«ENFRENTAMENDUA KONTROLATZEKO GAITASUNA IZAN BEHAR DUGU»

Garzonen Batasunaren autoa, Gobernua eta fiskaltzaren eskariak, Batasunaren jarduera instituzionalaren egoera, manifestazioen debekuak... Egoera oso nahasia antzematen da alde guztietatik.

Badirudi denak balio duela Batasunaren aurka. Garzonen autoaren aurka gaude azaldu izan ditugun arrazoi askorengatik. PPk eta PSOEk bultzatutako Alderdien Legearen aurka beste hainbeste. Gainera, hainbeste urtetan esandakoaren aurka egiten da. Ajuria Eneko Itunaren 8. artikuluan HBri gonbitea egiten zitzaion bere eginkizun guztia erakundeetan eman zezan. Hori indarrean egon zen 1998ra arte. Gaur egun irtenbiderik gabeko egoeran gaudela dirudi: batetik, PPk eta PSOEk ez dute gatazka konpondu nahi eta, bestetik, ETAk, herriari entzungor eginez, ez du irteerarik eskaintzen. Inoiz baino gehiago, orain da politika egiteko garaia.

Zer iritzi duzu manifestazio eskubidea dela eta gertatzen ari denaren inguruan.
Garzonen autoaren aginduz manifestazio eskubidearen ukazioa ulertezina eta onartezina da. Suspentsioa dakarren autoa berez da astakeria juridikoa eta, gainera, protestarako ere ez da lekurik. Beste kontu bat da Barne Sailak, Donostian izandako kale istiluak medio, manifestazio deialdiren bati ezetza ematea. Hori orain baino lehen eginda, eta gerora ere egingo da. ETAk herri honetan hainbeste nazka eta gorroto sortu duenez, hori baliatzen ari dira gizartea ondo elikatu eta oinarrizko eskubideak urratzeko.

Dena den, Herrizaingo Sailak oso denbora gutxian hiru deialdi debekatu ditu: hilaren 19an Gasteizen, 21ean Bilbon eta 22an Donostian, presoen alde egiten dena. Aurrera begira ildo bat markatzen ari da?
Ez dago zergatik. Donostiako irailaren 1eko manifestazioan badirudi mugimendu zehatz bat zegoela, jende multzo handia aprobetxatuz norabide argi batekin. Ez dut uste etorkizunean halakorik gertatuko denik, bestela Garzonen autorantz jotzeko arriskua legoke. EArenaren gisako beste deialdi batzuk ere hor dira eta ez dira debekatu.

Ez zen horrela gertatu, baina Garzonek, esate batera, EAren deialdia debekatu izan balu, bere autoan esaten den moduan «Batasunarekin harremandua» dagoelako.
Aginduko balu, Ertzaintzak eta EAk bete egin beharko lukete agindu hori. Beste kontu bat da, gero eta ageriago geldituko litzatekeela auto horren arbitrarietatea. Iritzi publikoarentzat, Garzonen arbitrarietatearen behin-betiko froga litzateke. Baina une honetan zuzenbide estatu batean gaude eta epaileen aginduak betetzera behartuak gaude.

Eta noiz arte bete behar dira guztiz injustuak eta inpopularrak diren neurriak?
Hori da oraindik erantzunik gabe dagoen galdera, horrek ere bere muga beharko lukeelako. Hemen sortu daiteke beste gorroto batzuk dituen beste epaile bat ere, Garzonek Batasunaren aurka jo duen bezala, beste batzuen aurka joko lukeena. Epaile bat ez badago burutik ondo ezin dezake edozer gauza egin. Galdera hori guk hor dugu aspaldi, noiz planto egin astakeria juridiko-politikoen aurrean.

Orain Eusko Legebiltzarreko Mahaiak aztertu beharko du nola arautzen duen Batasunaren jarduera Legebiltzarrean. Zure ustez nola baloratu beharko luke?
Garzon ez da nor Legebiltzarreko barne funtzionamenduaz hitz egiteko.

Beraz, autoa aztertu ere ez litzateke egin behar?

Nire ustez ez. Gainera, formalki, Legebiltzarrean ez dira alderdi politikoak existitzen, han talde parlamentarioetan antolatzen diren herri ordezkariak dira. Eserlekua parlamentario bakoitzarena da, beste kontu bat da, esate baterako, ni EAJko kide naizela eta, borondatez, alderdi horren diziplinapean nagoela.

Legebiltzarreko Mahaian aztertuko al da?
Alderdi batzuek eskatzen badute bai, baina ez dut uste ondoriorik izango duenik.

Askok uste du, Madrilek, neurri hauekin guztiekin gol ederra sartu diola abertzaletasunari.
Ados egon naiteke, Moncloak argi adierazi duelako ETAren jarduerak ez zuela kezkatzen eta Batasuna norabide galduan ibili denean ere ez ziela axolik alderdi politiko bat izatea ala ez. Batasunak botoak Legebiltzarrera eraman dituen unean, ordea, orduan bai kezkatu dira. Guk mila bider emandako argudioa da: Estatuak ez dio beldurrik ETAri, indarkeriarekin aitzaki ona duelako, Estatuak botoei die beldur eta Eusko Legebiltzarreko nagusitasuna ez izatea. Ez dira Garzon edo Aznar abertzaleen arteko elkarlana ezinezkoa egiten dutenak, ETA baizik. Ez da zalantzarik, dena den, indarkeria baliatuz Estatuak abertzaleen artean ziria sartu nahi duela.

ETAren jardueraz gain, Batasunaren egoitzen desalojoan Ertzaintzak erabilitako moldeak ere ez ote dira oztopo?
Ertzaintza legez behartuta dago epaileen aginduak betetzera. Garai batean HBko diputatuek Kongresuan eserlekua hartzen zutenean «por imperativo legal» egiten zuten. Ertzaintza ere berdin, eta egingo ez balu kalteak handiagoak lirateke, dauzkagun Guardia Zibil eta poliziez gain, beste milaka ekarriko lituzketelako. Horrez gain, horrek esan nahiko luke Batasunaren intsumisioa eta dena hankaz gora jartzeko bideetan sartzea eta hori ez da inoiz gure bidea izan. Gure bidea, demokratikoki eta molde baketsuetatik, herriaren gehiengoaren borondatea irabaztea da eta herriak etorkizuna erabakitzea. Legebiltzarrean uztailaren 12an erabakitako bideetatik jotzea eraginkorragoa da. Bitartean, Ertzaintzak bere zeregina bete behar du, nahiz eta egin beharrekoak batzuetan mingarriak eta gustukoak ez izan. ETAk orain arte ere abertzaleak hil izan ditu, txantaiatu, jipoitu, izutu... eta ezker abertzaletik ez da sekula elkartasun izpi bat egon. Ezker abertzaleak ez du zilegitasunik ezer eskatzeko.

Ezin al zitekeen horren bortitza izango ez zen beste molderik erabili?

Hor ñabarduretan sartu beharko genuke. Irudietan ikusita behintzat, badirudi Nafarroako kasuan erresistentzia pasiboagoa egon zela, eta erresistentzia nolakoa, desalojoak ere halakoak. Hor giza baliabideak daude eta ulertzekoak dira -ez onartzekoak- zenbait jokaera. Ez dugu ahaztu behar ETAk joan den astean egindako atentatu saiakeran zazpi-zortzi ertzain erailtzeko ahalegina egin zuela, eta horren aurrean ezker abertzaleak ez zuen keinurik egingo. Batzuen gogorkeriaren gainean indar guztia jarri da, baina ETAren jardunaren aurrean ezer ez esateak ez du zilegitasunik ematen gero eskatzeko.

Ertzaintza eta ETAren enfrentamendu horretatik Batasuna eta EAJren arteko enfrentamendua ere areagotuko dela aipatzen da kolore oso desberdinetako analisietan. Hala gerta litekeela uste duzue?
Guk dakiguna da Batasunako buruzagiek beren adierazpenetan esaten dutena. EAJren aurka oso gogor jotzen ari dira eta badakigu ezker abertzaleko hainbat kidek hitz horiek nola ulertzen dituzten eta nola jarduten duten. Batzokiak eta hainbat alderdi kideren aurkako erasoak izan dira azken asteotan, eta guk Batasunako eta ezker abertzaleko jendeari beren diagnostikoan ez daitezela erratu eskatzen diegu, ez dezatela jarritako amurik irentsi eta ikas dezatela gauzak bereizten. Bestela, arazoaren konponbidea atzeratuko da eta beraiek duten mendeku egarria asetuko dute, baina egoera zaildu besterik ez da egingo. Aipatzen dituzun arrisku horiek hor daude eta izango dira enfrentamenduak baina, horiek kontrolatzeko nahiko gaitasun izan beharko dugu.

Diozun bezala, ekaitza datorrela sumatuz, EAJ eta Batasunako zuzendaritzek aztertu al dute egoera elkarrekin?
Batasunarekin hitz egin da, hitz egiten da eta hitz egingo da. Harreman bideak zabalik dauzkagu.

Hilaren bukaeran Ibarretxe lehendakariak Gernikako Estatutuaren erreforma iragarriko duela irakurri ahal izan dugu. Hala izango da?
Ibarretxe lehendakariak Legebiltzarraren agindu zehatza du. Bat, Espainiako gobernuari bi hilabeteko epean eskumenen transferentziaren egutegi bat aurkezteko; ez dirudi Espainiako Gobernuak hori egingo duenik. Bi, ordenamendu juridiko berrirako tresna izango dena prestatzen hastea, eta horretarako oinarri batzuk eman ziren. Oinarri horiekin egin behar du aurrera lehendakariak, izan daiteke Estatutuaren erreforma, euskal Konstituzioa, edo beste edozer.

Badirudi erreforma errazagoa litzatekeela, zerbait berria sortzeko zailtasunak handiagoak bide liratekeela.
Izan daiteke araudi juridiko berri bat non, adibidez, eduki hauek liratekeen: Euskal Herriaren aitortza, Euskal Herriko herrialde desberdinen harremanen sendotzea, autodeterminazio eskubidea... Ez dakit Ibarretxe lehendakariak buruan zer duen, baina nik esango nuke Legebiltzarraren aginduari jarraituz araudi juridiko berriaren bidetik jo daitekeela, maiatzaren 13an lortutakoaz gain beste pauso bat emanez.

Halako ekimenek gehiengoa behar dute Legebiltzarrean, Jaurlaritzako alderdiek ez dutena.
Badakigu bai, 75etik guk 36 dauzkagu, baina uztailekoa ere gure botoekin bakarrik atera zen.

Baina Batasunaren abstentzioak egin zuen posible hori.

Hori garbi daukagu. Guk gure bidea dugu eta eztabaidatzeko prest gaude. PPk eta PSOEk aurka egingo dute, Batasunak ere aurka egiten badu, bertan behera botako dizkigute proposamen guztiak. Guk eskaintza sakona egingo dugu eta espero dut batzuk zailtasunak izatea horri ezezkoa emateko, bestela euren jendearen aurrean azalpen zaila izango baitute.

Batasunaz ari zara.
Jakina. Harreman sare bat izan dezakegu haiekin, baina estrategia bortitza amaitu arte elkarlanik ez.

Imajina dezagun, uztailean bezala, Batasunaren abstentzioaren bidez, halako proposamen bat aurrera ateratzen dela. Zuk diozun oinarriak izanez 0gero, dena den, oztopoa Estatua litzateke. Egoera hori desblokeatuko lukeen giltza litzateke kontsulta ospetsu hori?
Guk bide hori urratzen jarraitzen dugun neurrian, badakigu berandu baino lehen gatazka demokratiko baten aurrean aurkituko garela Estatuaren aurrean. Ez diogu beldurrik egoera horri. Bi proiektu politiko badaude, bat euskaldunek egindakoa eta bestea espainolek, herriaren hitzak erabaki beharko du. Hori izan daiteke egoera hau askatzeko giltzetako bat. Herriak babestutako bide baten aurrean Estatuak ezetza emango balu, jarrera antidemokratiko baten aurrean aurkituko ginateke.

Euskal Herriko sektore oso zabaletan aspaldi pentsatzen da Estatuak jarrera antidemokratiko ugari dituela. Edozein modutan, badirudi zuk diozun estrategia horretan, helburua joera antidemokratiko horien pilaketa egitea dela, azkenean Madrilen zilegitasuna euskal gizartearen aurrean zalantzan jartzeko.

Hori da bai, estrategia hori horretan oinarritzen da. Gu gizarte pluralean bizi gara, Espainiako pentsamendu bakarreko komunikabideen eragina ikaragarria da Euskal Herrian ere, daukagun oreka politikoa daukagu eta Estatu indartsu baten aurrean inteligentziaz jokatu behar dugu, ahalik eta arrazoi gehien pilatu behar dugu eta ahalik eta hemen bizi diren euskaldun gehienen kontzientzia irabazi. Herri kontsulta planteatzen denean, irabazteko egiten da. Horretan gabiltza motxila arrazoiz betez.

Eta motxila zein neurriraino dago betea?
Nahiko betea.

Eta motxila nahiko betea badago eta maiatzaren 13ko hauteskunde programak bete beharko balira, horrek esan nahiko luke legealdi honetan edo hurrengoan -abertzaleak gobernuan egonez gero- konfrontazio demokratikorako garaia iritsi dela?

Izan daiteke, baina ez naiz epe kontutan sartuko, hala izatea edo ez eragile desberdinen arabera egon daiteke eta. ETAk jarraitzen duen bitartean prozesu hori geldotuko litzatekeela uste dut, eta ETA desagertuz gero azkartu. Estatuak zein eraso antidemokratiko egin dezakeen ere ikusi beharko da. Batzuk aipatzen dute autonomia bertan behera utz dezakeela, baina horrek prozesua azkartzea besterik ez luke ekarriko.

EAJ, bere osotasunean, prest al da jauzi hori emateko?
Bai, duela 107 urtetik honantz




Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude