BIZITZA BERTIKALEAN

  • Ez dira izarrak eta beren ingurukoek bakarrik ezagutzen dituzte, baina "Big wall" deritzaion eskalada mota praktikatzen dutenek ausardia handia dute eta ardatz bertikal batean bizitzeak dakartzan eragozpenak gainditzeko gai dira. Pazientzia handia dute.
Zortzimilakoen izenak ia-ia gure herriko mendienak bezain ondo ezagutzen ditugu. Zer esanik ez bertara igotzen direnez: edonork entzun du zer edo zer mendizale hauen balentriez. Baina badira beste mendizale batzuk, ezezagun ilustreak beraiek, grabitate indarrari desafioa eginez nekez imagina daitezkeen paretatzarrak leku zailenetatik igotzea gustuko dutenak. Ez, ez dira inguruotako harkaitz kozkorretan tirantedun kamisetarekin eta elastiko estuarekin jantzita arrokako koska ikustezinak helduz eguzki gozotan ibiltzen diren eskalatzaile mehar horietakoak. Urruneko mendi zail ezezagunetan pareta bertikalenetik igotzen dira beste mendizale hauek, egun mordoa zintzilik emanez, askotan lekuotako hotz, elur eta izotzak lagunduta. Ez dira sarri egunkarietan edo telebistan azaltzen; zergatik ote da "big wall" edo pareta handietako eskalada hain kirol ezezaguna?
Mendizale hauek, zortzimilakoetara joaten direnek edo 8c zailtasuneko bideetatik igotzen direnek bezala, ez dute, meriturik falta. Baina, paretan ez dagoenarentzat, "kirol honek ez dauka gatzik", esan digu Jon Lazkano eskalatzaile bergararrak. Beregana jo dugu mendizaletasunaren atal ezezagun honen inguruan gehiago jakin nahian. Berak dioenez, "eskalada mota hau ez da mendiaren formarik naturalena. Beharbada zortzimilako bat jendearentzat askoz ere ulergarriagoa da; azken finean Aizkorri moduko mendi bat da, baina oso handia, elurrarekin eta bere hormekin, baina ez zara hormatik igotzen. Hori jendeak ulertzen du, baina sekulako horma igotzea... eta beharbada mendi horretara oinez igo daitekenean bide errazago batetik. Hori jendeak ulertzea oso zaila da. Gainera, paretan gertatzen diren gauzak paretan geratzen direnez, nola esplikatu hori? Egun asko pareta batean egotea eta horrek dauzkan momentu guztiak kaleratzea oso zaila da. Oso mundu itxia da hau. Kalera begira, jendeak ezagutzen dituen maila handiko mendizaleak zortzimilatakoak dira. Hori zati bat da, noski, baina badaude beste atal ezezagun batzuk".
Jon Atxarten hasi zen eskalatzen. Hamalau urterekin jada Ordesa eta Urriellu edo Naranjo de Bulneseko paretatzarretan ibilia zen. Hamasei bat urte zituela Dolomitak bisitatu zituen, eta hamazortzirekin, Kaliforniara joan zen Yosemiteko paretetan eskalatzera, herriko jaietan berak eta bere lagunek jarritako txosna batean ateratako diruarekin. Handik bueltan Mendi Federazioak diru laguntza eskaini eta Patagonia ezagutzeko aukera izan zuen. Zortzi mila metroko mendiak ere ezagutzen ditu, eta mapetan agertzen ez diren eta izenik ere ez duten mendiak eskalatu ditu. Orain trekking-ak zuzentzen ditu eta urtean sei-zazpi hilabete kanpoan pasatzen ditu normalean. Elkarrizketa Bergaran egin genion, baina orain Malin dago, ETBrentzat hango paretetako eskaladei buruzko dokumental bat filmatzera joanda. Alberto Iñurrategi du lagun.
Pareta handietako eskalada ez da gaur egun sortutako moda. Bere historia berezian zehar material eta tekniken eboluzioak gero eta pareta zailagoetara eraman ditu eskalatzaileak. 30eko hamarkadan hasi ziren Europako mendietan pareta handiak eskalatzen. Garai hartan, gailur garrantzitsuenak bide errezenetatik gainditu ondoren, helburu berri bat sortu zen: Alpeetako eta Dolomitetako pareta bertikalak. Comici eta Cassin eskalatzaileek, esaterako, Dolomitetako gailur zorabiagarriei ekin zieten, igoera egiteko ehunka iltze erabiliz. Geroago, II. Mundu Gerrak parentesi bat zabaldu zuen eskaladan: metala urri zegoen eta gazteek gerrara joan behar izaten zuten... Hala ere, zenbait berrikuntza tekniko agertu zen: nailonezko sokak eta aluminiozko mosketoiak. Horrela, pareta handietako eskaladaren maila materialen berrikuntza eta hobekuntzarekin batera zihoan gora, eta eskuraezinak ziruditen paretak eskalatzaileen eskura egoten hasi ziren.
