Beltzak euskaraz Sierra del Rosarion

  • egiten jarraitzen dute beste euskaldunen bat topatzen dutenean. Eta Kuban ere euskaraz egiten entzuten da, beti entzun izan da, euskaldun asko pasatu delako hemendik historian zehar. Hori normala da. Baina bestelako erreferentzia eta erlazio batzuk ere baditu euskarak Kubako lurrean, batzuk oso bitxiak.

2004ko irailaren 19an
1922ko azaroan abiaturik, Julio Lazurtegui kazetariak Ameriketara bidaia egin zuen eta Estatu Batuak, Kuba, Mexiko, Guatemala, Salvador, Nikaragua, Panama, Kolonbia, Ekuador, Peru, Bolivia, Txile, Argentina eta Uruguai bisitatu zituen. Kuban euskal abizeneko aberats asko topatu zituen: Alfredo Mariategui, espainiar enbaxadorea irlan; León Ichaso, Diario de la Marina egunkari eskuindarraren zuzendariordea; Manuel Otaduy, Compañía Trasatlántica Española y Cámara Española de Comercio delakoaren burua Habanan; Domingo de Isasi y Orúe, New Yorkeko National and City Bank agentziaren zuzendariordea Kuban; Rafael Egaña, Cámara Española de Comercio delakoaren idazkaria Habanan, eta halako beste asko...

Hauekin guztiekin kontraste sozio-ekonomiko eta kultural harrigarrian, Julio Lazurteguik, hiriburutik alde egin eta Sierra del Rosarioko mendietan, Habanatik sortalderantz 60 kilometrotara, bohio edo palmondo hostozko etxola batean, arraza beltzeko familia bat aurkitu zuen etxean euskaraz aritzen zena.

1923 urtea zen, eta mendialde horretan XIX. mendean zehar loraldia izan zuen kafearen industria aspaldian akabatuta zegoen.

Juan Miguel Dihigo

Kubako hizkuntzalari eta filologo nagusitzat onartzen dena, Juan Miguel Dihigo, euskal leinukoa zen eta, Kuban sortu arren, euskaraz ikasi zuen umetan, zuberotarrez. Juan Miguel Dihigo, Habanan jaioa 1866 urtean, aitaren aldetik zuberotarren semea zen.

Hainbat artikulu idatzi zituen euskararen inguruan. Luzeena eta ezagunena 1933 urtean eman zuen hitzaldia izan zen: La lengua eúscara en la ciencia del lenguaje. Hitzaldi horren testuan azaltzen denez, Juan Miguel Dihigo Julio Cejador eta Hugo Schuchardt hizkuntzalarien jarraitzailea zen eta euskararekin lotura afektibo sakona zuen; bere aitak Maule aldean, zuberera izan baitzuen umetako hizkuntza. Hitzaldian bertan, Habanan eta 1933 urtean, Juan Miguel Dihigok berak ere umetan ikasitako abesti bat kantatu zuen: "Adios, ene maitia, adios sekülako! Nik eztit beste phenarik, maitia zuretako...".

Juan Miguel Dihigok euskal hizkuntzalariekin harremana izan zuen beti. Jean Larrasquet xiberotar eta fonetika esperimentalaren bultzatzailearekin batez ere. Honek Le Dr. J. M. Dihigo et la phonetique experimentale izeneko artikulu bat idatzi zuen. Artikulu hori Habanan argitaratu zen, José Rubiños josulagun galiziarraren Notas sobre la influencia del euskera en el idioma gallego artikulu harrigarria ere argitaratu zen liburu berean.

Juan Miguel Dihigo Habanan bertan hilko zen 1952ko otsailaren 15ean. Francisco Ichasok Diario de la Marinan egin zuen ohar nekrologikoak En la muerte de un sabio zuen izena. Gaur egun, Habanako Unibertsitateko Letra Fakultateak Juan Miguel Dihigo izena du.

Euskararen arrastoak Kubako hizkeran

Euskaratik datozen hitz batzuk, gazteleraren bidez pasatu dira Kubara. Aquelarre hitza, esate baterako, usu entzuten dena; umorezko antzerki jaialdi famatua hala deitzen delako da aipagarria. Euskarazkoen antzeko eta lan munduarekin lotutako beste hitz batzuk ere erdaraz heldu ziren seguru asko: mocha eta mocho hitz zaharrak, esate baterako, oso ohikoak dira Kubako laborarien hizkeran. Badira palmondoak motzak direnak, palma mocha, eta badira matxeteak ere, una mocha, laburragoak.

Euskarazko beste hitz batzuk frontoiarekin heldu ziren Kubako hizkerara. Zesta-puntaren arrakastarekin, jai alai, pelotari eta halako hitzak ohikoak bihurtu ziren Kuban XX. mende osoan zehar. Chiqui edo, batzuek idazten dutenez, chiki hitza ere badirudi pilota jokoak lagunduta zabaldu zela Kuban. Sarritan erabiltzen da izenordetzat. 1914 urtean, Habanako Monte eta Estévez kaleen artean, Centro de Sport Chiqui Jai delakoa zegoen.

Arraroagoa da Fernando Ortizek Nuevo Catauro de Cubanismos hiztegian jasotzen duen toletari hitzaren historia. Toletari poliziari deitzeko asmatu zen Kuban XX. mendearen hasieran, interbentzio amerikarraren sasoian, 1899-1902 urteetan. Toleta, marinelen hiztegiko hitza da, arrauna lotzen deneko egur makila edo metalezko barra da. Kubako hizkeran bada esaera bat, dar tolete, egurra ematea adierazteko. Urte horietan frontoiak eraiki eta pilotari euskaldunak ospea hartzen hasi zirenez gero, atzizki hori modakoa bihurtu zen. Tolete gehi -ari, toletari sortu zen.

Kubako arrastoak euskaraz

Alderantziz, Kubatik datozen hitz ugari erabiltzen dira euskaraz. Batzuk oso zaharrak dira, tainoengandik jaso zituzten mendebaldeko hizkuntza batzuek, eta euskarak ere bai.

Indokubanoak dira euskaraz hainbeste erabiltzen diren hitzok: tabako, hamaka, urakan, kazike, kaiman, tiburoi, kanoa...

Beste hitz batzuk ere antzinatik datoz. Argi nabari da euskal marinelak Antilletan ibiltzen zirela, Bizkaiko kostaldeko esaldi honetan: "Habana dau eguraldixe!". Eguraldia habana dagoela esaten da, eguraldi ederra egiten duenean, eguzkia bete-betean eta itsasoa bare.

Asteasu aldean XX. mendean zehar beste esaera interesgarri bat gorde da. Hainbat euskal mutil Kubako gerrara soldadutza egitera bidali zituzten sasoiaren oroigarri: "insurrektu" hitza. Ume drogosoei (bazter-nahaslea) esaten zaie: "Insurrektua da mutil hori!".

Esaldi horiek Euskal Herrian, antzinatik datoz. Baina, Kuban luzaroan bizi izan diren euskaldunek behintzat beste mila hitz asimilatu dituzte euskaraz aritzeko orduan.

Gaur egun erabiltzen dituztenen zerrenda egin daiteke, amaitutzat eman gabe.

Euskara galdu arren

Baina euskaldun emigrante gehienek, Kuban integratu eta ez zieten hizkuntza seme-alabei erakusten. Euskara galdu egin dute gehienek.

Eta euskara galtzearekin bestelakoak ere galduz joan dira euskaldunak. Abizenen idazkera ere aisa itxuraldatu da denborarekin. Honelako abizenak irakur daitezke Kuban: Aizpurna, Irarragore, Gorosabe, Iriguyen, Gorotiza, Magdariaga, Irrisari, Lopestegui, Eiméndez, Egorrula, Durrthy, Echizarraga, Bendinueta, Arambulo, Larrahonda, Arriete, Arcilla, Ibargollyn, Goytisol, Echemandia, Basulto, Zuaznabal, Eloseguis, Velgara, Izaguirrez... Euskal sustrai itxuraldatuak.

Hala ere, José Lezama Limak teoria bitxi bat landu zuen euskal hariaren iraunkortasunari buruz; Miguel Unamunoren ideia bat hartu eta teorizatuz. Merezi du aipatzeak.

José Lezama Limak euskalduntzat zuen bere burua. 1960 urtean Paradiso liburuaren ale bat bidali zion Julio Cortazarri, eta liburuaren eskaintza lerroetan bien jatorri euskalduna aipatzen zuen bien arteko enpatiaren arrazoitzat. Bost urte geroago, Rayuela nobelari buruzko mahai-inguru batean, Jose Lezamak hobeto formulatu zuen bere teoria. Jose Lezamak euskal jatorria ematen zion Julio Cortazarri, baina, harrigarriagoa izan daitekeena, Jorge Luis Borgesi ere bai: "Baina beste ohar bat azpimarratu nahi nuke. Bai Borges eta bai Cortazar euskal sustraikoak dira. Eta hau oso inportantea da kontuan izatea haien lengoaiaren manera batzuk, haien hizkeraren baliabide batzuk aztertzeko orduan. Euskal idazleak irakurtzen dituzunean »ez ahaztu Unamunoren kasua, adibidez», beste hizkuntza bat sumatzen da erabiltzen den hizkeraren barnean. Berez, liburuan azaltzen denaz aparte han barruan beste hizkuntza bat dagoela igartzen da. Euskaldunak, euskal jatorriko jendeak, ama hizkuntza bat, hizkuntza urrun bat, antzinako hizkuntza bat du beti bere baitan..."

Kubako hitz euskaratuak
Kubako hitz euskaratuak dei diezaiekegunen zerrenda duzue segidakoa. Euskal hiztegiek hasi beharko lukete hauetako hitz batzuk jasotzen.

Ajiako: hainbat gauzaren nahasketaz egiten den janaria. Baina ideien nahasketa ere bai.
Apagoi: argi indarraren itzalketa orokorra.
Asere: txo, laguna.
Aura: saia, zopilotea.
Babalau: santeriako apez antzeko kargua.
Barbakoa: etxe barruan egindako sabaia.
Barkoa: arduragabea, konplitzen ez duen laguna.
Beka: albergea.
Benba: ezpain lodia.
Bianda: lursagarraren moduko jakiak, esaterako, juka, malanga, boniatoa. Lursagarrari papa esaten zaio.
Bisne: negozioa. Ingelesez, business.
Bodega: pesotako janari denda, razionamendu libretarekin erosteko.
Bohio: egurrezko eta guanozko basetxea.
Boniatillo: gozoki mota bat.
Botella: autostopa. "Botella hartu", esaten da.
Enbarkatu: hitzordua huts egin, norbait leku kaltegarrira joanarazi.
Fa: hauts detergentea. Markaren izenetik dator.
Fufu: platano berde egosia, txikituta
Guagua: autobusa.
Guaiabera: Kuban erabiltzen den alkandora dotorea.
Guaiabita: guaiabita deitzen den fruituarekin Pinar del Río aldean egiten den likorea.
Guajiro: laboraria.
Guanajo: indioilarra. Baina tontoa ere bai, edo koldarra.
Guasasa: euliaren antzeko intsektu txikia.
Guataka: aitzurra. Baina pelota ere bai.
Guatakeria: berbazurikeria.
Guije: ipuinetako pertsonaia, erreka bazterretan ibiltzen den nanoa.
Gusano: kontrairaultzailea.
Jaba: poltsa.
Jabao: mestizoa, larru eta ile argiarekin.
Jejen: eltxo modukoa.
Jimagua: bikia.
Jinetera: puta, baina turistekin harreman interesatua duena. Jineteroa ere izan daiteke.
Jon, jonron: baseball jokoan, home eta home run.
Jutia: arratoi handiaren antzeko animalia marraskaria.
Kaka jan: tontakeriak egitea.
Kakajalea: ergela.
Karro: autoa, kotxea. Ingelesez, car.
Katao: interruptorea. Ingelesez, cut out.
Katauro: jaguazko saskia.
Kilo, medio, peseta: zentimo bakar bat, bost zentimo eta hogei zentimoko txanponak.
Kokuio: ipurtargiaren antzeko koleopteroa, argi urdinxka ematen duena.
Konfronta: gaueko azken guagua. "Konfronta hartu", azkenekoa hartu.
Kongri: arroza indabekin.
Kuje: makila luze eta fina. Tabakoa lehortzen eskegitzeko erabiltzen dira.
Mamei: fruitu bat da. Baina, "oso ona" adierazteko ere erabiltzen da.
Manigua: basoa, sasi artea.
Marikitak edo txitxarritak: platano frijituaren zati finak.
Mazeta: diruduna.
Mogote: tankera bereziko mendixka batzuk, Viñalesekoak adibidez.
norbaitekin sartu: amodio proposamena egin.
norbaitekin sartuta egon: maiteminduta egotea.
Orixa: santeriako santua.
Paladar: jatetxe partikularra.
Panetela: gozoki mota bat. Panke deitzen da beste gozoki bat, ingelesezko pancake hitzetik jasota.
Papaia: fruta bat, baina zentzu bikoitza du hitzak, emakumearen sexua ere bai. Beste fruta batzuk: txirimoia, guanabana, kaimito...
Papalote: ume jokoetako kometa.
Parkeatu: aparkatu.
Pintxo: buruzagia, nagusia, militarra.
Pontxatu: gurpila zulatu.
Pontxeroa: zulaketak konpontzen dituena.
Pontxera: zulaketak konpontzen direneko lekua, edo gurpilei airea sartzeko lekua.
Posada: logelak orduka alokatzen dituen ostatu modukoa, bikoteek ahalik eta azkarren larrua jotzeko darabilten lekua.
Salfuman: azido klorhidriko komertziala burdinarekin.
Salkotxo: txerrijana.
Tamal: irin birrinduz prestatzen den janaria, arto orriz biltzen dena.
Teke: berbaldi aspergarria, txapa.
Tenba: 40 eta 50 urte bitarteko gizon edo andrea.
Tokoloro: txori koloretsua.
Toti: txori beltza.
Zunzun: kolibria.
Txapeatu: matxetez belarra ebaki.
Txebere: egokia, oso ona.
Txibitxana: goitibehera.
Txitxarroi: zerri larruazal zati frijituak.
Txor: galtza laburra. Ingelesez, short.
Txou: espektakulua, eskandaloa. Show.
Zafra: azukre kainaren uzta.
Ziguatatu: arraina janez gaixotu.
Ziguatera: arraina janez har daitekeen intoxikazioa.
Zimarroi: esklabo iheslaria.


Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Eguneraketa berriak daude