ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a

Natalia Bolivar: «Kubako egungo sinkretismoa sortu zen afrikar jainkoak saindu katolikoekin bat egitetik»

2004ko uztailaren 18a
Natalia Bolivar Arostegi Bolivar González de Mendoza naiz, eta oraino baditut beste euskaldun deitura batzuk. 1934an sortu nintzen Kubako argitasunera, aristokrazia kriollokoa zen familia baten baitan.

Habanako St. Jorge School-eko ikasle izan nintzen; unibertsitatera sartzerako orduan, aldiz, hura zerraturik zegoen Fulgencio Batista-ren kontra gertatu altxamenduen ariora, eta handik bada, New Yorkera joan nintzen pintura ikastera, pintore handiekin egin nituelarik neure ikasketak.

Habanako Arte Ederrak zabaldu zirenean, beti artea ikasten ibili ez ezik, baldintza guztiak ere betetzen nituenez gero ûingeles eta frantses mintzairak jakitea, kasuû, irakasle sartu nintzen. Arte Ederretan bazegoen areto bat afrokubatar kulturari eskainia, Lydia Cabrera-k eta haren informatzaileek antolatua. Bada, hantxe ematen nituen neure hitzaldiak.

Sasoi hartan, Directorio Revolucionario deitu taldearekin harremanetan hasi nintzen, berean jauntzi nuelarik 1958ko uztailaren 16an atxilotu ninduten arte. 48 orduz poliziaren menean egon nintzen, torturak ere jasan nituela; zorionez, neure familiak atera ninduen ateka hartatik. Jasan nituen ahalamenetatik sendatzera Brasilgo enbaxadara joanik, beretik klandestinitatera aldaratu nintzen, 1959an iraultzak irabazi zuen arte.

Arte Ederretako jauregia, bereko artelanek galerarik jasan ez zezaten, gudaroste baten burua hartu nuen. Ondotik, Komandanteak museoko zuzendari izendatu ninduen, eta hartan jauntzi nuen 1966ra arte. Anartean Museo Nazionala, Museo Napoleonikoa eta Arte Apaingarrien Museoa sortu nituen.

Handik laborantzara aldaratu nintzen bost urtetako. Banco Nacional-etik deitu ninduten gero, sasoi hartan Joyería Moderna-ko lantegietan sortzen ari ziren harri "erdibitxia" erdiesteko ahaleginetan lagun nezan, amoreagatik. Lan hartaz landa, Museo Numismatikoa ere antolatu nuen. 1979tik aitzinera bankuko ministroarekin arazo larriak izaten hasi nintzen, ondorioz, lanetik kanpora igorri nindutelarik. Beraz honelatan, bi urteren luzean lanik eta sosik gabe egon nintzen, bai eta are, Alderditik kanpoan jarria, neure hiru alabatxoen mantenuan amak lagundu ninduelarik.

Zigorraldia amaiturik, Teatro Nazionalean hasi nintzen lanean, halaber, atxilotu ninduten sasoian eten nituen ikerketak berriz harturik, antzerki lanetan eta filmetan esku hartzen ere, hala nola Gutierrez Alearen Fresa y Chocolate hartan, Titonen beste batzuetan, edo La Locura Azul delakoan, Los Zafiros taldearen lana, bera. Eta hura gertatu zen, zeren filmotan santeria edo halako erlijioekin zer ikusia zuten sujetak ageri zirenez, zuzendariek nire laguntza behar izaten baitzuten haien sineste eta portaerak behar bezala islatzeko. Halatan, Los Orishas en Cuba neure lehen liburua, film eta antzerki zuzendariek galde egin zidatelako idatzi nuen, santeroak eta halako sujetak nola antzeztu behar zituzten jakin zezaten.

Engoitik, segitu egin dut erlijio haien gaineko neure ikerketak egiten. Presenteon baditut 13 liburu argitaratu eta beste lau argitaratu gabe, haietatik bi neure alabarekin idatzi ditut. Azkena duela urte bete amaitu nuen. Espainian badut liburu bat Román Orozcorekin batean izkiriatua: Cuba Santa. Hartan, Kubako historia erlijioen bidez kontatzen dut.

Zer da Los Orishas en Cuba?
Horixe da nire libururik sonatuena, 1990ean Kuban argitaratu zena, doi orduantxe gertatu baitzen erlijioetarako zabaltze edo lege errepresiboen biguntze bat. Orishak jainkoak dira, Kuban "sainduak" iritziagatik ere. Orisha edo jainkoetatik bakoitza da saindua, eta santeriari Osha-ren Araudia iritzi behar zaio. Sainduok, erlijio primitibo guztietan bezala, natura baitan diren indarrei dagozkie, eta santeria naturaren elementuekin bat egitean eta haiek gurtzean datza.

Santeriak bi iturri bide ditu: alde batetik, Afrikako esklaboekin heldu ziren sineste eta mitoak, eta beste aldetik, kolonizatzaileek inposatu zuten erlijio katolikoa. Nolatan iraun dute afrikar sineste erlijiosoek?
Ahoz aho irakatsi tradizioak dira. Afrikar esklaboa Kubara bere griotekin heldu zen, hots, bere istorio, mito eta alegiekin, halaber bere bizimolde bereziekin ere. Halatan bada, ez da erraten ahal erlijio bat bera baizik ez dela, bai ordea, Afrikako kostaldeetatik heldu esklabo talde bakoitzak bere erlijioa ekarri zuen, nahiz eta erlijio haiek guztiek oinarri bera duten: sinesmen animista, naturaren elementuak gurtzean datzana.
Espainolek, ordea, erlijio katolikoa inposatu zieten esklaboei, XIX. mendera arte beste erlijioek ez dutelarik izan irlara sartzeko aukerarik. Bi erlijioetatik heldu zen egungo sinkretismoa, bada, afrikar jainkoak saindu katolikoekin bat egitetik. Halarik ere, izenetan baino ez dago nahasterik, saindu katolikoen gibelean Afrikako jainkoak ezkutatzen baitira; halatan, Santa Barbarari foroguak eta otoitzak eskaintzen dizkiotelarik, Shangó jainkoa gurtzen ari dira.

