KARLOS LINAZASORO: "EZ ZEGOEN UMOREA BESTE BIDERIK GAIARI HELTZEKO"


2003ko martxoaren 09an
Esan al daiteke zure lanetan umorea ezohikoa dela?
Beno, ez naiz nobelagile oso trebea. Gazteentzako idatzi ditut pare bat-edo, baina hau izan da niri gehien kostatu zaidan lana. Irakurtzen baduzu, ez dirudi hain zaila denik, baina liburu honek sorrera du berezia, niri gertatu zaidan gertaera tragiko baten ondorioz sortutako liburua baita, eta beraz, alde horretatik nahiko zaila idazlearentzat, zeren jabetu nintzen gertakizun latz hori ezin nuela ahaztu, eta ahazteko modu bakarra hartaz idaztea zela, obsesio hura paperean hustea eta horrekin neure burua pixka bat lasaitzea-edo. Baina gaia latza zen, eta hara non gertakizun tragiko batetik nobela umorezko bat sortzen den. Ez zegoen umorea beste biderik gaiari heltzeko. Edo egiten nuen umorearen eta ironiaren distantziarekin, horien bidez neure buruari halako babes bat jarrita, edo liburu hau melodrama izugarri bat izango litzateke. Gauzak umorez hartu behar direla esan ohi da, datozen bezala, eta abar, eta horretan ari naiz ni, hori ikasten. Liburu hau horren adibide bat izan daiteke.

«Entzungailua» gazteentzat idatzitako nobela dela diozu. Zer edukiko luke ezberdin, helduentzat izanez gero?
Nik liburu hau helduentzat idatzi izan banu, gauza ikaragarri bat izango zen.

Helduentzat izanda, derrigor ikaragarria izan behar al zuen?
Ez, baina askoz ere gordinagoa izango zen. Eta senar-emaztearen harreman gozo hori, umorezko tirabira horiek-eta, uste dut beste klabe batean idatziko nituela. Eta hari fantaskikoak ere askoz urrunago joateko aukera ematen zuela iruditzen zait. Eta ni hemen saiatu naiz liburu arin bat egiten, fundamentuzkoa baina arina.



Eguneraketa berriak daude