'Egunero' eta eguneroko beste lanak


2003ko martxoaren 09an

Otsailaren 21etik goizero kalean da Egunero, 16 orrialdeko zuri-beltzezko egunkaria. Otsailaren 21eko lehen ale hura monografikoa izan zen, Egunkaria-ren itxiera operazioaren inguruan. Baita bigarrena ere, eta hirugarrena, laugarrena, bosgarrena... egunetik egunera, gaiaren larritasunak hala eskatu duelako, zoritxarrez.

«Egunkaria» prezintatu eta berehala bertako langileek garbi zuten hurrengo goizean euskarazko egunkari batek kalean egon behar zuela. Andres Gostin kazetariaren hitzetan, «berdin zitzaigun fotokopiatutako orri bakarra bazen ere». Hori baino gehiago izan zen eta erronka berarekin jarraitzen dute: Egunero egunero ateratzea. Aurrera begira ordea egunkari «konbentzionalagoa» egiten hasi nahi dute, beste gai batzuek jorratuz, produktua hobetuz. Xabin Makazagaren esanetan, «oraingoz produktua sakrifikatzen ari gara zabalkundearen mesedetan, jendeak hala eskatzen duelako». Eta egoeraren larriak ere jorratu beharreko gaiak mugatu ditu.

Baina, horrez gain, Egunero egiteko baldintza eta azpiegiturak ez dira egokiak. 12-15 kazetari lokal txiki batean ari dira, denentzako ordenagailurik gabe. Ordutegia ere oso mugatua dute, eguerdiko 13:00 edo 14:00ak arte ezin baitute lanean hasi, eta 21:30etarako itxi behar baitute alea. Makazagaren hitzetan, «hemen ezin dugu jarraitu egunkari normala, produktu duina, egin nahi badugu». Diru arazoa ere hor da: Egunkaria-ko kontu guztiak blokeatuta daude eta ahal den neurrian egiten dugu aurrera», dio Makazagak.

Etorkizuneko egunkaria

Egunkari gero eta osatuago bat lortzeko oraingo baldintzek aldatu behar dute. «Delegazioak oraindik ez daude martxan, sare handi bat behar dugu, konexio telefonikoak...» dio Gostinek. Eta beste egoitza batera joateko hainbat eskaintza jaso dute dagoeneko. «Eta eskertzekoa da, baina ondo pentsatu behar dugu zein den gure beharretara egokitzen dena. Gauzak ez dira poliki egin behar, hori egia da, baina ez dugu korrika eta presaka ere ibili behar, azkar baina pauso sendoak emanez egin behar dugu aurrera».

Eta aurrera egiteko oinarri ekonomikoa behar dute. Orain harpidetzetan ahalegin berezia egiten ari dira eta oraingoz oso erantzun ona jaso dute horretan. Hainbatek ere dirua emateko prest dagoela adierazi die, baina oraindik ez dute zehaztu diru bilketa kanpaina bat egingo ote duten.

Instituzioetatik ere dirua espero dute, orain arte bezala. «Diru laguntza publikoa behar dugu» dio Gostinek, «eta merezi dugu» gaineratu du Makazagak. Duela 13 urte sortu zenean, oinarrietako bat zen «Egunkaria»k independentea, ez instituzionala, baina diruz lagundua izan behar zuela. «Oraingoan ere herriak izan behar du oinarria eta motorea. Ez gara erakundeen mende egongo».
Joseba Azkarraga justizia sailburuak berak esana da, euskarazko egunkari berriak «Euskaldunon Egunkaria»ren 11 oinarri berberekin, zuzendari eta lantalde berdinekin eta hark zuen lerro editorialarekin egin behar duela aurrera. Andres Gostinen esanetan, «Hasierako proiektua ona zen eta horri eutsiko diogu. 11 oinarri horiek gaurkotasuna dute, etorkizunerako balio dute».

Nola esan?