XIX. mendean Kuban bada mugimendu sozial bat beltzaren beldur izatean datzana, bada, demografikoki eta politikoki endelega daitekeena. Iharroste horren unerik gorena 1912an gertatu sarraskia da, Partido Independiente de Color zeritzan taldea matxinatuz gero heldu zena. Errepresioa santeriaren kontra ere gertatu zen?
Afrikar esklaboak askatasun sentimenduarekin heltzen ziren eta ez da 1912ra arte igurikatu behar beltz matxinadak gertatzeko. 1500etik aitzina beltzak behin eta berriz matxinatu ziren, gehiago edo gutxiago, beti egon ziren beltz "altxatuak", handik heldu baitziren palenke ospetsuak, beltz ihes eginek eraiki herrixkak, batzuk hain indartsuak, non Santo Domingo, Haití edo Jamaikarekin jarri baitziren harremanetan. Izan ere, haietarik batzuek 80 edo ehun urte iraun zuten, hain ziren pattartsu eta hertsiak palenkeak eraikitzen zituzteneko lekuak. Ongi antolatu defentsak zituzten eta elikatzeko adina alor eta baratze, lekuotara eten gabe heltzen zirelarik zimarroi berriak, hots, ihes eginiko esklaboak. Palenkerik sonatuenak Oriente probintziakoak ziren: El Frijol eta Maluaga; erdialde eta mendebaleko probintzietan, ordea, Santa Claran, Matanzasen eta Pinar del Rion palenke anitz egon ziren, Orientekoak baino tipiagoak izanagatik.
Ohar gaitezen esklabo haietatik anitz gerlari leinuetakoak zirela, halaber, leinu honetako edo hartako printze edo pertsona larria ere aldika esklabo gertatzen zela. Palenkeok Hamar Urteko Gerrara arte segitu zuten, esklabo ohiak denak juntatu baitzitzaizkien manbiei espainolen kontra, ezen, Carlos Manuel de Cespedes bera guztien buruan, Kubaren independentziaren alde jardukitzen zutenek beltzak askatu egiten zituzten, zimarroiak ez ezik, esklabo zirenak ere bai. Halatan, ikerketa berriek erakutsi dutenaren arabera, erraten ahal da ehun manbietatik 70 beltzak izan zirela.
1912ko sarraskiaz mintzatzera, bada, jada errepublika sasoian gertatu zen, behaztopa eta arazo anitz izan zuen politika baten baitan. Gertatu zena honako hau izan zen: espainolen kontra jarduki zuten beltz andana haiek ezjakinak, zabarrak eta enoranteak zirelako aitzakian, errepublikako gobernuaren politikatik kanpoan gertatu ziren. Egia erratera, aldiz, beltz haietatik batzuk armada iraultzailea baitan jeneral edo pertsona printzipal izatera iritsiak ziren, erratekoz Juan Guadalberto Gomez edo Quintín Banderas, hiru gerletan jeneral izan zena.
Eta ongi heldu da Quintín Banderas ageri izana, zeren, kriollo zuriek beltzen kontra zein herra gaiztoarekin jauntzi zuten adierazten baitu: erran bezala, oinezkoen gudarosteetan jeneral izan zen Quintín Banderas kale-garbitzaile jarri zuten 100 pesoko soldatarekin, beranduago 80tara tipitu ziotelarik. Bai eta are, gerra sasoian haren menekoa izana zen presidente Estrada Palma-k finean erhan zezatela manatu zuen.
Pentsatzen ahal da zein zen beltz xeheek jasaten zuten tratua! Bada, hargatik sortu zen Partido Independiente de Color hura, aristokrazia kriolloaren kontra sortu arrapostutzat hartu behar dena eta eskubide berdintasuna xede zuena. Bai ordea, mugimendu hura guztiz masakratua gertatu zen. Haren gainean anitz izkiribatu da eta zenbaki anitz aipatu dira, baina egia da errepresioa izugarri handia izan zela.
Santeriaren kontra errepresiorik? Beltzen kontra aritzearekin, kriolloak haien dantzak edo elikatzeko usantzak ez ezik, erlijioa ere erdeinatzera ahalegindu ziren, beren festetan haurrak erhan eta jan egiten zituztela edo antzekoak erranez.
Naski, hura guztia gezurra zen, eta zurietatik anitzek zuzenetik zekiten egia; errateko, azukre-oletako nagusiek erlijio horietara jotzen zuten beren seme-alabak sendarazteko, ez sendagile espainoletara. Eta hura gertatzen zen zeren erlijio haietako babalao edo sazerdoteek ezagun zituzten belar anitzen sendatzeko indarrak, alta, egun "sendabide berdea" deritzan horretan antz handikoak ziren. Azken finean, erlijio hauek ageriago edo gordeago ibili dira sasoien arabera, azken hogeita hamar urteotan bezala.

Anitzek uste du erlijio hauek soilik beltz eta zuribeltzen afera direla, baina sinesle zuririk ere bada; zu zeu zuria zara!
Har ditzagun erlijio hauek oro: Santeria, Regla de Palo, Haitiko Vudú. Bai Kuban, bai bestetan, zuriek aspaldidanik esku hartu dute erlijiootan: gauza jakina da XVIII. edo XIX. mendeetan azukre-oletako nagusiek esklaboen erlijio-festetan esku hartzen zutela eta beltzen sendabideak galde egiten zituztela. Gure izaeraren oinarria mestizaia da, espainolen eta beltzen arteko nahasmena. Herri hau guztiz da odol-nahasia, denok dugu beltz odola.

Osha-ren Araudia edo Santeriaz landa, zer dira Regla de Palo eta Abakuá isilpeko elkartea?
Regla de Palo, hala deritza Angola, Kongo eta Zairetik heldu esklaboek ekarri zuten erlijioari. XVI. mendean espainolek lurraldeotatik ekarri zituzten lehenbiziko esklaboak, gero eta urriago ziren indioekin batean Santiago ondoko kobre-meategietan lan egitera. Oraino baziren indio zenbait oihan eta portuetan libro bizi zirenak, bai eta meategietatik ihes eginak ere, haiek izan baitziren lehen zimarroiak û"indios cimarrones" izkiribatu zuten lehen kronikariekû. Luze gabe haiei beltz iheslariak juntatu zitzaizkien, handik heldu baitzen landareen gaineko beltzen jakintza, bada, indioengandik ikasia. Lehenbiziko esklabo haiekin heldua, hatzarrian Regla de Palori Mayombería iritzi zitzaion, Kongoko Mayombe oihanetatik etorria baita. Erlijio hau naturaren indarrak gurtzean datza: lurrak, zuhaitzak, landareak, baita enfumbe deritzan hura ere, hots, pertsona hildakoen espiritua; espiritu hura Enganga edo La Prenda bilakatuko da, haren jabeak bere nahiera erabil dezan eta nahi duena egitera mana diezaion. Kubara heldutakoan erlijio-sistema hura adar anitzetan banatu zen: mayombe, biyumba, quimbisa eta chamalongo; hauexek dira adar nagusiak, erresuma, eskualde edo herriaren arabera. Bai, ordea, guztion muina natura bera da, soilik hautsa bada ere; adarrotatik bakoitzak baditu bere txoriak, bere zuhaitzak, bada, erlijioa beti naturaren indarrei zuzendua da.
Abakuá bertze zerbait da. Hirietan edo herri handietan leinu bereko esklabo eta libertoak elkartzen hasi ziren beren festak antolatzeko, elkarteoi Kabildo iritzi zitzaielarik. Kabildoak legeztatu zirenean, Kabildo Carabalí zeritzana Habanako harresietatik kanpoan biltzen hasi zen, XVIII. menderako antolaturik zegoela. Elkarte eta lagungo haietan afrikar erlijioak beren izate eta egite osoarekin mantendu ziren, berdin yoruba, kongo edo karabalí izanik ere. Abakuá isilpeko lagungoa kabildootan sortu zen, indarrik handiena Habana, Matanzas eta Cardenaseko portuetan bildu zuelarik, taldeko gehienak beltz indartsuak izaki, portuko zamaketa-lanetan iaunzten baitzuten.
Abakuá hura Calabar eskualdeko mito batzuetan oinarritu zen; uste dugu Afrikako kostalde hartako populuak 1300-1400 urteetan matriarkatutik patriarkatura aldaratu zirela, hots, gizona egin zen "sekretuaren" jabea: sekretua duenak boterea ere badu; leinuko sekretua badut, haren gaineko boterea ere badut. Abakuá baitan soilik gizonak sar zitezkeen, arras kode etiko zuzena zuten, doi-doi konplitu behar ziren arauekin. Taldearen xedea, bilduriko sosaz partaideen askatasuna erostea zen, baita alarguntsa edo umezurtzak laguntzea ere.
Barneko antolamendua aipatzera, erran behar da lagungoa militar erara antolatu zela, halaber, bere mende guztian politikaren gorabeherak jasan zituela ere. Errepublika sasoian abakuá jendeari beldur zitzaion, egiatan indar politikoa zelakoz, portuak kontrolatzen zituzten aldetik.
Baina abakuáren garrantzia ez datza soilik alde sozial edo politikoan, bai ordea, Kubako musika eta dantzak, conga edo mambo, gure folkloreko iharroste eta keinuak, deabruttoak, txanodunak eta abar, abakuá taldeen festetatik heldu dira. Federico Garcia Lorca festa haietatik batera eraman zuten batean, deabruttoak eta abar ikustearekin, erran zuen ezen dantzaldiok Europan antzeztuko balira, jende guztia harri eta zur geratuko litzatekeela. Izan ere, gaur egun nehoiz baino "lur" gehiago dago, nehoiz baino partaide gehiago dago.

Brasil, Kuba eta beste herrialdeetako santerien artean zer berdintasun eta berezitasun dago?
Horiek guztiak Afrikako leku beretatik heldu sineste berak dira, egun lekuz lekuko ezaugarri ezberdinekin izanagatik ere. Errateko, Brasil holandarren eta portugaldarren menean egon zen; Haití, aldiz, espainolen, frantsesen, eta aldi batean ingelesen menean ere bai. Handik bada, kolonizatzaileek ekarri erlijioek beren marka utzi zuten esklaboen erlijioetan.
Halatan, Haitín vudúaz aipatuko dizute, bada, vudúa Dahomeyko erresumatik heldu zen, Arará lurraldetik; halarik ere, Haitín Varon cimetié, La Maitre eta antzeko sujetak dituzte, ageri bezala izen frantsesak dituztenak. Haitiko iraultza gertatuta, frantses anitz aldaratu ziren Kubara, guztiz ere Orientera, naski, esklaboak eta guzti. Beste esklabo batzuk Matanzas edo Pinar del Riora eraman zituzten gero, bozal zeritzen haietarikoak, erran nahi baita, zuzenetik Afrikatik ekarriak; berauek vudúa praktikatzen dute Afrikako eran, haiek, aldiz, Haitikoan.

