«Nerbio hutsa naiz, gauzak di-da egitea gustatzen zait»

Kazetariak badirudi beti munduko azken berria jakin behar duela. Idazterakoan, berriz, eguneroko gauzei begiratzen diezu; badirudi kontrapuntua dela...

Nik uste ez dela kontrapuntua. Kazetariok badaukagu deformazio profesional bat, "lehen mailako albisteak" eta "bigarren mailakoak", "hirugarren mailakoak" egiteko. Eta batez ere obsesio batekin bizi den herri batean, badirudi lehen mailako albistea beti dela gatazka. Eta nik beti defendatu izan dut egunerokotasuna dela gehien inporta duena denon bizitzan; eta gatazkarekin ere, segun eta ze harreman daukazun zein aldetara, horrek markatuko du izugarri zure jarrera gatazkaren aurrean.
Bestalde ni kazetaria naiz ikasketa eta lanbidez, baina suertez lan egiten dut hain justu kazetaritza "inportantearekin" zerikusirik ez duen programaren beste zatian. Beraz, aukera handia dugu eguneroko gauza horietaz hitz egiteko, eta iruditzen zait jendearen interesa erakartzeko modu bat ere badela eguneroko gauzez hitz egitea.

Kasualitatearen indarra asko aipatzen duzu…
Asko gustatzen zait kasualitatea; noizbait kasualitatez zerbait gertatzen zaidanean sekulako poza sentitzen dut. Eta ziur asko, sortzen ari naizenean ere beti ari naiz kasualitate horiek ahalbidetzen: nahi nukeen hura idazten dut, kasualitatez hainbeste jende ezagutzea eta gutxien espero duzuna berriz topatzea. Gainera kasualitateak bizipoza ematen du: beti gabiltza dena kontrolatu nahian, baina badaude bizitzan kontrolatu ezin diren gauza asko, eta horrek ematen dio bere emozioa bizitzari. Eta asko gustatzen zaizkit, baita ere, kasualitate itxurako kasualitateak, probokatutako horiek: "Hara! Ze kasualitatea, nolaz zu hemen?".

Zure liburuak di-da irakurtzekoak dira…
Bai, di-da oso nirea da. Gauza guztiak gustatzen zaizkit di-da egitea. Nobela bat egitea gustatuko litzaidake, eta oso harro sentituko nintzateke, baina ez dut inoiz egingo. Bihar idazten hasi eta etzi jarraitu beharko dudala, eta datorren hilean, eta hurrengoan... pentsatze hutsak angustiatu egiten nau! Nerbio hutsa naiz, gauza guztietarako: ni ez sartu luzerako proiektuetan, emaitzak segituan ikusi behar ditut-eta.

"Hondartzako literatura"ren apologia egizu.
"Ezer baino lehen" atera nuenean, neronek esan nuen hondartzarako moduko liburua zela; definizio modura esan nuen, konnotazio txarrik eman gabe. Niri hondartzan irakurtzea asko gustatzen zait, eta hondartzan irakurtzen duzun liburua, 30°rekin eta nahiko deseroso jarrita, ezin du izan Kant-en liburu bat: izan behar du zerbait pixka bat irakurri eta begirada altxatzekoa, parean zer gertatzen den ikusi, eta berriro jarraitzekoa. Izan behar du edo ipuin laburrez osatutakoa, edo bestela arina dena. Arina, zure atentzio osoa behar duen zerbait sakona ez izatea, alegia. Jendeak gaizki hartu zuen nik esana, "oraintxe kaleratu duzu lehen liburua eta nori bururatzen zaio hondartzako liburu bat dela esatea!", baina hala da! Inori lorik galaraziko ez dion liburu bat da, eta horixe zen nire helburua. Aukera bat da, eta nik uste behar direla. Noski nire lana ez dela beste lan sakon batzuekin konparatzekoa, baina nire pretentsioa ere ez zen hori.

