Leintz Gatzaga, herri bizitza suspertzeko gatza

  • Isurialdeen banalerroek bi aldetan zatiturik dago Leintz Gatzaga eta haren urak Ozeano Atlantikora eta Mediterraneo itsasora iristen dira. Behiala, lurra bera itsasoko urez estalirik egon ondoren, itsasoak altxor preziatua utzi zion lurrari gaur egungo galgetara murriztu zenean: Gatza. Mineral honek hazkundea, aberastasuna eta, tamalez, botere grina ere ekarri zizkion herriari. Herri gutxitako historiak eta bizimoduak izango du honek adinako harremana gatzaren ustiapenarekin. Eta gatzaren jarduera ekonomikoaren garaiak iragan badira ere, Leintz Gatzagak oraindik urre txuriari etekina ateratzen dio kalitatezko turismo eskaintza zabalarekin, bere altxorrari museo bat egiteraino. Eskaintza hau osatzen dute Dorletako santutegiak, hainbat atsedenlekuk, mendi ibilaldiek eta herri honek ematen digun lasaitasun sentsazioak. Oraindik, gatzak, aurrera jarraitzeko indarra ematen die gatzagarrei.

2021eko uztailaren 16an

Arabako iraganbidea irekiz, Gipuzkoako hego-mendebaldeko muturrean dago Leintz Gatzaga, Debagoiena bailara gainetik menperatu eta zaintzen duela, halaber. Bailararen izaera industrialik gabe, Leintz Gatzagak nekazaritza kutsua mantentzen jakin du, orografia menditsuan eta naturarekin harreman zuzenean. Aizkorri eta Anboto mendikateak alde banatan ditu. Hegoaldean, berriz, Arabako lautada, paisaia aberats eta ezberdina osatuz.

Herriak inguruko mendiak ditu jatorri, neolitiko garaiko megalitoen eremua, hain zuzen. Oraindik mantentzen dituen ezaugarri arkitektonikoekin, ezin ukatu Erdi Aroko herria denik. 1331. urtean lortu zuen Hiri Gutuna Alfontso XI.a Gaztelako erregearen eskutik. 1374az geroztik, Oñatiko Gebara kondea egin zen herri osoaren jabe, gatzaren ustiapenak ematen zion garrantzi eta botereari etekina ateratzeko. 120 urte luze iraun zuen kondearen menpe, 1496an Gipuzkoako Batzar Nagusietan eserlekua berreskuratu zuen arte. Ordura arte gatzagarren eta kondearen arteko liskarrak etengabeak izan ziren, ugari baitziren Gebararen lege-hausteak.

1495. urtean herrian pairatu zen izurritea ezabatzeko egindako sua sute bihurtu zen, eta eraikuntza guztiak suntsitu zituen. Geroztik hartu zuen gaur egun duen itxura.

Bisita harresi barnera

Leintz Gatzagako auzoetan baserri dotoreak badaude ere, herri barneak deitzen du bisitariaren arreta. Hiru kale paralelo daude eta hauek iragan ondoren, beste kale bat. Herri barnea inguratuz, garai bateko harresi sendoaren aztarnak daude ikusgai oraindik. Leintz Gatzagak hasieratik izan zuen harresia, eta jatorrian herrira sartzeko zazpi ate bazituen, egun bost besterik ez dira geratzen. Aterik handienak Gaztela Leongo armarria dauka gainean. Lehenago ate guztiek Ama Birjina eta santuen irudiak zituzten arren, egun bakar batek du Ama Birjinaren eskultura.

Edozein atetik sartuta, oinetxe, jauregi eta ate dotoreak dituzten etxeak ikusiko ditugu. Erdiko kalean barroko estiloko Garro jauregia dago, XVII. mendekoa. Oñatiko kondearen gotorlekua zegoen orubean, aldiz, Elexalde familiak XVII. mendean eraiki zuen jauregi errenazentista. Egun kultur etxea dena, Soran jauregia dugu, bere kantoietako batean armarri dotorea erakusten duena, hain zuzen. Gatzagarrek, aldiz, "Indianokoa" deitzen diote hasieran bi dorre zituen Soran jauregi honi. Bertan ostatu hartzen zuten errege-erreginaren segizioek, Leintz Gatzagatik igarotzen zirenean. Tamalez, bi dorreak Nafarroara eraman zituen jauregiaren jabeetako batek, han berriro berreraikitzeko asmoz. Jauregi hauek guztiak baino zaharragoa San Milan eliza dugu, XIV. mendekoa. Hala ere, jatorrizko eraikinak bi aldiz hartu zuen su, eta lau horma nagusiak besterik ez ziren zutik geratu.

