ITSASO, MENDI, LAUTADA ETA BASAMORTUEN EUSKAL HERRIA

  • Adiskide honek biziki ongi ezagutzen du Euskal Herri osoa, hasi Zuberoako Larrainetik eta Bizkaiko Zeanuriraino. Maiz esaten dit: "Gotzon, euskaldunak, gure arbasoak, buruargiak ziren. Europa osoan barna ibili ondoren, bizitzeko tokirik ederrena hautatu zuten, Euskal Herria".

2003ko martxoaren 09an
Ahierrako adiskidea zuzen dabilela iruditzen zait. Euskal Herriak badu itsasoa, badu mendirik, badu lautadarik, badu basamorturik Bardeak eskualdean.

Austriako Innsbrucken lau urte eman nituen eta Suitzan bi urte. Maiz joan izan nintzen mendian gora, aintzira bikainak ikustera. Nire lagunek aintzira distiratsu haien edertasuna goraipatzen zuten.

Nik neure artean, irritxo maltzur bat egiten nuen: "Hauek ez diate itsasoa ezagutzen, batez ere irailean haserre-haserre jarri eta bazterrak astintzen dituenean". Aintziren eta itsasoaren arteko aldea, katakumearen eta tigrearen arteko aldea bezalakoa da.

Euskara biltzea dela eta, hogeita hamasei urteotan Euskal Herriko lau hegaletan nabil, batetik bestera, gelditu gabe. Egia esan, zein ditudan Euskal Herriko lekurik maiteenak esatea, zail da niretzat.

Esan liteke, bazter eta txoko bakoitzak baduela bere edertasun paregabea, bere ukitu berdin ezina, bere nortasun berezia.

Deustua Unibertsitatean bizi garenok badugu Hegoaldeko Getarian etxe handi zoragarri bat itsasgainean. Etxe horretan egonaldiak egin izan nituen gazte denboran. Etxeak atzeko aldean basoa du eta etxe aurrean balkoi luze eta zabala itsasoari begira.

Maiz eman ditut aldi luzeak balkoi horretan irakurtzen edo idazten. Bai ikuspegi zoragarria begien aurrean! Bat batean itsaso mugagabean sartuko eta berarekin bat egingo zarela begitantzen zaizu. Azpian Getaria, herria, portu dotorea eta etxe politak eta bihurriak elkarren gainka. Eta Getaria zaintzen bezala, "Arratoia", itsasoari buru egiten.

Itsasoa eta Getaria, Getaria eta itsasoa. Elkano etortzen ikusiko duzu, zarpail, eri, ahul; harro, baina, itsasoari itzulia egin diolako.

Balkoi horretatik itsasontziak portuan sartzen ikusi eta ohartu egiten zara garai batean Getari zinez itsasbazterra zela. Jendea heldu da urduri eta pozik zenbat arrain ekarri duten ikustera. Arraina herritarren bizia da. Gero errematera eramango dute. Nork gehiago ordain, hari emango zaio itsasoaren fruitua.
Gauean beharbada da itsasoa indartsuago, mehatxagarriago, misteriotsuago. Itsasoa barren luzeko leize-zulo bihurtu da eta Getariako argi bakanak itxaropen puntutxoak dira.

Eta Donostia. Maiz ibili naiz atzerritarrekin, neure lagunekin Donostian barna. Amerikarrek, suitzarrek, errusiarrek, alemanek..., guztiek ederresten dute Donostia.

Ondarretatik Portu Zaharrerainoko itsasertzeko ibilaldia Europako ederrenetako bat da. Gaztetan sarritxo ibili nintzan Nizan, Montecarlo... eta Kosta Urdinean barna. Donostiak ez die hiri eder haiei inongo zorrik.

Eta goazen baso eta oihan aldera. Basoak badu liluramen itsu eta goibel bat. Larrainen zuberotarrez ikasten egoten naizenean, Irati basoan barna ibiltzen naiz. Europako basorik handienetako bat. Eta haritz eta pagoetan aberatsena.

Iratiko basoan sartu eta bakartasunaren muina barne-barnetik sumatzen duzu. Eta bakartasunak badu irudimenari eragiteko indar berezia. Basoan barnago badirudite Cerquandek kontatzen dituen sorgin-kontu guztiak zeure aitzinean gorpuzten direla.