Emakumeek idatzitako literatura irakurtzen ari zara orain, ezaugarri komunen bat aurkitu nahian. Ezer aurkitu al duzu?
Nik uste emakumeek egindako literatura ez dela ezberdina gizonek egindakoarekiko, eta gainera emakume batek eta besteak idatzitakoaren artean askotan oso gauza kontrajarriak daude. Baina alde bat antzematen da izugarri: protagonista emakumeak askozaz ere gehiago direla. Gizonek egindako nobelatan, normalean emakumeak dira protagonista maskulinoaren emazte, alaba, andregai, lagun rol hori betetzen dutenak. Normalean diot, gero eta gehiago baitira emakumeen istorioak idazten dituzten gizonak, orain gainera oso modan dagoela dirudi. Emakumeek idatzitakoa irakurtzerakoan identifikatuagoa sentitzen zara, emakumeak ikusten dituzulako protagonistaren paperean, gehienetan.
Orokorrean gauza txikiak gehiago interesatzen zaizkigu munduko gertakari handiak baino, baina hori ere ez da denentzat balio duen araua. Bestetik, inpresioa daukat emakumeek idatzitako liburuetan sentimenduez gehiago hitz egiten dela, egitan sentitu bezala, eta ekintzek baino garrantzia gehiago dutela sentimenduek. Baina hori ere gehiegi orokortzea izango da.

"Ai ama" liburua idaztea, zuretzat terapia bat izan omen zen…
Bai, bi zentzutan gainera: batetik niretzat terapia izan zen benetan sentitzen nuena kontatu ahal izatea. Eguneroko bizimoduarekin kopetaraino nengoen, beti "ondo jaten al du, ondo egiten al du lo?" entzuteaz. Idaztea amorru hori kanporatzeko modua zen. Eta bestetik, idaztea bera terapia zen. Haurdun nengoela inuzente xamarra nintzen, eta pentsatzen nuen urtebetez lana utzi eta umea zaindu bitartean nobela bat idatziko nuela. Eta bai zera! Ezta lerro bat ere ez nuen idazterik izan, beti umea, umea eta umea. Idaztea, nire buruarentzat tarte bat hartzea zen, terapia fisikoa.

Gizartean jasotzen dugun ama izatearen bertsio idilikoari aurka egiteko zen liburua?
Ez nion inorri lekziorik eman nahi. Baina egia da nik gizartearen presioa nabaritu izan dudala. Bikote egonkor xamar batekin baldin bazaude, edo izan gabe ere edadean aurrera bazoaz, aldameneko bizilagunak galdetzen dizu, pozik asko: "zer, ez duzu umerik eduki behar edo?". Oraindik esplikatu egin beharra daukagu haurrik ez izateko erabakia hartu dugula! Eta badakit inork ez duela intentzio txarrarekin galdetzen, baina normaltzat jotzen da emakumeok umea eduki egin behar dugula. Eta hori bezala, botatzen dizkiguten gainerako irudi guztiak: telebistan agertzen diren ama guztiak hain dira zoriontsuak! Eta ez dut esaten benetako amak ez garenik zoriontsuak, noski baditugula memento batzuk. Baina iragarkitan daukagun irudia da ama beti dela zoriontsu, ama delako bakarrik; baina ama horrek badauzka beste alor asko, iragarkitan ezabatu egiten zaizkionak amaren irudia emateko. Inork ez dizu ukatzen ama baino gehiago zarenik, baina badira une batzuk zure bizitzan ama bakarrik sentitzen zarena. Eta ez dut esan nahi gutxi denik ere, nire miresmenik handiena gure amen generazioko guztiei, 24 ordutan ama izatea lan gogorra baita.

Ama beti ama da. Baina atzoko amak eta gaurkoak, ez dira berdinak…
Bai, desnaturalizatu egin dugu pila bat. Oso ideia kontrajarriak etortzen zaizkit: ikusten dut gure ama eta amonen belaunaldia, beste ezer egiteko eskubiderik eta aukerarik ez zutela izan, eta haserretu egiten naiz, amorratu. Baina beraiek ere ez dira sentitzen inolaz baztertuak zirenik, natural bizi zuten emakume denak ama izatea. Guri gertatu zaiguna da, egunak 24 ordu dituela lehen bezalaxe, eta ordu horietan egin nahi dugula dena, eta dena ondo: irratiko programara joan eta oso saio ona egitea, handik aterata lagunekin irten eta zinera joan, eta gainera irakurri egin nahi duzu, eta gainera zure umearekin egon. Eta umearekin egoten garen tartetxo horretan, ama ona izan nahi duzu, haurrak zutaz oroitzapen polita izan dezan, eta ez dadin inolako gatazkarik sortu zu lanera zoazelako; eta azkenean, urtebeteko umeari ari zara esplikatzen "begira, amatxok lanera joan behar du, zeren lana egin beharra dago eta nik asko maite dut nire lana…" eta umeak ez du ulertzen, umeak egon nahi du bere amarekin eta kito, normala den bezala. Orduan errudun sentitzen zara, "denbora gehiago egon behar nuke berarekin", eta berari denbora eskainiz gero pena ematen digu zinera ez joan izanak. Eta badakit oso neurekoia dirudiela, baina bizitza bakarra daukagu, eta ordu horiek bakarrik ditugu dena egiteko. Nik ez diot irtenbiderik aurkitzen gaurkoari. Garai batean ama izatea naturalagoa zen, baina beste eremutan erabat jokoz kanpo gelditzen ziren. Eta guk antinaturalago bizi dugu, nahi dugulako denbora txiki horretan ahalik eta gehien bizi, eta ez da posible, ezin da superwoman izan.

Semea ez omen da irakurzalea. Baina zer egin diozu umeari!
Txiki txikia zela, nik jada erosi nituen ipuin pila bat, eta sehaska gaineko apalean jarri nizkion, ilaran. Eta alferrik. Liburu bat irakurtzen ikusten ninduenean, haserretu egiten zen, "ama, apuia (ipuia) ez, apuia ez!", nik bere ordutatik kentzen niolako irakurtzen pasatzen nuen denbora hori. Hasten nintzenean istorio bat kontatzen, harrituta begiratzen zidan, "baina emakume honek zer esaten dit orain!". Antsietatearekin egingo nuelako, seguruena: "orain ipuina", ale, amatxok nahi duelako oraintxe behar du. Gaur egun, seguruena biok lasaitu garelako, berak eskatzen dizkit ipuinak.

Zuk 6 urterekin irabazi zenuen lehen ipuin lehiaketa. Zein giro bizi zenuen etxean?
Nire gurasoak ez ziren bereziki saiatu irakurzaletasuna bultzatzen. Zortzi urte ere ez nituenean, gogoratzen dut nire amak gauetan esaten zidala argia itzali eta lo egiteko; eta ni flexo txiki bat ohe azpira jaitsi, eta irakurtzen aritzen nintzen; harrapatzen nuen guztia irakurtzen nuen gainera, baita umeek ulertzekoak ez ziren liburuak ere.
Hori bai, gurasoek idaztea gustatzen zitzaidala ikusi zutenetik beti animatu izan naute. Gogoan dut egunerokoa idazten nuela. Antzerki txikiak ere idazten nituen, gero lagun bakoitzari pertsonaia banatu eta jolasten aritzen ginen.
Beti izan dut erraztasuna idazteko, istorio bat sortzeko. Alde txarra ere badu erraztasuna izateak; lagunek esaten didate, batzutan erraztasun horregatik jotzen dudala errazkeriara, eta batzutan eskua gelditu eta gauzak bi aldiz pentsatu behar nituzkeela.

Txikitan idatzi zenituen ipuinak psikologo begiekin irakurri izan dituzu? Nolakoa zen txikitako Arantxa?
Hasiera hasierako ipuinak ez ditut; Tolosara etorri ginen bizitzera, eta nik uste leku-aldatze hartan galdu zirela. Gogoratzen dudana da lehen lehiaketa irabazi zuen ipuinak zein izenburu zuen: "Txomin aizkolari potoloa Mesertakolif herrian", baina zer kontatzen zuen ez dut oroitzen. 9-10 urterekin idatzi nituen ipuin batzuk baditut, baina sekulako grazia egiten dit, ipuin guztiak oso moralistak direlako, kristau kutsukoak: ume txintxo batek pobreei janaria eman ziela, eta halakoak.

Irakurzaletasuna nola landu daiteke?
Ez dakit txikiak zaletzen burugogortu behar den ere. Seme bat baldin baduzu zuhaitzetara igotzea gustatzen zaiona, zer esan behar diozu? "Ez, zuhaitzetara igotzeak tximu bihurtuko zaitu, eta irakurtzeak egingo zaitu gizaki"? Niri denek esaten didate footinga egin behar nukeela, gozamena delako. Hala izango da, baina niretzat ez. Nik ere ezin diet lagunei esan irakurri egin behar dutela, plazerra delako. Zaletasun hori edo ateratzen zaizu edo ez zaizu ateratzen. Jakiten dudanean eskoletan nire liburu bat irakurtzera behartu dituztela, sekulako disgustua hartzen dut; ez nuke nahi inork derrigortuta nire liburua irakurtzea, beraiei aterata irakurtzea nahiko nuke. Ez badute nahi, ez dakit zein den soluzioa.

Literatura gizartean, eskoletan, neurriz gainera baloratua dagoela uste duzu?
Niri literaturak asko eman dit: algara, negarra, inbidia sortu izan dizkit, eta hori oso aberatsa izan da niretzat, neronen pertsona garatzeko. Hortik aurrera, bai dagoela pixka bat idolatratuta mundu hori. Irakurtzen duena ez da irakurtzen ez duena baino gehiago, edo hobea orohar. Irakurtzeak jakinduria eransten dizun momentutik, beti izango da jakitea ez jakitea baino hobea; baina nobela batek ez dizu zertan jakituriarik eransten. Beti kritikatzen da oraingo umeek telebistaren aurrean edo internetaren aurrean pasatzen dutela denbora, baina garai honetako teknologiak horiek dira, eta ez dut uste liburua beste denen gainetik denik kultura iturri. Irakurtzen ez duenak, berak galtzen du, ez dut beste argudiorik. Nik ere, arte plastikoaren erakusketa batera sartzen naizenean ez dakit gozatzen artezaleek bezala, gabezia hori badut, eta pena hori nik daukat.

Euskadi Irratian zaude 1984az geroztik. Oraindik ere, euskal komunikabideek gehiago dute "euskal"en pisutik, "komunikabide"tik baino?
Beti egin izan dut apustua, eta mila eztabaida, egiten duguna komunikabide bat izan dadin, eta sinistu nahi dut hala dela. Ez dakit jendeak sinesten duen, bai erabakiak hartzen dituztenek eta bai entzule jendeak. Niretzat euskara, momentu honetan bizi dudan bezala, tresna bat da. Saiatuko naiz zaintzen eta hedatzen, baina ez naiz besteak baino gutxiago edo gehiago euskara erabiltzen dudalako. Ze hori da bestea, badirudi euskaraz lan egiten dugunok ez garela profesional onak; duela gutxi entzun diot erdaldun bati "jakina, zu hasi zinen garaitan euskarazko lanpostuak hutsik zeudenez, erraz hartu zintuzten".
Inpresioa daukat gainera, euskaraz ari garen komunikabideetan, beti ari garela birplanteatzen eta kuestionatzen, eta beti gaudela komunikabide handiagoei begira ea haiek zertan ari diren; momentuan momentua bizitzen ari garela, beti probisionalki. Eta ez dut oso garbi ikusten hemendik 20 urtera zer izatera heldu nahi dugun. Sinistu nahi dut 20 urtera euskaldungoa zabalduko dela, eta garbiagoa izango dela gu komunikabide garela, euskal baino gehiago. Baina inpresioa daukat, komunikabideetan ez garela hausnarketa hori egiten ari: «Hemendik 20 urtera nora goaz?». Oraindik ez dugu erantzunik pentsatu, eta galdera hori hasi ginenetik ari gara planteatzen etengabe. Ezin asmaturik bezala gabiltza.
Eta gero jendearen errekurtsoa oso erraza izaten da, literaturan ere berdin gertatzen da: "Niri euskaraz ulertzea kosta egiten zait, pisua egiten zait…". Beti aitzakiak jartzea bezala da, nahiz badakiten politikoki zuzenagoa dela esatea euskaraz sortutakoa kontsumitzen dugula. Eta sakoneko arrazoia zein da: euskaraz ari garela? Alegia, hori momentu batean gure lan profesionala jendeari iristeko traba dela? Edota benetan profesionalak ez gara ematen ari jendeari interesatzen zaiona?
Duda asko dauzkat, eta dezente erretzen nauten hausnarketak dira

BERE HITZETAN

«Jendearen erreakzionatzeko moduak interesatzen zaizkit; modu batzuk oso zinematografikoak dira, liburuan agertzeko politak oso».
ARGIA, 1995-06-25

«Ez zait gustatzen ‘literatura femeninoa’z hitz egitea; beste literaturetatik bereizteko baino gehiago, azpigenero bat balitz bezala tratatzen delako. Gure lanak besteen zaku berean egotea nahi nuke».
Aizu!, 2001-11
«Imajinazioa lantzeko aukera ematen dute irrati nobelek. Bizitza guztia pasako nuke irrati nobelak egiten».
ARGIA, 1992-11-01
«Izugarri gustatuko litzaidake eleberri batean pertsonen aldakortasuna jorratzea. Bakoitzak besteari buruz duen sumatze diferentea interesatzen zaidan gaia da».
Aizu!, 2001-11
«Oraindik euskaldunok kultur ekoizpenean konplexu izugarriak ditugu. Batetik, guk geure burua gutxiesten dugulako, eta bestetik, gazteleraz ari direnek, hainbatetan, beren burua handiesten dutelako»
Aizu! 2001-11
«Ez dut uste inspirazio iturririk dagoenik, bizitza bera da gure inspirazio bakarra. Txipa jarria duzunean, beti zerbait sortzeko ideiak pasatzen zaizkizu».
Aizu! 2001-11

CURRICULUMA
- Jaio: Alegian,1964. urtean.
- Bizi: Tolosan.
- Irrati esataria, idazlea.
- Irratia: 1984. urtetik Euskadi Irratian jardun du. Egun «Goizean Behin» saioa zuzendu eta aurkezten du. Irrati nobelak ere idatzi ditu: «Kale kontuak» eta «Odriozola Hotela» izan ziren lehen irrati nobela txikiak, eta talde profesionalarekin egina «Maite, Maite, Maitia» da.
- Literatura: bi ipuin bilduma kaleratu ditu, «Ezer baino lehen» (1992) eta «Lehenago zen berandu» (1995). Narrazioan «Ai ama!» (1999) liburua atera zuen, eta Agurtzane Intxaurragarekin batera antzerki gidoi bihurtu du. Aurten haurrei zuzenduta bi liburu atera ditu: «Beldurtia naiz eta zer», eta «Exerita egiten dut eta zer».

BIZITZAREN PASARTEA
Txikitan dantzaria nintzen, eta txistularia. Herriko dantza taldean hiru bat urterekin hasiko nintzen. Behin lehiaketa bat egin zuten Ormaiztegin, eta gurasoek eraman egin ninduten, panpoxa-panpoxa, dantzariz jantzita, gona gorriarekin. Jarri ninduten eszenario erdian, eta publikoari begiratu nionean, zurrun gelditu nintzen, zirkinik mugitu gabe. Talde osoa dantzan hasi, eta ni geldi. Antolatzailea goxoki batekin etorri zitzaidan, baina txantajeek ere ez zuten funtzionatu. Halako batean negarrez hasi nintzen marruka, eta aita, erabat lotsatuta, oholtzara igo, eta jeitsi egin ninduen. Nire amak momentu hartan pentsatu zuen: "Neska gajo honek, behintzat, ez dauka etorkizun handirik jende aurrean ezer egiteko". Eta beste konklusio batera ere iritsi zen: egoskorra nintzela, zeharo. Amak bi konklusioetan bete betean asmatu zuen.

BERTSOA

Doinua: Antton eta Maria
Bizipenak letratan
jartzeko artea
eguneroko gauzei
sona ematea
uhinetan nornahiren
etxera joatea
eta zeurean bertan
ama izatea
ziur ez dela dena
kasualitatea

Aitor Mendiluze


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Eguneraketa berriak daude