Xabier Olega: «Estatuaren helburua euskalgintza ETArekin homologatzea da"

  • Xabier Oleaga kazetaria eta Partaide ikastoletako komunikazio arduradunak zortzi hilabete eta erdi egin zituen espetxean «Egunkaria auzia» dela-eta. Azaroaren 3tik 23ra arte, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera joan behar izan zuen egunero sinatzera. 24tik aurrera, berriz, Errenteriako Bake Epaitegira joaten da astean behin. Desatsegina bada ere, Intxaurrondora joatea baino samurragoa zaiola aitortu digu.

2003ko abenduaren 07an

Zure askapena Martin Ugalde Kultur Parkearen aurkako erasoarekin batera etorri zen denboran. Nola hartu zenuen euskalgintzaren aurkako bigarren eraso hori?
Ustekabean. Bai nik, bai barruan geundenok. Beharbada, kanpoko egoeraren berri zehatzik ez genuelako. Ez genuen bigarren saio bat egongo zenik uste. Hala ere, nik kontrako sentimenduak izan nituen aldi berean. Alegia, egin zizkidaten itaunketetan poliziaren nondik norakoak ezagutu nituen, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkariari gertuko segimendua egina ziotela nabari nuen. Euskalgintzan ari den orori buruzko ikerketa egina dute eta atxilotutakoei galdeketetan agertu zizkiguten informazioen arabera, juezak operazioarekin segi zezakeela igarri zitekeen.

Arrazoi bat aurkitu al diozu zure askapenari? Alegia, zergatik orain?
Juan Del Olmo epaileak ni askatzeko zalantzak izan zituen. Barruan uztea erabaki zuen eta gerora erabili zituen argudio juridikoekin bere erabakiari eustea ez zitzaion erraz izango nonbait. Ez nuke jakingo esaten zergatik askatu nauten orain. Auzitegi Nazionalaren epaiak politikoak dira nagusiki, politika legeen gainetik dago. Inork ez daki epaileak zer irizpideen arabera ari diren. Egunkariaren aurkako operazioak arrazoi politikoak zituen atzetik, batzuk libre utzi eta besteak barruan uztea arrazoi politikoengatik erabaki zuten. Iñaki Uria barruan edukitzea arrazoi politikoen ondorioa da. Norbait kartzelan dagoen bitartean «Egunkariaren auzia» irekia egongo da, eta bien bitartean, Del Olmok nabarmentzeko duen joerarekin jarraituko du.

Espero al zenuen hau zuri gertatzea?
Frankismoa eta ondorengo garaia bizi izan genituenok une gogorrak ezagutu genituen. Konpromiso sozialak izan ditugunok badugu Espainiako justiziaren jazarpenaren berri, kriminalizatuak izateko arriskupean bizi izan gara. Hala ere, egoera hau gure garaiko kontua bezala gogoratzen genuen. Nik ez nuen gertatzea espero. Tamalez historia errepikatzen ari da, historia bizi-bizirik dago, historia oraina da, alegia.


Iragana oraina da. Etorkizunak, berriz, zer iradokitzen dizu?
Egoera politikoak bere horretan segitzen badu, nire pertzepzioak eraso hauek ez direla amaituko esaten dit. Guardia Zibilak eta epaileek informazio bilketa handia egina dute. Euskalgintza, eta ez bakarrik sektore hori, poliziaren jomuga dira, epaileek euskalgintza «kriminalizazioaren karpeta»n sartua dute. Eta jokamolde hori orain arte bezain merke ateratzen zaien bitartean, horrela segituko dute. Egunkariaren itxierak erantzun soziala izan zuen, baina ez da nahikoa izan estatuaren ofentsibari aurre egiteko. Estatuko oraingo botere eragileek, legegileek nahiz justizia kudeatzen dutenek, hasitako bidean jarraitzea erabakita daukate. Edo hori da neronek bizitako esperientziak erakusten didana, behintzat.

Ba al dago egoerari aurre egiterik? Nola?
Ni baikorra naiz. Informazio pila dute, baina estrategia okerra. Jakina, harrapatutakoek asko sufrituko dute. Estatua ofentsiba gogorra egiten ari da, baina gaizki aterako zaio. Gaizki aterako zaio euskal gizarteak nik espero dudan bezala erantzuten badu, noski. Baina, hori azken finean esperantza da, eta esperantza beti ere metafisika da. Izan ere, gauzak ezin dira neurtu norbere egoeraren arabera. Adierazle batzuk daude eta horiek gutariko bakoitzaren bizitzaren gainetik garatzen dira, nahiz eta bakoitzari suerta dakiokeen abagunea gogorra izan.

Euskalgintza egungo jokaleku politikoan ez dela behar bezala babesten, esan duzu inoiz.
Bai. Baina erasopean dagoena euskalgintza baino gehiago da. Euskalgintzaren aurka jo dute baliabide tekniko edota juridiko bat behar dutelako euskal gizartearen -edo parte baten- aurka jotzeko. Gutariko inor ETArekin lotuko duen aztarna bat behar dute. Duela hamabi urte idatzitako paper bat hartu zuten eta Egunkaria hizpide zuelako ETArekin lotu zuten egunkari hau. Baina, hurrengoan Kontseilua -euskalgintzan ari den erakunderik modernoena aipatzearren- hizpide duen beste paper bat atera dezakete. Haien helburua euskalgintza ETArekin homologatzea da. Egoera konplexua da, ordea. Nik egoera honen hasiera Lizarra-Garaziko Akordioaren garaian kokatuko nuke. Harrezkero ezker abertzaleko hainbat erakunde legez kanpo daude, euskalgintzan ari diren sektoreak kriminalizatuak eta Eusko Legebiltzarra ere bidean dago. Finean, estatuak Lizarra-Garaziko Akordioan bildu ziren sektoreak ditu jomuga.

Euskalgintzak eta gizarteak, oro har, estrategia sendo eta batua antolatzeko beharra duela ikusten duzu, alegia.
Gakoa hor dago. Nik euskal gizartea bere emantzipazioaren bidean urrats batzuk emateko prest ikusten dut, haurgintza minetan dago, baina horretarako jokaleku berri bat behar du. Euskal Herriak sekula eduki ez duen jokaleku demokratikoa behar du. Oraingo jokaleku hau oso estua zaio. Jokaleku horren alde dauden indarrak biltzeko formula behar dugu. Tamalez, orain arte ez da abertzaleak ez diren indarrak biltzeko formula bat asmatu.

Bien bitartean, abertzaleen arteko akordio baten auzkera ikusi al duzu aurten?
Herri honen egoera adierazteko «haurgintza minetan» espresioa erabili dut. 1998tik gaurrera heldutasun puntu bat lortu da gizartean. Baina, euskal gizartearen emantzipazioa ezinezkoa da ezker abertzalea kontuan hartu gabe. Ezker abertzaleak heldutasun puntu bat lortu du, bazterketaren eta ilegalizazioaren prezio garestia ordainduz, noski. Gizartea, halaber, orokorrean indartu da. Lizarra-Garazin konprometitu ziren alderdiek zerbait ikasi dute harrezkero, egun baldintza helduagoak daude antzerako prozesu bati heltzeko.

ETAren su-eten bat ikusten duzu epe laburrean?
Gizarteko indar politikoen aldetiko iniziatiba ausart eta konprometitua baldin badago ETAk borroka armatua bertan behera utziko duelakoan nago. Egungo jokalekua ezker abertzalearen gogoko joko-zelaia da. Zelai politiko hau ezker abertzalearena da. Baina ETAk badaki ezker abertzaleak zelai honetan ez duela ezer egiterik borroka armatua kentzen ez badu. Horretaz jabetzen bada eta konbikzioak azken muturreraino eramateko asmoak nagusitzen badira, ETA erditik kenduko dela uste dut. Euskal Herriak beste mota bateko zelaia merezi du egoera hau gainditzeko. Euskal Herriak egundo izan ez duen aukera hori eman beharko luke ETAk.


ASTEKARIA
2003ko abenduaren 07a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egunkaria auzia
2023-02-17 | Leire Artola Arin
'Egunero behar genuen' liburua aurkeztu du Imanol Muruak, behin-behineko egunkariaren kronika

Otsailaren 20an beteko dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuenetik. “Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude”, halaxe erakutsi zuten biharamunean Egunero argitaratuta. Bertako zazpi langile elkarrizketatu ditu Muruak, eta bere... [+]


2021-03-21 | Ander Perez
Samara Velte. 'Euskaldunon Egunkaria'-ren memoria
"Sumatzen genuen 'Egunkaria'-ren inguruan orokortuta zegoen narratiba oso onbera zela"

Euskaldunon Egunkariaren itxierari buruzko Paperezko hegoak dokumentala zuzendu eta aurkeztu berri du Samara Veltek (Zarautz, 1991) Josu Martinezekin batera. Azkenaldian euskal gatazkaren memoriaren transmisioari buruzko doktore tesian murgilduta badago ere, ezin izan dio... [+]


2021-01-31 | Saioa Baleztena
Sara González. Estoldak astintzen
"Beldurra da gizartea kontrolatzeko arma"

Kazetaria eta analista politikoa da Sara González (Sant Celoni, Katalunia, 1985). Disidentziaren kriminalizazioa agerian jarri du argitaratu berri duen Per raó d’Estat (Estatu arrazoiagatik) liburuan, Espainiako Estatuko estolden egitura politiko, polizial,... [+]


Eguneraketa berriak daude