ITZALI MUGIKORRAK... FILMA HASTERA DOA

  • Berrogeita hamar urte. Erraz esan baina hain erraz konplitzen ez den marka da hori. 1953an sortu zen Donostiako Zinemaldiak hainbatetan egin baitu estropezu 2002. urtera iristeko bidean. Kategoria irabazi eta galdu, filmak nahastu... Mila gertaera izan dira. Izaera bera ere aldatu du Jaialdiak. Hasiera batean, Espainiako izarrak izan ziren nagusi; ondoren Hollywoodera abiatu ziren Zinemaldia antolatzen zutenak izar bila eta azkenik, Jaialdia herrira hurbiltzeko xedea nagusitu ei da. Jaialdiaren antolakuntzaren arduradunen izenak ere aldatu dira. Azken aldaketa, iazkoa: Diego Galanek lekua utzi baitzion Mikel Olaziregiri. Azken honek urteak zeramatzan Zinemaldiaren antolakuntzan, baina zuzendaritzatik gauzak nola ikusten diren azaldu digu. Ezin ahaztuko genituen, urrezko eztei hauek posible egin dituzten Zinemaldiaren beste aurpegiak: prentsa, aktoreak, zinegileak eta bereziki, fidelak izan diren ikusleak.

2002ko irailaren 22an
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak 50 urte bete ditu, 1953an jaio baitzen Donostiak zinearekin urtero izaten duen zita hau. Donostiako hamar merkatarik intentzio turistikoekin sortutako zinemaldi txiki hura, handi bihurtu da mende erdi honetan.

