EGALITÉRIK EZ ESKOLAN

  • Erreportaje honetan, hain zuzen, gai horri heldu diogu: hizkuntza gutxituak Frantziako hezkuntzan. Okzitaniera, katalana, euskara, korsikera, flandriera, bretoiera eta alemanak Okzitanian, Ipar Katalunian, Ipar Euskal Herrian, Korsikan, Westohek herrian, Bretainian eta Alsaziako eskoletan aurrera egiteko dituzten baliabideak jorratu ditugu.

2003ko urtarrilaren 12an
Hezkuntzan zentratu dugu artikulua baina, hezkuntzaz gain, giza eta psikologi faktoreek frantsesa ez diren hizkuntzak ahuldu dituzte ere: goi mailako jendearentzat hizkuntza horiek "beheko" hizkuntzak izan dira, nekazari, baserritar eta analfabetoekin lotuta daudenak, hiztunen artean egundoko konplexuak eta auto-gorrotoa sortuz; honek nabarmen gutxitu du belaunaldien arteko hizkuntz-transmisioa. Okzitaniera, korsikera edota euskara, kasu, prestigiorik gabeko hizkuntzak omen dira, abereak gobernatzeko bakarrik balio dutenak. "Patois" adjektiboak, frantsesez, zentzu iraingarri eta umiliagarri nabarmena dauka, eta Hexagonoaren hizkuntza periferikoak aipatzeko erabili da (Hegoaldeko erdaraz "jerga" edo "jerigonza"ren antzekoa).

1789ko Iraultza, "Liberté, Egalité, Fraternité, " lema sortu zuena izan zen, paradoxikoki, Frantziako ohiko hizkuntz-tolerantzia apurtu zuena. Geroztik, hezkuntz agintarien obsesioa Bretainia, Iparralde, Alsazia, Ipar Katalunia edo Okzitaniako eskolen frantsestea izanen da, berezko hizkuntzak ezabatzeko. 1794ko Barère txosten ospetsuak hortik aurrera ezarriko den ildoa ohartarazten du: "Federalismoa eta superstizioa bretoieraz mintzo dira; etorkinak eta Errepublikaren gorrotoa alemanez mintzo dira: kontrairaultza korsikeraz mintzo da; eta fanatismoa euskaraz. Kalteak eta hanka sartzeak eragin dituzten instrumentuekin hautsi behar da".
Bi mende luzeko kultur ezarpenak bere ondorioak ekarri ditu: Hexagonoaren hizkuntza batzuk hil zorian daude (bretoieraz, esaterako, biztanleriaren %10 baino gutxiagok hitz egiten du) eta denek frantsesaren mesedetan galdu dute haien hizkuntz-nagusigoa. Lehen "gutxiengo linguistikoak" zirenak "hizkuntza gutxituak" bihurtu dira. J.M. Barrill-en iritzia jarraituz, "gutxiengo linguistikoa" eta "hizkuntza gutxitua" desberdinduko dugu. Lehena, estatu baten barruan gutxiengoan dagoen hizkuntzari deritzo (adibidez, katalanera Espainian edo frantsesa Kanadan), eta bigarrena bere nazioan bertan gutxiengoan dagoen hizkuntzari deritzo (bretoiera, euskara edo galesa, adibidez).
Azken urteotan eskolaren betiko helburu suntsitzailea aldatu da pixka bat, Ikastolak, Diwan ala Calandreta bezalako eskola "autoktonoak" agertzeaz gain frantses eskola nazionalak onartu duelako -modu apalean bada ere- frantsesek deitzen dituzten "erregio-hizkuntzak" irakastea. Aurrerapen xume hau, nolanahi ere, beranduegi ailega daiteke bretoiera edo flandriera bezalako hizkuntzen patua aldatzeko, hizkuntza oso gutxituak direlako.
1951ko "Deixonne" legea frantses irakaskuntzan "erregio-hizkuntzak" sartzeko lehenengo urratsa izan zen, beti ere aukerako ikasgai gisa eta ordubete astero soilik. Beranduago, 1982an, "Savary" legeak "Deixonne" legearen ahalmenak garatu zituen, asteroko 3 orduko hizkuntz-irakaskuntza onartuz.
Frantses sozialistek "La France au pluriel" izeneko liburu bat argitaratu zuten 1981ean, Mitterrand-en sarrerarekin, "erregio" hizkuntzen gaia ukitzen zuena, haien beharrezko irakaskuntza eskoletan proposatuz. Agintea lortu zutenean Savary ministroak bere izena daraman legea atera zuen, eredu elebidunerantz heltzekotan; zoritxarrez, Savaryk dimititu egin zuen laster, eta bere asmoak ezerezean geratu ziren.
Izan ere, Frantziako sozialisten artean eztabaida biziak egon dira Hexagonoaren nazio-hizkuntzen gaiaren aurrean: batzuk jarrera irekiak erakutsi dituzten bitartean (Savary, Jack Lang, Jospin...), beste muturrekoek jakobinismorik itxienari atxiki diote (Chevenement, Trautmann, sindikatu batzuk...). Arestian, Korsikarako estatutu berria eztabaidatzerakoan, jarrera kontrajarri horiek agerian geratu dira; ez dira samurrak izan jakobinoek, esaterako, korsikar hizkuntza ama eskoletan eta lehen hezkuntzan sartzeko proposamenaren aurrean bota dituzten mehatxuak: "Frantziaren desintegrazioa", "eskolako apartheida" eta antzeko bitxiak entzun ahal dira haien ahotik.
Frantziako Estatuan eskolarizazioa nahitaezkoa da 6 urtetik 16 urtera arte. Eskolaurreko etapa (3-6 urte) aukerakoa bada ere, 3 urteko haurren %99 ama eskoletara joaten da. Hezkuntzaren mailak hauek dira: ama eskola (3-6 urte), eskola (6-12 urte), kolegioa (12-16 urte), lizeoa (16-18 urte). Lehenengo hiru mailek Derrigorrezko Hezkuntza osatzen dute, Lizeoko maila aukerakoa izanik.
Artikulu honetan Hexagonoaren hizkuntza ezberdinen egoera eskolarra aztertuko dugu, Derrigorrezko Hezkuntzaren etapan (16 urtera arte). Ikusiko dugunez, ez dago eskoletan egoera onean dagoen hizkuntzarik (frantsesa izan ezik, jakina). Frantziako Estatuko nazio batzuek haien berezko eskolak sortu dituzte, "hizkuntz-murgilketa" tokiko hizkuntzan eskaintzen dutenak: Iparraldeko ikastolak, Ipar Kataluniako Bressolak, Bretainiako Diwan-ak, Okzitaniako Calandretak... Frantses eskola publikoak eta eskola katoliko pribatuek sarrera eman diete ere herriko hizkuntza ezberdinei hezkuntza elebiduna eskainiz, zenbait kasutan, edo 1 eta 3 ordu arteko asteroko klaseak (Hegoaldeko "A" ereduaren antzera, ahulago bada ere).
Beranduago aipatuko dugunez, "hizkuntz-murgilketa" aplikatzen duten eskolen artean Iparraldeko ikastolak dira ikasle kopururik handiena dutenak; portzentualki, 16 urtetik beherakoen artean %5ak baino gehiagok euskaraz ikasten du frantses administraziopean dagoen gure herriko zatian. Beste muturrean, Calandreta okzitaniarrek Okzitaniako ikasleen %0,1 soilik bereganatzen dute. Nolanahi ere, kopuru hauek ez dute zer ikusirik Hegoaldeko datuekin: Nafarroan, esaterako, 16 urtetik beherakoen artean %21ek euskaraz ikasten du (D ereduan), eta EAEn %41ak. Portzentaje hauek, hala ere, txikiak dira Kataluniaren aldekoekin: han, ikasleen %72ak katalan hutsez ikasten du

Calandreten 25 urteko ibilbidea
Frantziako hegoaldeko nazio zabala da Okzitania, Atlantikotik Mediterraneoraino zabaltzen dena, Frantziako Estatuaren ia erdia osatzen duena. Haren 15 milioi biztanleetatik %20 inguru gai da okzitanieraz mintzatzeko, azken ikerketen arabera. Frantziako Estatuan hizkuntza ofizial bakarra frantsesa denez, ez dago inongo hizkuntza-zentsurik; zaila suertatzen da askotan, beraz, hiztunei buruzko datu zehatzak ematea.

