Madril: Etxez inguratutako "Audiencia Nacional" bat

Egunkariaren itxiera salatzeko prentsaurrekoa ARGIAn.
Egunkariaren itxiera salatzeko prentsaurrekoa ARGIAn.

2003ko martxoaren 09an
Tenperatura eta giroa

Astelehena. Pello eta Inmaren senitartekoak, lagunak eta abokatua goizeko 5ak aldera abiatu gara Euskal Herritik Madril aldera. Urduri, baina itxaropentsu. Umoreak estaltzen ditu kezkak.

Joan-etorria egunean bertan egingo dugula uste dugu. Atxilotuak 10 izanik (eta gehienak berritsuak), deklarazioak asko iraunez gero, asko jota, biharamun eguerdian. Bidaiarako hartu dugun ekipajea tamaina berekoa da: galtzerdi parea eta azpiko arropa. Mugikorra bezperan ongi kargatu eta kargadorea bera etxean utzita abiatu gara.

Ez genekien asko, zerk itxaroten zigun Madrilen

Iristerakoan hotza! Goizeko hamarrak eta kristoren hotza. Riofrío kafetegian bildu gara autobusez eta autoetan etorritako beste senitarteko eta lagunekin. Kafetegi barruan kamarero batek: "Ya han venido!". Gerora ere antzemango dugu. Ez gaituzte nahi. Kafetegia itsustu egiten dugu. Terroristak gara.

Eta kanpoan polizia erasokor; kafetegiko terrazatik alde egiteko. Fuera! Plaza de Coloneraino joan behar omen dugu. Banderaren azpira. Eta karnetak! Identifikatzeko! Eta batek lehendik ere baginela bandera haren azpiko eta poliziak lasai egoteko, urtetan jarraituko genuela bandera haren azpian. Hemen ezin duzue egon! Fuera! Urrutiratu eta umiliatu egin nahi gaituzte.

Honek luze joko du

Hamarrak eta erdiak aldera Inma deklaratzen hasi omen da. Informazioa audientziatik bertatik atera da. Filtrazioak. Nahi dutena eta nahi dutenari ematen diote. Oso sentsazio deserosoa da. Familiarrak, lagunak eta abokatuak gara ezer jakiten azkenak. Audientzia begien aurrean daukagu, Madril erdi-erdian gaude eta informazioa jasotzen azkenak gara. Hurrengo egunetan bezala, informazioa Euskal Herriko medioetara iritsitako filtrazioen bidez jasoko dugu. Txotxongiloa sentitzen zara, bazterra, informaziorik merezi ez duen ezdeusa...

Inmaren deklarazioak 3 ordu inguru iraun omen du. Honek luze joko du. Deklarazio guztiak segidan hartuko omen ditu epaileak. Gaua bertan egin beharko dugu.

Pedro, Inmaren anaiaren laguna da eta hotel batean egiten du lan. Gurekin dago eta ez du ezer ulertzen, baina lagundu egin nahi gaitu. Pentsio txukun bat lortu digu. Gau baterako. Ez dakigu zer gertatuko den eta egunak banaka planifikatu beharko ditugu.

Zalantza eta informazio falta uneoro. Madrilen egin dugun denbora guztian nozitu beharko dugu sentsazio hori. Egunero, orduero, minutuero luzatu zaigun zalantza bortitza, pisua, jasanezina... Noiz amaituko da amesgaizto hau? Egunak luze, orduak luze, minutuak luze...

Malores, akreditazio batzuk sinatzera sartu da Audientziara. Eta bere izena esandakoan idazkariak, modu berezi batez begiratu duela somatu du. Behin eta berriz begiratu omen dio, keinu arraro batez. Laster jakingo du zergatik. Baina inork ez dio mementoan ezer esan. Barruak behar ditu pertsonak, zekitena jakin eta hitzik ere ez esateko. Piztiak gara. Piztiak dira. Informazio guztia ezkutatu zaigu, zaurian ahalik eta minik handiena egin nahian. Gizatasunaren oinarrizko printzipioak ere urratu egin dira. Demokraziarik ez dago guretzat. Hemen ez dago, ez dugu oinarrizko eskubiderik ere.

Krudela, bortitza, gogorra izan da

Bazkaltzen ari gara. Hirurak aldera Iruinek Esnaolari deitu dio. Pello bere buruaz beste egiten saiatu dela ari dira zabaltzen komunikabideak!!! «Zeeeer? Baina ze ostia da hau?! Zer gertatu da? Zer kristo ari da gertatzen? Zer egin diote Pellori?» Negarra. Malkoak. Hotzikara. Amorrua. Ostia! Inpotentzia. Deiak. Eromena. Bihotzak lehertzeko zorian. Buruan zurrunbiloa.

Kolpe lehorra. Infernuaren ateak zabaldu dira: Arregi, Anuk, Lopetegi... Gure burua kontrolatu behar dugu. Pello ezagutzen dugu. Bere egoeran ez zuten asko behar jasanezinezko min eta sufrimenduetara eramateko. Latza behar zuen izan. Eutsi egin behar dugu. Seme-alaben irudia. Ezin dugu amildu. Non dago Pello? Hipotesiak. Zurrumurruak. Intoxikazioa. Burdin hotsa heldu zaigu. Almohada. Soka. Amildegiaren ertzera eraman dute. Bota egin da edo bota egin dute. Berdin da. Badakigu zergatia. Okerrenaren beldur gara.
Gregorio Marañon Ospitalean omen dago. Goazen. Eta Malores fuerte, sendo. Ez gaituzte suntsituko.

Krudeltasuna. Ospitaleko erregistroan ez dago Pello. Datorrela arduradun bat. Ezin omen digu inolako informaziorik eman. Hori audientzian jaso behar omen dugu. Plantako arduradunarekin hitz egin nahi dugu. Ez gara handik informaziorik gabe joango. Arduradunak ere ezin omen digu ezer esan. Audientziak debekatu egin omen die. Pello dagoen gela Audientziaren luzapen bat da memento horretan. Bizirik dagoen jakin nahi dugu. Harriturik baietz erantzun digu. Eta nola dagoen. Lasai egoteko ondo dagoela. Eta suizidioarena egia ote den. Eta berak ezin duela ez ukatu eta ez ziurtatu. Eta ezer gehiagorik ez. Informaziorik ez. Gu ere inkomunikatu egin gaituzte.

Malores Etxeberria

Basakeriaren neurri guztiak gainditu dira. Pello ahul zegoen eta txikitu egin dute. Gure aukera bakarra, injustizia honen berri lau haizetara zabaltzea da. Eta aurretik komunikabideekiko harremana banatzea erabakita baldin bagenuen ere, Maloresi zuzenki galdetu diogu: gogorra izan arren, zuk zabaldu behar diozu gizarte osoari basakeria honen berri. Ba al duzu horretarako kemenik?

Eta denok ikusi ahal izan duzue, emakumearen, emaztearen eta amaren indarra eta sosegua. Gu malkoei eutsi ezinik eta Malores tinko. Kamera eta grabagailuen aurrean sendo. Aterako gara honetatik ere. Jendeak, gizarteak, denok jakin behar dugu zer ari den gertatzen.

Kazetariak, kamerak, adiskideak, entzuleak, ikusleak hunkituta egon gara Maloresen sendotasunaren eta kemenaren aurrean.

ainbeste sufrikariok ez du lortu emakumea makurraraztea. Oso indartsuak dira. Krudelak dira. Baina gure duintasuna ez dute milimetro bat ere ukitu. Estualdirik larrienean ere eutsi diogu.

Maloresen irudia, euskaldunen eta gure herriaren duintasunaren irudi ere izan da.

Elkartasunaren beroa

Atxiloketak eta Egunkaria-ren itxiera gertatu zirenez geroztik, elkartasun mezuak etengabeak izan dira. Eta elkartasun hori izan da, gure indarra elikatu duen iturri nagusietako bat.

Eta mugikorrak etengabe joka. Iritsi eta etengabe joka hasi zirenetik, bateriak kargatuta edukitzea erabateko lehentasuna bihurtu da. Kargadoreak erosi eta taberna guztietan kargatzen jarri. Ezin dugu komunikaziorik eten. Lau telefono ditugu eta denak etengabe ari dira jotzen. Sentitzen zaituztegu. Askok deitu diguzue: ezkerretik eskuinera, behekoek eta goikoek. Denak alde batekoak ordea. Sufrimenduak amildegia sortu du gure artean. Bi sufrimendu daude. Bi min. Bi oihu. Alde batera bota gaituzte eta beste aldetik ez dator ezer. Isiltasuna besterik ez. Edo gezurra eta kolpe gehiago.

Jaso dugun elkartasun zabal horrek, adorea eman digu. Berotasuna. Laguntza. Maitasuna. Eta baita informazio zipriztinak ere, zalantzazkoak izan arren. Ofizialki ezkutatu nahi izan digutenaren zatitxo bat behintzat, hainbat bide ezkutuetatik iritsi zaigulako.
Eta informazioarekin batera, Audientzia Nazionala, ospitalearen inguruko informazioa kontrolatzeko ezartzen ari zen harresiaren tamainaren berri. Mehatxuak medikuei eta langileei. Eskandaluzkoa izan da, baita ospitale barruan ere. Baina beldurra handiagoa izan da. Mehatxuen tamainakoa. Ospitalea Audientziaren ziega bat gehiago. Sendoa da harresia baina baditu zirrikituak.

Elkartasunaren handia, zabala, ederra. Larunbateko manifaren irudiak gogoan. Jakingo al dugu sortu den indar erraldoi hau mantentzen eta iraunarazten? Baztertuko al ditugu behingoz banatzen eta frenatzen gaituzten dinamikak eta estrategiak? Betikoan jarraituz gero akabo, gureak egingo du.

Beste kolpe bat

Jateko gogo gutxi eta gauez ezin lorik egin. Irrealitate sentsazioa. Ezagutzen genituen antzeko egoerak, asko genituen irakurriak, baina gertatzen ari zaiguna gehiegizkoa da. Inork ez zuen uste horren urrutira iritsiko zirenik. Urrutiegi iritsita dago sufrimenduaren espirala.
Astearte eguerdian ezagutu genuen epailearen erabakia: 4 kanpora, 5 barrura eta Pelloren inkomunikazioa judizialki luzatua. Eta batzuengatiko poza, besteengatiko negargurarekin nahastuta. Eta erabakia ezin ulertu. Negarra, besarkadak, inpotentzia... Laster aterako ditugu.

Autoa irakurri dugu. Autismoa. Paper autisten gainean harturiko erabaki autista. Out. Ez dago ezer. Paper zahar madarikatu batzuetan oinarririk gabe oinarrituriko erabaki madarikatua. Mina eta samina sortzeko hautua. Autoa.

Eta fidantzak lehenbailehen lortu behar dira. Deiak, taxiak bulegoetara, mugitu, azkar, ezin dute gau bat gehiago beraien esku pasa! Eta denak Sotora, gu izan ezik.

Memento batean, laurok bakarrik geratu gara: Malores, Joxe Mari, Bego eta laurok. Eutsi. Marañon ingurura joan gara. Ez dakigu zertara. Badaezpada ere. Pellorengandik gertu egon nahi dugu. Nola ote hago? Zer egin ote diate? Zer ez ote diate egin?

Torturatu egin dituzte!

Arratsaldean telefono dei guztien artean, batek gogor kolpatu gaitu: atera orduko Martxelok torturak salatu ditu. Oso gogorra izan omen da. Torre ere jipoitu egin dute. Izua eta hotzikara. Eta berehala jakingo ditugunak: hotz ikaragarriarekin Pello bera zutik edukiarazi dute, eta garrasiak entzun dizkiote; behingoz akaba zezatela eskatzen omen zuen.

Kolpea kolpearen atzetik. Burua hutsik. Malkoak. Hau ez da pazientzia, hau erresistentzia da. Izua. Pellok ikaragarriak jasan behar izan ditu. Ez dakigu zer gertatu den baina latza izan da, basa, beldurgarria. Bertigoa. Ostia! Ez genuen uste honetara iritsiko ginenik!
Deiak eta deiak eta deiak. Elkarri ere ez diogu esaten buruan darabilguna. Gogorregia da. Eutsi.

Barrura

Asteazkenak ere luze joko du. Ez dugu uste inkomunikazioaren denbora bihar bukatu arte, deklaratuko duenik. Lasai hartu behar dugu eguna. Deiak, gestioak, paseoa... indarra bildu behar dugu. Biharko eguna oso gogorra izango da.

Arratsaldez Giza Eskubideen Batzordeko ordezkarien bisita jaso dugu. Ezin dute sinetsi gertatzen ari dena: "Zuek lasai, hau seguru askatuko dutela! Ezin dute horrela eraman kartzelara!".

Gu ez gaude hain ziur. Ankerkeria itzela litzateke Pello espetxeratzea, baina hau loteria bat da; erabaki politiko bat. Aukera hori ezin dugu baztertu.

Beste gau bat pasatzeko pentsio bat lortu, zerbait jan, berriketa pixka bat egin eta baita barre batzuk ere. Indarra bildu behar dugu. Biharkoa gogorra izango da. Hamabiak aldera sartu gara geletan.

Ordu bata jo baino lehen jaso dugu abokatuaren deia: Pello barrura, nahiz eta oraingoz ospitalean mantendu. Eta erreakzionatzeko kapazidaderik ez. Eta negar ere isilik egin behar. Gau erdia da. Madril erdian gaude. Pentsio batean. Ezin dugu ezer egin. Dei batzuk ahots apalez, gertuko senitarteko eta komunikabideei. Eta mezu batzuk. Eta ezin garrasirik egin. Ezin jendea esnatu. Gauaren isiltasunean mugikorren hotsak eztanda egiten du gela erdian. Ezin beste inorekin harremanetan jarri. Ezin, ezin, ezin, ezin.

Ezin lorik hartu. Ezin esplikaziorik bilatu. Ezin erokeria hau ulertu. Ez dago gizatasun arrastorik ere. Baina ezin dugu amildu. Eta Malores gero eta indartsuago eta gero eta handiago: aterako gara honetatik ere. Ez gaituzte hautsiko.

Ikusi dugu

Goizeko seietarako hasi gara mugitzen. Zazpietarako audientziara hurbildu. Deiak jaso eta egin. Pello barrura! Pello barrura! Pello barrura! Inoiz baino sendoago mantendu behar dugu, inoiz baino ozenago hitz egin behar dugu. Negarrak telefonoz bestaldean. Eutsi. Gu ezin gara erori.

Hiru ordu eta erdiz eduki dute Malores Audientzia barruan, ospitalera eraman beharreko paperen zain. Hiru ordu eta erdi. Bakarrik... kazetari adiskide bat hurbildu eta laguntzera sartu zaion arte. Kazetari adiskide asko genuen. Gehiago ditugu orain.

Eta zein gertu sentitu ditugun medio eta kazetari batzuk eta zein urrun besteak. Gugandik hamar metrora egon dira Espainiako medio nagusienen kazetariak; berri lazgarri guztiak filtratu dituzten kazetariak... han geundela bazekitenak... Eta bakar bat ere ez da gugana hurbiltzeko kapaz izan! Amildegiaren ertzak. Inkomunikazioaren harresia. Sufrimenduen banaketa. Botere borrokak. Bi mundu.
Eta azkenean ospitalera hurbildu eta beste kolpe bat. Pello ez dago ospitaleko erregistroan. "Gaixo hau ez dago hemen" esan digu harrerakoak! Aparteko erregistro batean eduki dute! Argentina. Txile.

Eta azkenean, jasandako infernuaren erdian zeruxka zatitxo bat ikusi dugu ostegun eguerdiko ordu batean. Lehena egun hauetan guztietan. Plantako erizainen arduraduna hurbildu, Pelloren emaztea nor den galdetu eta Malores besotik goxo helduta: "Lasai, ongi dago!" esan dio samur. Eta zeladoreak: "Esnatzen saiatu naiz, baina lo dago, haurtxo bat bezala". Eta begiradetan sentimendua. Itxaropena. Pello esku onetan dago.

Ikusi eta gero atera denean, berehala ulertu dugu zergatik ez duten Pello kaleratu. Martxelok salatutako torturei falta zaien irudi bizia da Pello. Ikusteko moduan egon arte, ez dute Acebesen estrategia guztia goitik behera eraitsiko duen argazkirik nahi.
Gutxienez badakigu non eta nola dagoen. Baina ez dakigu ostegun goizaldean atxilotu zutenetik zer gertatu den, zer egin dioten, zer jasan behar izan duen.

Gertatu den guztia jakiteko eskubidea dugu.

Pello, besteak eta Egunkaria, gure artean izan arte ez gara geldituko.

Malkoak, beldurra eta garai berriak (Imanol Murua Uria)

Espetxeratze aginduen autoa eskuratu eta korrika batean joan nintzen Auzitegi Nazionaletik Riofrio kafetegira, senideen «koordinazio zentrora». Aurrez telefonoz eman nien kartzelara zigortu zituztenen zerrenda eta, kafetegi atarira heldu nintzenean, Txemaren arrebak zain nituen, telefonoz aurreratu niena gezurra zela esateko erreguka bezala. Hitzik esateko gauza ez, eta autoaren azken lerroak erakutsi nizkien. Malko batzuk busti zuten papera.

Espetxeratuen zerrenda irakurtzen, Korrika 6ren antolaketan ezagutu nuen Xabier hirugarrenez kartzelako bidean ikusten ari nintzen, "Egunkaria"n aldi labur batez lankide izan nuen beste Xabierrekin batera. "Egunkaria" sortzeko abentura zoro eta zoragarrian -baita gero ere- miretsita utzi ninduen Txema betiko irribarreaz sumatu nuen, ziegako atea ixten ziotenean ere. Argieroen talde gogoangarri hartan Pellorekin batera euskarazko prentsan lehenengo pausoak ematen lagundu zidan Iñaki ezin nezakeen lau hormen artean imajinatu, "Egunkaria"ko eguneroko lanera etorri ezinik. Eta "Jakin"en lau urtez maisu izan nuen Joan Mariri eskuburdinak jartzen ari zitzaizkiola pentsatzea jasanezina egin zitzaidan.

Zuzendari eta adiskide dudan Martxelo, "Egunkaria"n lankide izandako Fermin eta Egunkaria Sortzen kanpainaren garaian bidaide izan nituen Inma eta Luis laster kalean izango zirela jakiteak eman zidan poz izugarriak ez zidan besteen giltzapetzeak eragindako min eta amorrazio are ikaragarriagoa kendu. Senideei begietara begiratzea zail egiten da horrelakoetan, Riofrion jabetu nintzenez.
Soto del Real kartzelara abiatu ginen autobusean, presaka, Pello -eta Pelloren senide eta lagunak- Madrilgo bakardade hotzean utzita, inoiz inoren menpe jardutea onartu ez duen Pello oheari lotuta, menpean hartuta, zertan zeukaten sinetsi ezinda.

Espetxearen atarian, "poltsa egin didate bi aldiz" esan, eta negarrez hasi zen Martxelo gure aurrean, Mila arrebari helduta. Negarrez ari ziren ordurako Inma, Xime eta alaba Nora, hiruak elkarri besarkatuta, Luis, Ines eta Harkaitz semea bezala. Ez ditut ahaztuko irudiok. Martxelo malkoak ezkutatu gabe kontatzen ari zitzaigunak negar batean jarri gintuen asko. Barruan gelditu zirenen senideen ordura arteko kezka, izua bihurtu zen. Garrasi egin zuten batzuek.

Beldurtu nahi gintuzten, eta izutu gaituzte. Neronek elkarrizketatu berri dudan filosofo batek duela gutxi idatzitakoa etorri zait egunotan burura: "ETAk mehatxatutakoak beldurtuta bizitzeari utzi eta ETAren aldekoak beldurtzea lortu behar dugu", zioen gutxi gora-behera (paperak prezintatuta dauzkat, eta buruz ari naiz). Eta badakigu ETAren alde egon beharrik ez dagoela, beldurtu nahi gaituztenek inor ETAren aldekotzat hartzeko. Ez nau filosofoak beldurtu, barka gauzak nahasten ari banaiz, baina beldur naiz estrategia hau diseinatzen eta gauzatzen ari denak ideia hori ez ote duen ardatz.

Eta gu harrapatu gaitu erdian. Gu denak. Soto del Realdik Andoainera autobusean gentozen guztiok, euskarazko prentsa nazional eta independentea era batera edo bestera bultzatu dugunetako bakoitza -eta asko gara-, "Egunkaria"k sinbolizatzen duenaren alde -eta asko da- lanean ari garen oro. Gutako edozein atxilotuta egon direnen edo espetxean daudenen lekuan egon gintezkeela badakigu orain. Eta izutu gaitu estrategia politiko baten izenean noraino heltzeko prest dauden ikusteak, eta inpotentziaz amorrazita gauzka erantzunik indartsuena emanda ere gure lagunak giltzapean iraunarazteko gauza direla ziur jakiteak. Aldi baten bukaera ote den idatzi berri du Atxagak, eta Torrealdai buru tapatuta, makurtuta, polizien artean eraman zutenekoa izan daitekeela horren adierazlea. Aldi berriek jardun berriak eskatzen dituztenez, Donostiako manifestazioa izan dadila garai berriaren irudi iragarlea. Torrealdairen irudiak -eta Madrilen bizi izan dugunak- sortu digun beldurra baino handiagoa izan dadila Donostiako irudiak -eta Euskal Herrian bizitzen ari garenak- eman digun adorea eta indarra. Orainartean, hala da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egunkaria auzia
2023-02-17 | Leire Artola Arin
'Egunero behar genuen' liburua aurkeztu du Imanol Muruak, behin-behineko egunkariaren kronika

Otsailaren 20an beteko dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuenetik. “Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude”, halaxe erakutsi zuten biharamunean Egunero argitaratuta. Bertako zazpi langile elkarrizketatu ditu Muruak, eta bere... [+]


2021-03-21 | Ander Perez
Samara Velte. 'Euskaldunon Egunkaria'-ren memoria
"Sumatzen genuen 'Egunkaria'-ren inguruan orokortuta zegoen narratiba oso onbera zela"

Euskaldunon Egunkariaren itxierari buruzko Paperezko hegoak dokumentala zuzendu eta aurkeztu berri du Samara Veltek (Zarautz, 1991) Josu Martinezekin batera. Azkenaldian euskal gatazkaren memoriaren transmisioari buruzko doktore tesian murgilduta badago ere, ezin izan dio... [+]


2021-01-31 | Saioa Baleztena
Sara González. Estoldak astintzen
"Beldurra da gizartea kontrolatzeko arma"

Kazetaria eta analista politikoa da Sara González (Sant Celoni, Katalunia, 1985). Disidentziaren kriminalizazioa agerian jarri du argitaratu berri duen Per raó d’Estat (Estatu arrazoiagatik) liburuan, Espainiako Estatuko estolden egitura politiko, polizial,... [+]


Eguneraketa berriak daude