1953. urteko lehen Zinemaldi hura, egia esan, Zinemaldi bat baino "zinearen aste" bat izan zen. Donostiako uda luzatzeko merkatari elkarte haren ideia baten ildotik jaiotakoa. Luis Mariano, Carmen Sevilla, Marujita Diaz edota Paco Rabal izan ziren lehen edizio hartako izar nagusiak eta nahiz eta aktore hauek publiko orokorrari oso ezagunak egiten zitzaizkion, jaialdiak ez zuen antolatzaileek desio izanen luketen oihartzunik izan. Horren lekuko izan daiteke, esate baterako, donostiar batek baino ez erosi izana zine asteak eskaintzen zuen filmak ikusteko abonua (Donostiar honek abonua erosten bakarra izateagatik pribilegio desberdinak izan zituen, horien artean, akaso deigarriena, jaialdiko festa ekitaldi desberdinetara joateko aukera izatea).
Lehen Zinemaldi hartan "izar" nagusiak espainiarrak izan ziren. Hollywoodetik etorritako lehenengo izarra, Gloria Swanson, bigarren zinemaldian etorri zen, 1954. urtean, zine astea Zinemaldi bilakatu zen urtean, hain zuzen. Izan ere urte honetan jaio baitzen berez Zinemaldia, zine astea antolatu zuen merkatari taldeak espainiar ikuskizunen sindikatuak jarritako delegatu bati, Miguel Echarriri, lekua utzi zioenean. Lehen urteetan, Jose Luis Tudurik Zinemaldiaz idatzitako bi liburuetan dioen bezala, Espainiako Kultura eta Turismo ministerioa oso interesatua zegoen Zinemaldian, mundu osoan zehar Espainiaren normaltasun eta oparotasun irudi bat emateko baliagarria izan zitekeelakoan. Egia esan Zinemaldia fisikoki Donostian gauzatzen zen arren, Madrilen hartzen ziren erabaki gehienak eta hortaz, esan daiteke Donostian baino Madrilen antolatzen zela Zinemaldia lehen urte hauetan.
Era guztietako ekitaldiak antolatzen ziren Zinemaldiaren inguruan: uso-tiro lehiaketak, zezenketak, dantza lehiaketak, modeloen pasarelak eta abar. Zinemaldiak etortzen ziren atzerritarrak entretenituak egoteko lan berezia egiten zuela pentsa daiteke, baina batik bat hauek Espainiaren irudi positibo bat hartu eta zabaltzea zen antolakuntzaren desiorik handiena.
Antolakuntza filmeen kalitatean baino Zinemaldiko ekitaldietan arduratua egon ohi zen. Filmak gainera, oztopo handi batekin topatzen ziren maiz: zentsurarekin, hain zuzen (1960an Buñuelen «Viridiana»k Canneseko zinemaldian sari nagusia atera zuenetik egoera areagotu egin zen, bertako produkzioa zein inportatzen ziren pelikulak gehiago kontrolatzen hasi baitziren). Hau horrela izanik, nazio gehienek pelikula arin zein hutsalak bidaltzen zituzten Donostiako Zinemaldira.
1955ean, Zinemaldiaren urte haietako mailaren neurri izan daitekeen anekdota bat gertatu zen: Ava Gadner Zinemaldia gauzatzen ari zen egun berberetan Donostian zen. Kointzidentzia baino ez zen izan, baina antolakuntzak ez zituen erreflexu arinak izan Gadner Zinemaldira gerturarazteko.
Dena den, urteek aurrera egin ahala Zinemaldian gero eta film hobeagoak aurkezten joan ziren eta horien artean, Sail Ofizialean, guztietan esanguratsuena akaso, historiako hamar filmerik onenen artean behin baino gehiagotan izendatua izan den Alfred Hitchcoken «Vertigo», Donostian urrezko maskorra irabazterik izan ez zuena.
Garai honetan, 50eko hamarkadaren bukaeran eta 60ko hamarkadaren hasieran, AEBetako film esanguratsu dezente ikusteko aukera izan zen Donostiako Zinemaldian. Hau Espainiko Kultura ministerioak burututako estrategia baten emaitza zen: Donostiako Zinemaldira film esanguratsuak ekartzen zituzten produktoreek, gero euren beste film batzuk Espainian estreinatzerako orduan erraztasunak izaten baitzituzten. Urte hauetatik aurrera Donostiara Hollywoodeko izar gehiago etortzen hasi ziren. Ordutz gero Kirk Douglas, Sofia Loren, Deborah Kerr, Mel Ferrer, Audrey Hepburn, Elizabeth Taylor edota Anita Ekkberg bezalako pertsona entzutetsuak Donostiara etortzen hasi ziren.
Baina zine izarrak edota zinemaren historian mitiko bihurtu diren filmak kenduta, Donostiako Zinemaldiak hain loriatsuak ez ziren beste hainbat gertakizun bizi izan zuen 60ko hamarkadaren hasiera honetan. Horrela, azpititulurik gabeko filmak, nahastutako pelikulen proiekzioa, garaiz iritsi ez ziren filmak... ugaritu ziren, honek Zinemaldiaren ospe galtzean eragina izan zuen. Nazioartean, Donostiako Zinemaldia ez zen oso seriotzat hartzen sarri asko eta horren ondorioz bigarren mailako filmak bidaltzen hasi ziren atzerritik.
1963an A Kategoriako zinemaldia izateari utzi behar izan zion, nahiz eta hurrengo urtean berreskuratu.
Urte hauetako anekdota bereziak garaiko egunkarietako kroniketan edota Tuduriren Zinemaldiari buruzko liburuetan irakurri ahal dira. Hauetako bat 1962an gertatu zen. Gerra Zibilaren inguruko gidoi lehiaketa baten berri eman zuen Espainiako Kultura ministerioak. Horren aurrean, García Berlanga zuzendari espainiarrak istorioa zein ikuspuntutik idatzi behar zen galdetu zuenean, erantzuna argia izan zuen: "Irabazleen ikuspuntutik, jakina, baina garaituak errespetatuz". Istorioek Gerraren inguruko ikuspegi neutral bat izan ote zezaketen ere galdetzera ausartu zen zinegile valentziarra. Erantzuna orduan ere garbi askoa izan zen: Ez.
Hamarkada honetan ikusi ahal izan zen, baita ere, 1965ean, diktadura hasi zenetik Euskal Herrian osoki eginiko lehen filma: "Pelotari". Urte batzuk beranduago, 1968an, Donostiako Turismo bulegoak denboraldiko toreatzailerik hoberenari urrezko maskorra eman nahi izan zion jende askoren harridura eta haserrerako. Zinemaldiko arduradun bera ere, Miguel Echarri, kontra azaldu zen.
Hamarkada honetan, dena den, pasadizoak alde batera utziz, Zinemaldiaren sendotzea etorri zen. Hurrengoan, 70eko hamarkadan, berriz, politizazio garaiak bizi izan zituen Zinemaldiak. Partiduen legalizazioen aldeko, amnistiaren aldeko edota autonomia eskatzeko manifestazioak egin ziren garai honetan, eta batzuetan istilu larriak izan ziren. Gizarte beraren isla izan baita Zinemaldia.
Pixkanaka Zinemaldia herrikoiagoa egiten hasi zen: mahainguruak antolatu ziren, auzoetan filmak proiektatzen ziren eta abar. Dena den, antolakuntzan aldaketa asko izan ziren urtero eta horren ondorioz, Zinemaldiaren ezegonkortasuna argudiatuz, 80ko hamarkadako lehen edizioan zinemaldiak A kategoria berriz galdu zuen. Gero jakin zen, hala ere, A kategoria galtzeko benetako arrazoia Espainiako zine federakuntzak nazioartekoari (FIAP) ordaindu ez izana izan zela. Hau ordaindu bezain pronto kategoria berreskuratu zuen.
Horrela jarraitu zuen 1985. urtera arte; izan ere urte horretan zuzendaritza kolegiatu batek hartu zuen antolakuntzaren ardura eta A kategoria betirako berreskuratu zuen. Zine kritikari gazte bat ere hasi zen aholkulari moduan: Diego Galan. Hauekin beste gestio mota bat hasi zen, Zinemaldia modernizatu egin zen, eta eduki aldetik, berriz, beste gauza batzuen artean, gero hain arrakastatsua bihurtuko zen Zabaltegi sortu zen.
Hurrengo urtetik aurrera Diego Galanen lehenengo zikloa hasi zen Zinemaldiaren buru bezala. A kategorian mantetzea izan zen helburu, baina horrekin batera zinema jende multzo ahalik eta handienari zabaltzea. Hala hasi ziren hondartzako zine proiekzioak edota Oliver Stone zuzendari estatubatuarrak munduko zine aretorik onena bezala izendatu zuen belodromoaren istorioa. Honekin batera, Gregory Peck aktoreak jaso zuen Donostia Saria ere sortu zen. Hortik aurrera, zine izar handi ugarik urtero jaso izan dute Donostia sari hau.
Diego Galanek dimititu egin zuen hala ere, 1989an, arrazoi administratiboak medio. Euskadiko Filmategiko delegatuak, Peio Aldazabalek, hartu zuen antolakuntzaren ardura. Urtebetez baino ez zen izan, hurrengo urte bietan Rudi Barnett belgikarrak hartu baitzuen lekukoa polemika askoren tartean. Urte zailak izan ziren haiek. Barnetti bertako Zinemaldiaren jakitun ez izatea eta gauzak azkarregi egin nahi izatea kritikatu zitzaion.
Besteak beste, Donostiako alkateak bultzatuta, 1989an Zinemaldia utzi zuen taldea berreskuratu zen ekitaldiaren ardura hartzeko. 1993tik aurrera Zinemaldiak suspertze deigarria izan du, Pérez Estremeraren ardurapean lehenengo eta 1995etik, Diego Galanen eskutik.
Iaz Diego Galanek antolakuntzan taldekide zuen Mikel Olaziregiri utzi zion Zinemaldiaren ardura, eta honekin batera handi eta entzutetsu bilakatu den zinemaldi bat gidatzeko aukera. Izan ere, azken urte hauetan, gainontzeko zinemaldietatik bereizia egiten duen ezaugarri bat hartzen ari da Zinemaldia: gero eta herrikoiagoa da. Hiritarren partaidetzari kasu egitea besterik ez dago: 200.000 ikusle iaz. Eta hau maiz gertatzen den ezein epaimahaien epai desegokien gainetik jarri beharreko zerbait da Zinemaldi baten maila neurtzerako orduan. Filmen kalitatea beste kontu bat da, beti baitaude horrelakoetan film on eta txarrak. Egunetan gertu dauden Zinemaldien konpetentzia alde batera utzita, hau zorte kontua ere izaten baita


Azkenak
EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener

Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]


Eguneraketa berriak daude