«PP ETA PSOE-REN ITUNA GERRARAKO ITUN BAT DA»


2003ko urtarrilaren 05an
Leioako Unibertsitateko Zientzia Politikoen sailean dihardu liburu honen egileak. Iaz, Francisco Letamendia eta sail berean ari den Edurne Uriarte irakaslearen auzia askotan agertu zen hedabideetan zientzia politikorako katedraren oposizioa zela-eta. Gorabehera frankoren ostean Edurne Uriarteri eman zioten katedra. «Lizarra-Garaziko Akordioaren aldeko adierazpenak egin dituzu, beraz jai daukazu», esan omen zioten oposizioetako mahaikideek. «Espainiako inguru akademikoetan estereotipo bat sortu dute nire gainean: nazi, arrazista eta ETAren aldeko terroristarena», adierazi digu Letamendia irakasleak.

Irakasle honek «estatu-nazioen zentro-periferiaren arteko dialektika» aztertu du azken urteetan: «Bi joera kontrajarriak daude egun: XIX. mendeko estatu-nazioa, estatu hierarkikoa, printzipio bertikaletan funtsatua eta estatu honen aurka sortzen ari diren lerro horizontaleko printzipio berrien mugimenduak. Mugimendu hauetako batzuek estatu hauetako tokian tokiko lurraldeko administrazioen inguruan dihardute. Mugimendu sozial berri hauek -globalizazioaren aurkako borroka aintzat hartzen dutenak- lerro horizontal hori begi onez ikusten dute. Eskuarki, estaturik gabeko herriekin bat egiten dute».

Mugimendu hauek zer-nolako rola joka dezakete Euskal Herriko gatazkan?
Mugimendu hauek zentro-periferiako gatazkak aintzat hartzen dituzte, nazio gatazkak bideratzeko elkarrizketari lehentasuna ematen diote. Naziorik gabeko herriei arnasa ekartzen diete, boterearen disgregazioa edo banaketa eskatzen dute. Alabaina, beste mugimendu bat sortu da honen aurkako erreakzioan, 2001eko irailaren 11az gero sendotuz eta areagotuz doana. Honek estatuen zentralismoari enfasia ematen dio, ezberdintasun etniko eta nazionalen aurkako enfasia, kanpoko eta barneko etsaiak oso presenteak dauzka. Mugimendu hau sostengatzen duten alderdi politikoak kontserbadoreak dira arlo ekonomikoan eta arlo politikoan, berriz, guztiz autoritarioak, AEBak buruan buru izaki.
Munduan zabaldu den autoritarismo mota hau Espainian barrena sartu eta berebiziko eragina du euskal arazoan. Errepresioa ez da soilik ezker abertzalearen aurka, nazionalismoaren aurka eta euskal ezaugarri eta izaera guztien aurka baizik. Nafarroan ematen ari den euskararen aurkako eraso zuzena begi bistako adibidea dugu.

«Redes políticas en la CAPV y en Iparralde» liburura etorriz, azaldu iezazkiguzu sare politiko hauen ideia eta funtsa?
Lehenbizi, liburu hau ikerketa proiektu kolektibo bat dela azpimarratu nahi dut. Noemí Etxeberria, María Urrutia, Asier Blas, Saioa Gorroño eta Igor Ahedo ikasleekin batera gauzatu dut. Ikasle hauek nirekin lan egiteagatik diskriminatuak izan direla adierazi nahi dut, halaber.
Bestalde, orain arte alderdi politikoen arteko harremanen ikerketak burutu ohi ditut, proiektu honetan, berriz, sare politikoak aztertu ditugu. «Policy network» edo sare politikoaren kontzeptua berritu dugu. Sare hauek ongizatezko gizarte eta estatuetan gero eta gehiago agertzen ari dira, estatuak esku hartze zuzena duelarik. Haatik, honezkero, estatuak ez ditu erabaki politikoak soilik hartzen, beste eragile politikoek ere hartzen dituzte berarekin, oso helburu zehatzekin gainera, sindikatuek eta gizarte mugimenduek kasu. «Policy network» terminoa OVNI edo OHE (Objektu Hegalari Ezezaguna) politikoak azaltzeko modu bat da. Denok hitz egiten dugu fenomeno hauetaz, baina ez ditugu nahikoa ezagutzen: Ajuria Eneko Ituna, Lizarra-Garaziko Akordioa eta PP-PSOEren Askatasunaren aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituna, kasu.

«Politics network» terminoa ere agertzen da.
Ingeles zientzia politikoak «Policy network» eta «politics network» terminoak ezberdintzen ditu. Lehena politika publiko konkretuen sareak dira eta bigarrena estatuetako politikari dagokio soilik. «Policy network» terminoa sare politiko konkretuei atxikia da. Esaterako, aipatu ditugun hiru proiektu edo itun moduko hauek proiektu politikoak dira. Guk, berriz, politika publikoen sarea goi mailako politikaren sareekin uztartu dugu. Estatua gizartean edota gizartea Estatuan sartu den heinean, sare politikoen teoriak gero eta garrantzizkoagoak bilakatu dira administrazioaren barruan hartzen diren erabakiak ulertu ahal izateko, finean gizarte politikoko eragile guztien aldetik datozen erabakiak ulertu ahal izateko.

Itun hauek gauzatzeko Estatuaren eta gizartearen arteko locus bat gauzatu beharra agertzen da. Azaldu iezaguzu berau.
Hainbat teoria landu dugu, horietako bat bake prozesuen teorikoena da, errekontziliazio iraunkorren teoria lantzen duena. Teoriko hauek errekontziliazioak gune fisiko bat izan behar duela diote, locus bat, pertsona eta gauza fisikoen espazio finko bat. Teoria hauen arabera, locus bat bermatzeko edota bake prozesu bat bideratzeko eragile guztien presentzia behar da, salbuespenik gabe. Hego Afrikako Errepublikan edo Ipar Irlandan horrela iritsi ziren bake prozesua bideratzera. Gure kasuan, ordea, aipaturiko hiru sare hauek ez dira errekontziliatzeko sareak izatera iritsi.

Ikus ditzagun berauek banan-banan. Ajuria Eneko Ituna hasteko.
Ajuria Eneko Ituna Espainiako Estatuaren autonomiaren legitimatzeko Ituna izan zen, gurean Gernikako Estatua legitimatzeko. «Politics network» bat bezala abiatu zen eta, finean, horrela ere amaitu. Hala ere, bere helburua sistemaren legitimatzea izan bazen ere, bazeukan locusa gauzatzeko atal bat. Itunak hiritarren borondateak autonomia estatutua aldatu eta beste marko bat sortu zezakeela zioen. Modu batez, autonomiaren aldeko sare bat izan arren, biolentziaren praktika onartzen dutenen aurkakoa zen, eta hartara, oso mugatua autonomia onartzen ez duten sektoreekiko. ETAren aurka sortua izanda, nahitaez, honen inguru sozialeko mugimenduen aurka jo zuen. Halaber, eragile nazionalistek ituna bake eszenategi batera bideratu nahi izan zutenean krisian sartu zen. Izan ere, locus bat gauzatzeko kanpoan dauden eragile soziopolitikoak integratu behar dira eta mugimendu hauek modu batez talde armatua legitimatzen dute, ETA kasurako. «Locus»a gauzatzeko zailtasuna horretan datza.

Lizarra-Garaziko Akordioa noraino iritsi zen locusaren gauzapenean?
Itun hau locus bat izateko bidean sortu eta hurbiltzen hasi zen nolabait. Alderdi eta gizarte mugimenduak batzeko lekune fisiko bat izan zen, akordioak errekontziliazio iraunkorraren teorietara hurbildu nahi izan zuen. Eragile politiko guztiek baldintza berdinetan aritu behar zutela zioten, euskal hiritarren hitza errespetatzea funtsezkoa zela azpimarratuz.

Sare politiko izateko sortua, zertan huts egin zuen?
Errekontziliazioa ekarri behar duen sare politiko bat ez da agirietan soilik funtsatu behar, eta Lizarra-Garaziko Akordioa hori izan zen finean. Hau da, akordioa ikuspegi demokratikoaren eta errekontziliazioaren teoriaren ikuspuntutik guztiz onargarria zen, baina sare politikoa osatuz joan behar zuen. Mugimendu sozial hura sare politiko zabal bat gauzatzeko xedez sortu zen, baina eragile politiko nagusien hutsunea zeukan hasieran. Bere hasieran ez zuen «politics network» edo goi-mailako erakundeen babesa, Eusko Jaurlaritzarena kasu, nahiz eta hasteko EAJ akordioan zegoen.

Sare hura gauzatzeko gakoa, apika.
Bai. Lizarra-Garaziko Akordioaren inguruan gauzatzen hasi zen locusa babesten zuten eragileen artean ezberdintasunak zeuden eta daude. Sektore batek, ETAren biolentzia legitimatzen duen sektoreak ETA ez dezala legitimatu lortu nahi du. Hasieran bide onean abiatu ziren, baina, errekontziliazioaren teoriaren puntu batek huts egin zuen, «prozesu politikoak lurralde bateko herritar guztien espresioa errespetatu behar duela» dioen puntua. ETAk bere proiektua inposatu nahi izan zuen, ETAk ez zuen utzi proiektu politiko hura herritarren espresioaren arabera garatzen utzi. Lizarra-Garaziko sare politikoari akats izugarri hori txertatu zion ETAk. ETAk alderdi nazionalistek osaturiko sarea garatu nahi izan zuen bakarrik. Adibidez, Udalbiltza euskal Estatuaren enbrioi gisan osatu nahi izan zuen eta egungo hiru lurralde administratiboan funtzionatu dezan, gaur egun bideratzea ezinezkoa dena. ETA akordioaren idatzietatik nahiz espiritutik aldendu zen. Haatik, ulergarria ere izan zen, izan ere, locusa gauzatzean alderdi espainolistek ere ez zutelako -eta ez dutelako- errekontziliazioaren teoriaren gutxienezko printzipioa onartzen, hots, herritarren borondate librearen errespetua. Eta hori ez da independentzia onartzea, lurralde hauetako herritarren borondatearen arabera gobernatuak izatea onartzea baizik.

n Azkenik, PPren eta PSOEren Ituna dugu.
Itun hau terrorismoaren aurkako itun bat da, besterik ez. Itunen batekin alderatzekotan Ajuria Eneko Itunarekin aldera zitekeen, baina diferentzia batekin: Ajuria Eneko Itunak marko politikoa aldatzeko aukera ematen zuen, eta honek ez. Sare politiko hau «politics network» soila da, terrorismoaren aurka doa besterik gabe, eta ondorioz, ETA sostengatzen duten sektore sozialen aurka. Baina ez da horretan geratzen, gainontzeko alderdi eta eragile nazionalistak ere ukituak dira, ETAren izatearen ardura morala leporatzen zaie. Lizarra-Garaziko Akordioak subiranotasuna defenditu zuenez, ondorioz, hura osatu zuten guztiek ETAren jomugak legitimatu dituztela mantentzen dute PPk eta PSOEk. Finean eta funtsean gerrarako itun bat da.

Itun hauen ostean Ibarretxe plana etorri da. Zer deritzozu?
Ibarretxeren plana ez da sare politiko bat, prozesu ireki bat da eta printzipio bezala garbia. Printzipioz «politics network» edo arduradun politiko gorenetatik datorren plana da. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskal Legebiltzarrari zuzendua da hasteko, geroago EAEko herritarrengana heldu nahi duena. Eusko Legebiltzarrari zuzenduta dagoen aldetik indar politiko guztiei zuzenduta dago, ez dago eragile politiko bakar bat kanpoan, eta hori faktore garrantzizko bat da. Bidea egin ahala herritarrak kontsultatuak izango direla dio planak, baina gauza bat da erreferenduma egitea eta beste bat sare politiko bat osatzea. Proposamen honetan arazo batzuk aurrekonponduak ageri dira baina beste batzuk oso zalantzan uzten ditu. Kontua orain hiruko gobernu honek emango dituen pausoak ezagutzea da.

Iparraldean sortu den sare politikoa aztertu duzue azkenik.
Iparraldean lurraldea erakundetzeko makropolitika bat dago. Halaber, Parisko gobernuen aldetiko errefusapenezko politika bat dago, ezkerreko nahiz eskuineko gobernuak direlarik. Egoera zail horretan urrats baikorrak eman dira, baina Iparraldeak soluzio zehatzak eskatzen ditu. Erakundetze baten atarian gaude baina berau gauzatzeko botere politiko zehatzik ez dago. Sarea sortuz joan den ahala gizarte eragileak nolabaiteko botere politiko bat behar dutela ohartu dira. Mugimendu sozial hau ez da sare politiko bat oraindik baina helburu zehatz bat lantzen ari da: Euskal Departamendua. Eragile eta kolektibo hauek guztiak ez dira nazionalistak baina hutsune instituzionala ikusita departamenduaren beharra ikusi dute, berezko instituzio baten beharra, eta horretan abertzaleek oso modu adimentsuan jokatu dute.
Lorpenak apalak dira oraindik baina oso adierazgarriak. Mugimendu hau indartuz joan da eta lurraldetasunaren auzian bere erritmo propioa garatu behar duela erabaki du. Abertzaletasunak ondo jokatu ditu bere aukerak, ABk bereziki. Indar abertzale hau gutxiengoa izan arren, administrazioaren aldetik zetozen ekimenak erabiltzen jakin du, ekimen abertzaleekin uztartu ditu eta bidea landu du beste kolektiboekin batera konbergentzian joateko. Helburuak ezberdinak izan arren, helburu hurbiletan dituzten asmoetan batu egin dira. Hori oso politika interesgarria da


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude