ATZO GORI-GORI... GAUR HERDOILAK JOTA

  • Baina Historiaurretik bertatik Euskal Herriak bere ibilbidea burdinaren aldamenean egin du. Erdi Aroan, baldintza fisiko egokiei eta berrikuntza teknologikoari esker, ekoizle hegemonikoa izan zen Europan. Eta, mende batzuk beranduago atzera egin bazuen ere, XIX. mendearen erdialdetik aurrera teknologiaren haria berreskuratu eta euskal ekonomiaren giltzarri bihurtu zen. Ekonomian ez ezik, gure kulturan eta historian ere, burdinak bere arrastoa utzi du.
Burdina gehienbat burdinaz (Fe) osatutako aleazioa da eta historian zehar eman izan zaion erabileragatik, metalik garrantzitsuenetakoa. Baina metal hau ez da libre aurkitzen, beste material batzuekin (zaborrekin) nahasturik baizik. Horregatik, egokitu eta erreduzitu egin behar da eta horretarako beroa behar da. Orduan, burdinari etekina atera nahi dion lurraldeak, lehenik kalitatezko lehengaia eskainiko duten meategiak behar ditu eta lehengaia gorituko duen energia ondoren. Energia hori ikatzetik lortu izan da hasieratik eta horretarako egurra eta, beraz, baso zabalak behar dira. Ur errotak ere erabili izan dira (beti ere industrializazio modernoaren aurretik) eta horretarako sare hidrografiko egokia behar da. Baldintza hauek guztiak betetzen ditu Euskal Herri atlantikoak eta kostaldea ere badu bere produkzioa erraz zabaldu ahal izateko. Industri aurreko aroetan oinarrizkoak ziren zerealetan gabezia handiak izan ditu, gainera, Euskal Herriak. Beste aitzakiarik, beraz, ez zuen behar izan lurralde honek burdinaren munduan murgiltzeko.
Euskal Herria eta burdinaren arteko harreman estuaren hastapenak ezagutzeko Historiaurreraino egin behar da atzera (Burdin Aroraino, nola ez). Badirudi ekialdean sortutako teknikaren ezagutza zeltiarrek ekarri zutela Euskal Herrira. K. a. VI mendekoak dira Euskal Herriko hegoaldean topatu diren burdin landuaren lehen aztarnak. Gerora burdingintza Gipuzkoa eta Bizkaian garatuko bazen ere, Araba, Nafarroa eta Iparraldean azaldu zen indartsuen lehenik. Erromatarren garaian ere, interes eskaseko "saltus"a alde batera utzi zuten erromatarrek, hiruzpalau meategi solte ustiatzeko salbu (Arditurri, Baigorri, Enkarterri, Aiako harriak...). Erromatarren burdinolak "ager"ean bilatu behar dira, beraz. Inperioa deuseztu ondoren, Goi Erdi Aro guztian burdingintzak ez zuen berrikuntza berezirik ezagutu eta haizeola txikiak izan ziren mendeetan jarduera honen oinarri. Ikatza erabiltzen zuten erregai gisa eta intxaur baten tamainako mineral zatiak. Tamaina txikiko labeak eskuz auspoari eraginez berotzen ziren eta horrek produkzioa asko mugatzen zuen. Eta hala ere, apurka-apurka eta kalitatezko burdinak eskainitako pasaporteari esker, Euskal Herri atlantikoa itxitasunetik irteten hasi zen.


URAK DAKARRENA.

Beste lurraldeetara irekitzeko prozesu hau eta horrek ekarri zuen hobekuntza ekonomikoa izugarri azkartu zituen energia hidraulikoak. XII. eta XIII. mendeetan zehar haizeolak desagertuz joan ziren, energia hidraulikoa baliatzen zuten burdinola berrien, zeharrolen, mesedetan. Baldintza fisikoak lehenago egokiak baziren, orain sare flubial oparoari probetxua ateratzeko ordua zen, Euskal Herri atlantikoan bereziki. Horregatik burdingintzaren ardatza hegoaldetik iparraldera mugitu zen. Eta burdinolak baso garaietatik eta mendi gailur haizetsuetatik ibai eta erreka ertzetara. Kantauriko kostako ibar hezeak ibilbide oparoari ekin zioten modu honetan. Bizkaiko Jaurerria bere aberastasun mineralaz profitatu zen eta Gipuzkoak bere lehengai gabezia teknologiaren aplikazio azkarraz gainditu zuen.
Erdi Aroko azken mendeetan euskaldunak Europako burdin industriaren buruan jarri ziren. Bizkaia eta Gipuzkoan 200dik gora zeharrola zeuden lanean 1531. urtean. Burdinola bakoitzak batez beste 1.200 kintal metriko ekoizten zuen urtean. Garai beretsuan Nafarroa iparraldeko haranetan 32 zeharrola ari dira jardunean.
Burdinola hauetan forjaketa sistema erabiltzen da. Errekako urak gurpil hidraulikoa eragiten du eta honek mailua. Minerala kaltzinatu egiten da lehenik, zaborretik bereizteko. Ondoren, sutegian erreduzitu egiten da, gero mailuaren kolpez forjaketa burutzeko. Mailuak metalaren erresistentzia eta zailtasuna ia hirukoiztu egiten du. Erdi Aroaren amaiera aldera altzairua ere landuko da metodo naturalaren bidez, eta Arrasateko ekoizpenek ospe handia hartu zuten.
Burdinginzaren loraldia beste jardun batzuen mesedegarri izan zen. Lehengaiaren eskaerak gora egin ahala, Somorrostroko meategietako lana ugaritu zen. Hala ere, metalaren ugaritasunak eta erauzketa errazak, alor honetan berrikuntza teknologikorik eza ekarri zuen.
Ikazkinei ere lana pilatu zitzaien garaiotan. Txondorretan egiten zen ikatza eta XIV. eta XV. mendeetako Gipuzkoako 110 burdinolek 66.000 tona ikatz kontsumitzen zuten. Horrek esan nahi du 330.000 tona egur behar zirela, soilik Gipuzkoan. Beraz, basogintza ere garatu egin zen burdinaren eraginez. Erdi Aroan dagoeneko, erakundeak basoen gehiegizko ustiaketarekin kezkatuta agertu ziren eta basoen birpopulaziorako neurriak hartu zituzten. Azkenik, merkataritza ere sustatu zuen burdinak. Barne merkataritzak lehengai eta erregaien garraioaren beharrei erantzun behar izan zien. Kanpo merkataritzari dagokionez, euskal ekoizpenak Frantzia, Holanda eta Ingalaterran saltzen ziren, baita, aurrerago, Ameriketan ere. Dimentsio handiko merkataritzak, meagintza eta burdingintza jardueren hazkundeak bezalaxe, kapital kopuru handiak eskatzen zituen eta hori ere iritsi zen. Kreditu sistemak ezarri ziren. XVII. eta XVIII. mendea bitarte, euskal ekonomia Europako potentziekin lehiatu zen burdinari esker.


