"Sumatzen genuen 'Egunkaria'-ren inguruan orokortuta zegoen narratiba oso onbera zela"

  • Euskaldunon Egunkariaren itxierari buruzko Paperezko hegoak dokumentala zuzendu eta aurkeztu berri du Samara Veltek (Zarautz, 1991) Josu Martinezekin batera. Azkenaldian euskal gatazkaren memoriaren transmisioari buruzko doktore tesian murgilduta badago ere, ezin izan dio kazetari bokazioari iskin egin. Biak batu ditu lanean: kazetaritza eta memoria.

“18 urte pasa dira, eta badago belaunaldi oso bat adinez nagusi dena, eta beharbada ez daukana honen berri”.
“18 urte pasa dira, eta badago belaunaldi oso bat adinez nagusi dena, eta beharbada ez daukana honen berri”. (Argazkia: Joseba Zabalza)

Nola gogoratzen duzu Euskaldunon Egunkariaren itxiera?
Ikastolan nengoen, 5.mailan. Gogoratzen naiz Egunkariako aleak ikastolan ikusita neuzkala. Nik banuen handicap bat, nire etxean ez zelako euskaraz irakurtzen ez hitz egiten. Gogoan dut Egunkaria itxi zutenean ikastolan esplikatu zigutela, elkartasun kanpainarako kamisetak zabaltzen hasi zirela, eta marrazkiak egiteko eskatu zigutela, patioan zintzilikatzeko. Eredu batzuk ziren, fondo urdinarekin, eta “Egunkaria aurrera!” letrekin.

Zazpi urtera hasi zinen Berrian lanean. Nabari zen horren arrastorik?  
Oso fresko zegoen gaia. Bazen gauza bat pisatzen zuena. Erredakzioa bera izanda, eta jende bera, etengabe ateratzen ziren anekdotak, Egunkariaren garaiko hau eta bestea. Hori edaten du batek.

Dokumentala egiteko proposamena iritsi zitzaizunean, sentitu zenuen halako atxikimendu pertsonalik?
Bai. Iruditzen zitzaidan bazela nik ondo kontatu nahi nuen historia bat, eta lagundu nezakeela, erredakzio hori ezagutzen nuen neurrian eta nolabait historia horren oinordeko garen belaunaldiaren parte naizen neurrian. Aldi berean, izugarrizko aukera zen, ekoiztetxe bat bazegoen benetan inplikatuta, eta baliabideak zeuden. Gutxitan egoten dira istorioak ondo kontatzeko baliabideak.

Sentitzen zenuen oraindik kontatzeke zegoen historia bat zela?
Gure artean bazegoen kezka bat: zer gauza berri konta daiteke? Sumatzen genuen Egunkariaren inguruan orokortuta zegoen narratiba oso onbera zela. Askotan esaten zen euskal kulturaren sinbolo zelako itxi zutela, min emateko, baina uste genuen konplexutasun gehiago behar zuela diskurtso horrek, halako zerbait ez delako gertatzen goizetik gauera Madrilen baten bati bururatu zaiolako.

 

Argazkia: Joseba Zabalza

Eta orduan, zergatik itxi zuten Egunkaria?
Bazegoelako aurretik halako proiektuak susmopean jartzen zituen diskurtso zabal bat, eta horrek prestatu zuen terrenoa Madrilek, edo Guardia Zibilak, pentsatzeko halako operazio bat zigorrik gabe egin zezakeela. Eta itxi zuten, sinbolizatzen zuelako Madrilek ulertzen ez zuen gauza bat, edo are, amorrua ematen ziona: Euskal Herrian bazela komunitate bat proiektu nazionala euskaratik abiatuta ulertzen zuena. Testuinguru horretan, Madrilgo jarrerak eragina du, baina baita Euskal Herrian bertan egondako jarrerek ere. Horretaz ez da hainbeste hitz egin, beharbada une batean, epaiketa garaian, helburua zelako elkartasun kanpainarako atxikimenduak biltzea, eta errelato bat lehenetsi zelako. Baina bada garaia gertatu denari begiratzeko.

Zer erantsi nahi zenioten kontakizunari?
Jakin nahi genuen erabaki hori non mamitu zen, zehazki zein bulegotan, zehazki noren sinadurarekin. Hori zen galdera zentrala. Hurbildu gara hipotesi batera, baina egia da inork ez digula argi eta garbi erantzun nahi izan, eta hori ere oso esanguratsua da.

Zer gelditu da erantzuteke?
Madrilen dago fokua: bistan da makineria oso bat zegoela Barne Ministerioan, Guardia Zibilean eta Auzitegi Nazionalean, eta hor izen propio batzuk daude, gonbidatu ditugunak, baina zerbaitengatik ezezkoa eman digutenak: Juan del Olmo [epailea], Ignacio Astarloa [Segurtasuneko Estatu idazkaria] eta Guardia Zibilaren orduko agintaritza. Gelditu zaizkit galdera batzuk, bereziki beraiei egingo nizkiekeenak.

Balio izan dizu Egunkariaren itxiera beste modu batean ulertzeko?  
Balio izan dit detaileak eta ertzak ikusteko. Urte askoan gatazkarekin lotutako gauza asko naturalizatu ditugu: “Egunkaria itxi zuten Madrilek, gerra logika batean, hala jokatzen zuelako”. Naturalizazio horrek eraman gaitu atzetik zer zegoen ez galdetzera, baina gero, banakako historiak hartu eta konturatzen zara izugarrizko korapilo pila daudela, eta zenbateraino sakondu daitekeen halako zerbaiten konplexutasunean.

Zergatik da garrantzitsua 18 urte eta gero Egunkariaren itxiera kontatzea?
Uste dut Egunkariari oraindik zor zaiola kontakizun zintzo bat; baina dokumentala ez da iristen erantzun guztiak argitara ateratzera. Urteak pasata, espero genuen erantzun horietako batzuk ahoskatzeko moduan egongo zirela. Grabatzen hasi baino lehen egindako elkarrizketa batzuetan jaso ditugu batzuk, baina jaso dugu oharra ere: “Hau ez dut kamera aurrean kontatuko”. Horrek erakusten du oraindik gure herrian gauza pila bat ezin direla ahoskatu. Baina ni ariketa hori behin eta berriro egitearen aldekoa naiz, beharbada momentu batean zabalduko delako esangarria denaren eremu hori.

Tesiaren harira hainbat gazte elkarrizketatu dituzu. Zer dakite Egunkariaz?
Askok ez dakite Egunkaria zer zen ere, edo asko jota itxi zutela entzun dute. Hori ere bazen beste motibo bat: 18 urte pasa dira, eta badago belaunaldi oso bat adinez nagusi dena, eta beharbada ez daukana honen berri. Ez datoz ikasita, ariketa hori belaunaldi bakoitzak egin behar baitu. Ezin dugu jakintzat eman guk dakiguna hurrengo belaunaldiak jakingo duela.

Kazetaria, ezinbestean
“2010ean hasi nintzen Berrian, orduko xalotasun harro horretan curriculuma bidaltzea okurritu zitzaidalako. Erantzun zidaten udako beka motz bat bazela, eta azterketa egin nezakeela. Hiru hilabeteko bekaldia egin nuen eta segituan sentitu nintzen etxean. Azken egunean negarrez joan nintzen etxera, ez nuelako nahi erredakzioa utzi. Pare bat hilabetera ordezkapen bat egiteko deitu zidaten; hortik eta 2018ra arte izan nintzen Berrian. Memoria gaietan tesia egiten ari naiz, baina beti daukat kazetaritza lanen bat esku artean, ziurrenik onartzen dudana baino engantxatuago nagoelako ofiziora. Kazetaria naiz, nahiz eta kazetaritzan jardun dudanean kostatzen zitzaidan hala definitzea, eta orain, erredakzioa utzita, errazago esaten dudan”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egunkaria auzia
2023-02-17 | Leire Artola Arin
'Egunero behar genuen' liburua aurkeztu du Imanol Muruak, behin-behineko egunkariaren kronika

Otsailaren 20an beteko dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuenetik. “Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude”, halaxe erakutsi zuten biharamunean Egunero argitaratuta. Bertako zazpi langile elkarrizketatu ditu Muruak, eta bere... [+]


2021-01-31 | Saioa Baleztena
Sara González. Estoldak astintzen
"Beldurra da gizartea kontrolatzeko arma"

Kazetaria eta analista politikoa da Sara González (Sant Celoni, Katalunia, 1985). Disidentziaren kriminalizazioa agerian jarri du argitaratu berri duen Per raó d’Estat (Estatu arrazoiagatik) liburuan, Espainiako Estatuko estolden egitura politiko, polizial,... [+]


Eguneraketa berriak daude