Eskola Publikoa Nafarroan: Aldarrikapenen jaia

  • Nafarroako Euskal Eskola Publikoak D ereduaren gorakada handia ospatu ahal izango du ekainaren 6ko jaian, baina euskarazko irakaskuntzak oztopo eta eraso ugariri aurre egin behar izaten die oraindik ere Foru Erkidegoan.

Sortzen-Ikasbatuaz Euskal Eskola Publikoaren aldeko elkarteak Nafarroako 41 ikastetxetan ordezkaritza du eta Foru Erkidegoan irakaskuntza publikoa aukeratu duten 9.000 ikasleetatik 8.000 inguru 41 ikastetxe horietan daude. Unibertsitatera bitarteko irakaskuntzan euskaraz ikasteko eskubidearen alde egitea du xede elkarteak, ahal denetan D eredua hobetsiz eta zonalde ez euskaldunean A eredua »euskaraz ikasgai bakarra duena» bultzatuz.

%34 D ereduan

Lan horren ordainetan, sekulako igoera izan du D ereduko matrikulazio kopuruak azken 15 urteetan. Duela hamar urte, adibidez, irakaskuntza publikoan %22,81ek D eredua hautatu zuten; egun, haur eta gazte nafarren %34 daude matrikulatuta euskarazko ereduan. Nafarroako gobernuak zonalde ez euskalduna bezala ezagutzen duen lekuetan ezin da euskara hutsezko eskola publikorik sortu, baina bertan, eta ikasgai guztiak gazteleraz dituen G ereduaren gainbeheran, A ereduak gehiengoa du portzentaje handi batean. «Argi dago, beraz, gizarteak zer eskatzen duen», dio Sortzen-Ikasbatuazeko Nafarroako koordinatzaile Kristina Andresek.

Baina Nafarroako gobernuak ez die eskaera horiei jaramonik egiten. Izan ere, D ereduko ikastetxeek betidanik izan dituzte oztopoak aurrera atera ahal izateko. Alde batetik, 1996ko Euskararen Legeak nafarrak hizkuntza erabileraren arabera banantzen ditu, euskaldunak diskriminatuz. Jakina denez, zonalde euskalduna, zonalde mistoa eta zonalde ez euskalduna bereizten ditu Foru Erkidegoko gobernuak eta azkeneko zonalde horretan ez du D ereduko eskola publikorik eraikitzen. Kristinaren esanetan, «legeak berak sekulako erasoa egiten digu eta ez pentsa zonalde ez euskaldunak Erribera soilik hartzen duenik; Iruñetik kale bakar batera dauden herrietan ezin da euskarazko hezkuntza publikoa jaso».

Gainera, administrazioak legea ez duela betetzen salatzen du: A ereduan, esaterako, nahiz eta legeak euskara derrigorrezko ikasgaia dela dioen, hautazkoa balitz bezala hartzen da: «Administrazioak daraman hizkuntza politikak jarrera kontrajarrietara eraman gaitu; edo euskararen alde edo euskararen kontra zaude. Egiten duen guztiak behin eta berriz gure eskubideak aldarrikatzen ibili behar izatera behartzen gaitu».

Adibide gisa, %0,9ko eskaera egonda ingelesezko aurre-eskola ireki berri dute Iruñean, euskarazkoa zabaltzeko %39ko eskaera zegoen bitartean; lehen hezkuntzatik aurrerako finantzazio publikoa «lotsagarria» dela dio Andresek; bigarren hezkuntzan ordutegi aldetik diskriminatu egin dute D eredua eta Lanbide Heziketan ez dago euskarazko irakaskuntza publikorik. Hala ere, etorkizun baikorra ikusten dio Euskal Eskola Publikoaren aldeko lanari; hori bai, UPNren gobernuaren politika ikusita, beste alderdi politikoetan dute itxaropena Sortzen-Ikasbatuazeko kideek.

Geltokiz geltoki

Iruñeko Takonera parkean ospatuko du Sortzen-Ikasbatuazek bere festa. Urtero eskola desberdin batek prestatzen du eta aurten Atarrabiako Atargi eskola arduratuko da jaiaz. Antolakuntzako kide Edurne Salinasen hitzetan, beste behin ere, «Euskal Eskola Publikoa hor dagoela aldarrikatuko dugu, Nafarroako jende kopuru handi batek aukera horren alde egin dugula jakinarazteko eta Administrazioari eskola publikoarenganako arreta handiagoa eskatzeko». Euskarari bidea eginez izango da edizio honetako leloa eta logotipoa, berriz, tren bat, euskarari bidea egiteko oraindik asko dagoelako: «Geltokiz geltoki, euskara ikasiz eta euskaraz mintzatuz, Eskola Publikoaren barruan aurrera egiten ari gara». Iaz 15.000 lagun inguru gerturatu ziren eta aurten kopuru hori errepikatzea espero dute. Jendea erakartzeko, dantza, bertsolaritza, herri kirolak, musika eta beste hamaika ekitaldi antolatu dute.


ASTEKARIA
2004ko ekainaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Eguneraketa berriak daude