Egunero egiten duten kazetariei oso gertutik ukitzen dituen gertakizun latzaz idaztea egokitu zaie. Makazagak esan digunez, Egunero sortu genuenean, produktu probisionala eta, neurri batean, erreibindikatiboa zela jakinda, gure artean hitz egin eta Egunkaria -n erabilitako hizkuntza bera mantenduko genuela erabaki genuen». Andres Gostinek Egunkaria-k hiru aldiz estilo liburua atera zuela gogorarazi du eta «estilo liburu hori Euskal Herritik kanpo ere eredugarria» dela gaineratu. «Eta hala ere», jarraitu du Makazagak, «ziur nago gure notiziak kutsatuta daudela, hori kontrolaezina da». «Baina irakurlea ere bai» erantzun dio Gostinek, «hartzaileak badaki zer ari den hartzen».

Makazagak dio idazkera pautak jarraitzeko baino, edukiak idazteko arazoak izan dituela berak. «Hainbeste ukitzen gaituzten gauzak izaki, pantaila aurrean jarri eta ezin idatzi ibili naiz».

Lanposturik gabe lanpetuak

Egunero 12-15 pertsonak egiten dutela esan dugu, Egunkaria-ko plantillaren hamarrena gutxi gorabehera. Baina gainontzekoak ere badute oraingoz nahikoa lan. Ainhoa Oiartzabal eta Idurre Eskisabel kazetariak dira, Egunkaria-ren erredakzioko kideak. Orain ordea bata langileen egoeraren inguruan diharduen batzordean ari da, bestea komunikazio batzordean.

«Egunkaria»ren aurkako operazioaren berri jakin zutenean, amorrua eta haserrea sentitu zutela diote, «baina, baita haserreak berak sortzen dizun ausardia ere». Lehen unetik denek lehentasun bat izan zuten buruan: hurrengo egunean euskarazko egunkaria kaleratzea. Itxieraren ostegunean bertan batzarra inprobisatu zuten, batzuk berehala hasi ziren egunkari berria prestatzen, beste batzuk prentsa oharrak-eta bidaltzen, pankartak egiten...

Otsailak 21 ostiralean, antolaketa gehiago zehaztu zuten. Lehenik dena koordinatuko zuen batzorde bat sortu eta ondoren gainerakoak: komunikazio batzordea, elkartasun batzordea, herrietako batzordeak koordinatzeko batzorde orokor bat, langileen egoeraren inguruan diharduen batzordea, nazioarteko harremanen batzordea... Oraingoz Egunkaria-n ziharduten langile guztiek (150 inguru) badute zereginik. «Lanposturik gabe geratu gara, baina lanik gabe ez» dio Ainhoa Oiartzabalek. «Hasieratik oso ondo antolatu garela esango nuke; amorrua egon da, baina ez ditugu nerbioak galdu». Andres Gostinek ere berdin pentsatzen du: «Asko poztu nau jendeak lehen egunetik egoera larri horretan antolatzeko eta dena bidean jartzeko erakutsi duen gaitasunak. Beti pentsatu izan dut oso jende ona daukagula».

Xabin Makazagak dio, erasoak 13 urteko lana kolokan jarri badu ere, urte horietan kapital humano handia bildu dela Egunkaria-n. «Hori izan da beti Egunkaria -ren baliorik handiena».

«Gauzak noiz lasaituko zain gaude. Gauzak errutinarioago bihurtzeko gogoa dut, zentratzeko gogoa» dio Idurre Eskisabelek. Gertakizunek ez diete horretarako aukerarik eman. Andres Gostinen hitzetan: «Hilaren 20an itxi egin zuten, aurrerago Martin Ugalderen kontua blokeatu zuten, Zumalabe eta Jaka ere ez zituzten errespetatu, gero Martxelok irtetean esandakoak, atxilotuekin gertatutakoa, Pellorena... Krudeltasun tasak egunetik egunera gora egin du». Ainhoa Oiartzabalek aitortu du lehen astea oso gogorra izan zela eta nekea ere nabaritzen hasi direla. Makazagak dioenez, «emozionalki gorabehera handiak ditugu baina zein bide egin behar dugun garbi dugunez, bakoitza bere gorabeherekin, lanean ari gara. Eta botika onena lan egitea da, asko laguntzen du horrek».

Egunkaria-ko langileek gertatutako guztiaz hitz egiten dute, aurrean duten erronkaz, baina euren lan egoeraz, bakoitzaren arazoaz, ez digute ezer esan. «Kezka hori hor dago, baina ez dut uste gure lehentasuna une honetan hori denik» dio Oiartzabalek. Oraindik gertakizunen zurrunbilotik ateratzeke, ez omen diete horretan pentsatzeko aukerarik eman. Gainera horretarako batzorde bat badute eta konfiantza osoa dute haien lanean. «Niri loa beste gauza batzuk kendu didate» aitortu du Idurre Eskisabelek.

Loa kendu diete, lantokia itxi, lankideak atxilotu, torturatu eta batzuk espetxeratu. Lehen erretzaile zirenek bikoitza erretzen omen dute orain, eta utzi ziotenak berriro hasi omen dira. Jaso duten elkartasun guztia eskertuz, hautsontziak gainezka, begiak oraindik gorrituta, lanean utzi ditugu «Euskaldunon Egunkaria»ko langileak.

Euskal kazetaritza sortu zen gaua
Lurrikara bat euskararen haragian, eta lurrikara horretan sortu da, astebeteko gau horretan.

Gure historiaren izen propioak dira euskara haragitu duten kazetariok, haragi horren hilduratzean sortu delako euskal kazetaritza.
Isilarazi nahi izan zutenean sortu da. Kalera irten ezinik zegoela bere irakurleek kalera irten behar izan dutenean sortu da. Irakurtzen ez zutenek ere irten direnean. Euskaraz ez zekitenek ere irten direnean, hitza hartu ahal izateko euskaldunduak.
Horrela sortu da euskal prentsa.
Astebeteko gaua, eta gero gaua berriz ere: "Hau eta hau gertatu da". Ondoren, deontologia klase bat: "Eta ez luke berriz gertatu behar". Kameraren aitzinean. Edo herritarren ongi etorrian. Edo ospital bateko ohetik. Torturatua izan ondoko lehen hitzak, askatasunaren adierazpen. Kazetariek eta kazetari egin ziren kudeatzaileek, laguntzaileek, sortzaileek. Hitz horietan sortu da euskal kazetaritza.
Beste maila bat hartu du gure prentsak.
Botereari min ematen dion kazetaritza bihurtu da gurea. Horixe, kazetaritza. Bere herriaren errealitatearen mailan egoten jakin izan duelako. Haragiz, hitzez

Juan del Olmo epailearen autoak: ez hankarik ez bururik
Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. aretoko Juan del Olmo epailearen autoaren arabera, honelako erabakiak hartu zituen Ministerio Fiskalak: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Txema Auzmendi, Xabier Alegria eta Pello Zubiriarentzat baldintzarik gabeko espetxeratzea. Martxelo Otamendi, Fermin Lazkano, Inma Gomila eta Luis Goiarentzat aldiz, aske uztea bermea ezarrita. Hamar inputatuetatik bederatzik «Egunkaria»n ardura dute edo izan dute. Xabier Alegria, Udalbiltzako kidea, ardura ez duen bakarra izaki. Atxilotuak, konfiantzako abokatuarekin deklaratzea debekatuta, ofizioko abokatu batek defendatuak izan ziren Estatuko fiskalaren aurrean. Autoaren sarrera gertaerei dagokie, berean inputatuek fiskalaren aurrean beren arrazoiak eta argudioak alegatu ahal zituztela esaten da.


12 ORRIALDEKO AUTOA.

Autoak hiru atal ditu: gertaera, arrazonamendu juridikoak -bi ataletan emana- eta azken borondatea. Arrazonamendu juridikoen lehen atalean, ETA erakundeaz ari da: «Erakunde terrorista hau bortizkeria erabiliz gain, Espainiako errealitate sozial, juridikoa eta politikora egokitu dela», dio epaileak. ETA Espainiako marko demokratiko eta juridikoaz baliatu dela bere estrategia terrorista sendotzeko azpimarratzen du, halaber.

Autoak ETAren bilakabideari buruzko azalpen arinak eta bereziak egiten ditu: 1978ko «KAS Alternatiba»tik 1995ko «Alternatiba Demokratiko»ra doan bilakaeraz dihardu. Bilakaera honetan, ETAk bere egiturak «banatu» eta bere menpeko sareak sorrarazi dituela dio. Sare honetan KAS, EHAS, ESAN eta EKIN erakundeak lirateke, besteak beste. 1992an, Guardia Zibilak, Bidarten ETAren buruzagitza atxilotu ostean «Udaletxe proiektua» ezagutu omen zuen. ETA bere estrategia indartzeko «hedabideen eta kultur frontea»ren garrantziaz jabetu zela dio Juan del Olmok: Egunkaria Sortzen S.L. elkartea eta Egunkaria S.A. ETAren sare mediatikoak lirateke. Proiektu hau, orobat, ETAren sare informatiboan, sozialean eta ekonomiko finantzarian kokatzen duelarik.

Autoan «Egunkaria»ren proiektuan interesatuak eta parte hartu zuten pertsonak nahiz erakundeak agertzen dira. Eusko Jaurlaritza ere aipatua da, euskarazko egunkari bat bideratzeko burutu zuen inkesta soziologikoaren karietara. ARGIA aldizkari hau aipatua da ere, proiektuaren hasieran parte hartu zuen Joxemi Zumalabe tarteko, baita Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi ere, bestalde. Jarraian, Bidarten atxilotutako ETAko «aparatu politikoa»ren Jose Luis Alvarez Santacristina «Txelis» arduradunari harturiko dokumentu bat du hizpide. ETAren barne gogoeta omen da: ENAren sorrera, Andoain-Irurtzun autobiaren proiektua, Lurraldea Alternatiba eta Egunkaria Sortzen proiektua aipatzen dira berean. Epaileak garai berean sortzen hasi zen «Egunkaria»ri buruzko hainbat kudeaketa finantzaria aipatzen du eta Joseba Jaka eta Joxemi Zumalabe arduradun gisa ezarri.

Beste dokumentu bi aipatzen dira jarraian:«Egunkaria urriak 26» eta «10-4 Azaroak 12» izenekoak. Berauen jabetza ETAko «aparatu politikoa»ren Jose Domingo Aizpurua «Pitxas»i egozten zaizkio. «Egunkaria urriak 26» izeneko dokumentuan -autoaren arabera beti ere- «Egunkaria»ren sorreraren lehen urratsak agertzen dira: Iñaki Zabaleta, Joxerra Gartzia eta Pello Zubiria aipatuak dira. Epaileak, izen batzuk «klabea»n idatziak antzematen ditu. Hitz klabe hauen atzean, konparazione, EGIN, KAS eta ETA lirateke. «10-4 Azaroak 12» delakoan, berriz, «Información del 10» klabearen atzean KAS dagoela dio, eta «11»ren atzean ETA. Klabe hauen atzean ari direnek «Egunkaria»z ari omen dira, proiektuari buruzko interesa agertzen omen da berean. Autoak, garai berean «Egunkaria»k Gipuzkoako Merkataritza-erregistroan bere izena eman zuela dio eta Administrazio Kontseiluaren izenak aditzera eman ere.


UDALETXE PROIEKTUA.

Autoak, Bidarten atxilotutako ETAko buruzagiei atzemandako dokumentu bat aipatzen du berriz ere: «Reuniones de responsable de proyectos Udaletxe». Balizko dokumentu horretan erakundeak hala nola hedabideak aipatzen dira: «Egin», «Orain», «Argia», «Egunkaria», baita Foru Aldundia eta Udalak.

Bien bitartean, 1992ko martxoaren 29an ETAko «Batzorde Eragilea» atxilotua izan zela dio eta hilabete hartan «Egunkaria»ren arduradun guztiak nortzuk ziren berriro ere aipatzen ditu. «Egunkaria»k orain arte izan dituen hiru zuzendarien izenak azpimarratu ditu ere bai: Pello Zubiria, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi.
Autoan agertzen den hirugarren dokumentu-sortaren jabetza ETAko Jose Mari Dorronsoro ustezko buruzagiari egozten dio epaileak, bere ordenagailuan aurkitu omen zutena. Dokumentu hauek ordenagailuaren karpeten barruko labirinto bat osatzen dute. «Kode Berriak/93» izeneko karpetatik hasita, hainbat karpeten izenak agertzen dira:«A: Teknikoa», «A: Orokorra», «Azpi-karpeta Teknikoa»...