1950-60 hamarkadan, Yosemiteko eguraldi egonkorrak eta bertako arroka apartak, pareta handietako eskaladaren meka bihurtu zuten bailara kaliforniar hau. Espantsio-seguruak azaldu ziren, eta honela ia heldulekurik edo koskarik gabeko paretak gainditu ahal izan ziren. Esan daiteke "big wall"aren urrezko aroa 60ko hamarkada izan zela. Paretan zintzilik egotean erosotasuna areagotzen zuten asmakuntza piloa agertu zen garai honetan. Beranduago jada, 1970 eta 1980 bitarteko urteak ere aktibitate handiko garaiak izan ziren mundu osoko pareta handietan, baita ekipoaren eboluzio garrantzitsu baten garaia ere. Eskalatzaile europar eta amerikarrak Yosemiteko paretetan entrenatzen ziren gero beste mendietara joateko, Alaska, Patagonia eta Baffin (Kanada) irlako paretatzarretara. Garai honetan zulagailuz pareta zulatuz igotzen ziren eskalatzaileak, eta hori zela eta, kritikak piztu ziren. Erronka berria "garbi" eskalatzea zen.


EROSOTASUN GEHIAGO.

Gainera, hormako egonaldian konfort handiagoa eskaintzen zuten asmakuntzak azaldu ziren: paretan lo egiteko hamaka tolesgarriak eta berari gehitutako sabai bikoitzak ordura arte pentsaezinak ziren plazerrak eta erosotasunak ekarri zituen eta paretako gauetan hobeto deskantsatzea ahalbidetu zuten. Lehen imajinaezinak ziren paretak igotzea posible bihurtu zen: Fitzroy, Cerro Torre, Trango-ko dorreak, Asgard, Paine-ko dorreak... 1980-90 urteetan pareta birjinak urritzen hasi ziren arte. Abentura urruneko horma galduetan bilatzen hasi beharra zegoen.
Orain dela gutxi arte eskalatzaile kopurua txikia zen, baina materialen aurrerapenak, eskalada-giden zabalpenak eta aseguratzeko medioen hobekuntzak mundu bertikala eskuragarriagoa bihurtu dute. Zorionez, gaur egun aseguratzeko teknologia hain sofistikatua izatera iritsi da, asko murriztu dela iltze, mailu eta paretetan egindako zuloen beharra. Baina egun Yosemiteko paretetan jende piloa ibiltzen da eta masifikazioa arazo bihurtu da. Zaborra, kaka eta beharrik gabeko zuloak direla eta, abentura aberasgarri bat gure espeziea zein miserablea izatera irits daitekeenaren erakustaldi bihur daiteke. Hala ere, Jonek kontatu digu Karakorumen inork ezagutzen ez dituen mendiak daudela, izenik ezta maparik ez duten mendiak. Pamir-en ere pareta ugari dago, eta hemen, etxetik gertuago, badira horma handi ezagunak, txikixeagoak badira ere.
Dagoeneko, askok galdetuko diete beren buruei: "baina, nola igotzen da bostehun, zortziehun, mila metroko pareta batetik?" Pareta handi baten igoeran eskalatzaileetako bat bidean lehena joaten da arrokan seguruak jarriz eta bigarrenak aseguratzen du. Luzeak txandatzen joaten dira eta pasa behar dituzten egunetarako beharrezko duten guztia petate batean (edo gehiagotan) eramaten dute. Eguna horrela joaten da, eskalatzen eta petatea sokatik tiraka igotzen, gailurrera edo lo egiteko toki apropos batera heldu arte. Ahalik eta modu eraginkorrenean igotzea da helburua, horregatik "big wall"ean zilegi da paretako iltzeak heldulekutzat erabiltzea edo sokatik gora igotzea, eskalada librean igo ordez. Efikazia da garrantzitsuena. Dena den, petatea igotzea paretako lanik gogorrenetakoa izan daiteke, oso lan nekagarria da. Oso erraz traba daiteke harkaitzaren formetan, lajetan edo extraplomoetan. Agian sokan gora bigarren datorrenak askatu behar du... pazientzia beharrezkoa da.
Pareta handiak eskalatzeko, bada baldintza garrantzitsu bat: esperientzia. Hemen ez du norberaren berezko abileziak balio, kirol eskaladan bezala. Jonek dioenez, "orain ikastaro ugari dago, baina hor jendeak bide azkarra bilatzen du, eta honek errodaje handia behar du: eskalatu eta eskalatu. Honela mila maniobra eta egoera desberdin ikusten dituzu. Errodajea behar da, eta ez gradua. Ez bakarrik igotzeko, baita jaisteko ere. Batzuetan jendeak ikastaro bat egin eta pentsatzen du edozer gauza egitera joan daitekeela..." Urrutiko mendi ezezagunetan eskalatzeko, gainera, igotako toki beretik jaisteko gai izan beharra dago, mendi horiei buruzko informazio falta dela eta: "jaitsi normalean toki beretik egiten da. Agian badago jaisteko bide errazagoa, baina ez duzunez ezagutzen ez zara arriskatzen. Alpeetan badago informazioa, baina beste mendi horietan ez dakizu ezer". Izan ere, esan dugu Pakistanen badirela maparik eta izenik gabeko mendiak, bertakoek ere ezagutzen ez dituztenak, oraindik esploratzeke. Beraz, toki beretik jaitsi behar, eta gainera zure traste guztiekin. "Guk noizbait, larrialdiren batean, paretatik bota egin izan ditugu gauzak: eguraldi txarragatik, janaria bukatu delako, nekeagatik... Batzuetan paraxut txiki bat erabiltzen da petatea paretan behera botatzeko eta gauzak ez puskatzeko..."
Honelako pareta batean sartzen denak, arazorik izanez gero, bere kabuz ateratzeko gai izan behar du. Salbamendua inoiz ez da lan erraza honelako leku batean, are gutxiago herrialde azpigaratuetan. "Big wall" ez da kirol-eskalada bezalakoa, hemen zu bakarrik zaude, lurretik hainbat metrotara, hiri eta errepideetatik oso urrun... Horregatik, "tendentzia kontserbadorea izaten da, toki horietan ez zara arriskatzen jausiera bat izatera. Normalean ez dago erreskate posiblerik. Horregatik gauzak nahiko ondo neurtzen dira. Hanka bat puskatzea adibidez, kristorena da" dio Jonek.
Paretan zaudela eguraldi txarrak harrapatzea da beste kezka bat: "Eguraldi txarra dagoenean, hamakan sartu eta astebete pasa dezakezu horrela. Hori gogorrena da, ez baitakizu noiz bukatuko den, janaria agortzen ari zara, hoztu egiten zara, trasteak egunetik egunera bustitzen doaz, eta gauza hauek pareta batean oso gogorrak egiten dira, batez ere hormaren erdian bazaude eta oraindik pareta asko baldin badaukazu gainetik...". Arrisku handi bat harri erorketak izaten dira. "Bat-batean bero egiten hasten bada, harriak erortzen hasten dira, eta jada horman sartuta zaude... Tentsio gogorrena niretzat horregatik izaten da, zeren ez daukazu nora mugitu, paretan ez duzu mugikortasunik, ezin duzu alde egin". Edozer gertatuta ere, arazorik handiena inora alde egin ezin izatea da. Korrika ez behintzat.
Eta nolakoa da eguneroko bizitza pareta batean? galdetu diogu Joni. "Honelako pareta bat lehenik prismatikoekin asko aztertzen da, elurra edo izotza non egon daitekeen ikusten da eta kalkulatzen duzu horman zenbat egun egon zaitezkeen, eta horren arabera erabakitzen duzu ura lurretik igo ala ez". Eta nola joaten da eguna paretan zaudenean? "Hiru lagun joanez gero, zenbaki ideala hori da, bik eskalatu egiten dute eta hirugarrenak funtzio asko ditu: elurra urtu, petateak igo... Normalean goiz jaikitzen zara, argiarekin, eta gosaria prestatzen duzu". Normalean dio, zeren eta orientazioaren arabera pareta batzuk ez dute eguzkirik ikusten eguerdira arte, eta agian goiz-goizetik eguna argi dago baina 15 edo 18 gradu egiten ditu zero azpitik, eta horrela ea nor ateratzen den eskalatzera! "Kontuan izan behar da paretaren mundua grabitatearen aurkako gerra bat dela, zeren gauza guztiek lotuta edo bi aldiz lotuta egon behar dute; gauzaren bat erori eta galduz gero... orduan, gosari bat prestatzeak denbora asko eramaten du, denbora asko". Jonek gaineratzen du gauza asko errepikatuta eramaten direla, traste bakoitza bere ordezkoarekin.
Gosariaren ondoren, eskalatu, eskalatu eta eskalatu eguna bukatu arte, "baina eskalatzen ari zarenean, denbora oso azkar pasatzen da horman..." dio. Petatean traste ugari eraman beharra dago, egunak pasatzeko behar den guztia. "Lurretik 200 edo 300 kilorekin ateratzen zara, eta noski, pisu hori guztia ezin duzu egunero mugitu eta igo. Horregatik kanpamendu moduko batzuk instalatzen dira paretan, eta noizean behin kanpamendu hori mugitzen duzu. Orduan, egun batzuetan eskalatu egiten duzu, baina egun batean edo bitan kanpamendua puntu batetik bestera mugitzea tokatzen da, eta horrela egun osoa edo bi egun botatzen dituzu pisua igotzen, polea batzuekin, tira eta tira, zaku guztiak igo arte, eta han berriz ere etxea muntatzen duzu, hamakak, zure sukaldea...". Eramatea beharrezkoa den guztia petatean eraman behar da, janaria, ura, lo egiteko behar den guztia, arropa... Janariari dagokionean, komenigarria izaten da norberari gustatzen zaizkion gutiziak eramatea, urdaiazpiko bat, gozokiak edo zukuak... gauzak guztiz ondo ez doazenean irribarrea mantentzeko.
Eta, nola lo egiten da paretan? Zortea edukiz gero, eskalatzaileek horman erlaitz edo terraza apropos bat topatzen badute, bertan lo egiten dute, isolatzailea ipini, eta kito. Arazoa erlaitzik ez dagoenean sortzen da. Orduan hamaka deitzen zaion ohe tolesgarria erabiltzen da, tutuekin egindako egitura duena, eguraldi txarrarentzat sabai bikoitz batekin, kanpin denda zintzilikario bat balitz bezala. Zenbaitetan erlaitz handiak topatzen dira, gela baten neurrikoak, eta Jonek dioenez, "horrek arnasa ematen du; lurretik hastea bezala da. Bestela tentsioa handia izaten da, egunak joan eta egunak etorri eta zintzilik". Eta ezin al zara lotan zaudela hamakatik erori? "Hamakan beti lotuta egiten duzu lo, ezinezkoa da erortzea. Normalean ongi lo egiten duzu, oso-oso nekatuta baitzaude...".
Paretan bizitzeak eskatzen du gauza guzti-guztiak paretara lotuta edukitzea. Edozer gauza egitea, adibidez, lagunari botila bat ur pasatzea bezalako gauza sinple eta arrunta zeharo konplikatzen da. Eta hainbeste lotu eta askatu, askatu eta lotu, erraza da noizbait hanka sartzeren bat egitea eta askatu nahi ez zenuen zerbait askatzea. Petate bat, soka bat edo lo-zaku bat paretan behera erortzeak zure abenturaren bukaera ekar dezake. Jonek esaten zuen bezala, grabitatearen aurkako gerra.


NORBERAREN BEHARRAK NOLA EGIN.

Dagoeneko gehienok pentsatzen arituko zarete nola demontre egiten ote dituzten komuneko lanak astebete, edo hilabete, horma batean pasatzen duten eskalatzaile hauek. Metodo bat, egin beharrekoa paperezko poltsa batean egin, eta poltsa eta barrukoa paretan behera, airera, botatzean datza. Hala ere, Yosemite bailarako Capitan paretaren azpiak estolda baten itxura hartzen hasi omen dira, hara joaten den jende piloa dela-eta... Hauetako zerutiko "opari" batek pareta azpian dabilen norbait harrapatzen badu, imajinatu zer gerta daitekeen. Eta paretan bertan beharrak egitea... okerrago oraindik. Ondorengo eskalatzaileek gero hortik pasa beharko dute eskalatzen. Batzuek "Tupperware" delako ontzi hermetiko batean egin eta eskalada amaitu arte, gailurreraino, eramaten dute aldean beren "komuna". Pixa egiteko botila bat ere erabil daiteke: gizonezkoentzat erraza da, emakumezkoentzat zertxobait zailagoa...
Tira, gauzak pixka bat gehiago konplikatzekotan, Jonek kontatu digun bezala, gerta dakizukeen txarrena beherakoa izatea da: "ez daukazu denborarik maniobrak egiteko, eta brooon! mekaben dios! esaten duzu. Baina normal zaudenean prebisioa egiten duzu. Prebisio bat eduki behar da, ezin duzu minutu batean inprobisatu. Lotuta baitzaude, pareta baten erdian. Kanpamendu batean hamakak jartzen dituzunean, paretaren zati bat uzten da horretarako, beno, hemen egin behar dugu, paretaren zati honetan, zeren zu hortik ezin zara mugitu, ezin da esan 'beno, berrehun metro noa hara, eta gero banator', ez". Lehen esan dugun bezala, inora alde egin ezin izatea... "Azkenean horman mugitzeko aukera bi metrokoa da, hemendik horra eta hortik hona".