Santero batzuek erlijioa kristau eraginetatik garbitu nahi dute eta yoruba leinukoek praktikatzen zuten erara itzularazi, erratekoz, Shangó eta Santa Barbara bat bera egitea ekidin. Badu zentzurik?
Badira taldeak, Asociación Cultural Yoruba kasu, erlijioa yoruba moldera bihur dadin nahi dutenak. Ni ez nago ados. Orain arte gauzak ongi heldu badira, zertarako hasiko gara erlijioa yorubartzen? Erraten dute forogu eta erritualak yorubar mintzairan egin behar direla, bada, nire ustez afrikarrek berek behar dute mintzaira berreskuratu, ez guk.
Nigerian kolonizatzaile anitz sartu ziren, ingelesak, holandarrak, frantsesak, portugaldarrak, nor bere mintzaira eta erlijioarekin heldu ziren; bertako anitzek, beren aldetik, ahalegin guztiak egin zituzten Oxforden edo Parisen ikasteko, beren nortasuna ezkutatzeko eta zuriak bezalakoak izateko. Orain, berriz, jende hark nahi du lehenagoko bere kultura berreskuratu, handik heldu baita yorubar moldera bihurtzeko nahia. Baina Kuban ez da gertatu Afrikan bezala, ez eta beste lekutako arrazakeria ere, beltz-sarraskiekin eta abar. Hemen beltzarekiko arazoa tipia izan da. Errateko, nik maitatuen izan dudan pertsona hazi ninduen emazte beltza izan da, neure ama bezainbat maite izan baitut. Beraz, hemen sinkretismoa naturalagoa izan da.
Nire ustez ez dago deus zertan yorubartu, guk badugu geure izate berezia, zeren erlijioa geure ezaugarrietara moldarazia baitugu. Nigerian darabilten Ifá-ren kultua ezagutzearekin ohar gaitezke mintzo direneko lengoaia ez dela gurea. Guk Ifá geure bizimolde eta baldintzetara ekarri dugu, ezen, erlijio hauek, sorlekua Afrikan izanagatik, kubatarrak dira, denbora aitzina arauak moldatu eta aldaratu egin direlako. Santeria kubatarra da: Nigeriako yorubar eskualdean baldin badira 500 orisha, pentsatzen ahal da gutienik 300 heldu zirela Kubara. Erlijioa praktikatzen zuen jendea arras hertsia zen, zaharrak hiltzearekin beraien sekretua ere hiltzen zen. Beraz, honelatan, jainko edo "saindu" anitz galdu egin ziren. Hura ikusirik, atso-agure batzuek deliberatu zuten liturgia bezalako bat sortu behar zutela ezagun zituzten orishei egokitu behar zitzaiena. Bada, horixe da oraingo santeriaren oinarria.

Desakralizatzera entseatzen den gizartean erlijioak badu lekurik?
Jendea nekatzen hasia da horretaz, kontsumismoaz nekatua da eta zientzia hutsaz ere bai: berau zerbait badela sinetsirik, finean ohartzen gara dena heldu dela naturatik, eta gu suntsitzen ari gara.

Zuk euskaldun deiturak dituzu. Zer sentimenduk lotzen zaitu Euskal Herriari?
Ni guztiz kubatarra sentitzen naiz, eta Euskal Herrikoa ere bai. Galde egiten badidazu nor naizen edo nola sentitzen naizen, bada, ni Kuba sentitzen naiz, irla honetan sustrai harturik nago, hau nire irla da, Euskal Herriko etorkina izanagatik.

Santeriak zer ondorio jasan zuen iraultza sozialistarekin?
Jende guztiak dakiena: hau marxista-leninista deklaratu zen eta erlijioak amaitu egin ziren, kitto. Erlijioak ez zituzten zuzenki pertsekutatu, baina nehork bere burua katoliko, protestante edo kultu sinkretikotzat edukiz gero, han hark ez zukeen lanposturik erdietsiko. Handik heldu zen moral bikoitza: erlijioa ezkutuan praktikatzen zen.
Los Orishas en Cuba nire liburua aurkeztu zen egunean, niri Brigada Berezia igorri zidaten, argitaratu aitzin moldiztegian hiru aldiz geldiarazi zidatelarik. Gero zabaltze bat gertatu zen. Dena dela, nik uste dut erlijioak eta politikak ez dutela zer ikusirik. Erlijios izan ala ez, jendeak onetsi egin zuen estatuaren politika: Kongora edo Angolara igorri aitzin nehori ez zioten galde egiten erlijios zen ala ez.

Duela zenbait urte hitzaldi bat eman zenuen Kubako Santeria eta Euskal Herriko antzinako erlijioaren arteko harremanen gainean.
Kristoren aitzineko erlijioak ezagutzearekin, bada, Euskal Herrikoak ez ezik, mundu guztikoak ere, katolizismoaz mintzatzera, 400 urte iraganak dira inkisizioarekin. Ni erlijio primitibo guztien alde nago, eta Euskal Herrian egon nintzen batean ohartu nintzen zer erlijio indartsua zen Kristo aitzinean zenutena.
Ni Kanadako indioekin bizi izan naiz, herrialde batera joaten naizenetan indioak edo bertako populuak aurkitzera entseatzen naiz, zerbait gehiago irakats diezadaten. Horrek gizakumeago egiten nau, neure alabei nehon irakasten ez diren baloreak irakastera bultzatzen nau; ezen, naturarekin bizitzeko zentzua galtzen ari gara.

Erlijio anitz fededun bakoitzak
Harrigarri gertatzen den gauza: zuek erlijio bat baino gehiago izan dezakezue. Europan, berriz, esklusibitatea aldarrikatzen duten erlijioak dira nagusi; katoliko bazara ezin zaitezke protestante izan, eta abar.
Hemengo gure erlijioan dena izan zaitezke, katoliko eta aldi berean protestante edo espiritista, bai eta babalao ere, nahi duzun guztia. Beltzen arabera, zenbat eta erlijio gehiago izan, gero eta aché edo dohain handiagoa izanen duzu gizakiaren arazoei irtenbide emateko. Ez da jainkotasunari gehiago hurbiltzeko bidea, bai ordea, giza-ezagutza hobetu eta sakontzekoa. Erlijio hauen xedea bizi gareneko aldian geure arazoetan laguntzean datza; bada, erlijio bat baino gehiagorekin jendearen mundu espirituala hobeki ezagutuko duzu eta barnakiago iritsiko zara haien barrenera lagundu ahal izateko. Batzuen iritziz ateismoa ere ahal liteke erlijio hauen baitan. Izan ere, erlijio hauetantxe dena ahal da, naturaren elementuak gurtzen diren aldetik.

Erlijio hauek guztiek gerokoek baino jakinduria handiagoa biltzen zuten, hargatik bada, erlijio katolikoa, bere hedatze eta munduan barrena zabaltzean, aurkitu zituen guztiak ezabatzera ahalegindu zen, inkisizioa eta beste direla bide.

Lehenagoko kulturek, aldiz, jakintza handia biltzen zuten. Zientzialariak harriturik daude azteka deitutako kulturak sortu zuen kalendreraz. Halaber, ohart gaitezke erromatar edo heladear kulturez, zibilizazioaren oinarri izan diren haietaz. Eliza katolikoak haiek oro deuseztatzera egin zuen.

Zuek euskaldunek, errateko, baduzue Estibalitzeko Amabirjina goi batean, behiala Mari jainkosa gurtzen zen leku berean. Bada, guti gora-behera gure Osha-ren parekoa zen, ekaitz eta antzekoen jainkosa.

Geroztik zibilizazio haiek guztiak bortxatu egin ditugu, kultura haien garrantzia eta ezagutzak erdeinatu egin ditugu; ezen, irakurtzen baduzu, ohartuko zara guk Europa salbatu genuela gosetetik lursagar eta beste tuberkuluekin; txokolatea zuek ez zenuten ezagutzen, eta abar luzea.

Finean, hainbeste zibilizazio garrantzitsu suntsitzea Europako gerretako urre zamak ontziratzeko!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak

ASTEKARIA
2004ko uztailaren 18a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude