Karridenda euskararen elikagai


2004ko otsailaren 01ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Horrela karridenda du izena Karrikiri elkartearen dendak. Hasiera-hasieratik, elkarteari independentzia ekonomikoa ematea izan zen Karrikiriren helburu nagusia saltokia irekitzerakoan, administrazio publikoen laguntzen pean egon behar ez izatea alegia. "Elkartearentzako oso garrantzitsua zela ikusi genuen", azaldu du Silbia Alonsok, Karridendako arduradunak. "Jakina, horrek ez du esan nahi uko egiten diogunik diru laguntzak hartzeari", gaineratu du.

Karrikiri elkartea sortu zenean, denda mugikor batekin hasi ziren. Batez ere euskararen alde egiten ziren ekimenetara joaten ziren euskal produktuak saltzera: Nafarroa Oinezera, Sortzenen festetara, Erronkariko Euskara Egunera, Arrosako jaialdira… Eta, orain urtebete pasatxo, denda mugikorretik finkora pasa ziren. Alonsok argi utzi nahi izan du Karridendaren filosofia "denda bat baino gehiago" izatea dela. Euskal ekoizpen kulturala zabaldu nahi du dendak eta, horretaz gain, informazio zerbitzu zabal bat ere eskaintzen du: "Adibidez, eskoletako jendea pasatzen da Altsasuko momotxorroaren mozorroa egiteko zer behar duten galdetzeko eta guk gauzak errazten dizkiegu. Iruñerriko informaziogune bat dugu denda". Euskal Herri osoko ekintzei buruzko informazioa jasotzen laguntzen diote jendeari: "Euskal Herria, hiru administrazioren pean dagoenez, adibidez, Iparraldeko maskaradak eta pastoralei buruz edo Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzen diren hainbat ekintzen gaineko informazioa edota Isturitzeko kobazuloak ikusteko zer egin behar den azaltzen dugu, informazio hori guztia eskaintzen diegu dendara gerturatzen direnei", Karridendako arduradunak jakinarazi digunez. Karridendatik ateratzen diren etekinak elkartearentzako dira, hura elikatzeko; izan ere, finantzazio gunea da elkartea dendarentzat.

Denda gehiago zabaltzeko asmoa

Aurrera begira, Karrikirik badu beste denda bat irekitzeko asmoa, baina lehendabizi dutena sendotu nahi dute. Agian beste alor ezberdinetan sartuko dira, betiere euskara mundutik sortutako gauzei loturik.

Karridendak gehien saltzen duena haurren jokoak dira. "Ekoizpenak gora egin du. Gabonetan asko saldu dugu produktu hau. Gu produktu horietan espezializaturik gaude eta arreta handiz zaintzen ditugu". Alonsok azpimarratu duenez, "jaioberrientzat den kit-a sortu dugu. Oso gauza polita da, eta hori oso ongi saltzen dugu". Ildo horretatik, irakasleekin harremanetan daude, adituekin, haur hezkuntzan irakurri behar diren liburuak edo jokoak zeintzuk diren jakiteko. Euskaltegietarako egokiak diren ipuinak eta jokoak ere egiten dituzte, euskaltegietako irakasleekin elkarlanean. Horretaz gain, euskal jantziak ere oso ongi saltzen dituzte. "Horri ere garrantzi handia ematen diogu. Gainera, nork bere jantzia osatzeko beharrezko diren gauza guztiak ditugu". Esait-eko kamiseten salmenta ere nabarmendu du dendako arduradunak. "Gainera hori Karrikirin bakarrik aurki daiteke".

Berria egunkariko produktuak, ARGIAko produktuak eta Nafarroa Oinez-eko materiala ere saltzen dute Karridendan. "Itsas estiloko arropak ere dexente saltzen ditugu", Silbia Alonsoren hitzetan. Karridendaren ekoizpen propioa haurrentzat egiten dituzten eskuzko koadernoak »bertan haurraren jaioteguna, gurasoen argazkia, eta abar jartzen dituzte» eta Karrikiriren kamisetak dira. "Euskarari modu erraz eta deigarri batean laguntzen saiatzen gara, ipuin eta jokoen bidez".

