Otsaileko hostoak


2004ko martxoaren 07an


Kaka esplikatzen

Politikoek ikaragarri maite ditek beren lepoa. Baina lepoa galtzeko arriskurik balute ere, saiatu egin behar litekek hitz egiten, konponbideak eskaintzen", Zintzozuri sakristauak.

- "Hobe isilik. Konpon dezatela berek, berek egunero izorratzen dutena!", Betigainetik irakasleak.
- "Trantsizio garaian izan den esperimentu politikorik onena, katalanen hirukoa, izorratuko zigutek batzuek eta besteek", Ezkerramets irakasleak.
- "Politika akordioen artea da, bestela ez da ezer", Askodaki politologoak.
- "Demokrazia balego, benetako demokrazia alegia, herri batek ez luke beste bat zapalduko", Betiamets artistak.
- "Nahi duzuen guztia, baina ni, Barrutiarekin: ‘No se hizo para los asnos ezti-makatz dultzea’, Tontokara intelektualak.

Kontua da berrogei urte luze daramatzagula horrela eta, martxa honetan, beste berrogei egingo ditugula kakaren gurpil zoroari eragiten. Kontua da ni ez naizela (eta pentsatzen dut irakurleei gauza bera gertatuko zaiela) horko esaldi bakarrekin identifikatzen, bat baino gehiagotan ikusten dudala, gutxiago batzuetan eta gehiago bestetzuetan, neure burua. Betigainetik irakaslearena da nire egiten ez dudan bakarra.


Josafateko zelaia

"Nazio guztiak bilduko ditut eta Josafateko zelaira jaitsaraziko; auzia izango dut bertan haien aurka; (…) jendetzak eta jendetzak Epai-zelaian, gainean baita Jaunaren eguna, Epai zelaian…".
Iritsi berri eta Joel profetaren hitzak gogoan, sekulako izua sentitu nuen jendetzak eta jendetzak ikustean. Gero, ordea, jakin-minak kuraiatu ninduen, eta, bultza honi eta desenkusa hari, ikuskizunerako talaia egoki baten bila hasi nintzen. Denbora luzea daramat horrela, eta oraindik ez dakit norabide egokian noan, non dagoen hizlarien oholtza, ez dakit oholtza dagoenik ere. Eta, okerrena, jende guztia dabilela ni bezala, mitina noiz eta non hasiko den galdezka.


Hauteskundeak

Apain-apain jantzi eta demokraziaren ospakizun sakratua bete beharko dugu laster (zer nolako kemenez sinesten genuen garai ez hain urrutikoetan botoa emateko eskubideak duindu egiten gintuela!). Aspaldian, ordea, erremedio handirik ez duten gauzen aurreko etsipen halako batez joaten gara (joaten naiz ni, behintzat) botoa ematera.
Voltairek dio bere testu zorrotz bezain zirikatzaile horietako batean: "Landareek eta harriek hitz egiten zekiten garaian, arbolek beren erregea hautatzea erabaki zuten. Olibondoak ez zuen bere olioa utzi nahi izan, pikondoak ere ez pikorik, mahastiak ere ez mahatsik, eta halaxe gainerako arbolek. Kardabera, ez baitu ezertarako balio, izendatu zuten errege, arantzak baititu, eta mina egin baitezake".
Hauteskunde igandean botoa patrika batean eta Voltaireren liburua bestean joango naiz demokraziaren ospakizun sakratuaren erritua betetzera. Kandela bat zeruari eta beste bat infernuari. Badaezpada ere.


Egunkaria

Egunkaria itxi zuten egunaren urteurrena. Egunkaria auzian beste hiru inputatu. Sekulako hotza kanpoan. Hotzaren kontrako antidotoak: elkar animatzeko premia Martin Ugalde Kultur Parkeko ekitaldi jendetsuan. Urola-Kostako Hitza, kalean.


Lazarraga

Hegoaldeko testu zaharrenaren berri eman digute. Eskuizkribuaren aurkikundeak, itxura guztien arabera, sekulako garrantzia du. Egin zaizkion iruzkin gehien-gehienak, ordea, linguistikoak dira; hizkuntzalariek egin dituzte lehen hurbilketak; ukatu ezina da dialektologian izango duen eragina… Aipatu zuten, halaber, ekarri oso inportantea izango dela literaturaren historiarentzat ere: idazlearen izaera zibil burgesa; gai askoren garaiko usadio literarioen usaina; testuaren datak gure literaturaren historiari eman diezaiokeen ikuspegi berria… Hala bedi: ez dakiola gerta Lazarragari Oihenarti-eta gertatu zaiena: hainbat azterketa filologikok autoreon testuen gozamen literarioa trabatu eta eragotzi dute, oso bakanetan suspertu eta indartu.
Aldi berean, otsaileko Berria batek gerra aurreko idazle interesgarri baten albiste ekarri zigun. Gurutz Sarasola zuen izena, «Lotsati» goitizena. Bere garaikideek ez bezalako poesia egiten zuela ematen du irakurri ahal izan ditugun poemen arabera. Bere buruaz beste egin zuen hogeita bat urterekin… Nago «Lotsati»ren poemek eta bizitzak ere ekarria, ez dakit garrantzitsua baina bai polita, egingo diotela euskal literaturari. Zergatik ez zigun garai hartako inork Gurutz Sarasolaz hitz egin? Gaztea eta ezezaguna zelako? Ibilbide kanonikoetatik aparte zebilelako? Neure buruari galdetzen diot: ez ote du bazterketarekin zerikusirik bere buruaz beste egin izanak?


Tortura

Alienazio modu bat da injustiziaren aurrean beste alde batera begiratzea. Nik neure duintasunaz beste egitea, alegia.
Poliziak, definizioz, ustelkeria hurbil du, ustelkeriaren estoldetan dauzka bulegoak. Eta hainbat sendagileri oinazearekin gertatzen zaiena gertatzen zaio poliziari ere, hemengoa izan zein lurralde demokratenean bete bere lana: borondate onenekoak ere sentiberatasun-ezaren txertoak hartzen ditu, ahuldadea baita poliziak sekula erakuts ez dezakeen pitzadura. Halatan, sendagileak oinazearekiko sentiberatasuna galtzeko arriskua duen bezala, poliziari ere gauza bertsua gertatzen zaio ustel-kiratsarekiko. Eta polizia torturatzeraino kutsatzen bada, orduan zipriztinek bere gainetik dauden agintariak zipriztintzen ditu. Eta agintariak zipriztintzen dituelarik, haiek hautatu genituenok ere zikinduta gelditzen gara, eta, hala, gizarte osoa kirasten da.
Karl Rotluff-en Asmakaitza izeneko eleberriak badu eszena hunkigarri bat: kontzentrazio eremu batean bizi izandako emakume batek bere zaindari ohia ezagutzen du handik urte batzuetara. Emakumeak sua eskatzen dio. Zaindari ohiak metxeroaren sua piztu orduko ezagutu ditu emakumearen begi hondoratuak. Desenkusaka hasten da zaindari ohia. Baldar. Emakumeak jarduna eteten dio:
- Errukarria! Zer izango ote zinen ezagutu ez baninduzu!
Nago, ordea, torturatuek guri begiratzen digutela erantzun bat eskatuz. Gurekin ari direla esaten dutenean:
- Errukarriak ezagutzen ez gaituztenak!


Pedro Bello

Sebastian Mendiburuk kontatzen digunez, Jaungoikoa galtzeko bidean aurkitzen zen neska batena zen "aldi honetan" San Frantzisko Xabierrek estali behar zuen diru premia. Hartan laguntzeko, "bazekien San Frantzisko Xabierrek zein handia zen Pedro Belloren urrikaltza eta aldi honetan harengana joan eta eskatu zion egin ohi zituen lanetatik baterako diru zati on bat, baina zenbatekorik agertu gabe".
Pedro Bellok, diruaren kutxako giltza ezkutalekutik atera, eta eskura eman zion Xabierreko Frantziskori, esanez zabal zezala diruaren kutxa, eta har zezala nahi zuen guztia.
Xabierrekoak hirurehun dukat hartu zituen, "zeren horiek ziren aldi hartako neskatxaren beharrak eskatzen zituenak". Gero, giltza itzuli zion Pedro Bellori, eta zenbat diru hartu zuen esan.
- «Zer? »esan zion Pedro Bellok». Miseria hori baizik ez? Kutxan bazeuden hogeita hamar mila dukat! (…) Hurrengo aldian laburtasun horrelakoetan ez da zertan ibili!».
Dotorezia horrekin "laburtasun horrelakoetan ez da zertan ibili!" esateko gai den Pedro Bello bezalako bat gure gizartean agertuko balitz, erotuta dagoela edo inauteriak direla esango genuke.


ASTEKARIA
2004ko martxoaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egunkaria auzia
2023-02-17 | Leire Artola Arin
'Egunero behar genuen' liburua aurkeztu du Imanol Muruak, behin-behineko egunkariaren kronika

Otsailaren 20an beteko dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuenetik. “Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude”, halaxe erakutsi zuten biharamunean Egunero argitaratuta. Bertako zazpi langile elkarrizketatu ditu Muruak, eta bere... [+]


2021-03-21 | Ander Perez
Samara Velte. 'Euskaldunon Egunkaria'-ren memoria
"Sumatzen genuen 'Egunkaria'-ren inguruan orokortuta zegoen narratiba oso onbera zela"

Euskaldunon Egunkariaren itxierari buruzko Paperezko hegoak dokumentala zuzendu eta aurkeztu berri du Samara Veltek (Zarautz, 1991) Josu Martinezekin batera. Azkenaldian euskal gatazkaren memoriaren transmisioari buruzko doktore tesian murgilduta badago ere, ezin izan dio... [+]


2021-01-31 | Saioa Baleztena
Sara González. Estoldak astintzen
"Beldurra da gizartea kontrolatzeko arma"

Kazetaria eta analista politikoa da Sara González (Sant Celoni, Katalunia, 1985). Disidentziaren kriminalizazioa agerian jarri du argitaratu berri duen Per raó d’Estat (Estatu arrazoiagatik) liburuan, Espainiako Estatuko estolden egitura politiko, polizial,... [+]


Eguneraketa berriak daude