Denbora oso azkar pasatzen omen da paretan, 300 metro gainditzeko, agian astebete bota dezakezu. Eta gero beste bi egun kanpamendua tokiz aldatzeko, traste guztiak batu eta txukun jarri. Gauza txikiena egiteko ere denbora ia ohartu gabe pasatzen da, "eta jendeak entzutean horma batean 15-20 egun pasa dituzula, esaten du 'baina nola? zer egiten duzu denbora horretan?' Egia da azkenean gogoa duzula gainean dituzun traste guztiak bota eta ibiltzeko..." dio Jonek.
Horrelako pareta batean zintzilik hainbeste egunetan zehar egoteko, zalantzarik ez egoera mental berezia behar dela. Hain berezia, askori ezinezkoa zaiola horretara iristea, eta horregatik eskaladan porrotak askoz gehiago dira arrakastak baino. Normalean eskalatzailearen joera naturala, behin paretan dagoela, berehala jaitsi nahi izatea da. Gogoa pentsamendu honek gainditzen badu, hurrengo pausoa han ez egoteko arrazoiak bilatzen hastea da. Horregatik kordada asko arrazoi argirik gabe erretiratzen da, baina aitzakia pilo batekin: "eguraldi txarra zetorrela zirudien, ez geneukan ur nahikorik, edo dentistarekin ordua nuela ahaztu zitzaidan..."

.


PSIKOLOGIA.

Pareta handi batean arrakasta lortzeko jarrera jakin eta positiboa behar da eta kontzentrazio handia. Luzaroan motibaturik sentitzeko gaitasuna, zentzu errealista eta ingurunearen apreziazio zuzena beharrezkoak dira, helmuga bat lortzeko motibazioa eta zailtasunak gainditu eta etengabe saiatzea. Eskalatzaileen artean komunikazioa ere behar da: zure lagunarekin efikaziaz lan egiteko gaitasuna. Pareta handi bati aurre egiten zaion bakoitzean sortzen diren aspektu psikologiko hauek guztiak, aspektu fisikoa bezain desafiagarriak izan daitezke.
Kontuan hartzeko beste baldintza bat diruarena da: hauetako mendi bat igotzeko normalean hegazkina hartu behar izaten da, hilabeteak kanpoan pasa, garraiolariak kontratatu, 6.000 metrotik gorako mendietan baimena ordaindu... Zortzimilakoekin konparatuz gero, ez dira mendi ezagunak, eta gainera kirol honetan ez dago ikuslerik, beraz babesle bat aurkitzea zaila izaten da sarri. "Kristoren dirutza utzi dugu", esan digu Jonek, "mendia ez da beste kirolak bezalakoa, ez da popularra. Kirol honetako kirolari batek guztia berak egin behar du: dirua bilatu, bidaia prestatu, entrenatu, eskalatu, gero bueltan egin duzuna kontatu, dokumental bat egin baduzu, muntatu, erakutsi... Beste kirol bateko kirolari batek ez du hori guztia egin behar, egin behar duen gauza bakarra entrenatu eta errendimendu on bat edukitzea da. Mendia beti guztiz desberdina izan da horretan. Batzuetan nekatu egiten zara eta urrutira joateko gogorik ez duzu".
Paretan zurekin dauden lagunekiko harremanak ere oso garrantzitsuak dira, gauzak okertuz gero paretan ez baitago inora alde egiterik eta elkarbizitza espazio txikian gauzatzen delako egun askotan zehar: "lagunekin haserreak izaten dira, baina normalean aurretik oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta badakizu haserrea nondik etor daitekeen. Gainera, normalean ez gara ezezagunekin horma batera joaten, konfidantza handia behar da lagunak nola funtzionatzen duen jakiteko".
Eta, mendizale berezi hauei buruzko solasaldiaren amaierara iristear gaudela, ezin dugu Joni betiko galdera topikoa egin gabe joan: zergatik joaten zara mendira? "gauzak hor goitik ikusteko, zer dakit nik... sentsazio asko, eta gainera zure lagunekin, zeren niri orain esango balidate nire lagun guztiek utzi egingo dutela, ez dutela gehiago eskalatuko, nik ere utzi egingo nuke, jada ez litzaidake interesatuko. Inportanteena lagunak dira, bestela ez da berdina". Adiskidetasuna. Ez da arrazoi makala.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude