SIDERURGIAKO ERRALDOIAK EUSKAL "GENEAK" ERE BADITU

  • Aceralia, Arbed eta Usinor-ek bat egitearen ondorio den altzairugintza munduko erraldoi berriak euskal "geneak" dituela esan genezake, Aceralia Bizkaiko Labe Garaien eta Ensidesa asturiarraren oinordekoa baita eta oraindik ere 12 enpresa ditu Euskal Herrian.

2001eko martxoaren 18an
Aceralia, Arbed eta Usinor enpresek bat egin ondoren sortuko den munduko altzairu ekoizlerik handienak euskal "geneak" ere badituela esan genezake. Euskal Herria, Asturiasekin batera, Espainiako Estatuko siderurgia integralaren sorlekua izan da, eta, gaur egun, fondo publikoak erabiliz onbideratu, suntsitu eta Aceralia bihurturik, horiei esker lortu dute maila hori aipatutako bat-egitearekin. Horregatik diogu munduko erraldoi honek euskal aztarnak daramatzala erraietan. Aztarna horiek, batetik, lehengo Bizkaiko Labe Garaien birmoldaturiko instalazioetan aurkitzen ditugu Bizkaian, Nafarroan, Araban nahiz Lapurdin, eta, bestetik, Aristrain eta Marcial Ucin familien eskuan dagoen euskal kapitalean; izan ere, Aceraliako kapitalaren %10,8 eta %2 dute, hurrenez hurren.


110.000 LANGILE DITUEN TALDEA.

Aceralia, Arbed eta Usinor enpresen arteko bat-egitea joan den otsailean ezagutarazi zen Bruselan, eta une honetan hainbat izapide burokratiko eta instituzional burutzearen zain dago. Bat-egite honen ondorioz munduko siderurgiako talderik handiena sortu da, eta bere egoitza nagusia Luxemburgon dago. Talde berriaren kapitala honela dago banaturik: Usinorrek kapitalaren %56,5 du, Arbedek %23,4 eta Aceraliak %20,1.
Altzairugintzako erraldoi berri honek 110.000 langile izango ditu mundu guztian zehar, eta horietako 5.300 Aceraliak Euskal Herrian dituen lantegietan daude (11 lantegi Hegoaldean eta 1 Iparraldean). 46 milioi tona altzairu likido ekoitziko ditu. Alderaketa txiki bat egiteko nahikoa dugu orain arteko munduko bi ekoizlerik handienek, POSCO korearrak eta Nippon Steel japoniarrak, hurrenez hurren, 26,5 eta 25,2 milioi tona ekoizten dituztela ikustea.
Bat-egite horri esker hiru enpresa horiek liderrak izango dira produktu zapaletan, 15.000 milioi euroko salmentak eginez. Produktu luzeetan 4.000 milioi euroko salmentak izango dituzte, eta banaketan eta eraldaketan 6.000 milioi euro ingurukoak izango dira salmentak. Bat egin duten hiru enpresen artean 28.733 milioi euroko salmentak izan zituzten 2000.urtean (ia 5 bilioi pezeta). Kopuru horretatik 495.571 milioi pezeta (19.823 milioi libera) Aceraliari dagozkio. Hiruren arteko mozkinak, 1999. urtean, 81.961 milioi pezetakoak izan ziren (3.278 milioi libera), eta horietatik 14.572 milioi Aceraliarenak dira (583 milio libera).
Hiru taldeak altzairu zapalen (automobilgintza, eraikuntza, etxetresna elektrikoak, bilgarriak) eta produktu eraldatuen (hodiak, panelak) sektorean jarduten dute. Arbedek, ordea, produktu luzeetan (habeak) duen jarduera dakar negozio bateratura, hain zuzen ere, Usinor aritzen ez den esparrua.
Bat-egite honek sinergia garrantzitsuak eragingo ditu. Horrela aurreikusten den aurrezpena 300 milioi euro ingurukoa izango da 2003. urtean, eta pixkanaka geroz eta handiagoa izango da, 2006. urtean 700 milioi eurora iristea espero da. Datozen lau urteetarako aurreikusten diren inbertsioak, berriz, 350.000 milioi pezetakoak izango dira.
Euskal Herriko enpresen eta erakundeen artean begi onez ikusi da bat-egite hau. Eusko Jaurlaritzak nahiz Aldundiek eta enpresen elkarteek uste dutenez, bat-egite honek sendotu egingo du euskal siderurgiaren sektorea, eta egonkortasuna emango die euskal lantegi eta lanpostuei. Eusko Jaurlaritzak dio operazio honek balio handiagoa eta aberastasuna ekarriko duela euskal ingurune sozioekonomikora, eta sektorearen onerako izango dela. Eta, gainera, bat-egite honi esker Euskal Herriak altzairugintzako munduko lider berriaren proiektuetan leku garrantzitsua hartuko duela erantsi zuen.
Baina, euskal sindikatuak ez datoz guztiz bat baikortasun horrekin, abertzaleak bereziki. Horrela, CCOOk bere konfiantza agertzen du enplegua eta lantegiak ziurtaturik daudela esaten zaienean. ELA eta LAB, aldiz, kezkaturik azaltzen dira euskal langileengan izan dezakeen eraginagatik eta erabaki guneen urruntasunagatik. Dagoeneko, bat-egite erraldoi honetako zuzendarietakoren batek esana du ez dela kanporatze mingarririk egongo, eta egin beharrekoak egiteko aldez aurretiko erretiroen bidea erabiliko dela. EHk, bestalde, kezka adierazi du lantegien eta lanpostuen iraupenari buruz, adierazi zuenez, hori, betiere, multinazionalaren interes pribatu eta estrategikoen mende egongo baita, eta ez Euskal Herriko ekonomiaren premien arabera.


