«GASTEIZEN, ABSTENTZIOAREN FASEA BUKATU DA, BAIEZKOA EDO EZEZKOAREN FASEA DATOR»

Osoko bilkuretan ez bada ez da samurra Arnaldo Otegi Eusko Legebiltzarrean aurkitzea. Aurrerantzean, ostera, han ibili beharko du gehiago, Batasunaren jardueraren eremu handi bat handik bideratzen baita gaur egun. Noiz arte? Horra hor Legebiltzarreko Mahaiak erantzun beharko duen galdera, eta elkarrizketa hau kaleratu orduko erabakita izango duena seguruenik. Kataluniako medioen zurrunbiloan harrapatu dugu Otegi eta elkarrizketa luzeari ekin, egungo politikaren puntako gaiei helduz. Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioko kidea da gaur egun Otegi, baina Batasunak etorkizunaz dituen klabeetako batzuk behintzat mahaiaren gainean geratu dira.

Aspalditik ari zineten Garzonen autoaren esperoan, pentsatutakoa baino gogorragoa izan da Garzonen agindua ala gutxi gora-behera esperotakoa?
Erritmo eta edukietan gure aurreikuspenak betetzen ari dira, baina garbi dugu oraindik ez dela bukatu. Ziur gaude inputazioak egongo direla, atxiloketak eta kartzelaratzeak, edo saiakerak bederen. Garzonek edozer egingo du ezker abertzalearen desegite praktikoa gerta dadin. Estatua bi bide erabiltzen ari da egun, bata juridiko-penala eta bestea legegilea. Zer helbururekin? Datozen udal hauteskundeetan ezker abertzaleari aurkezteko zirrikiturik ez uztea.

Erantzunari dagokionez, pentsa liteke edo ez dela erantzun maila handirik bultzatu edo gehiago ezin dela. Oihartzun mediatikoa eta politikoa bai, baina ez da kale mailako halako erantzun handirik eman.
Guk ez dugu ikuspegi bera. Herrietan eta hiriburuetan mobilizazio berreskuratze nabarmena izaten ari da. Ñabarduretan sartuz, dena den, guk ere erantzun pausatuagoa eman nahi dugu. Borroka hau ez da bukatzen bi hilabetetan eta gure indarra ere dosifikatu behar dugu. Ezin gara erresistentzia klabeetan bakarrik gelditu eta eraikuntza klabean ere aritu behar dugu, burujabetza klabean. Epe ertain edo laburrean, erantzuna tinkoa eta zabala izango delakoan gaude.

Duela gutxi egindako elkarrizketa batean esaten zenuen egoera hau ezker abertzaleak berak eragindakoa dela, Estatua horretara behartu duela. Azalduko al zenuke esaldia.
Asko ñabartu behar da esaldia, bestela badirudi ezker abertzalea pozik dagoela egoera honetan, eta egoera hau bilatu egin duela. Zera esan nahi dugu, Estatua behartuta datorrela ezker abertzalearen aurka. Zergatik? Bere ustez, sektore zabal horrek baduelako marko berri bat egiteko oso estrategia argia. Beraien ustez, eta hala diote, dena frogatu dute ezker abertzalearen aurka: gerra zikina, sakabanaketa, errepresioa, intoxikazioa, tortura... eta ez dute lortu Trantsizioan diseinatutako helburua, Euskal Herriaren askapen nazionalaren prozesua geldiaraztea, alegia. Horregatik datoz horrela, seguruenik azken errezeta dena frogatzera. Edozein nazio askapen prozesutan Estatu bat suebaki bat jartzen saiatzen da, eta hori hiru probintzietarako autonomia estatutua da. Une honetan autonomiak ez du gehiago ematen eta espainiar legalitatearen menpe planteatzen den edozein estrategiak ez du inolako etorkizunik. Beraz, edozein prozesu soberanista zintzotasunez egiten bada, ELAk edo guk diogun bezala, gauza bat jarri behar da mahaiaren gainean: egungo estatusa galtzeko arriskua, eta hau, ez ezker abertzaleak nahi duelako, Estatuak autonomiaren bidea itxiko duelako, eta horrek bidegurutze historiko batean jarriko gaitu.

PPk eta PSOEk nagusitasuna duten erakundeetan nahiko argi dago talde gisa jarduteko oztopo handiak izango dituzuela. Eusko Legebiltzarrean zer gertatuko da zuen ustez?
Zoritxarrez, EAJ, EA eta EBk (Ezker Batua), batez ere azkeneko biak kontrako irudia ematen saiatzen badira ere, amore ematen dute Garzonek eta Espainiako Gobernuak agintzen duten guztiaren aurrean. Ertzaintza gure egoitzak asaltatzen ikustea da horren adibide argiena. Egun hori tristea zela esan nuen nik, horrek euskaldunak euskaldunen aurka jartzen zituelako eta Estatuaren tranpan erortzea zelako. Azkenean, eta nahiko nuke erratzea, Legebiltzar honetan ere Espainiak agintzen duena egingo dute, nahiz eta horretarako beren erritmoa eta zelofana erabili. Ez dago burujabetza biderik legalitate espainiarra errespetatuz, ez da posible. Horregatik daude horrela, irtenbiderik gabe eta nora doazen jakin gabe.

Uste al zenuten, akaso, Ertzaintza ez zela joango egoitzak ixtera?
Joango zela pentsatzen genuen, baina hori ez du Ertzaintzak erabaki, Ibarretxek eta Gobernuak baizik. Guk egin genien deialdia xumea izan zen: "Benetan burujabetzaren alde bazaudete eta askotan aipatzen dituzuen desobedientzia zibila, pase forala eta abarrekoak indarrean jartzeko prest bazaudete, hemen duzue aukera, ukatu". Erantzuna logikoa izan da: "Ez, Ertzaintzak joan behar du, bestela Guardia Zibila joango delako". Noski, horrela da, baina horrek frogatzen du ezker abertzaleak egiten duen azterketa zuzena dela, autonomia Espainiak agintzen duena egiteko erabiltzen ez baduzu, autonomiarik gabe gelditzen zarela.

Hori ez da deialdi xumea, eskaera oso potoloa baizik, eta gainera abertzaleen arteko estrategia sendorik egon ezean, gaur egun bezala, gauza ezina. Hori zuen analisietan ere argi agertuko da.
Bai, ez da gauzatuko, eta gure analisietan ere agertzen da, baina hori egin izan balute, eta posible zen, giroa beste erabatekoa litzateke. Desobedientzia besterik ez diegu eskatzen, Gandhik egiten zuen bezala. Zenbat bider hitz egin digute hari buruz? Manifestazioak ere debekatzen dizkigute, Donostian ez zuten manifestazioa disolbatu, baina deitzaileen izenak Entzutegi Nazionalaren esku jarri bai... Harrapatuta daude euren bidean. 1998an bezala, berriz erabaki behar dute: Espainiarekin bat egin, edo Euskal Herriko gehiengo sozialarekin batera burujabetza prozesu bati ekin. Haiek dute hitza.

EAEn oraindik Batasuneko egoitza ugari dago itxi gabe, eta manifestazio asko ere egin egiten da. Horrek ba al du interpretazio berezirik zuentzat?
Ziur gaude maiatzaren 13an EAJri botoa eman ziotenak gaur egun lotsatuta daudela eta, era desberdinetan adierazten ari den bezala, sektore abertzale osoa lotsatuta sentitu da ertzainak ikurrina lurrera botatzen eta gu desalojatzen ikustean. Hori garbia da, hamabost egun justifikatzen pasatu dute eta. Irailaren 23an Entzutegi Nazionalean herriko tabernetako arduradunak daude deituak deklaratzera. Garzonek bi gauza erabaki ditzake: administratzaile judiziala izendatzea, edo herrikoak ixtea, eta ixtea erabakitzen badu, Ertzaintza bidaliko du hori egitera. Guk berriz egingo diegu deialdia eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Zerk pentsarazten dizu maiatzaren 13an EAJ eta EAri botoa eman ziotenak lotsatuta daudela?
Aparatutik kanpo, beti mantendu izan dut nire herriarekiko kontaktu zuzena. Maiatzaren 13an nire ingurunean detektatu nuen EAJ eta EA bozkatu behar zuen jendea, eta gainera hala aitortu zidaten. Orain ere jo dut jende horrengana zer iritzi duten jakiteko, eta EAJrekin izugarri haserre daudela ikusi dut. Horrez gain, komunikabideetan agertutako zenbait adierazle ere badira. Jendeak, oro har, abertzaleen batasuna nahi du, guztiok nahi dugu hori, baina errealismo politikoak gaur egun, guztion arteko eraikuntza nazionalerako estrategia bat eraikitzea eskatzen du. Ez dago beste biderik.

Sektore oso zabaletan zirrara eragin zuten kanporatzearen irudi haiek. Zirrara berdina sentitu zen jakin zenean ustez ETAk Ertzaintzaren aurka Bilbon jarritako bonba-auto bat ez zela lehertu.
Hala da, bai. Ez dut daturik operatibo hori ETArena zela eta Ertzaintzaren aurkakoa zela esateko, baina hala balitz berdin esango nuke egun hori tristea litzatekeela Euskal Herriarentzat, azken finean, euskaldunak euskaldunen aurkako borroka norabide batean jartzen gaituelako. Goazen saihestera bata eta bestea, burujabetzaren bidera jauzia elkarrekin egiteko aukera objektiboak ditugu eta. Utz dezagun, beraz, hizki handietako entretenimendu politikoaren eta zelofanaren diskurtsoa eta goazen arazoak konpontzera.

Berriro zuen gaurko errealitatera itzuliz, sarritan aipatu duzue ezker abertzalea lehenago ere egon dela legez kanpo eta aritu dela, eta oraingoan ere arituko dela. Desberdintasunen artean, bat handia, zuek bakarrik zaudetela legez kanpo, besteak ez.
Egia da, horregatik ikusten ditut Primo de Riveraren diktaduraren garaiarekiko antzekotasunak, orduan ere abertzale batzuk eta sozialistak, esate baterako, legalitatean egon ziren eta Aberri guztiz ezabatua. Momentuz gu gara, eta gero beste batzuk etorriko dira, eta ez EAJ, haiek dioten bezala, hori zelofanaren diskurtsoa da. Salbuespen egoeran gaude bai, Arzalluzek dioen bezala, baina horra galdera: eta nor da Franco? Aznar. Eta, orduan, nork egiten du grisen lana?

Ibarretxe lehendakariak hilaren bukaeran aurkeztuko du uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrak emandako aginduaren proiekzio politikoa zein den. Estatutuaren erreformaren oihartzunak entzun dira, edukien arabera, zuek joka al dezakezue eremu horretan?
Zoritxarrez, zelofanez beteriko diskurtsoa egingo du. Erreforma proposamen hori Legebiltzarrean aterata ere, Senatuan eta Kongresuan ateratzen ez bada, zer egingo du orduan Ibarretxek?

Joan den astean ARGIAn egindako elkarrizketan, EAJko Juan Mari Juaristiren esanetan, EAJ Estatua deslegitimatzeko motxila arrazoiez kargatzen ari da.
Hamazortzi motxila izango dituzte dagoeneko! EAJ zenbait sektoretan aho txikiarekin zabaltzen ari den mezua da. Galdera da, ea zenbat arrazoi behar dituzten, herri honetan azken berrehun urteetan arrazoiz kargatuta gaude eta.

Orain artean, abstentzioarekin, zelofanezkoa dela diozun diskurtso hori aurrera ateratzen lagundu duzue. Ezetza ere eman diezaiokezue.
Gu bai arrazoiz kargatu garela! Urtebetean ardura politikoarekin jokatu dugu, bagenekielako EAJk ez duela estrategiarik. Aurrekontuak aurrera atera ziren gure abstentzioarekin, Autogobernu Batzordea ere bai, uztailaren 12ko txostena ere bai. Bukatu da fase hau, ez dezatela kontatu gurekin entretenimenduetarako. Abstentzioaren fasea bukatu da eta oraindik ere uneren batean abstenitu bagaitezke ere, orain baiezkoa edo ezezkoaren fasean gaude

«Aurkeztu nahi dugu, baina utzi ezean, Estatuari planto egin beharko genioke»
Hasieran aipatu duzu ilegalizazioaren oraingo lehen helburua Batasunak ordezka dezakeena hauteskundeetan ez izatea dela. Eta aurkezteko zirrikiturik ez baduzue?

Guk aurkezteko ahalegina egingo dugu, baina ezin badugu, Estatuari planto egin beharko genioke, eta Estatuak galdu egingo du. Baina borondatea behar da, eta EAJk, egun, beste edozerekin baino abertzaleen hegemonia elektoralarekin amesten du.

Gaurkoz behintzat, ez dirudi alderdi abertzaleak ez liratekeenik aurkeztuko. Oso urruti ikusten da hori.
Hori beste arduragabekeria politiko izugarria litzateke. Afera ez da besteak ezin daitezkeela aurkeztu guk ezin dugulako. Esaten bada demokrazia falta dagoela, salbuespen egoeran gaudela eta ez liratekeela hauteskunde demokratikoak, Egibarrek esan duen bezala, horietan ez parte hartzeko zilegitasuna legoke. Mota horretako hauteskundeetan parte hartzea, Francok antolatutako erreferendumean parte hartzea bezala litzateke eta, beraz, egoera hori legitimatzea.

Hori 1977an gauzatu ez zen eskema rupturista litzateke. Ez dirudi hori gertatuko denik.
Orduan galdera guk egin beharko genieke besteei: ez bazaigu aurkezten uzten, guk zer egin behar dugu?

«Aurrera egiteko eskema, euskal herritar guztiak ordezkatuko dituen i nstituzio nazionalarena da»
Beraz, zuk zelofana besterik ez duzu ikusten EAJ eta EAren azken lauzpabost urteetako jardueran.

EAren kasuan saiatzen da desmarkatzen. Manifestazio eskubidea dagoela diote -berdin Madrazok eta EBk-, eta horren aurrean protesta egin behar dela eta abarrekoak. Aizuek, barkatu, zuek zaudeten Gobernu hori ari da debekatzen manifestazio eskubidea!

Zelofana bakarrik bada, nola azaltzen da azken lauzpabost urteetan Madrildik EAJ, EA eta EBren aurka horren gogor aritzea? Presio oso gogorra egiten zaie, eta nagusiki EAJ eta Ibarretxeren Gobernuari.
Askotan esaten da ETAk retroelikatzen duela PP; gure ustez ez, edo gutxienez oso eztabaidagarria da. EAJk eta PPk retroelikatzen dute elkar. Zergatik? Eztabaida mediatikoki izugarria piztu arren, gero errealitatean ez da ezer gertatzen. Rajoyk behin baino gehiagotan esan du Balzarekin oso ongi konpontzen dela, Barne Sailean konfiantza osoa duela. Beste datu bat, ikusi Kontzertu Ekonomikoaren negoziazioa nola hasi eta nola bukatu zen. Europan partehartzearen gaia ere sei hilabete ondoren berriz aterako zuela aipatu zuen Jaurlaritzak. Non dago gaia? Horrela aritzen dira zelofanezko norgehiagokan, abertzaleari hori salduz, baina gero guztiari amen egiten diote.

Bidegurutzean da, beraz, EAJ eta hor Estatuak presio egiten dio hautua egin dezan, eta ezker abertzaleak ere bai. Klabea da, beraz, EAJ.
EAJk 25 urte egin ditu anbiguetatean eta eremu horretan ondo moldatu da. Jende askok ahaztua izango du, baina Aznarren lehenengo legealdian EAJk bere alde bozkatu zuen eta Arzalluzek esan zuen Aznar oso estatista handia zela eta harekin Estatutua beteko zela. Hori duela sei urte izan zen.

Eta duela hiru urte zuek ere EAJ eta EArekin gobernu akordioa egin zenuten. Politikan halakoak gertatzen dira.
Bai, baina ezberdintasun batekin, guk EAJrekin gobernua abertzaletasun klabean lotu genuen eta EAJk Aznarrekin negozio klabean. Hemen estrategiak oso garbi daude: Estatuak Euskal Herria suntsitu nahi du eta guk burujabe egin nahi dugu, eta EAJ, EA eta EB erdian daude, entretenimendu politikoa egiten. Jaime Mayor Orejak oso garbi esan zuen "El País"en egindako elkarrizketan: "98a arte, EAJ Estatua izan zen, 98an Estatu izateari utzi zion eta bat egin zuen ETAk defendatzen duen haustura ereduarekin". Mayor Orejak esaten dio Estatu izaten jarraitzeko eta autonomiarena konponduko dela; guk esaten diogu Estatu izateari uzteko eta burujabetzaren alde egiteko. Zer gertatzen zaio EAJri? Estatu izaten jarraitzeko prest diren sektore boteretsuak dituela bere baitan; eta baditu beste sektore txikiago batzuk, baina beren boto emaileekin bat egiten dutenak, prest leudekeenak burujabetzaren bideari ekiteko. Hori beraiek konpondu behar dute, baina agortzen ari zaie denbora.

Batzuek zein besteek badakizue ez dela posible proiektu soberanistarik -gaur egun behinik behin- batak eta besteak ordezkatzen dutena kontuan hartu barik. Bi mundu daude hor, baina ezker abertzalearen arabera, errua beti da EAJrena bakarrik.
Gakoa guztiongan dago, ez haiengan bakarrik, eta guk gure ondorioak atera ditugu 98tik aurrera. 98an saiatu ginen bi mundu horien arteko desberdintasun historiko bat gainditzen. Guk zera esan genion EAJri: "Badakigu zuek ezin diozuela uko egin orain arte egindako ibilbideari, hau da, autonomiari eta zatiketari; eta badakizue guk ere ezin diogula uko egin orain arteko estrategiari. Beraz, estrategia berri bat adostu behar dugu elkarrekin. Gu prest gaude Gasteizen egonkortasun instituzionala bermatzeko, baina zuek estrategia nazional bati heldu behar diozue, instituzio nazionalak martxan jarriz". Azkenean autonomiaren bideak irabazi zuen. Eta gainera, gaur egun, euren diskurtso guztietan diote autonomiaren bidetik joan behar dela. Horrek egiten du ezinezkoa akordioa. Gainera, beste akats historiko bat egiten ari dira: askatasun nazionala lortzeko estrategia Gasteizen oinarritzen badute, bide hori kale itsura doa, Gasteiz kendu egingo digutelako. Horregatik, guk zera diogu: "Bai, goazen jokatzera taktikoki Gasteizen, baina gure helburu estrategikoak jar ditzagun hortik kanpo, halabeharrez». Beste herri batzuetan ere horrela egin dute, azken adibidea Kortsikarena da. Independentista kortsikarrek euren parlamentu nazionala eratu berri dute. Legebiltzar horrek mintzatu behar du azkenean Estatuarekin. Legalitate propioa eta nazionala eraikitzen dugu edo ez dago beste biderik. Hori esan genuen 98an, eta gaur egun ez da hain urruti ikusten.

Burujabetza bidean beharko liratekeen oinarrizko edukiez ari zara. Denok dakigu edukia, ordea, ez dela oztopo bakarra, bitartekoetan ere oztopoak dira, nagusiena borroka armatuarena.
Bai, hala da, eta guk argi daukagu edukiez hitz egitera esertzean gai hori ere hor dagoela. Horren aurrean bi gauza esango ditugu: bat, hori ETArekin hitz egin behar da; bi, ETAk 98an egin zuen eskaintza hori, burujabetzaren bidea armarik gabe egitearena, alegia. Hitz egin beharko dugu herri honen diagnostikoaz, prozesuaz, jauziaren moldeaz, osagai taktiko eta estrategikoez, mobilizazioez, berreraikuntza nazionalerako plan bat egin... EAJk dio ezin dela prozesu hori egin borroka armatuarekin eta hori tranpa da. Zergatik egin daiteke autonomia borroka armatuarekin, adibidez Kontzertuaren negoziazioa, eta ez Udalbiltzaren garapena?

Interpretazioak interpretazio, bi mundu horien artean gero eta gatazka giro gogorragoa sumatzen da. Zer egin behar da?
Mundu guztia kontziente da abertzaleen arteko talka etor daitekeela, berriz ere. Ertzaintzaren bitartez, batzuek talka hori sortu dute jada. Dagoen arriskutsuena inertzia da, horren aurrean ezer egin ezingo balitz bezala. Barkatu, posible da hori saihestea, baina horretarako borondatea eta prozesuarekiko atxikimendu politikoa behar da. Herri honek ez du abertzaleen arteko enfrentamendua behar, Estatuarekiko enfrentamendua baizik. Horretan ari gara eta horregatik ordaintzen dugu garesti. Eskema euskal herritar gehienak ordezkatuko dituen instituzio nazionalarena da, hori egin dute Hego Afrikan, Palestinan, Kortsikan... eta hemen ere egin daiteke. Sinplea da.

Sinplea baino korapilotsua dirudi.
Gure ustez, gaur egungo errealitatean badira horrelakoetan ekiteko baldintzak. EAJk benetan planto egingo balu Estatuaren aurrean, oso epe motzera prozesua izugarri azkartuko genuke eta gainera irabazi


Azkenak
Eneko Etxeberria: “Ez nioke nire semeari Jose Miguelen bilaketaren zama utzi nahi”

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua aurkitu gabe bukatu da Frantziako Landetan egindako bigarren indusketa. 44 urte dira militantea desagertu zenetik eta bere familiaren belaunaldi batetik bestera pasa da bere bilaketaren zama. Azken indusketa honek ez du, berriki hildako... [+]


2024-05-06 | Gedar
Asteartean hustu nahi dituzte Otxantegi Herri Lurrak

 

Hirugarren aldiz, Berangon birjabetutako lurrak husteko data berri bat ezarri dute. 08:00etan bertaratzera deitu dute Otxantegi Herri Lurretako kideek.

 


"Elkarren berririk izan gabe lelo berdina hautatu dugu, 'Palestinako umeak gureak ere badira': esanguratsua da"

Gasteizko hezkuntza komunitateko hainbat zentrok eta eragilek ekimena antolatu dute maiatzaren 10erako, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Urriaz geroztik zenbait eskola ekimenak antolatzen hasi ziren Paletinarekin elkartasunez, nork berea;... [+]


Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


Eguneraketa berriak daude