Eraikin hauen guztien erdian, hara ospetsua den 12 tutuko iturri berezia, "As de copas" deiturikoa. Beheragoko plaza aisialdi eta atsedenerako prestatuta dago, turismo bulegoa, frontoi estalia baina librea eta udaletxea dituela. Udaletxearen aurrealdean armarri koloretsua ageri da: atzaparretan dorlak dituen arranoa, eta zintzilik ageri den bildotsa.

Harresiz kanpo naturaz blai

Ugari dira Leintz Gatzagak naturaz gozatzeko eta kirola egiteko eskaintzen dizkigun mendi ibilaldi eta txangoak, Aitzorrotzerako edota Degurixarako irteerak, esaterako. Baina Turismo Bulegoak espreski haurrengan pentsatuz prestatutako bi ibilaldi aipatuko ditugu hemen, Hiruerreketa eta Isuskitzako txangoak. Biak balizatuta daude eta ez dute aparteko zailtasunik. Lehenak Deba ibaiaren sorburua ezagutzeko parada emango digu. Herritik edo Gatz Museotik hasita, pagadi ederrak zeharkatuz Hiruerreketa izeneko tokira hurbilduko gara. Izenak adierazten duenez, hemen biltzen dira Urkitza, Uzetakoaitza eta Deba errekak. Bueltako bidean Tantaduiko hariztia, San Juan Zaharreko karobia eta Santiagorako erromesei ostatua ematen zien Dorletako Santutegia bisitatuko ditugu. Zeharkatuko ditugun baso gehienak herriarenak dira, Leintz Gatzaga baita Gipuzkoako herri-lur gehien duen herria.

Bigarren txangoak Isuskitza mendiko hego magaletik Arabaraino eramango gaitu, Landa aldera Maltzagako trenbide zaharraren bidea jarraituz. Arlaban mendatea gaindituko dugu, leku eder asko ezagutuz. Eguraldi ona izanez gero, aukera izango dugu urrunean Bizkaiko kosta ikusteko. Turismo Bulegoan eskatuz gero, bi txango hauek gidatuta egin daitezke, bidean topatuko ditugun ezaugarri bakoitzak hobeto barnera ditzagun.

Bestalde, Leintz Gatzagan hiru atsedenleku ditugu, eguneko nekearen ondoren indarberritzeko edota bazkaltzeko: Bengoerreka, Iturritxueta eta Pagoederreko guneak. Eguzkipean bazkaltzeko leku aproposa da Dorleta Santutegiko kanpa ere.

Gatz Museoa, urre zuriaren 1.500 urteko historia
Mendetan gatzak Leintz Gatzagari izena, bizitza, boterea eta aberastasuna eman badizkio, gaur egun ere herriaren bizigarri izaten jarraitzen du, Gatz Museoaren bidez. Museoak laguntzen digu mineral honek izan duen garrantzia ulertzen eta gatzagarren historiaz eta izanaz jabetzen. Gizakien nahiz animalien elikadurarako funtsezko minerala den gatza, Burdin Aroan ere ustiatzen zen. Horrela, Gatz Museoak lau epetan banatzen du gatzaren ustiakuntzaren historia: Burdin Aroa; XVI. mendeko dorlak; XVIII. mendean sortutako putzupada-gurpila; eta XX. mendeko industri garaia.
Beste tokietan gatza lortzeko lurrinketa-sistema erabili bazen »Anana Gesaltzan, esaterako», Leintz Gatzagako klima hotz eta hezea medio, suaren bidez berotzen zen ur gazia, likidoa lurrintzeko eta urre zuria bereizteko.
Bisita Harreralekuan hasten da, eta bertan jasoko ditugu gatzari buruzko oinarrizko azalpenak. Harreralekutik Dorletara pasako gara eta kartzelako ate zaharra iragan ondoren »museora ekarri dute», gatzaren jatorrizko produkzio gunean sartuko gara. XVI. mendean 8 etxe zeuden hemen, dorlak izenekoak. Bertan biltzen zen ur gazia, burdinazko galdaretan berotzeko eta ura lurrindu ondoren mineral preziatua jasotzeko. Lan hau emakumeek egiten zuten, uztailetik abendura bitartean. XIX. mendean esku lan hau amaitu zen, Productos Leniz enpresaren eskutik ustiapen industriala hasiz. Fase hau erakusten digute museoan berreraikitako txanbil-gurpilak eta 7 metroko putzuek. 1920an motobonba batek putzupada-gurpila ordezkatu zuen, azken berrikuntza honekin gatz produkzioa handitu nahian. Hala ere, lortutako gatz kopurua eta kalitatea ez zen aski izan itsasoko gatzarekin lehiatzeko. Horrela bada, lantegia 1972an itxi zen, 1.500 urteko ustiapenari amaiera emanez.
Museoko bisita berriro Harreralekuan bukatzen da, ikusentzunezko emankizun batekin. Baina Museoa kontatutakoa baino askoz gehiago da, bertan gatzaren inguruko arlo ugari deskubrituko baituzue ariketa interesgarrien bidez, haietako asko oso dibertigarriak direnak eta espreski haurrentzako zuzenduak.

Informazio praktikoa

Non jan:
OSTATU Jatetxe/taberna. Tel. 943 71 53 71
ARRATE Jatetxe/taberna. Tel. 943 71 43 71
LABIDEA Denda/kafetegia eta turismo bulegoa. Tel.943 71 47 92
GURE AMETSA Jatetxe/taberna. Arlaban Gaina, Tel. 943 71 55 22
GAZTAINUZKETA Jatetxe/taberna. Tel. 943 71 51 64
GATZAGAIN Jatetxe/taberna. Tel. 943 71 40 05

Lo egiteko:
ATERBE Landetxea. Tel. 943 71 50 37
GAZTAINUZKETA, 8 bungalow. Tel. 943 71 51 64

Dorleta santutegia, txirrindularien eta gatzagen zaindari
Dorletako santutegiak ederki zaintzen ditu gatzagak. Hasiera batean gatzaren produkzioa babesteko eraiki zen gaztelua, Santiago bideko erromesen ostatu eta babesleku bihurtu zen. Bere inguruan dirauten usadio eta kondairek eta fatxada nagusian ageri diren irudi erromanikoek tenplu honen antzinatasuna adierazten digute. Kanpoan, erlaizak eta bazkaltzeko edota atsedenaldirako leku aproposa eskaintzen dizkigu. Eta eraberritutako barrualdean, XIII. eta XIV. mendeko Ama Birjinaren irudi gotikoa, Barroko garaiko erretaula eta Castillo sendiaren armarria ikus daitezke.
Dudarik gabe asko gurtutako santutegia da Dorletakoa, bai Debagoienako herritarrek, baita Arabako lautadakoek ere. Adibidez, irailaren 8an, erromeria egiten denean, Otxandiotik hona oinez etortzeko ohitura dago.
Urtetan santutegi honetan ikusgai egon da Grecoren koadro bat, Asisko Frantziskoren irudia.


Azkenak
Emozioei bai, emotibismoari ez

Sentimenduak izan da gaia Galdera Basatiak podcastaren seigarren atalean, eta horren bueltan zeharkatu dituzte Iñigo Martinezek eta Gari Moyak maitasuna, gorrotoa, tristura, haserrea... Hitz egin dezagun sentimenduen eta emozioen inguruan, baina gogoetatu ere, gogoetatu... [+]


ikerketa
Baimenik gabeko etxebizitza turistikoak ustiatzen jarraitzen du PPko Antépararen enpresak

Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kalean, atari bateko lau etxebizitzen jabe da Luxury Rental Apartments enpresa. Horietako bi etxebizitza turistiko gisa alokatzeko Jaurlaritzaren beharrezko baimena eskuratu du enpresak, eskuratu aurretik ere alokatu baditu ere, baina Turismo... [+]


ikerketa
PPko Antépararen Luxury enpresa zigortu du laugarrenez Gasteizko Udalak legez kanpoko obrak egitea egotzita

Hirigintza Sailak Luxury Rental Apartments SL enpresa zigortu du 2025eko urtarrilean, Pintore kaleko etxebizitza batean obra “klandestinoak” egitea egotzita. Enpresako partaidetzen %50 Gustavo Antépararena da, eta administratzailea bere bikotekidea... [+]


Irakasleak armairutik ateratzea zergatik da garrantzitsua?

Galdera horri erantzun dio hainbat irakasle ez-heterok, eta gogoetarako gako ugari utzi dituzte. Mundua deskubritzen eta identitate(sexual)a eraikitzen ari diren haur eta gazteek erreferente anitzak izatea eta eskolan denok espazio seguru eta erosoa aurkitzea ederra baita.


2025-05-19 | Behe Banda
barra warroak
Zeri Kantatzen Diogun

Israelgo Estatuaren aldeko funts batek Espainiar Estatuko makrojaialdi gehienak erosi ditu. To. Hondartza ondoan noria eta guzti duen jaialdia zein hardcoreta tatuajedunak joaten direna, 1.400 miloi euroko trukea, Palestinako kolonia israeldarretan etxebizitzak eraikitzeko... [+]


ikerketa
Gasteizko Hirigintza Saila eta gardentasuna: urtebete eskaera ofizialei erantzunik eman gabe

ARGIAk hamaika aldiz eskatu dio Gasteizko Hirigintza Saileko Eraikuntza Zerbitzuari, urte batez, bi espedienteren inguruko informazioa. Hainbat aldiz ziurtatu zaio hedabide honi informazioa igorriko zitzaiola. Inoiz ez dute egin, eta hainbat hitzordu eta eskaera ofizial utzi... [+]


Mallorca

Kapitalismoaren lekuan lekuko eta garaian garaiko egoerara moldatzeko gaitasuna harrigarria egiten zait batzuetan. Espero ez duzun tokian azaltzen dira antzekotasunak, eta hara non, bat-batean konturatzen zara munstroak Mallorcan hartzen duen itxura ez dagoela etxean bertan bizi... [+]


2025-05-19 | Nagore Zaldua
Luma-mototsa
Zizareak olatupeko hondarretan

Haurtzaroan, lursailen batean, parkeren batean edo baserri giroko lurretan sarritan izaten genituen “txitxareak” eskuartean… Jolas guneak gero eta artifizialagoak diren garai hauetan ordea, zaila da hiri nahiz herri-guneetan halakoak topatzea. Baina itsasoko... [+]


2025-05-19 | Jakoba Errekondo
Pagotxa eta beste pagotxak

A ze pagotxa!, esan ohi dugu. Pagotxa edo mauka edo txokoa edo mantxunga edo… onturre edo probetxu ona ateratzen zaion zerbaiti edo horren aukerari esaten zaio “pagotxa”.


2025-05-19 | Garazi Zabaleta
Ezpelzaintza 2050
Sitsak munduko ezpel baso handiena suntsitu ez dezan

Pirinioetan dago ezpel basatien munduko eremurik handiena, eta hain zuzen Nafarroako Pirinioan, Abaurregainan, sortu zuten 2020an Ezpelzaintza 2050 egitasmoa. Cydalima perspectalis sitsa hondamendi handia eragiten ari da ezpeldietan azken urteotan, eta espeziea babesteko eta... [+]


“Bi arnas” dokumentala emitituko du ETB1ek

Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.


2025-05-16 | ARGIA
Haurrek hobeto ikasten dute irakurtzen eta idazten eskuz idatzita trebatzen badira

EHUren ikerketa batean, haur batzuk arkatza eta beste batzuk teklatua erabilita jarri dituzte idazten. Helburua zen jakitea ea irakurtzeko eta idazteko ikasketa-prozesuan alderik badagoen. Emaitza argia atera dute: haurrek eskuarekin egindako mugimenduen bidez ikasten dute... [+]


Eguneraketa berriak daude