ETA hala nola ENAMen erakunde guztiak agertzen dira labirinto honetan. «Prentsa» izeneko dokumentu bati erreferentzia egiten dio, «P» klabez identifikatua. Hainbat hizki eta klabe hauen atzean: «Egin», «Egin Irratia», «Argia» edota «Txalaparta» ezkutatzen dira halaber. «Tekniko» deritzan azpi-karpetaren barruan «Handik» eta «Hara» azpi-karpetak daude. Epaileak euskal izen hauez eta geografiari buruzko deskribapen bat burutzen du. Espainia «han» izaki, hara doazen dokumentura KASera lihoazke. «Handik» azpi-karpetako dokumentuak berriz, Espainiatik Frantziara joan bide dira, ETAko zuzendaritzan ezkutatzen zen lekura. «Aqui» dio autoak, Frantzian, alegia. Autoak labirinto baten barnean garamatza eta bere deskribapenak molde poliziako-literarioaren itxurak hartzen ditu.

«Handik» deritzan azpi-karpetan hiru izen agertzen omen dira: Eneko, Garikoitz eta Hontza. Izen hauen atzean, klabean idatzitako izenak edo izen klabeak, norberaren idurimenaren arabera, «Handik» eta «Han» delakoan agertzen diren dokumentuen hartzaileak eta igortzaileak dira.


XABIER ALEGRIA EDO GARIKOITZ.

Autoak Ekinen gaineko «Sumario 18/98» aipatzen du orduan, eta berean «Garikoitz» Francisco Javier Alegria Loinaz bezala identifikatua izan dela, hots, Xabier Alegria. Bera omen da ETA eta KASen arteko komunikazioa bermatzen duena. Beste dokumentu batean egoera soziopolitikoari buruzko gogoeta agertzen da, HB, PSOE eta EAJ alderdiak aipatuak dira. Baita «P» klabea ere. Xabier Oleaga eta Imanol Murua aipatuak dira. Dokumentuaren hartzailea ETAko «Batzorde Eragilea» zatekeen, «Aparatu Politikoa» balizko igorlea izaki. Autoa behin eta berriz errepikatzen da. Juan del Olmo epailea atxilotuen aukako inputazioak argudiatu nahian beste dokumentu batera iristen da, «Hontza» izeneko karpetan agertzen denera, «Handik» delakotik datorrena. Espainiatik, beraz. ETAren ustezko dokumentuan «Egunkaria»ren zuzendari posibleak aipatzen dira. Martxelo Otamendi aipatua da, besteak beste.


AZKEN BORONDATEA.

Arrazonamendu juridikoen bigarren atalean, inputatuei delituzko ekintza bat burutu izanaren indizio arrazionalak daudela dio autoak, inputatuak ETAko sare mediatiko-finantzariaren eta erakundearen kideak izaki. Azkenik, epaileak bere azken borondatea diktatzen du: batzuk, justiziari itzuri egin diezaioketelakoan Soto del Real espetxera bidaltzen ditu, eta besteak, fidantzapeko behin-behineko askatasunean uzten ditu. Autoak ordea, ez du zehazten ez argudiatzen zeintzuk diren delituak

Iñaki Esnaola: "Epaile batzuk Gobernuaren sokakoak dira eta bere aginduak betetzen dituzte"
Iñaki Esnaola, Inma Gomilaren eta Pello Zubiriaren defentsako abokatua da. Honela laburbildu digu Auzitegi Nazionalak «Egunkaria»ren inguruan hartutako neurriak:«Prozesu hau prozesu politiko-poliziala moduan ulertu behar da. Juan del Olmo epailea 1990eko hasieran azalduriko ETAko ustezko dokumentuetan oinarritu da autoa gauzatzeko. Dokumentu horiengatik ARGIA aldizkariak kereila aurkeztu zuen ‘El Mundo’ egunkariaren aurka, Pello Zubiriak berak Auzitegi Gorenean jarria. Orduan, dokumentu hauek ETAk Pello Zubiria ‘Egunkaria’ren zuzendaria izendatu zuela difamatzeko erabili ziren. Orain, berriz ere, dokumentu hauez eta beste batzuez baliatu dira ‘Egunkaria’ren aurka jotzeko».

Juan del Olmok erabili aurretik Baltasar Garzonen esku egon omen ziren dokumentuak.
Nik dakidanez, polizia nazionalak 2001ean dokumentu hauek aurkeztu zizkion Garzoni. Garzonek ez zuen funtsezko akusaziorik burutzeko indiziorik ikusi eta bertan behera utzi zituen. Artean, Polizia Nazionalak txostena Guardia Zibilaren esku utzi zuen. Antza denez, Guardia Zibilak txostena Auzitegi Nazionaleko 6. aretoan aurkeztu zuen. Hau guardiako auzitegia da, Juan del Olmok zuzentzen duena. Honek baietza eman zuen edo auskalo, beharbada prozesua aurrera eramateko dena prest zegoen aldez aurretik.

Dokumentu horiek direla-eta «El Mundo»ren nahiz Joseba Egibarren aurkako kereilak aurkeztu zituen Pello Zubiriak. ETAk Pello Zubiria «Egunkaria»ko zuzendaria izendatu zuela esan baitzuen ere Egibarrek.
Egibarrek «El Mundo»n agertu zena benetakotzat jo zuen. Kereila ebatzia geratu zen ordea, Auzitegiak Egibarrek ez zuela Zubiria iraindu kontsideratu zuelako, Joseba Egibarrek egunkariak esandakoa errepikatu zuelakoan. Guk «El Mundo»ren aurkako kereila jarri genuen, egunkari honek berria zabaldu zuelako. «El Mundo» egunkariak, informazioa poliziaren txostenetatik atera zuela argudiatu zuen. Poliziaren informazioa egiazkoa dela alegatu zuen, baita Auzitegiak horrela onartu ere. Beraz, Espainiako hedabide nagusietako «egiazko» informazioa zentzu eta termino hauetan «ulertzen» da.

Botere judiziala botere eragilearen menpe dagoela ageri da beste behin ere.
Dudarik gabe. Juan del Olmo Espainiako Gobernuaren sokakoa da. Epaile batzuk Gobernuaren soka berekoak dira, finean, epaile hauek, poliziaren bidez, botere eragileak agindutakoa bete egiten dute. Aginduak politikoak dira, noski.

Inputatu batzuk kanpoan eta beste batzuk barruan geratu dira. Zergatik?
Zaila da hori jakiten. Itxura batez, Administrazio Kontseilua osatu eta «Egunkaria» hasiera-hasieratik aurrera atera zutenak barruan geratu dira. Auzitegi Nazionalak prozesua horretan oinarritu nahi du. Dokumentu horiek zaharrak dira eta «Egunkaria» ateratzeko aritu ziren pertsonak eraman dituzte barrura, goi-karguak sartu dituzte barrura.

Martxelo Otamendik torturak salatu ditu.
Prozesua funtsatu ahal izateko oinarri juridikoak bilatzen dituzte, eta badakizu, horretarako «interrogatorio edo itaunketa trebeak» egin ohi dituzte. Otamendiren hitza sinesgarria da, baina nola frogatzen duzu torturatua izan dela?

Angel Acebes barne ministroak kereila jarriko omen dio
PPren gobernua prest dago torturen salatzaileak auzitegietara eramateko. Honek tirabira politiko gogorrak ekarri beharko lituzke. Autoak inputatuak ETAko kideak direla dio eta gizarteak ez du hori onartzen, eta gainera torturatuak izan dira. PPren Espainiako Gobernua kontraerasora pasa da.

Tirabira horrek zer edo zer eragin al dezake EAEko Gobernuan eta EAJren baitan, zure ustez?
Hor dago koska! Eusko Jaurlaritzak «Egunkaria»ko langileen egoerari dagokionean badirudi esku hartu nahi duela. Baina galdera betikoa da: EAJ eta EAk hordago joko al dute? Hau da, Joseba Azkarraga justizia sailburuaren iritziz, egunkari bateko zuzendariak torturatua izan dela esaten badu, ezin da beste leku batera begiratu. Orduan, hartu ditzala leku konkretu batera begiratzeko neurriak. Eusko Jaurlaritzak aurre egingo ote dio Espainiako Gobernuari auzitegian aurkeztuko diren salaketak argitzeko hala nola prozesua bera Zuzenbidezko Estatu batean bezala garatu dadin? Askotxo iruditzen zait, baina tira, horixe nahi nuke


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude