KOTETO EZKURRA: "PRESIO UNETAN HAZI EGITEN NAIZ"

Aita Joxe Ezkurra pilotaria zenuen. Eskuz Munduko Txapeldun izan zen banaka (1952an) eta binaka (1955ean). Pilota zaletasuna etxetik datorkizu beraz?
Guk beti izan dugu taberna etxean, Ezkurra taberna, eta pilotazaleen topalekua zen. Aita pilotaria zenez, gure etxean pilota izan da betiko jostailua. Ni txikitatik hasi nintzen palaz jokatzen, baita eskuz ere, eta gero hasi nintzen laxoan probatzen, eskularruarekin. Poliki moldatzen nintzen, eta aitak segituan erremontean jokatzeko esan zidan, berak ikusten baitzuen ni eskuz aritzeko nahiko motza nintzela.

Txikitan ba al zenuen beste zaletasunik?
Bai, denean jokatu dut. Txirringan aritu nintzen, Doneztebeko taldean. Sprinter peto-petoa nintzen! Eskubaloian ere aritu nintzen, bertako taldean, eta nahiko poliki gainera. Nafarroako selekzioan jokatzen nuen. Baina erremontean hasi nintzen, eta beste dena alde batera utzi nuen.

Oso goiz debutatu zenuen, 16 urterekin.
Ia hamabost urterekin hasi nintzen entrenatzen. Asko hobetu nuen, eta segituan esan zidaten debutatzeko. Entrenatzen urte bakarrarekin nahikoa izan nuen. Oso garai politak izan ziren. Mutil koskorra nintzen, eta ez nuen honetara iristerik imajinatzen. Niretzat oso dibertigarria zen, eta kito. Alde txar bakarra zuen, kotxerik izan gabe joan behar izaten nuela Iruñera, gero Donostiara… Etxekoren batek eraman behar beti!

Garai hartan beste denak zaharragoak izango ziren.
Bai. Horrek ez ninduen kikiltzen, beti izan naiz nahiko ausarta. Berehala primeran integratu nintzen. Zorte handia izan nuen. Oso talde ona genuen, orain baino jende gehiago aritzen ginen entrenatzen. Gainera, ume mimatua nintzen. Jakina, on xamarren bat etortzen denean, beti izaten da denen begikoa.

Geroztik ibilbidea nolakoa izan da?
Hasieran dena da oso berria. Gogoratzen naiz lehenengo partidan paseoan bezala ibiltzen nintzela. Partida batzuk onak egin, beste batzuk ez hain onak, gero festa batzuk egin eta hurrengo egunean partida ezin zentratu nenbilen. Gainera oso gaztea nintzen, ikusten nuen diru pixka bat, eta eskolara joatean errege sentitzen nintzen.
Baina gero, hobetzen hasi eta ikusi nuen gauza jada nahiko serioa zela. Banekien zerbait egin behar banuen dena utzita horretara jarri behar nuela. Segituan atera nintzen txapeldun, eta orduan ikusi nuen erremontea izaten ahal zela nire bizitzeko modua. Eta gustura.
Hortik aurrera, 21 urterekin, serio-serio hasi nintzen. Geroztik denetik izan da. Nik uste nahiko erregularra izan naizela. 1998an urte txarra pasatu nuen. Anemia izan nuen. Oso gaztetatik egur ederra eman diot gorputzari, eta urte hartan behera egin nuen.
Pilota munduan memento denak onak izan ditut, ez dut oroimen txarrik. Niretzat hau amets bat bezalakoa izan da.

Gorputzari ez al diozue atsedenik ematen urte osoan?
Lehen ez zen oporrik hartzen. Gure enpresan bazirudien delitu zela. Baina bakoitzak antolatzen du bere urtea, eta nik 15 egun hartzen ditut jai uda pasa ondoren (txapelketa pasa ondoren), eta neguan (binakako txapelketaren ondoren) beste aste bat hartzen dut, pixka bat lasaitu eta deskonektatzeko. Bestela errutinan erortzen gara, eta hori da niretzat okerrena.