Okzitaniar hiztunak daude ere Italiako zenbait haranetan (Piamonte) eta Espainiako Estatuko Val D'Aran-en. Azken honetan, gainera, hizkuntza ofiziala da.
Atzerakada nabarmena ezagutu du okzitanierak XX. mendean. Baina iraganean osasuntsu eta bizkor zegoen hizkuntza, historia distiratsuaren jabea baita; Erdi Aroa garai oparoa izan zen Oc hizkuntzarentzat, trobalariek sortutako literaturak gailurrera eraman baitzuen mintzaira. XVI. mendetik aurrera ofizialtasuna galdu zuen frantsesaren alde, baina herri xehearen komunikazio tresna izaten jarraitu zuen XX. mendearen hasierara arte.
Okzitaniaren berezko eskolak Calandretak dira. 1979an sortu zen lehenengo Calandreta, Pauen. Egun, 43 Calandreta daude Okzitanian zehar sakabanatuta, eta helburua 50 arte iristea da epe laburrean (proiektuan daudenen artean, Ipar Euskal Herriko Angelu herrian sortu nahi dutena dago). Calandreta gehienak Okzitaniako hegoaldean pilatzen dira, eta guztira 1.600 ikasle biltzen dituzte. Oso kopuru apala, Okzitaniaren biztanleria handia eta eremu geografiko zabala kontuan hartuz.
Ia Calandreta guztiak -42- lehen mailako eskolak dira (12 urte arteko ikasleak dituzte). Kolegio bakarra dago, eta ez dago Lizeorik. Okzitaniera hutsez emandako hezkuntza, beraz, haurrei zuzenduta dago erabat.
Joan zen mendeko laurogeiko hamarkadan bertako hizkuntza hasi zen sartzen zenbait ikastetxetan, eta gela elebidunak agertu ziren. Oso kopuru apalean ere, egun 1.000 ikasle inguruk jasotzen du hezkuntza elebiduna, gehienek ama eskoletan eta eskoletan. Azken urteotan eredu elebiduna oso gutxi hazi da.
Hazkunde nabarmenagoa ezagutu du okzitanierak irakasgai gisa eskoletan. Lehen aipatu dugun "Savary" legearen haritik, ume askok gutxiengo harremana daukate hizkuntzarekin, 1-3 ordu arteko harremana astero. Eredu honek ez du bermatzen, inondik inora, hizkuntzaren ikasgoa, maila baxuetan abestitxo batzuk besterik ez baitituzte ikasten. Egun, 70.000 ikasle inguruk jarraitzen dute eredu hau, Okzitaniako ikasleen %3ak

Korsika
Korsika
Nortasun handiko uharte honek 260.000 bizilagun ditu, Ipar Euskal Herriak bezainbeste. Azken urteotan etorkin asko jaso arren, hizkuntzari atxiki diote korsikarrek, biztanleen %50ak korsikeraz hitz egiten baitu. Korsikar jatorrikoak gutxiengo dira jadanik irlan (%45), baina %90ak hizkuntza mantentzen du.

