Erreseinak 

1890. alea
2003-03-09
alde 0    kontra 0
ENTZUN-GAILUA

Karlos Linazasoro
ELKAR

142 orrialde
8,10 euro

UMOREA LOKARRI DUEN LINAZASOROREN NOBELA

Karlos Linazasoro bere lanetan ezohiko den liburu mota batekin datorkigu oraingoan: umorea lokarri duen nobela batekin, hain zuzen ere. «Entzungailua» nobelan, Karlos Linazasoro beraren zenbait elementu autobiografiko parodiatzen dira, bere lehen liburua egin nahi duen gizonezko baten nahiak eta ezinak azaltzerakoan. Gorraizea daukala-eta, entzungailua jarri behar izaten du belarrian nobelako protagonista eta narratzaileak. Baina entzungailu horrek batere gustuko ez dituenak entzunaraziko dizkio. Gizona, bestalde, beti dago nobela hori idazteari ekitekotan, baina beti ere sortzen zaio eragozpenen bat asmoak gauzatzeko garaian. Despistatu samarra ere bada, eta hitzaldi bat emateko eskatzen diotenean, hitzaldiari buruzko apunteak etxean utzi dituela ohartuko da hura emateko orduan. Aretoa jendez lepo dagoenean, ezin bada dena bertan behera utzi eta ziztu bizian alde egin handik, Monterroso handiari entzundako gomendioa jarraitzea erabakitzen du: entzuleen artetik pertsona bat hautatu eta denbora guztian hari hitz egingo balio bezala jardun. Berak hautatutako guztiak begirada gaiztoz begiratzen diote, ordea!

//JOKOA.COM>
Gemma Lluch
EREIN
173 orrialde
11,50 euro


INTERNETEN BIDEZ GAUZATUTAKO JOKOA

Antton Olanok euskaratutako Gemma Lluch idazle valentziarraren nobela honetako protagonistak maite zuen mutila galdu du, eta hain dago etsitua, amets batean sartuta bizitzea nahiko lukeela, «Matrix» filman agertzen den bezalako amets batean. Zoritxarrez, desira egi bilakatuko zaio ordea, txat batean ezagututako Morfeo delako baten bidez. Neska haserre dago bere mutilak utzi duelako, eta haserre horren berri ematen dio Morfeori. Hark, mendeku moduko bat proposatuko dio. Neskak onartu egingo du, guztia Interneten baino gertatuko ez den ustean. Horrela ez izaki, bere mutil ohiak jasandako ezbeharren berri duenean, eten egin nahiko du Morfeo eta beraren artean aurrera eramandako jokoa, baina besteak ez dio onartuko.

FRINDELA
Andrew Clements/ Brian Selznick
AIZKORRI
93 orrialde
5,75 euro


HAMAR URTETIK AURRERAGOKOENTZAT

Brian Selznicken marrazkiz apaindurik dagoen Andrew Clements idazlearen gaztetxoentzako kontakizun hau Idoia Cillenea Mujikak euskaratu du. Hamar urteko mutiko jostalari eta irudimentsua du protagonista. Txikitatik, ezusteko galantak eman izan dizkie bere irakasleei mutiko horrek, baina Granger andrea ezagutzen duenean gauzak aldatu egingo dira. Izan ere, Granger andreak X izpien ikusmena du, eta ezin zaio adar jotze kontuekin hasi hari. Granger andrea hizkuntza irakaslea da, eta hiztegiak izugarri maite ditu. Hango hitzak ikasteko eskatzen die behin eta berriro bere ikasleei, eta orduan zera bururatuko zaio mutikoari: hitz berri bat asmatzea.

XX. SALBATORE MITXELENA LITERATUR LEHIAKETA. 2001EKO SARIA
Batzuen artean
ZARAUZKO UDALA
184 orrialde



XX. SALBATORE MITXELENA SARIA

Zarauzko Udalak plazaratutako liburu honek Salbatore Mitxelena literatur lehiaketako 2001eko sariak jasotzen ditu, alegia, urte horretan haur eta gazteek aurkeztutako 622 lanetatik irabazle gertatu ziren 17 ipuin eta 13 olerkiak. Haien egileak, berriz, hauexek ditugu: Ainhoa Izeta, Leire Ruiz, Iñigo Ocamica, Maialen Aldabaldetreku, Asier Peña, Ruth Agirrezabalaga, Samara Velte, Iñigo Arin, Amaia Berridi, Elixabet Urtzelai, Martin Zulaika, Ane Aizpurua, Xabier Alberdi, Maialen Irastorza, Maitane Garate, Alexander Gurrutxaga, Andoni Manzisidor, Maider Collantes, Jokin Benavides, Ainhoa Iribar, Garazi Arzelus, Ander Epelde, Hodei Unzueta, Maite Aizpitarte, Rebeka Agoües, Ainara Egibar, Nagore Iribar, Iñigo Aizpitarte eta Kati Olaizola.

SORGIN BAT IKARAGARRI POLITA

Christophe Miraucourt
IBAIZABAL

47 orrialde
6,78 euro


ZORITXAR BATETIK ETORRITAKO ONURA

Bost urtetik aurreragoko neska-mutikoei zuzendua dagoen ipuintxo hau Christophe Miracourt idazle frantziarrak asmatu zuen eta Jose Antonio Sarasolak euskaratu du. Liburuan agertzen diren marrazki alaiak, berriz, Elisabeth Schlossbergek eginak izan dira. Kontakizun honetako protagonista sorgintxo bat da eta Edernini du izena. Eguna baino ederrago jaio zen sorgintxo hori, hain zuzen sorgin bati gerta dakiokeen zoritxarrik izugarriena. Gurasoek asko maite zuten Edernini, baina beste sorgin guztiei nazka ematen zien. Horregatik, sorgintxoa pixka bat hazi zenean, bere gurasoek ere ezin izan zuten itsu jarraitu haren edertasunaren aurrean, eta Edernini itsusten ahalegindu ziren benetako sorginaren antza izan zezan. Alferrik, ordea.

ARGAZKI LEHIAKETA. ARRIGORRIAGA 1999.2000.2001

Batzuen artean
ARRIGORRIAGAKO UDALA
48 orrialde



SARIDUN IZAN DIREN LANEN LABURPENA

Arrigorriagako kultur etxeak antolatzen duen argazki lehiaketan 1999, 2000 eta 2001. urteetan saridun izan ziren argazki bildumen laburpena dago bildurik liburu honetan. Hiru urte horietan, hurrenez hurren, Felix Soriano Escribanok, Miguel Angel Pérez i Pérezek eta Juan Pedro Trejok eskuratu zuten bildumarik onenari eman zitzaion ohorezko saria. Miguel Angel Pérez i Pérezek, Zaloa Arnaiz Ibargurenek eta Daniel Alarcón Ariasek bigarren bildumarik onenari emandakoa, eta Alberto Porres Viñesek, Pedro Cardonas Llambiasek eta J. Julián Ochoa Martínezek hirugarrenarena. Horiez gain, herriko argazkirik onenak ere agertzen dira liburuan, hala nola zenbait akzesit eta lehiaketetara aurkeztutako argazkien artean aukeratuak izan zirenak.

EUSKERAZAIN-TZA. EUSKERAREN ERRI AKADEMIA

Batzuen artean
EUSKERAZAINTZA

111 orrialde



«EUSKERAZAINTZA» BERRIRO KALEAN

Denbora zeraman Euskeraren Erri Akademiak plazaratzen duen «Euskerazaintza» aldizkariak argitaratu gabe. Diru arazoak zirela-eta, 2002 urte osoa joan zitzaien atera gabe, eta nahiz eta orain ere ez omen duten diru ugaritasun handiegirik, itxaropena bai, eta aurrera egin dute. «Euskerazaintza»ren 50. zenbakian agertzen diren gaien artean, «AragoiÆko izen euskaldun zarrak Erdiaro-garaiean», «Abizenetako berbak (gaur galduta)», «Euskal ezezkoak? Ikerketa konparatiboa», «Euskaldunak eta Europa», «Abizenetako atzizkiak», «Izen euskaldunen idazkera GipuzkoaÆan antxiñatean», «Toki-izenak eta abizenak (2n. moltzoa)», «Euskaldunak Europan», «æ36Æko gudan su-izkillatutako idazle gazteakÆ liburua» eta «EuskerazaintzaÆren izateko errazioa» daude.



Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala1889
 
azala1888

1890 zenbakia.
2003ko martxoaren 09a

   
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys