ATZO ARKABUZAK, BIHAR EHIZA HEGAZKINAK, BETI NEGOZIOA

Armagintzari dagokionez azken 500 urtetan Euskal Herria nagusi izan da Iberiar Penintsulan, eta garai jakin batzuetan, baita Europan ere. Teknologia berrienak jarraituz, baldintza egokiei probetxua ateraz eta lan handia eginez, armagintza azken bost mendeetako dinamizatzaile ekonomiko garrantzitsua izan da. Historiarekin zerikusia duten beste hainbat gai bezala, hau ere baztertua eta gutxi aztertua izan da, ordea. Eta hala ere, badira gure iraganaren zati hau ezagutarazteko ahalegina egin dutenak. Ramiro Larrañaga soraluzearrak 40 urte daramatza gaia aztertzen. Armagile familia batean jaioa, berak ere sektorean egin zuen lan, maisu grabadore gisa. Duela 40 bat urte, Aurrezki Kutxa Munizipalak Gipuzkoako herriei buruz antolatu ohi zuen lehiaketara bere jaioterriari buruzko liburuxka aurkeztu zuen, baita saria jaso ere. Soraluzeri buruzko lanean armagintzari buruz idatzi zuen, derrigor. «Orduan lanean Madrilgo arkabuzgileek erakutsi zigutela pentsatzen zen», dio Larrañagak, «eta alderantziz izan da beti». Gai honetan konturatu gabe murgildu zela dio, baina 70eko hamarkada guztian landutako «Síntesis histórica de la armería vasca» liburu mardulak, euskal armagintzaren inguruan egin den lan osoenak, 1981ean ikusi zuen argia. Ondoren lan gehiago argitaratu du, gai honen inguruan guztiak. Luzaroan armagintza aztertu duen bakarra izateagatik eta jarraitzaile gutxi izateagatik kexu da. Baina gustura irakurri du berriki Jose Antonio Azpiazuk idatzitako «Picas vascas en Flandes» liburua.

Azpiazu legazpiarrak XVI. mendeko Euskal Herria aztertu du bere lanetan. Garai hartako gai erakargarriak hartu (esklabu trafikariak, merkatariak, emakumeak, balea...), hizkuntza arinez landu eta historia irakurtzea atsegina gerta daitekeela erakutsi du. Aipatutako azken liburuan duela bost mendetako arma industriaz jardun du, Ramiro Larrañaga aitzindariaren pozerako. Orain, XVII. mendea eta ondorengoak ere norbaitek sakonago aztertzea falta dela dio soraluzearrak.

Urrezko aroa.

XVI. mendean inguru hauetan egindako armek ospe handia izan bazuten, lehenago, Erdi Aroan ere, burdingintzan tradizio tekniko handia zegoelako izan zen. «Lur hau oso txiroa da eta bertako aukerak ahalik eta gehien ustiatu behar izan dira beti» dio Azpiazuk azalpen modura. XVI. mendean langintza hura zabaldu eta sendotu zen. Nafarroan, Donostian, Tolosan, Bilbon, Durangon... egiten ziren armak, baina Deba ibarrak biltzen zuen orduan (eta aurrerantzean ere hala izango zen) armagile gehien. Zergatik kontzentrazio geografiko hau? Azpiazuk ez du arrazoi jakin bat ematen: «Armagintzarako esparru hau egoki egiten duten hainbat baldintzek bat egin zuten». Besteak beste, bailara hau Frantziako mugetatik eta kostatik urrunago eta, beraz, babestuago zegoela dio. Gainera, Udalaitzetik ateratako Arrasateko altzairua, Milanokoarekin batera, Europako altzairurik onena omen zen. Gero, teknikoki ondo prestatuak zeudela ere esan dugu eta azken berrikuntzei ez zitzaien muzin egiten. «Gaztelarrak beti kanpora begira egon izan dira -hona adibidez-, ahal bada kanpokoak dutena kentzeko» dio Azpiazuk, «euskaldunak ere kanpora begira egon gara beti, baina ikasteko». Julio Caro Barojak euskalduna penintsulako homo faber modura definitu zuen. Azpiazuk XVI. mendeko japoniarrak euskaldunak zirela dio.
Inguru honetan, beraz, arma industria loratzeko baldintza guztiak ematen ziren. Baina zergatik loratu zen XVI. mendean? Ekoizpena zabaltzeko gaitasunak ez duelako ezertarako balio, produktua gero saltzerik ez badago. Eta XVI. mendean Gaztelaren menpeko inperio handiak armak behar zituen horrelako eremu zabala defendatu eta hedatzeko. XVI. mendeko gudaroste indartsuenek (Errege Katolikoena, Carlos V.arena, Felipe II.arena...) erabiltzen zituzten arma arinak Euskal Herrian eginak ziren. Gaztelako erregea zen zalantzarik gabe euskal armagileen bezerorik garrantzitsuena. Azpiazuren hitzetan, «ez da kasualitatea erregeak begiralea eta honen inguruko ofizial mordoa Soraluzen kokatu izana».

Pikak eta arkabuzak.

Arma arinak egiten ziren gehienbat Euskal Herriko tailer txikietan eta ez hainbeste artileria pisua. Suzko armetan arkabuzak egiten zituzten eta, ondoren, gero eta gehiago mosketeak, distantzia luzeagoetan, itsasoko borrokatan adibidez, egokiagoak zirelako.
Suzko armen teknologiak bilakaera izugarria izan zuen garai horretan, perkusio sistemak bereziki, eta Ramiro Larrañagak ederki ezagutzen du gaia. Lehenengo suzko arma arinak, espingardak praktikoegiak ez zirela esan digu; bolborak indar gutxi zuen aukeran eta balezta eraginkorragoa zen askotan. Metxa etorri zen orduan, hura piztu eta arma barruan zegoen bolbora leherrarazten zen. Gurpil giltza etorri zen geroago, hortzdun gurpil bat eta suharri zati bat erabiltzen zituena, gaurko txiskeroen moduan. Mendea aurrera zihoala iritsi zen iraultza: zizpa giltza. Kolpe bakarrarekin leherrarazten zuen bolbora zizpak. Larrañagak dioenez, «hau garai hartako bonba atomikoa izan zen, XIX. mendera arte iraun zuen; Lehen Gerra Karlistan oraindik sistema bereko armak erabili ziren». Ordutik aurrera etorriko ziren pistoia eta egun erabili ohi den perkusio zentrala.
Suzko armez gain, arma zuriak ere egiten zituzten, pikak gehienbat. Lizarrez egindako makil luzeak (Azpiazuk esan digunez, 5 metro eta gehiagokoak) eta altzairuzko punta zorrotzak zalditeriaren erasoen defentsan oso eraginkorrak omen ziren. Ezpatak ere egiten zirela dio Azpiazuk, «Toledoko ezpata famatuak ez ziren Toledon eginak, hemen baizik».
Zuzenean, arma produkzioan jende askok egiten zuen lan. Baina zeharka armagintzari nolabait lotuta zeudenak askoz gehiago ziren: ikazkinak, bideak konpontzen zituztenak, sutegietan aritzen zirenak... Produkzioa ere saldu beharra zegoen eta merkatariek pisu handia zuten. Jose Antonio Azpiazuren aburuz «gizarte guztia zegoen inplikatua armagintzan». Jardun honi esker eta oro har burdingintzari esker, hemengo bizimodua Gaztelakoa baino askoz erosoagoa omen zen garai hartan. Historiagile legazpiarrak gogorarazi digu Garibairen testuetan ederki islatzen dela hori: «Jazkietan nabaritzen zen adibidez, moda jarraitzen baitzuten».
Gaztelako erregea bezerorik garrantzitsuena zela esan dugu; ez zen, hala ere, bezerorik onena. Ordaintzaile txarrak ziren XVI. mendeko erregeak. Amerikatik zetozen ondasun ikaragarriak aurrez xahutuak zituzten. Mendearen amaieran eta XVII.ean krisia etorri zen armagintzara, inperio zabalaren amaiera eta zentralismo gogorrarekin batera. Kobratu ezean hemengo armagileek ezin zuten erritmo berean produzitzen jarraitu. Baserritarrek bazuten irtenbiderik: «Ez bazieten pikentzako erabiltzen zen egurra ordaintzen,» diosku Azpiazuk, «lizarrak kendu eta artoa landatuko zuten». Armagileak ordea armagintzarako zeuden prestatuak. Aurreko bizimoduko erosotasunak arma ekoizpenarekin batera urrituz joan ziren.


Elgoibar, soraluze, eibar.

Ahuldu bai, baina Euskal Herriko arma industria ez zen desagertu eta luzaroan penintsulan nagusitasuna mantenduko zuen oraindik. Aipatu dugun bezala XVII. mendetik aurrerako armagintza sakonki aztertzeko dago oraindik. Baina 500 urtetako armagintza aztertu duen Ramiro Larrañagak zantzu batzuk azaldu dizkigu. Soraluzeko grabadoreak, sektore honen funtzionamendua kontuan hartuta, hiru zatitan banatzen ditu 500 urte horiek, eta garai bakoitzean jarduna herri baten inguruan antolatzen zela azpimarratzen du.

Hasierako garaiari gremioen aurrekoa deitu dio Larrañagak. XV. mendeko azken urteetan eta XVI.eneko lehenak hartzen ditu eta Elgoibar zen gune garrantzitsuena, bertan biltzen baitzen zonaldeko arma produkzioa, handik Kantauriko kostara edo mesetara garraia zedin.

Gremioen garaiak Soraluzen du oinarria, eta bertako armagileak euren produkzioa Felipe II.ari eskaini ziotenean hasi zen. Errege-etxea izeneko eraikuntzatik antolatzen zen Arrasatetik hasi eta Durangora bitarteko produkzio guztia. Etxearen izenak bestela pentsatzera bultza badezake ere, arma produkzioa ez zen erregearen jabetza. Ramiro Larrañagak esan digunez, «nolabaiteko kooperatibismoak funtzionatzen zuen. Tailer txikiak ziren, independenteak, baina materiala lortzeko eta eskaerari erantzuteko biltzen zirenak».
1860 inguruan amaitu zen gremioen garaia, industrializazioari eta merkataritza libreari tokia uzteko. Egoera berriaren arauak ederki asimilatu zituzten armagile eibartarrek eta ordutik Eibar izan zen sektorearen «hiriburua».
Larrañagak argi dauka euskal armagintza penintsulan nagusi izan zela. «Bestela, penintsulako beste edozein tokitan arma fabrika bat zabaldu nahi zutenean, zergatik eramaten zituzten hemengo armagileak?». Eta Asturiaseko kasua kontatu digu: «1794an Trubia eta Oviedoko arma fabrikak sortu ziren. Han ez zegoen tradiziorik eta hemendik jende mordoa joan zen. Oraindik euskal abizen asko topatu daiteke inguru haietan. Asturiasen oraindik ‘epaiki’ esaten diote Deba ibarrean ‘epaikixa’ esaten zaion zerrari». Abade euskaldun bat ere eskatu omen zuten konfesatzeko, ez baitzekiten gazteleraz.
XIX. mendean, ordea, produkzioa behera egiten hasi zen ezinbestean. Larrañagak gertakizun esanguratsu bat azaldu digu Asturiasen bertan gertatua. Mendearen erdialdera izan omen zen, Francisco Antonio Elorza oñatiarra zen Trubia eta Oviedoko fabriken zuzendari. Ordura arte, armen kainoiak xafla bat landuta egiten ziren, baina fabrika horietara hiru gizonen lana egiten zuen makina ekarri zuen Ingalaterratik. Kezkatuta, hemengo hainbat armagile Elorzarekin bildu zen. Honen erantzuna honakoa izan omen zen: «Zuek lanean ederki dakizue, hemendik aurrera armak alde batera utzi eta komunitaterako baliagarriak izango diren gauzak egiteari ekin behar diozue». Krisia aurreikusi zuten beraz, eta egokituz, dibertsifikatuz joan ziren. Orbeatarrak, esaterako, bizikletak fabrikatzen hasi ziren, eta Alfa josteko makinen fabrikak ere arma tailer batean izan zuen oinarria.
Egun suzko arma arinen produkzio industriala desagertua da. Eibarren, Elgetan... orainidik badira armagileak, baina eurena artisautza lana da; luxuzko, kapritxozko eskopetak egiten dituzte.
Solaskide izan ditugun bi adituak harro sentitzen dira iraganean euskaldunak armagile bikainak izan ginelako. Baina norbaitek, produktuaren erabilerari erreparatuta zalantzak izan ditzake: harro ala lotsatuta sentitu beharko genuke? «Garai hartako baloreek eta bizi baldintzek ez dute geureekin zerikusirik, eta ezin dira lotu» dio Azpiazuk, «armak oso normalak ziren urte haietan, edozein etxetan topa zitezkeen. Haiek behintzat harro sentitzen ziren euren lanaz eta inguruak errespetuz begiratzen zieten euskaldunei». Larrañagak txikitako pasarte batekin erantzun digu: «Haurra nintzela, Garizuma garaian Iruñatik apaiz bat etorri zen Soraluzera. Iritsi eta batetik bestera, errebolberrak, eskopetak... arma besterik ez zuen ikusi. ‘Aizue, hemen krimen ugari izango duzue, ezta?’ galdegin zuen eta gure erantzuna: ‘Hemen, borroka guztietan, ukabilak baino ez dira erabiltzen’. Inori ez zitzaion burutik pasa ere egiten eskopeta hartu eta tiroka hastea». Eta bi adituak bat datoz zera esatean: «Hemengo armagileen helburua lana ondo egitea zen. Gero arma horren erabilera beste kontua da. Arma eskuratzen duenak du erantzukizuna».

Armagileen hiztegia
Armagintzaren historia aztertzeaz gain, armagile familia bateko semea da Ramiro Larrañaga eta bera ere armagintzan jarduna da. Sektore honetako terminologia ederki ezagutzen du, beraz, eta ia 200 terminoko hiztegitxo bat jasoa dauka, Koldo Mitxelenak berak hala eskatu baitzion behin. Hiztegi horietako adibide batzuk jaso ditugu ondorengo lerroetan:

Aboziñaua: Inbutu formako ahoa duen armaren kainoia.
Agokatu: Lotu.
Aizkaia: Lantza
Alkautza: Arkabuza.
Arpikua: Zizela.
Barautza: Broka.
Biribildu: Tornuan landu.
Buztana: Eskopeta kulatarekin lotzen duen apendizea.
Drunda: Arkabuz metxa.
Epaikixa: Eskuzko zerra.
Firifaria: Zulatzeko, torneatzeko... erabiltzen zen tornu burua.
Gabia: Forjatze mailua.
Gurizabala: Txaparentzako hotzeko zizela.
Irundu: Laminatu.
Izkillu: Arma.
Junguria (edo unguria): Ingudea.
Karraka: Lima.
Kaxagiña: Kulatagilea.
Koskorduna: Pistolet motako kulata.
Kuliandia: Kulata.
Lerrautsa: Bolbora.
Maratillia: Bihurkia, destornilladorea.
Marruza: Eskuila.
Oboa: Uztaia.
Suatzak: Alikateak.
Suberatu: Berriro egosi, tenplaketa kendu.
Txakurra: Kolpekari edo perkutorea.
Txantxilloioa: Konprobatzailea, neurtzeko oinarria.
Txirrikia: Garabia.
Ugartu: Herdoildu.
Urebagia: Tresna templatzean agertutako pitzadura.
Zilla: Ardatza.
Zizpoleta: Pistola.
Zuntxau: Bi pieza beroan itsastea


Azkenak
2024-04-29
Olaia Beroiz: "Emakume errepresaliatuen kemena gogoratzea ezinbestekoa da"

Iruñeko Txantrea auzoko kale-izendegian frankismoan errepresaliatuak izan ziren hamar emakume gogoratuko dituzte. Ekitaldia egin zuten atzo eta auzoaren hegoaldean dagoen plaza bat oroimen gune ere izendatu zuten. "Garrantzitsua da historian gertatutakoa gogoratzea;... [+]


Eguneraketa berriak daude