ACERALIA EUSKAL HERRIAN.

Aceraliak 5.300 langile ditu Euskal Herriko lantegietan. Araban bi lantegi dira Aceralia taldekoak; Gasteizen trefilaketan jarduten duen Galycas eta Agurainen banaketan jarduten duen Laminados Velasco. Bizkaiari dagokionez, hiru lantegi ditu Aceraliak: latorriaren laminazioan eta galbanizatzean aritzen den Etxeberriko enpresa, Sestaoko Aceria Compacta eta Bizkaia eta Basauriko Laminados Velasco, banaketan jarduten duen enpresa. Gipuzkoan aldiz, bost lantegi ditu Aceraliak: Zumarragan (barrak eta alanbre handia), Azpeitian (eraikuntzarako biribila), Lasaon (sare maila), Olaberrian (eraikuntzarako habeak) eta Bergaran (profil txikiak). Lapurdin lantegi bakarra du: Baionako Marcial Ucin. Azkenik, Aceraliako bost lantegi daude Nafarroan, Zelainen, Lesakan, Legasa eta Berrioplanon, hurrenez hurren.
Aceraliaren kapitalaren barruan, esan bezala, euskal partaidetza ere badago. Aceraliaren kapitala honela osatzen da: %35 du Arbedek, %6 Kataluniako Riberas (Gonvarri) familiak eta euskal familien artean, %10,8 Aristrain familiak eta %2 Marcial Ucin familiak. Kapitalaren gainerakoa Burtsan dago.


ACERALIA, LABE GARAIAK SUNTSITU ONDOREN ERAIKIA.

Aceralia Bizkaiko Labe Garaiek eta Asturiaseko Ensidesak osatzen zuten Espainiako Estatuko siderurgia integralaren oinordekoa da. Horiek bien bat-egitea 1991an gauzatu zen, bata bestearen ondoren etorri ziren izendapen ezberdinekin: Corporación Siderurgica Integral, CSI; CSI, Corporacion Siderurgica eta Aceralia. Birmoldaketa izugarri baten amaiera izan zen, tartean milaka lanpostu desagerraraziz, Bizkaiko Labe Garaiak suntsituz, ehunka enpresa laguntzaile egoera larrian utziz, lanpostuen galera aldez aurretiko erretiroz konpentsatzeko diru publikoen erabilera izugarria eginez. Prozesu horretan guztian garbi geratu zen banketxe eta multinazionalek enpresa batean interes handia erakusten dutela gauzak ondo doazenean eta errentagarria denean, baina erraz baztertzen dutela errentagarri izateari uzten dionean.
Afera honetan garbi ageri da baita ere, Estatu pribatizatzaileak enpresa bat edo siderurgia bezalako sektore bat diru publikoekin onbideratu ondoren berriro esku pribatuetan jartzen duela. Horrela, Aceralia mozkinak ematen hasi zenean PP-ren Gobernuak pribatizatu egin zuen 1997an, Arbed multinazionalaren esku utziz. Ehunka langilek, Euskal Herrikoek eta Asturiasekoek, Burdinaren Ibilaldi ospetsua egin zuten Madrilera, eragiketa hori galarazi nahian. Baina ez zuten lortu. Mozkinak ematen hasitako Aceralia bezalako enpresa errentagarri bat prezio barregarrian saldu zuten, Euskal Herrian eta Asturiasen zituen langile kopuruak eta instalazioak arindu ondoren.
Espainiako Estatuko siderurgia iparraldean bildu zen nagusiki mendearen hasieran, Asturiaseko ikatz meategien inguruan Ensidesaren kasuan eta burdin baliabideen inguruan Bizkaiko Labe Garaien kasuan. Siderurgia honen hastapena Euskal Herriko eta Asturiaseko burgesia industrial eta finantzarioen esku egon zen, eta ez zuten eskutik askatu errentagarritasuna galdu zuen artean. Neguriko oligarkiako deitura ospetsuak ageri ziren jabe eta administratzaileen artean. BLG 1901. urtean sortu zen, bi hamarkada lehenago eratutako eta Bizkaiko familia ospetsuenen deitura handiz osatutako bi enpresak bat egin ondoren, batetik, Bilboko Altos Hornos y Fabricas de Acero y de Hierro eta, bestetik, Altos Hornos y Vizcaya sozietatea.
Frankismoak Asturias indartu nahi izan zuen eta Ensidesa sortu zuen Avilesen 1950ean INIren eskutik, baina Euskal Herriko nahiz Asturiaseko kapital pribatuak horren aurka egin zuen. Nolanahi ere, 1957an, Lopez Bravo Industriako ministroak Bizkaiko Labe Garaietako interes pribatuen mendean jarri zuen Ensidesaren garapena. Asturiaseko hiru siderurgia pribatuek bat egin zuten eta Uninsa sortu zuten. Frankismoaren baikortasunak eraginda laugarren siderurgia integral bat sortzeko baimena eman zen, eta horrela sortu zen Altos Hornos del Mediterraneo, AHM, Sagunton (Valentzian). Gerora, Lopez Bravok Bizkaiko Labe Garaien esku utzi zuen. Gehiegizko instalazioek eta 1973an hasitako nazioarteko atzerakadak krisialdi larria eragin zuen Espainiako Estatuan, eta ezin izan zen gainditu 90eko hamarkada arte.
Uninsa INIk bereganatu behar izan zuen 1970ean, eta 1973an Ensidesak hartu zuen bere baitan. Enpresa honek, orduan, 26.000 langile zituen. Bestalde, Estatuak Bizkaiko Labe Garaiei lagundu behar izan zien. Laurogeiko hamarkadaren erdialdean PSOEren gobernuak AHM zuen, langileek eta sindikatuek aurkako jarrera gogorra erakutsi arren. Azken batean, siderurgia integral guztia suntsitzeko lehen urratsak ziren. Diru publikoari hainbesteko kostua eragin zioten aldez aurretiko erretiroen lehenengo planak hasi ziren. 1985etik 1990era bitartean gauzatu zen "siderurgiaren birmoldaketa", eta oraindik Ensidesa eta BLGen aritzen ziren 25.000 langiletatik 10.000 langileren lanpostuak desagerrarazi zituzten. PSOEren azken gobernuek 400.000 eta 250.000 milioi pezeta erabili zituzten, hurrenez hurren, Ensidesa eta BLG onbideratzeko.


AZKEN HAMARKADAKO ALDAKETAK.

Prozesu guztia bi siderurgiek bat eginez amaitu zen 1991an, tartean hainbat izen hartu ondoren, Corporacion Siderurgia Integral CSI, CSI Corporacion eta Aceralia. Langileak murrizteko plan gehiago egin ziren, eta lantegiek espezializatzera jo zuten. BLG suntsitu zen eta Ansioko eta gune nagusiko instalazioak txatarrerako geratu ziren, nahiz eta duela gutxi, modernizatzeko asmoz, 100.000 milioi pezeta inbertituak zituzten. Horren ordez, ACB altzairutegi konpaktua eraiki zen Sestaon, baina ehunka langileri soilik ematen dio lana. Siderurgia, ordurako, diru publikoaren kontura onbideraturik zegoen, eta prezio merkean saldu zitzaion Luxemburgoko Arbed multinazionalari 1997an. Orain, Usinor eta Arbed-ekin bat eginez altzairugintzako munduko mamurik handiena sortu dute. Mamu honek izerdi eta malko ugari utzi du atzean euskal langileriaren artean, eta, besteak beste, gure poltsikoetatik ateratako milaka milioi eraman ditu berekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Industrializazioa
Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Industrializazioak loa aldatu zigun

Londres, XVII. mendea. Hiriko artxiboetako dokumentu kriminaletan loari buruzko hainbat erreferentzia jaso zituzten; “lehen loaldia” eta “bigarren loaldia” aipatzen zituzten, baita tarteko esna-aldian egiten zutena deskribatu ere.


Ibilbide geologikoak (IV)
Bodovalle: burdinazko zuloa arrezifea zenean

Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.


400 urteko lurrun makina eta aire girotu nafarrak

Jeronimo Aiantz Gendulaingo margolari, kosmografo eta militarrak XVI. mendean meatzeetako ur filtrazioak konpontzeko lurrun makina asmatu zuen.


Eguneraketa berriak daude