Irakaskuntzari dagokionez, Korsikan ez dago murgiltze sistema aplikatzen duen eskolarik (Ikastolak, Calandretak, Diwan edo Bressola-ren antzekorik). Hizkuntza Frantziako Estatuko beste tokietan baino hobeto mantendu arren, korsikarrek ez dute asmatu eskola «autoktono»ak sortzen. Antza, duela urte batzuk ahaleginak egin ziren, baina ez zegoen behar adina eskaera sozialik. Oraingo ahaleginak eskola elebidunak sortze eta zabaltzeari zuzentzen dira.
Hutsune hori eduki arren, korsikera oso zabalduta dago uhartearen eskoletan; lehen hezkuntzan, esaterako, korsikera ikasten dute ikasleen %80ak, ikasgai gisa (beraz, korsikera ikasten dute, ez korsikeraz). Kopuru hau oso altua da, ez dago antzekorik Frantziako beste inon.
Pil-pilean dagoen gaia da hizkuntzarena Korsikako eskoletan. Duela bi urte, Korsikarako estatutu berria eztabaidatzerakoan, Frantses Gobernuak korsikeraren irakaskuntza eskola guztietan sartzea proposatu zuen, abertzaleen gogoak kontuan hartuz.
Frantziako jakobinoek, ostera, gogor erreakzionatu zuten Lionel Jospin eta Jack Lang Hezkuntza ministroaren aurka, Frantziako konstituzioaren aurkako neurria zelakoan. Egun, Matignon-go prozesua deitu duten horrek irekita dirau, negoziaziopean. Azken susmoen arabera, Frantziako Gobernua prest dago korsikera ikasgai gisa onartzeko eskola guztietan, gurasoek kontrakoa esaten ez duten bitartean (hots, aginduzkorik gabeko ikasgai gisa). Hizkuntzarena izan da Matignon-go prozesuan eztabaida bizienak eragin dituen gaietako bat, korsikar abertzaleek tinko exijitu dutelako estatus berri bat hizkuntzarentzat.
Duela hogei urte hasi zen sare publikoan korsikera sartzen. Hasieran ikasle gutxi zegoen harremanetan hizkuntzarekin, baina denboraren poderioz kopurua igo zen; lehenengo urteetan ikasle gehienek ordubete astero bakarrik egiten bazuten ere, orain gehiengoak hiru orduko ukimena du korsikerarekin; 1990. urtean, berriz, eredu guztiz elebiduna agertu zen, poliki-poliki igotzen ari dena

Lehen Hezkuntzan:
Ikasleen %20ak ez du korsikera ikasten.
% 60ak ordubete astero.
%15ak 3 ordu astero egiten du.
%5ak eredu elebidunean ikasten du.

Bigarren Hezkuntzan:
% 65ak ez du korsikera ikasten.
% 20ak 3 ordu astero egiten du.
% 15ak ordubete astero egiten du.
Ez dago eredu elebidunik

580 haur katalan hutsez
Frantziako Estatuko Kataluniak 390.000 biztanle dauzka. Ipar Euskal Herriaren antzera mendeetan zehar etorkinen sorburu izan den lurraldea frantses jubilatu askoren aterpe bihurtu da azken boladan. Hiztunen kopurua Hego Katalunian baino apalagoa da: %25-%30 artean, zundaldien arabera (Hegoaldean %70raino iristen da). Beste hizkuntza gutxituetan gertatzen den legez, gazteen artean hiztunen portzentajea erdira jaisten da.

Ipar Kataluniako jatorrizko eskolek Bressola dute izena (sehaska, katalanez). Lehenengo Bressola 1976an sortu zen. Egun 400 ikasle ari dira, lehen mailako zazpi eskoletan; ez dute kolejiorik ezta lizeorik ere, hortaz haurrentzat soilik eskaintzen dute irakaskuntza.
Sare publikoan badaude katalan hutsez funtzionatzen duten eskolak ere, Arrels izenekoak (sustraiak, katalanez); 180 ikasle dute.
Katalan hutsez ikasten duten ikasleak 580 dira, beraz. Ipar Kataluniako ikasleen %1, alegia.
Sare publikoan eredu elebiduna eskaintzen duten 3 ikastetxe daude, 150 ikasle biltzen dituztenak.
Ikasgai gisa harrera hobeagoa dauka katalanak: 4.000 ikasle inguruk ikasten du 1-3 ordu arteko ordutegian astero (ikasleen %6ak). Abestitxoak ikasteaz gain, baina, ezer gutxi eskaintzen du eredu honek eskola askotan

Eskola «autoktono»en aitzindari
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 250.000 euskal herritar bizi dira. Zundaldiek ez dituzte beti datu berdinak ematen, baina bat etortzen dira euskaldunen kopurua %25-%30 artean jarriz.

Hegoaldeko egoerarekin alderatuta, oraindik euskaldunagoa agertzen zaigu Iparraldea (Hegoaldean euskaldunok %23 besterik ez gara). Epe laburrera, hala ere, terminoak aldatu litezke, Iparraldearen deseuskalduntze prozesua aurrera baitoa.
Ikastolak dira Iparraldean euskara hutsez irakasten duten eskolak; 1969an sortu zen lehena, Frantziako Estatuko eskola "autoktono" guztien artean aitzindaria izanik (ikastolak kenduta, eskolarik zaharrena Bressola da, 1976. urtekoa). Egun, 23 ikastola daude, horrela bananduta: 19 lehen mailako eskolak, 3 kolejio eta lizeo bat (Baionan). Guztira 1.951 ikasle biltzen dute; 16 urtetik beherako ikasleen artean, Iparraldekoen %5,5 bereganatzen dute ikastolek.
Ez dago Frantziako Estatu osoan portzentaje hau gainditzen duen berezko eskolarik; Iparraldean dago hizkuntza gutxitu batean ikasten duen ikasle multzorik handiena (portzentualki, jakina).
Irakaskuntza elebidunari dagokionez, Frantziako beste nazioekin alderatuta ez da makala egoera ere: sare publikoan 3.000 ikaslek ikasten dute elebidunez, Ikas Bi gurasoen elkarteak bultzatuta. Honetaz gain, bada beste elkarte bat, Euskal Haziak izenekoa, eskola katolikoetan elebidunez ikasten dutenen gurasoz osatuta, 1.500 ikasle biltzen dituena.
Irakaskuntza elebiduna jasotzen duten 4.500 ikasle horiek Iparraldeko ikasleen %12a dira. Berriz ere, ez dago Frantziako beste inon antzeko portzentajerik eskola elebidunetan. Lehenengo eskola elebidunak 1982. urtean agertu ziren Ipar Euskal Herrian, geroztik bertan matrikulatutako haur eta gazteen kopurua urtez urte gora doa.
Eskoletan eta kolejioetan badago beste ikasle multzo bat A ereduaren antzeko irakaskuntza hartzen duena, 3 ordu astero euskaraz; ikasleen %5 ingurukoa da

Lehen Hezkuntzan:
Ikasleen % 6,5ak euskara hutsez ikasten du.
% 12ak elebidunez.
% 4ak 3 ordu astero.

Bigarren Hezkuntzan:
Ikasleen % 4ak euskara hutsez ikasten du.
% 6ak elebidunez.
% 7ak 3 ordu astero

Seme-alabek ez dute bretoiera ikasten
Menhirren nazioak (Breizh, bretoieraz) 4 milioiko biztanleria du. Bretoiera da haien jatorrizko hizkuntza, K.o. V. mendean Britainia Handitik joandako etorkinek eramanda. Hizkuntza zeltikoa da bretoiera, galesaren familiakoa, eta azken ikerketen arabera ez da %10era iristen bretoieraz mintzatzeko gai diren bretoien kopurua (duela ehun urte, hiztunen kopurua %60a omen zen).

Bretainiako Mendebaldeko eskualdeetan mintzatzen da bretoiera. Hexagonoaren hizkuntzen artean egoerarik larrienetakoa du hizkuntza honek; hiztun gehienak oso zaharrak dira, eta 15-20 urteko gazteen artean %2ak besterik ez du hizkuntza ezagutzen. Belanauldien arteko hizkuntz-transmisioa eten egin da, arestian egindako ikerketek erakusten baitute guraso bretoidunen %20ak bakarrik irakasten dietela hizkuntza haien seme-alabei. Datu kezkagarri horiek mehatxu larria eragiten diote bretoieraren etorkizunari.
Diwan (hazkunde) da bertako ikastolen izena; 1977an sortu zuten bretoieraz bakarrik funtzionatzen zuen lehenengo eskola. Egun, 35 Diwan daude Bretainian zehar sakabanatuta, hauetakoak 28 lehen mailako eskolak izanik, 4 kolegio eta lizeo bat. Guztira 2.400 ikasle dituzte, portzentualki 16 urtetik beherakoen artean Bretainiako ikasleen %0,5.
Diwan eskolek estatus berezia daukate, murgiltze sistema aplikatzen duten gainontzeko eskolek (Ikastolak, Calandretak edo Bressolak) ez dutena: 2001. urtean, Jack Lang Hezkuntza ministroak luzatutako gonbidapena onartuz, Diwan-ak Frantziako sare publikoan integratzea erabaki zuen, gainontzeko eskolak integrazioaren aurka azaldu zirelarik. Erabakia korapilatsua izan zen oso, Frantziako hezkuntza publikoaren aurrean mesfidati baitzeuden eskola «autoktono» gehienak. Nolanahi ere, arazo ekonomikoak eta azpiegiturarenak argudiatuz, Diwanen gehiengo osoa integrazioaren alde agertu zen.
Hezkuntza elebidunari dagokionez, 4.400 ikaslek (2-16 urtekoek) jasotzen dute ikasgaien erdia bretoieraz; haietatik, 2.400 sare publikoan eta 2.000 eskola katolikoetan; Dihun elkarteak biltzen ditu azken hauen gurasoak. Hezkuntza elebidunak igoera itzela ezagutu du azken urteotan, egun Bretainiako ikasleen %1ek eredu horretan ikasten du. Diwan-ak duen ikasle kopurua bikoizten du eredu elebidunak.
Beste ikasle multzo handi batek azaleko harremana du hizkuntzarekin: 1-3 ordu arteko harremana astero, alegia; 15.000 ikasle inguru daude talde honetan, gehienek ordubeteko ordutegi laburra eginez

Lehen Hezkuntzan
(ama eskolak eta eskolak):
Ikasleen % 0,5ak Diwan-en ikasten du.
Ikasleen % 1ek elebidunez ikasten du.
Ikasleen % 1-ek 1-3 ordu astero.

Bigarren Hezkuntzan (kolegioak):
Ikasleen % 0,3ak Diwan-etan ikasten du.
% 0,8ak elebidunez ikasten du.
% 2ak 3 ordu astero.
% 5ak ordubete astero

Sustrai germaniarra agerian
Alsazia Elsass da alemanez. Lurralde honek 1.550.000 biztanle ditu, eta bi departamentutan dago zatituta: Bas Rhin eta Haut Rhin deitutakoetan. Alsazia ez da alemaniera jatorrizko hizkuntza duen Frantziako eskualde bakarra, Lorrena eskualdeko zati batek (Moselle departamentuak) berezko hizkuntza baitu ere alemana, hiztun gutxiago badu ere.

Errolda ofizialik ezean, Alsazian egindako ikerketek biztanleen %50-%60 artean alemanez mintzatzeko gai dela baieztatzen dute. Frantziako Estatuan normala denez, hizkuntzaren ezagupena asko jaisten da gazteen artean. Nolanahi ere, Frantziako beste nazioekin alderatuta egoera hobean dago Alsazia, biztanleriaren erdiak hizkuntza ezagutzen duelako eta hizkuntza hori ofiziala eta sendoa delako aldameneko estatuan (100 milioi hiztun).
Historia korapilatsua ezagutu du Alsaziak, Frantzia eta Alemaniaren harrapakina izan baita mendeetan zehar. Politikoki, azken ehun urteetan bi aldiz izan da alemaniarra eta bi aldiz frantziarra, kultur eta hizkuntza arloan sustrai germaniarra nabaria izan arren.
Hezkuntza mailan Alsazian ez dago alemanez bakarrik klaseak ematen dituen eskolarik; bertako haur eta gazteek ez dute herri hizkuntz-murgilketa sistema ezagutzen. Eskola elebidunak, aldiz, egon badaude, eta urtez-urte gora doa haien kopurua.
1991. urtean guraso multzo batek, tokiko agintarien patxadaren aurrean eta antzeko ekimenek izan zuten arrakasta ikusirik -besteak beste, Iparraldean eta Bretainian-, lehenengo klase elebidunak (frantses-alemana) eskola publikoetan martxan jartzeari ekin zion, ABCM-zweisprachigkeit elkartea sortuz. Egun, ABCMk 12 eskola elebidunak ditu Alsazian zehar, 700 ikasle bilduz ama eskoletan eta lehen mailako eskoletan (12 urteak arte).
ABCM-zweisprachigkeit-aren ekimenaren ostean, frantses agintariek zenbait eskola publikotan sarrera eman diote eredu elebidunari ere, 90eko hamarkadaren erdian. Eredu "elebidun" horrek, baina, ez du eskaintzen (ABCMren eskolek eskaintzen duten bezala) ikasgaien %50ean alemanez, gutxiago baizik (%30 inguru). Irakasleen kontratazio sisteman ezberdintasun nabariak daude ere ABCM eta sare publikoan dauden eskola elebidunen artean: ABCMk alemana ama hizkuntza duten irakasleak kontratatzen dituen bitartean, eskola publikoek frantses irakasleak dituzte ere alemanez irakasteko.
Guztira, Alsazia osoko ikasleen %3ak (8.000 ikasle inguru) ikasten du eredu elebidunean, kopuru hori urtez-urte gora badoa ere.
Askoz handiagoa da alemana ikasgai gisa duen ikasleen kopurua (gure A ereduaren antzekoa). Ikasleen %45ak alemana ikasten du 3 ordu astero, kopuru hori altuago izanik kolegioan eskolan baino. Horren arrazoia zera da, Bigarren Hezkuntzan ikasleen %50ak alemana aukeratzen duela "lehenengo kanpoko hizkuntza"tzat, ingelesaren ordez

Lehen Hezkuntzan:
Ikasleen %0,4ak ABCM eskoletan ikasten du (680 ikasle).
Ikasleen %4a eskola publiko elebidunetan dago (6.900 ikasle).
Ikasleen %34ak alemana ikasgai gisa ikasten du (63.000 ikasle).

Bigarren Hezkuntzan:
Ez dago ABCM-zweisprachigkeit eredurik.
Ikasleen %0,5 eskola publiko elebidunetan dago (350 ikasle).
Ikasleen %70ak alemana ikasgai gisa ikasten du (55.000 ikasle)

Belgikako flandriarrei mirespenez begira
Frantziako Ipar-Mendebaldean (Nord-Pas-de-Calais) Flandriako zati historiko bat dugu, Westhoek izenekoa, politikoki XVII. mendetik hona frantsesa dena. Lurralde horrek ozta-ozta mantendu egin du bere jatorrizko hizkuntza gaur arte, bere 300.000 biztanleetatik, 60.000 (%20) gai izanik flandrieraz hitz egiteko. Dunkerke da Westhoeken hiri nagusia.

Frantziako flandriarrek jakobinismoaren eraso bortitza jasan dute urte luzeetan, haien hizkuntzaren osasuna nabarmen gutxitu duena; mirespenez begiratzen diete Belgikako flandriarrei, hauek hizkuntza sendo mantendu dutelako eta hizkuntz-borroka irabazi diotelako Belgikako zentralismo frantsesari.
Westhoek da, Bretainiarekin batera, hizkuntza arloan egoerarik kaskarrena duen lurraldea. Hezkuntza arloan, baina, egoera Bretainiarena baino makurragoa dute oraindik: ez dago flandriera hutsez irakasten duen eskolarik, eta ezta eskola elebidunik ere; dagoen flandrieraren presentzia apurra, ikasgai gisa eta zenbait eskoletan bakarrik, izaten da. Hori gutxi balitz, dialektismoaren eztabaidak okertzen du giroa ere, batzuek frantses flandrieraren aldeko irakaskuntza proposatzen duten bitartean, besteek nederlandera batua sutsuki defendatzen dutelako.
Giro makur honi aurre eginez zenbait kultur talde eta politiko lokalen ahaleginek lortu dute flandrieraren sarrera, aukerako ikasgai gisa, 18 ikastetxeetan (12 ikastetxe publikotan eta 6 ikastetxe pribatutan); Tegaere Toegaen elkarteak bultzatu du hizkuntzaren aldeko borroka hezkuntza mailan. Egun, 1.200 ikasle inguru daude Westhoek osoan nederlandera ikasten, ikasle guztien % 4, alegia. Horietatik 700 inguru eskoletan eta 500 kolegiotan


Eguneraketa berriak daude