Zein dira zure armarik onenak?
Nik uste nahiko osoa naizela. Pilotari oso bizkorra naiz, teknika menperatzen dut, eta fisikoki ere sasoi onean nago. Baina nire gaitasun handiena burua da: oso hotza naiz, oso kalkulatzailea, eta konpromiso handien aurrean hazi egiten naiz. Eta presio hori jasateko gaitasuna izan behar da. Nik izaera hori dut. Oso seguru nago neure buruarekin, eta hori asko sumatzen da.

Nola entrenatzen duzu?
Nik normalean astean hiru partida jokatzen ditut: astearte, ostegun eta larunbatetan. Nire entrenamendua izaten da korrika eta gimnasia pixka bat egitea bakarrik. Gimnasioak ez ditut batere gogoko, herriko kaleetan eta parkean aritzen naiz, kaleko airea arnasteko. Igandean jai egiten dut. Frontoian ez dut entrenatzen, astean hiru partida jokatuta, segituan erreko baikinateke bestela.

2002ko abuztuan bular aldean min hartu eta hilabete egon zinen jokatu gabe. Zer gertatu zen?
Bi urte oso gogor neramatzan, emaztearen kontuarekin. Baina aurrera jarraitu nuen, 2 hilabetez oso ongi jokatzen. San Ferminetan eta abuztuan oso partida gogorrak jokatu nituen. Gainera buruz-burukoa entrenatzen ari nintzen... azkenean nekatu egin nintzen. Nik uste lesioa baino gehiago neure burua zela: presio handia nuen, eta leku batetik edo bestetik askatu egin behar zuen.

Etsitzen duzu hilabete batzuk jokatu gabe?
Jokatu gabeko bizimodua oso gogorra egiten zait. Gu azkenean errutina batean erortzen gara, eta jada gure planteamenduak eginak ditugu. Eta astearte edo ostegun batean ez badut partidarik, ni pixka bat galduta sentitzen naiz. Nire lagunik onenak frontoian daude. Orain niri frontoia kentzea, sekulako kolpea litzateke. Nik jokatzen ez dudan ostegunetan ere, frontoira joan egin behar dut, kafe bat hartu eta lagunekin partida ikustera. Gero batzuetan afaltzera joaten gara… Ez da kirola bakarrik. Gure bizitza da.
Beste erremontista batzuek bere partida jokatu eta alde egiten dute. Nik jokatzen dudanetan, beste guztien partidak ere ikusten ditut.

Eskumuturrean eskafoidearekin arazoa izan zenuen.
Ez nuen hautsi, baina nahiko arazo larria izan nuen. Euskal Jai Berrin (Iruñean) izan zen. Joan nintzen zabalera, pilota bat hartzera, eta kantxako eskuineko sarea takoetan trabatu zitzaidan. Eskumuturrarekin jokoa egitean, sekulako aberia egin nuen. Eskafoidea hautsiz gero ez nintzen hemen egonen! Oso kezkatua egon nintzen, eta behar ziren proba denak egin nituen. Medikuak esan zidan asko zaindu behar zela, bestela operatu beharra izango bainuen. Hilabete egon nintzen jokatu gabe, eta zorionez, azkenean ez zen pasa deus ere.

Zer arrisku ditu kirol honek?
Beti izaten dira arriskuak, pilotakada galantak ere jasotzen ditugu. Baina pilotari batentzat lesioa da arriskurik larriena. Kirol hau oso agresiboa da. Kanpotik ez dirudi horrela, baina mugimenduak oso azkarrak dira, indar handikoak... Ez badugu gorputza zailtzen eta kontrolatzen, erraza da lesionatzea.

Zazpi txapelketa irabazi dituzu, eta galdu duzun bakarra, lagun minenaren kontra. Zein izan da zuretzat finalik politena?
Final denak oso ezberdinak izan dira. Batzuetara oso lasai joan nintzen, beste batzuetara kezka batekin edo nire etxeko kontuekin… denetik izan dira, baina denak oso politak.
Baina bat gogoratzekotan, lehenengoa aukeratzen dut. Ni garai horretan burbuila batean bizi nintzen. Beste kiroletan aritzen nintzen, sartu nintzen erremonte txapelketan, hasi nintzen binakakoan jokatzen... Sekulako partidak egiten nituen eta buruz-burukoan dena ongi atera zen. Bat-batean sartu nintzen finalean eta faborito gainera. Finala erraz irabazi nuen eta ez nuen sinesten, ez nekien egia ala gezurra zen, ala kasualitate bat. Oso polita zen. Finala bukatuta afaltzera joaten ginen pilotariekin eta babesleekin Donostian. Aurten aldatu da, ez zegoen afaririk antolatuta. Herriko elkartean ospatu genuen, 50 lagun inguru bildu ginen, eta musika eta festa jarri genuen.

Galtzeko ere jenioa al duzu?
Bai, hala da. Galtzen dudan unean asko haserretzen naiz, eta neure ondorioak ateratzen ditut. Baina ez naiz egoskor horietakoa. Uste dut galtzen badakidala.

Aurrera begira zein dira zure helburuak?
Ez daukat ezer pentsatuta. Nik osasuna bakarrik eskatzen dut, jokatzen jarraitzeko. Eta hortik aurrera etorriko dira beste gauza batzuk. Beti txapela daukagu gogoan, baina nik maila honekin jarraitzen badut beste sei-zazpi urtean, txapelak irabazi edo ez, oso gustura geldituko naiz. Eta hamar urte badira, primeran.

Erremontistek zenbat urtez jokatzen dute normalean?
Orain zaharrenek 42 urte inguru dituzte, baina oso kasu bereziak dira. Elizalde eta Matxin izarrak izan dira, eta oraindik nahiko joko polita dute. Baina punturik gorena 30-37 urte ingururekin lortzen da.
Nik gogoratzen dut 24 urterekin beste nerbio bat nuela, beste txispa bat. Orain ez dut hainbestekoa, baina beste alde batzuetan irabazi dut. Indar gehiago daukat eta askoz hobeto mantentzen dut tonua.

Erremonteko saskia aldatu al da?
Bai, orain 5 urte aldatu zuten. Lehen ihizkoak ziren, eta orain plastikozkoak dira. Ihia oso zaila zen aurkitzeko, edo kalitate txarrekoa zen. Orain pixka bat zakarragoak dira jokatzeko, efektuak ez dira hain ondo egiten... Oraingo zestak ez dira hausten, baina niretzat lehengoak politagoak ziren jokatzeko.

Zer moduzko pilotekin jokatzen duzue?
Nik uste kirol honetan arazo handi bat badagoela. Saiatzen ari dira pilota mota bat aurkitzen, baina ez dute asmatzen. Beti ateratzen da edo bote gehiegikoa, edo oso okerra, edo oso motela… Oso lan zaila dago pilota egokia aurkitzen. Nik ez ditut ezagutu oso pilota onak, baina gogoratzen naiz gure aurrekoek beste soinu bat zeukatela, beste bizitasun bat. Oraingoei txispa falta zaie. Oraingo jokoa tristeagoa da, eta uste dut horretan pilotak zerikusia baduela.

Telebistan gutxi botatzen da erremontea. Zergatik?
Nafarroan ikusten da, La 2n asteartero emititzen baitute. Baina ETB-k gutxi emititzen du. Hor ni ez naiz sartzen, ez dakit zer gertatzen den, baina nik uste dut barruko kontuak izango direla.

Zaletu asko mugitzen al du kirol honek?
Bai. Publiko oso leiala du, ez da eskuzkoan bezala. Erremonteak ez ditu partida batean mila pertsona biltzen, baina egunero egunero 300-400 pertsona bai.

Osasun onean al dago erremontea?
Bai, oso. Baina nik uste behetik datozen pilotariak falta direla. Ateratzen dira, baina oraindik erremonteak behar ditu beste izen batzuk. Eskolak-eta badaude, baina ez da hainbeste jende ibiltzen eskoletan, eta jakina, hain multzo txikitik izen handiko pilotariak ateratzea zaila da. Akaso hemendik bi urtera aterako dira pare bat pilotari oso politak eta horrek sekulako bizia emango dio erremonteari.

Erremontean enpresa bakarra dago, Galarreta Jai Alai. Jokalariak gustura al zaudete?
Denetik dago: badago jendea kontent, badago oso haserre… Nik nire kasu pertsonaletik hitz egiten dut, eta ni oso gustura nago.

Beste enpresarik sortzeko aukerarik badago?
Ez, gu bi frontoietan bakarrik ibiltzen baikara, eta bi horiek pribatuak dira: Iruñekoa eta Galarretakoa. Esku pilota jokatzen ahal da edozein frontoitan edo edozein herritan, baina gure kirola ez. Frontoi berezia behar da, luzera behar du, eta eskuineko sarea. Euskal Herrian ez dira hainbeste baldintza horiek betetzen dituzten frontoiak. Gainera beti leku berean jokatu izan denez, ez da oso kirol ezaguna, beraz, zailago da zaletasuna sortzen. Batzuetan ateratzen gara Bilbora, edo Azpeitira, eta polita izaten da, baina astero joatea ezinezkoa da.

Lizaso erremontista eta biak Doneztebekoak zarete. Kasualitatea al da?
Donezteben 1.400 biztanle inguru bizi bagara, 6 erremontista profesional gaude, eta beste bat debutatzear dago. Gu txikitatik egon gara frontoian sartuta. Beti egoten ziren eskularruak edonoren eskura eta haiekin jokatzen genuen laxoan. Gero hasi ziren erremontista batzuk ateratzen, eta atzetik gehiagok jarraitu diete. Oso zaila da herri txiki batetik hainbeste erremontista ateratzea, eta zerbait esan nahiko du. Nik uste denak laxotik gatozela.

Laxoa, gaur egun non jokatzen da?
Baztan eta Malerrekan bakarrik. Laxoa da pilota joko zaharrena. Oso berezia da. Gainera herri bakoitzak ditu bere arauak: «pilotak halako baratzean bote jo duelako ez da tanto...» Gu oso ohituta gaude ikusten, baina ezagutzen ez duena harrituta gelditzen da. Ez baduzu kontrolatzen, jokoa oso aspergarria da. Baina niri asko gustatzen zait.

Euskal Selekzioa nola ikusten duzu erremontean?
Oso ongi. Pilota leku denetan jokatzen da, baina batez ere hemen. Gustatuko litzaidake hemengo selekzioa ateratzea. Espainiakoa baino indartsuagoa izango litzateke. Baina beste kontuetan-eta ikusten da oso zaila dagoela. Hala ere borrokatu behar da, eta agian aterako da.

Publikoaren presioa sumatzen duzue? Zer entzuten da kantxatik?
Kantxatik dena entzuten da. Nik bereizi egiten dut iraina eta frontoiko istilua. Ikusle bat auskalo zenbat diru jokatzen ari bada, eta nik pilota txapapera botatzen badut, normala izaten da builan hastea "Kaka zaharra!" eta halakoak boteaz. Nik hori onartzen dut.
Orain, bateren bat iraintzen hasten bada, hori ez dut onartzen. Gainera, batzuetan jendeak pentsatzen du pilotariari edozer deitzeko eskubidea duela, eta denetik aditzen dugu: "Putakumea", "txorixo"…
Baina ez dut gaizki ikusten frontoiko bizitasun hori, haserrealdi txiki horiek. Nire lagunekin hitz egiten dut eta haiek ez dute horrela ikusten. Bakoitzak ezberdin bizi du giroa. Izaera kontua da.
Batzuetan oso egoera gogorrak sortzen dira frontoian. Jakina, presio handia dago. Badakigu dirua jokatzen dela, eta markagailuak buelta hartzen badu, batzuetan tokiz kanpo sentitzen gara, dena datorkigu gainera. Azkenean horrek anitz markatzen du, zeren horrelako egoeretan, ez zaude oso indartsu edo oso seguru zure buruarekin, jende bat kikildu egiten da… Nik neuk ere hasieran, burua makurtzen nuen. Baina orain ez.
Badago jendea ohitzen ez dena. Hori izaera da: 39 tantotara berdinduta egon, sekulako istilua kantxan, eta hartzen duzu pilota bat lauan, eta jokalari batek bi paretakoa botako du, eta bestea ez da arriskatuko, besteren batek huts egin dezan utziko du… Ni oso hotza naiz, eta uste dut ez naizela kikiltzen. Plaza gizona zaren edo ez da kontua. Boladak ere izaten dira, konfiantza gehiagorekin bazaude, agian arriskatuko duzu, beste batzuetan ez zaude hain seguru zure buruarekin. Ez gara harrizkoak!