Karridendak ikusgai ditu inauterietarako jantziak. Altsasuko momotxorroa, bertako inauterietako pertsonaia, Lantzeko txatxoa, Lesakako zakuzaharra edota Goizuetako zomorroa. Inauterietarako euskal pertsonaien jantziak goitik behera prest ditu. Erosketa bakar batean mozorro bakoitza egiteko osagai guztiak eskura daitezkeela du abantaila nagusi eta, nahi izanez gero, mozorro eginak eros daitezke. Horretaz gain Santa Ageda ospatzeko behar den guztia eta euskal jantzien hautaketa zabala ditu salgai. Karridendaren nahia euskaldunek egunerokotasunean euskaraz bizitzeko dituzten beharrak asetzeko gunea izatea da.

Hartara, kirola eta euskara uztartuko dituen produktuak ere prestatzen ari dira: eusku pilotak, liburuak… Guztia produktu eskaintza zabaltzeko.

Euskaldunen elkargune
Karrikiri elkarteak ekintza ugari bideratzen ditu: Karrika aldizkaria, ikastaroak, truke sarea, pisu kide eta auto kide euskalduna programak, itzulpen zerbitzua eta lan poltsa. Truke sareari dagokionez, Silbia Alonsok nabarmendu duenez, "norbaitek argazkigintza ikasi nahi badu, eta horrek berak txerri hankak egiten badaki, ba hori eskaintzen du eta argazkigintza erakusten dionari txerri hankak egiten erakusten dio. Gutxi gora behera, horretan datza". Sukaldaritza ikastaroak, mendirako orientazio ikastaroa, masaje terapeutikoak…hainbat ikastaro atera dira truke sareari esker. Eta ikastaro horien bitartez euskararen erabilera areagotzen dute. Pisu kide zerbitzua oso ongi doala adierazi digu Silbia Alonsok: "Oso pozik gaude. Urteak ditu zerbitzu horrek eta jendeak ezagutzen du. Kurtso hasieran mugimendu handia izaten da". Pisu kide zerbitzuak lau urte daramatza martxan eta pisu kide euskaldun bat bilatzen laguntzen du, etxean ere euskara mintzatu ahal izateko.
Duela gutxi jarri dute martxan auto kide zerbitzua. Honen bidez, dirua aurreztu eta euskarazko mintzapraktika egiten dute. Autoz bidaia bera antzeko ordutegian egin behar duten euskaldunak elkartzen laguntzen du. Eskatzen diren baldintzak bidaia berbera egitea, euskalduna izatea eta gastuak banatzeko gogoa edukitzea da. "Zerbitzu honek bi urte ditu. Oraindik nahiko ezezaguna da. Hasieran pisu kide zerbitzuarekin ez genekien asmatu genuen ala ez, auto kide zerbitzuarekin berdin gertatzen da, guk uste dugu ongi aterako dela".
Karrikiriko lan poltsan egon nahi duenak bere datuak elkartearen egoitzan uztea besterik ez du. Alonsok adierazi duenez, Karrikiriren bizirautea atzean dagoen jendeari eta produktuak eta zerbitzuak erabiltzen dituztenei esker da. Azken finean, Karrikiriren bizirautea, euskararen elikagaia da.


Azkenak
2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Epai euskarafoboen gainetik, euskaraz jarraituko dutela jakinarazi eta protestara deitu du UEMAk

​UEMAren zuzendaritza batzordeko kideek hedabideen aurrean agerraldia egin dute ostegun eguerdian Zarautzen, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboa salatzeko. Epaia "larria" dela adierazi dute, eta batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen... [+]


2025-07-17 | ARGIA
EH Bildu: “Ez da nahikoa salaketa, hizkuntza politika ausartak behar dira”

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzakideak prentsa agerraldi batean esan du Eusko Legebiltzarrean dauden "gehiengoak" baliatu beharko liratekeela "hizkuntza politika berri bat ahalbidetzeko". 


2025-07-17 | ARGIA
Jaurlaritzak esan du ez duela bat egiten Auzitegi Gorenaren erabakiarekin

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, “indar politiko batzuk erabaki politikoak judizializatzen ari dira”.


2025-07-17 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


Tortura argitara atera ezinik oraindik Euskal Herrian

Ondo jakina da Euskal Herriak bere buruaren jabe izateko beharrezko duen botere politikoa ukatua duela Espainia eta Frantziako estatuen aldetik. Euskal Herrian, bertan bizi, lan egin eta euskaldun izan nahi duen biztanleriari, herritar gisa bizi-proiektu duin eta ziurra garatu... [+]


Langile bat hil da Gasteizen, altueratik erori eta gero

Langilea uztailaren 15ean hil zen eraikin baten estalduraren konpontze lanak egiten zebilela, eta ostegunean jakinarazi du ELA sindikatuak. Estaldura apurtu, eta altueratik erori zen. Guztira 31 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2025ean, bostgarrena Araban.


Israelek Damasko bonbardatu du, eta Siriako armada su-eten akordio batera heldu da milizia drusoekin

Israelen bonbardaketek Siriako Defentsa Ministerioa eta presidentearen egoitzaren ingurua izan dituzte jo-puntuan. Asteburuan tribu beduinoen eta milizia drusoen artean piztutako liskarrek gutxienez 300 hildako eragin dituzte As-Suwayda hirian. Israelen erasoen ondoren, Siriako... [+]


Baionako eguneko harrera zentroa itxi dute higiene baldintza txarrak direla eta

Atherbea elkarteak Baionako eguneko harrera zentroa ixtea erabaki du higiene falta dela eta. Egunero 100 pertsona ingururi ematen zien dutxa hartzeko eta gosaltzeko aukera, baina lokalean labezomorro eta arratoi asko daudenez, itxi egin behar izan dute. 


Israeli armak ez saltzea adostu dute hamabi estatuk Kolonbiako goi bileran

Hagako taldeak deituta 30 estatu bildu dira bi egunez Kolonbian, eta horietako hamabik sei neurri sinatu dituzte "Israelen Palestinako kolonizazio ilegala" gelditzeko. Horietako bat, Tel Avivekin duten kontratu publiko oro berrikustea, okupazioan eraginik duen ala ez... [+]


Migrazio politikak gogortzeko eskuin muturrarekin bat egin du Portugalgo Gobernuak

Portugalgo Gobernua osatzen duten Alderdi Sozialdemokratak eta CDS-Alderdi Popularrak Chega eskuin muturreko alderdiarekin bat egin dute Atzerritarren Legea erreformatzeko. Delitu larriak egiten dituzten migratzaile nazionalizatuei pasaportea kenduko diete, herritartasuna... [+]


Udaletan euskara normalizatzeko dekretuaren zati handi bat baliogabe utzi du Espainiako Justiziak

Vox alderdi ultraeskuindarraren eskariz EAEko Auzitegi Nagusiak 2023ko irailean baliogabetu zituen EAEKo Udal Legearen hainbat artikulu, euskararen normalizazioaren ingurukoak. Erabaki hura berretsi du orain Espainiako Auzitegi Gorenak, eta ez dago helegiterako aukerarik... [+]


DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenike Landiribar
“Zientzialaria izatea pribilegio bat da, eta horrek ardura bat dakar”

DIPCko bere bulegoan izan da elkarrizketa. Argazkilaria lanean hasi denean, arroparengatik desenkusatu da [kirol-jertse bat dauka jantzita]: “Ez nintzen gogoratzen elkarrizketa genuenik”. Baina Elhuyar aldizkariarentzako dela eta, gustura egingo omen du. Euskaraz... [+]


Eguneraketa berriak daude