Nik beti izan ditut laket erreka eta zuhaitzak elkartzen dituzten parajeak. Eta zenbat eta latzagoak, basatiagoak eta oldarkorragoak, laketago.

Irati eta Aragon ibaiei so egin eta gizaldietan barna atzera egiten duzu, geure gizarteko aurrerapen guztiak ahantzaraziz. Javierren bost urte eman nituen eta Aragon ibaiak ebaki duen bidea ongi ezagutu nuen. Maite-maitea dut. Ikusi izan ditut ibaian behera almadietan, arriskuari beldur ez diotela diruditen "antzinateko" gizon ausarta haiek.

Zuhaitzek ura edaten dute errekatik eta ordainez jana eta itzala ematen bai animaliei eta hegaztiei eta bai ur garbi haietan bizi diren amuarrain eta beste arrainei. Ezkontza ederra, zinez, zuhaitzen eta erreken artekoa.

Eta badira, Nafarroan batik bat edonor harriturik uzteko moduko naturaren mirariak. Urak harkaitzetan egindako bideak dira. Arbaiungo arroilak, Bi Ahizpak (Las dos Hermanas) eta Irunberriko arroilak. Pasabide horiek zirrara sakona egin izan didate beti.

Urak emeki-emeki gehienetan edo oldartsuki bestetan egin dituela haitzarte horiek eta gure arbasoek guk bezala miretsi egin zituztela pentsatzeak lehengo aldi ilun haietara eramaten naute.

Arabako lautadek, berriz, bere-berezko seriotasuna dute. Elbillar-en bada triku-harri bat. Triku-harri horretatik herrira begira jarri eta Erdi Arora aldatzen zara. Ezagutzen ez dituzun kantuak entzuten dituzu, eztiak, tristeak. Denak euskal kantuak dira, hango lehengo biztanleak bizkaitarrak bezain euskaldun baitziren.

Harritu egingo zara beharbada, lehengo gizaldien aiher nagoelako. Ez harritu! Behin irratian galdetu egin zidaten: "Ahal izanez gero, zer aukeratuko zenuke, denboran atzera egin edo aurrera?". Nik horretan ez dut dudarik egiten: atzera.

Orain lau mila urte parajeok nola zeuden eta berton bizi ziren euskaldunen euskara nolakoa zen eta zer ohitura zeukaten. Horretxek bai beti piztu duela nire jakin mina!

Aspaldi entzuna nuen esaera zahar hura: "Oriko txoria Orin laket". Egia ote zen jakiteko behin 2.000 metro dituen gailurrera igo nintzen. Bai, txoriak ez ezik pertsonak ere toki haiekin maitemin daitezkeela sinets liteke.

Trokarteak, basoak, errekak, zelaiak txorien kantuz beterik daude, sinfonia ederra osatuz. Taldean geundenok bat batean "Txori erresiñula" kantatzen hasi ginen. Bukatu eta beste hari ekin genion: "Maitia non zira".

Euskal Herri guztiko mendirik gorena Hiru Errege Gaina dela eta, hiru lagun orain 28 urte gain horretara iritsi ginen. Handik Euskal Herri osoa ikus daiteke. Visaurin ere bai, nik ongi ezagutzen eta bihotz erdian dudan Aragoiko mendia...

Hiru Erregeren puntan zaudenean berriz ere konturatzen zara Euskal Herria bat dela eta gizonek ipini dituzten mugak izadiari berari ere irain egiten diotela.

Euskal Herriko 23 baserritan ibiltzen naiz. Zeanuri, Sunbilla, Idiazabal, Amaiur, Landibar, Larrain... Egunero joaten naiz mendira etxeko zakurrekin. Batzuetan bost zakurrekin. Nire lagun kuttun-kuttunak. Mendietan, zakurrokin eta libururen batekin nabilenean, ahaztu egiten ditut bizi naizen Bilboko gorabeherak.

Mendi horietan ibili ziren gure aurrekoak, euskaldun osoak, gaztelania eta beste hizkuntzak geure herrira etorri baino lehen. Orduan sentitzen dut ni nor naizen eta etorkizunean Euskal Herria euskaldun izateko neuk nire aldetik zer egin behar dudan, argi baino argiago agertzen zait


Eguneraketa berriak daude