Pilota datorrenean, zenbat jokaldi izaten dituzu buruan?
Bakarra. Garbi ikusten dut. Hori sena da. Buruan bi jokaldi baditut, seinale txarra. Horrek esan nahi du ez duzula konfiantzarik. Jokaldi hau edo bestea egin erabakitzen hasi, eta txarra egiteko arrisku ederra izaten da!

Jokalaritan zein duzu eredu?
Elizalde. Elizalderi begira maiz egona naiz, niretzat aurrelaririk onena izan da. Teknika aldetik onena izan da. Orain pixka bat zahartuta dago eta pilota ez du hainbeste mugitzen, baina klase handia du.
Besteak ikusiz asko ikasten da. Gainera ikasteko ez naiz batere itxia. Etengabe hobetu behar da. Nik banakako txapelketa prestatzeko beti deitzen diot Elizalderi, eta berak esaten dit zer aldatu behar dudan, edo aholkuak ematen dizkit. Kanpotik hobe ikusten da barrutik baino. Kritika konstruktiboa asko gustatzen zait.

Zer nahiago duzu, banakako jokoa edo binakakoa?
Oso ezberdinak dira. Jokatzeko politagoa da binakakoa, eta ikusteko ere bai.
Ikusteko banakako txapelketa oso itsusia da. Bi pareta gutxi egiten dira, eta peloteoa ere bai. Frontoia hain luzea izan eta pilotak sekulako botea egiten duenez, oso zaila da. Baina badu beste zerbait. Azkenean buruz-burukoa da eta bakoitza bakarrik dago bestearen aurrean, hor egiatan neurtzen da bakoitza, eta horrek ematen dio pisua jokoari. Erremontistoi prestakuntza berezia eskatzen digu, batez ere aurrelarioi. Gu ez gaude sakatzen ohituta, eta sakea kontrolatu behar da

- Jaio: Donezteben, 1973an.
- Erremontista. Aurrelaria.
- Debuta: 1990-07-06, Euskal Jai Berrin (Iruñean).
- Txapelak:
+Bingo Londres Txapelketan, banakakoan, zazpi txapel irabazi ditu (1995-1996-1997-1998-1999-2001-2002). 2000.urtean, berriz, bigarren geratu zen.
+Bingo Londres Txapelketan, binakakoan, txapeldun izan zen 1994an eta 1999an.
+Torneo de Ases irabazi zuen 1994an.
+Txapeldunorde absolutua izan zen 1997 eta 1998an.
+San Fermin torneoa irabazi zuen 2002an, binaka.
+San Inazioetako Torneoa irabazi zuen 2001ean, binaka.
- Neurriak: Altuera: 1,70 m. Pisua: 78 kilo.

Kantxan kaskoarekin ikusita naizena baino askoz txikiagoa dirudit. Egun batean gizon bat etorri zitzaidan, galdezka: ehun mila duro jokatu zituela ea nik zenbat neurtzen nuen. Nik baietz metro eta hirurogei zentimetro neurtu egin zuen apustu.
Askotan entzun dut bazirela apustuak, nire altueraren gainean (orain jada ez). Gero kanpoan ikusten naute, eta ez naiz oso handia, baina hain txikia ere ez.

Doinua: Espainian behera
Frontoia behar omen
duzue derrigor,
zuen gogo guztiak
biltzen baitira hor.
Saski bati loturik
tinko eta gogor,
datorren pelotari
erantzun ona zor
denak dudan utziaz:
Nork gidatzen du nor?


ASTEKARIA
2003ko otsailaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


Eguneraketa berriak daude