Augustin Zubikarai idazle oparoari agur

  • Augustin Zubikarai ondarrutar idazlea joan den uztailaren 12an zendu zen, tronbosiak jota hiru urtez gaixo egon ondoren. 89 urte zituela hil den Zubikaraik lan itzela egin du 19 urte zituenez geroztik; antzerkiak eman badio ere osperik handiena, poesia, narratiba, kazetaritza eta itzulpengintza alorretan ere lan oparoa egin du. Ondarroa, bere herria, ez zeukan saltzeko; ezta kresal usaina ahazteko ere. Amesti, Itxas-ertz, Artibai edo Ibai-ondo »hauek ziren erabiltzen zituen ezizenetako batzuk» oso gaztetatik erakarri zuen euskarak, herriko jakituriak eta euskal kulturak. Kazetari lanetan ere aritu zen eta aldizkarien sortzaile, bultzatzaile eta partaide izan zen. 50 liburu idatzi zituen, poesiari, kronikari, hizkuntzalaritzari, ipuingintzari, nobelari, autobiografiari tokia eginez.

Ondarroan sortu zen Augustin Zubikarai 1914ko azaroaren 3an. Sei urte zituela hil zen herriko idazle ondo ezaguna: Txomin Agirre. Idazle hau maisutzat hartu zuen ez badakigu ere, Zubikarairen obran agerikoa da bere eragina. Zubikarai Ondarroako Agirreren jarraitzaile bihurtu zen, eta baita idazle garrantzitsu ere.

Ondarroan, Saturraranen eta Gasteizen egin zituen ikasketak eta 19 urte zituenez geroztik idatzi zuen. 36ko Gerra hasi baino lehen, besteak beste, Euzko, Gudari, Euzkadi eta Argia agerkarietan hasi zen bere lanak argitaratzen. Aberriagaz bizi (1934), Illobearen indarra (1935) eta Itxas lapurrak (1936) idatzi zituen serie moduan. Gerra hasi zenean, soldadu izateko gogoa zuen, baina Lauaxetak bestelako zereginak agindu zizkion. Euzkadi egunkariko zuzendari laguntzaile aukeratu zuen eta 1937an Eguna agerkariko erredaktore buru izendatu zuten. Lankide izan zituen Abeletxe (zuzendaria), Eusebio Erkiaga, Jose Mari Arizmendiarreta eta Alejandro Mendizabal erredaktoreak. Bilbo erori baino bost egun lehenago arte kaleratu zen Eguna eta Zubikaraik ere laster egin behar izan zuen hanka. Horrela idatzi zuen garai hari buruz: «1936’ko udan, gau baten, etxetik aste baterako izango zalakuan urten, eta 1941’ko negu gordiñean etxera biurtu nitzan».

Itzulitakoan, kazetari lanean jarraitzeko girorik ez zegoen eta kontserba fabrika batean hasi zen lanean. Ez zitzaion idaztea ahaztu ordea. 1941ean bertan Miarritzeko Lore Jokoetan saria jaso zuen Itsasora lanagatik. Sari asko jaso dituzte bere obrek eta berak omenaldiak ere bai. 1992an Ondarroako herriak egin zion omenaldia. Bere izena duen plaza bat dago Ondarroan eta bertan Zubikarairen irudia.

Euskararekiko begirunea ere izan zuen eta bizkaierari eta Ondarroako hizkerari arreta berezia jarri zien. Horrela, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1961ean eta 1993an berriz, euskaltzain ohorezko. Xabier Kintanak esan duen moduan: «Berak egindako poema, antzerki eta eleberri ugariei euskara jatorra darie, kresal usainaren zapore bizigarri hori».

36ko Gerraren zurrunbiloan

Gaztea zela hasi zen idazten Zubikarai, baina etenaldiak egin behar izaten zituen erraz gaixotzen zelako. 36ko Gerra hasi zenean sendatu zela esaten zuen berak. Praka bete lan izan zuen gerra lehertu eta amaitu bitartean, baita Ondarroara itzuli arteko bi urteetan ere. Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako geografia ezagutzeko parada izan zuen ondarrutarrak: Donibane Lohizune, Bilbo, Santander, Asturias, Ziburu, Tarbes, Andaluzia... Mila toki eta beste hainbat buruhauste: gudariei animoak emateko albisteak idatzi, preso zen bitartean pikatxoia astindu...

Bilbon kazetari lanean aritu zen buru-belarri. Manuel Ziarsoro «Abeletxe»k horrela bota zion 1936ko hondarrean: «Hemen diote egunkari bat atera behar dela euskaraz. Urteberri egunerako». Eta Zubikaraik: «Horrela, aurretik ezer pentsatu barik? Tanteorik-edo egin barik? Urteberri egunerako?». Agindua omen zen. Eguna egunkariak 16.000 ale banatzen zituen egunero eta batailoietan doan banatzen zuten.
Gerra urte haiek gogora ekarri genituen 1997an ARGIAko orrietan, Imanol Murua Uria kazetariak egindako elkarrizketan. Bizi-bizi kontatu zituen Zubikaraik euskarazko eguneroko prentsa egitearen abenturak, beti ere, gerra usaina zeriela. 1997ko udaberrian egindako elkarrizketaren pasarteak dituzue segidan.

Ajuriagerraren animoak Egunako kazetariei

«Atera genuen. Handik lau egunera Ajuriagerrarengana joateko agindu zidaten, Gran Via 45era. Joan nintzen. ‘Hombre! Tu eres Zubikarai? Te felicito!’. Nik esan nion egunkari bat ezin zela horrela atera. Bi edo hiru egunetan atera genuela baina ezin zela horrela segi. ‘Lo que se ha hecho en dos o tres días se puede hacer luego también’. Da! Atea itxi zuen eta akabo! Ajuriagerrarekin ez nuen gero gehiago hitz egin».

Basarrirentzat lehenengo orrialdea

«Ez, informazio berezirik ez zigun ematen Monzonek. Basarri gero hasi zen idazten. Hiru egunetik behin edo idazten zuen, eta deitu egiten zuen idatzi behar zuenean: ‘Augustin, gaur zerbait idatzi behar dizuet eta gorde lehenengo orrialdea’. Basarrik horixe zuen: beti lehenengo orrialdea.

Monzon señoritoa zen. Giputzak ziren Gobernazioko denak eta Basarri Monzonen zaindari zen. Bere babesean zeukan Monzonek Basarri».

Durangoko bonbardaketa

«Andima Orueta ‘Euzkadi’ko reporterarekin joan nintzen. Oso lagun handia nuen eta oso reporter ona zen. Gero ez zen agertu. Ez dakigu non hil zen. Gerra amaitu zen eta haren aztarrenik ez zen agertu gehiago.

Goiz hartan Andimak deitu zidan, bonbaketa izan zela eta bere kotxean Durangora joateko. Hamaikak aldera heldu ginen eta kanposantura joan. Han ziren oraindio lurperatu barik hogei bat gorpu edo, goizean bertan lehenengo orduan hildakoak. Eta han geundela, aiba demonios!, hegazkinak berriro, gain-gainetik. Harri bat altxa nuen eta sartu nintzen sepultura batean. Han egon nintzen, bakarrik.

Andima beste nonbaiten sartu zen, han birentzako tokirik ez zen eta. Zeozer biguna bazegoela sumatu nuen baina, ez dakit zer ote zen... hor konpon!»

Bigarren Mundu Gerrak harrapatuta

«Eta Tarbesen geundela, egun batean alemanak sartu ziren. Ordena eman zuten fabrikak geratzeko, baina bakoitzak bere tailerrean segitzeko. Etorri ziren eta ea euskaldun edo espainiar ginen: euskaldun esan eta bertan geratzeko; espainiar esan eta kontzentrazio eremura. Tarbesera etorri ziren alemanek hori egin zuten. Zer edo zer bazuten euskaldunekin, ezagupideren bat edo...»

Josune Ariztondo, EAJko EBBko kidea: «Augustin eta ondarrutarren kontuak»
"Jatorrizkoa izan arren gerra ostean galdu neban neure izenez deitzen eustan azken ondarrutarra hil da" inostan atzo bere izena eta izana urte askotan ukatuak izan zituen emakume ondarrutar edadetu batek. Errepublika garaian Ondarruko batzokian hazi eta hezitakoa bera.
Eta biok jardun genduen "lehenako gauzak" gogoratuz, batak esan eta besteak entzun, sarritan bezala. Gerra-aurreko batzokian asteroko antzerki saioetan antzezleei paperak banatzeaz eta jasotzeaz arduratzen zen neska koskorrak inor miresten baeban, Augustin idazlea, euskara irakaslea, pianojolea eta antzerki zuzendaria zan. Egunero batzokian jarduten eban Augustinek lanean, eta, domekero, kafesnea hartzeko beste patrikan izaten zan legez, batzoki-zainen alaba zen neska koskorrak pozarren eroaten eutson mahaira bere jakitxoa Augustini, azukrezau bat edo beste gehituz, jakintza-gai guztierako maisua zanari eutson miresmena agertu nahian.
"Hain zan Augustin benetakoa, hain ondo eta erraz ekien euskal nortasuna irakasten eta euskararenganako maitasuna ume ondarrutarrongan ereiten!" inoan atzo neska koskorra izandako Deñe harek. Ez da harritzekoa, horixe izan zan-eta, 10-12 urteko neskatoaren bizimodua, bere burua kartzelan ikusi ebanera arte. Egia esan, urte eder hareen gomutak babestu izan dau bera, babestu izan ditu hainbat ondarrutar, hurrengo urteetako beldur, neke eta mendeku, euren bihotzetan gorrotoari lekurik egin barik irentsi eta aurrera egiteko. Augustin Zubikarai, Roberta Arriola, Andoni Basterretxea eta beste hainbat abertzale bakezaleen irakaspenei esker.
Baina atzo, emakume ondarrutar edadetuak eta biok, ez genduen jardun bakarrik lehenaz. Denboran eta espazioan halako jauzia egin eta, berbeak berbea dakarrenez, batzoki birtuala izan genduen gai, oraingoan batak entzun eta besteak esan, eta, hara non! Augustin Zubikaraik orain urte batzuk emondako batek euskun argi, hausnartzen jarraitzeko.
Gauzarik gehienetan, betikoa etorkizun, Augustin.
Gure herriko txokoetan eta bazkalondoko solasaldietan, hurrengoan bere izango dozu tokirik. Beti bezala.

Pistolarekin mehatxu eta guzti
«Egia esanda, ‘Eguna’ Erkiaga eta biok egiten genuen. Mendizabal nahi zuenean etortzen zen. Kutun bat bazeukan, neska bat, eta haregaz... Harentzat ez zen gerrarik! Etxe berean bizi ziren bera eta Erkiaga eta: «Non da Alejandro?». «Hor dabil, neskagaz...», erantzuna. Hura ez zen agertzen. Arizmendiarreta, berriz, apaiz ikasle zen eta goizetan behintzat ez zen agertzen, zeren Begoñan teologia klasea zuen. Beste lagun bat bilatu genuen, Errigoitiko seminarista bat, baina hark ideiarik ere ez zeukan. Esan nion: ‘Hauxe euskaratu eta ipini titulu txiki bat’. Or ba, ipini zion titulutzat. ‘Or ba, zer? Zer esaten dute berriek?’, galdetzen nion. ‘Or ba!’. ‘Alla kuidaos’ esatea moduan! Horixe ipintzen zion titulua! Handik astebetera edo aspertu egin zen bera ere.
Egun batean Eusebio Erkiagak esan zidan: ‘Augustin, ezin leike! Ezin leike, ezin leike eta ezin leike! Odola botako dut bestela ahotik!’. Esan nion: ‘Ezin leikeela? Hona arte atera dugu eta atera egin behar dugu!’. Pistola bat baneukan, errebolber horietakoa, danborduna; eman zidaten baina ez nekien zelan erabiltzen zen. Aldean eraman beharrean kajoian edukitzen nuen. Atera nuen pistola, Erkiagari erakutsi eta ‘mekauen!’... Pixka bat estutu zen Erkiaga. ‘Bueno, bueno, aterako dugu...’.
ARGIA, 1997ko maiatzaren 25a

Mikel Atxaga kazetaria Kazetari zigortua
Merezi bezalako azken agurra egin zitzaion Augustin Zubikarairi, gotzain eta guzti. Izan ere, lan eskerga egin zuen gure ondarrutarrak kazetaritzan, irratigintzan, literaturgintzan, euskalgintzan eta herrigintzan, zigorrak zigor, debekuak debeku, lanak lan eta ezbeharrak ezbehar.
Euskarak ez duela erasorik izan ukatzen digute lotsagaldu batzuek. Euskara bakarrik ez zen eskoletan eta hedabideetan debekatua izan, euskarazko lanbideak ere zigortuak eta eragotziak izan baitziren. Funtzionari, irakasle eta kazetari asko lanik gabe geratu zen. Zubikarai eta bere belaunaldia lekuko. Gerra aurrekoetan Basarri bakarrik izango da kazetaritzatik bizi izan zen bakarra. Atzerria eta espetxea jasan ondoren beste lanbideren bati heldu behar izan zioten. Ez da kalte bakarra, noski. Ondorengook ere hutsetik abiatu behar izan baikenuen aurrekoen lana ezagutzeko aukerarik izan ez genuelako. Ezeri eta inori ez zitzaion, jakina, egindako kalterik ordaindu. Erasotzailea nor, hala gaitzesten edo saritzen baitira erasotuak hemen.
Hala ere, Zubikaraik ez zuen etsi, ez zuen gizatasunik, umorerik eta euskaltzaletasunik galdu. Eta, bulegoko lanaldiaren ondoren, euskaraz idazten eta euskaltzaletasuna zabaltzen jarraitu zuen. Ez zien muzinik egin herriaren aldeko eginkizun politikoei ere. Errexago etsitzen eta zapuzten garenontzat eta eskerrik eta etekinik gabeko lanei agudoago muzin egiten diogunontzat eredu da Zubikarai, musu truk, bolondres, lan egiteko beti prest. Agur eta ohore zuri, Augustin, esker onez.


ASTEKARIA
2004ko uztailaren 25a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude