaten azken urteotan eredu horren defentsa ideologikoa egiten duten alderdiek.

Eskolak euskaldundu kanpaina: hizkuntz eredu sistema ezbaian
Iazko urrian Eskolak euskaldundu kanpaina abiarazi zuten irakaskuntzako eta euskalgintzako zenbait eragilek. Kanpainaren antolatzaileetako batek, Igor Arroyok, honelaxe azaldu digu haren zergatia: "Azken 30-40 urteetan euskaldun portzentajea ez da apenas igo Euskal Herrian. Orain 40 urte euskaldunak biztanleria osoaren %23 ziren, eta gaur egun %27 dira. Euskara normalizazioranzko bidean dagoela zabaldu nahi da, eta ez da hala. Ildo horretan, funtsezkoa deritzogu eskolaren zereginari, hark bermatu behar baitu euskal herritar guztiek euskara ezagutzea".

Arroyok emandako datuen arabera, gaur egun 0 eta 18 urte bitartean dauzkaten Euskal Herriko ikasleen %62 ez da euskaldunduko, edo ez eskolaren bitartez behintzat. Nafarroan, portzentaje hori %80koa da, eta Iparraldean %96koa. "A, B eta G ereduetan dabiltzan ikasleak dira", dio Arroyok. "B eredua ere hor sartu dugu, ikerketa guztiek argi utzi baitute ez duela euskalduntzen, A ereduak bezala. Areago, euskarak indar eskasa daukan zenbait eskualdetan, D ereduko ikasleek ere arazoak izaten dituzte hainbat arlotan euskaraz aritzeko".

Eskolak euskaldundu ekimena antolatu dutenek behar-beharrezkoa deritze aldaketa sakonak egiteari. Arroyok dioskunez, "ikasle guztiak euskaldundu ahal izateko eskolak zer ezaugarri behar lukeen definitu behar da, eta hori bai legez bai bitartekoz sustatu". Horrek gaur egungo eredu sistema desagertzea lekarke: "Ikasleak sailkatzeak ez du zentzurik. Helburuak guztientzat izan behar luke bera -alegia, euskararen ezagutza bermatzea-, beraz planteamenduak ere guztientzat bera izan behar du. Eta zein da euskara ezagutzea bermatzen duen sistema? Bada, eskola guztiak euskaraz ematea, orain D ereduan egiten den bezalaxe".


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


Eguneraketa berriak daude