URAK DAROA.

XVI. mende amaieran, Europa hamaika gerratan murgilduta zegoela, itsas merkataritzak behera egin zuen nabarmen, euskal burdingintzaren kalterako. Bitartean, teknologiak aurrera egin zuen alor honetan: ikatzezko labe garaia hedatu zen, kokea ikatza ordezkatzen hasi zen eta Huntsmanek arragoaren metodoa asmatu zuen altzairua egiteko. Burdinurtua gero eta errazago lortzen dute euskaldunen konpetentzia diren europar burdingileek. Eta bitartean Euskal Herrian ez zen ahalegin berezirik egin berrikuntzak onartzen joan eta burdinaren bide berri errentagarrietan sartzeko (Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak saiakera batzuk egin zituen, baina ez zuen ekoizleengandik erantzunik jaso). Ingalaterrako Sheffield-ek Euskal Herria ordezkatu zuen nazioarteko merkatuaren lehen postuan. Ingalaterra I. Industria Iraultzan murgilduta zegoen; Euskal Herria, aldiz, Erdi Aroko sistema berberetan iltzatua. Nazioarteko erosleak galdu zituen eta Espainiako merkatua geratu zitzaion soilik. Une batez, Andaluzian metalurgiak gora egin eta merkatu espainiarra ere galdu zuen. Zeharrolak euren ateak ixten joan ziren apurka-apurka, industria modernoaren aurrean erreakzionatu ezinik.


BIGARRENEAN, BAI.

II. Industria Iraultza, burdinaren alorrean, Henry Bessemer-en konbertidorearen eta Martin-Siemens labeen eskutik etorri zen. Baina asmakuntza berri hauek gehiago garatu artean, kalitate handiko minerala behar izan zuten eta Bizkaiara etorri ziren lehengaiaren bila, Somorrostrora. Inguru horretako meagintzaren hazkunde berriak ondorio ugari izan zuen, goiko koadroan azaldu dugun bezala. Euskal Herri atlantikoak industrializazio prozesuari ekin zion XIX. mende amaieran, teknologia berriaren aplikazioarekin.
Gipuzkoan, mineral gabeziak metalurgiaren nagusitasuna lausotu zuen nolabait. Papera eta ehungintzarekin batera garatu zen burdin eta altzairugintza. Elgoibarko San Pedro, Unión Cerrajera, Fábrica de Hierros de San Martin eta Patricio Echeverria enpresa handiak salbuespen izanik, enpresa txikiz osatu zen sektorea. Enpresa hauek geografikoki dispertsaturik zeuden, gainera, eta nekazari ingurunean integratu ziren.
Bizkaian oso bestelako eredua jarraitu zen. Industria metalurgikoa Nerbioi itsasadarrean kontzentratu zen eta Gipuzkoan baino askoz pisu handiagoa hartu zuen. The Bilbao River and Cantabrian Railway C.L. izan zen 1870ean labe garaiez hornituriko lehen planta siderurgikoa ipini zuena. II. Gerra Karlistak (1872-1876), ordea, enpresaren etena ekarri zuen. Gerra amaitu eta berehala hiru enpresa berri sortu ziren: San Francisco de Mudela, La Vizcaya eta Altos Hornos de Bilbao. Azpiegitura eta teknologia egokiz horniturik hirurek egin zuten gora urte gutxitan. Baina 1890 eta 1895 urte bitarteko mundu mailako krisiak hiru enpresa bizkaitarretan ere eragingo du. Horren aurrean AH de Bilbao eta La Vizcayak bat egin eta Bizkaiko Labe Garaiak (AHV) taldea sortu zuten 1902an. Euskal burdingintzaren ardatz, AHV talde babestu, monopolista eta autarkikoa bilakatu zen. XX. mendearen hastapenetan egoera itxaropentsua zen (eta ondorengo orrietan ikusiko dugun bezala, itxaropen horiek erraz gainditu ziren). Egun, aldiz, XXI. mendearen hastapenetan gaudela, euskal burdingintzak ez du itxaropenerako arrazoi handirik ematen

BURDINAREN ONDAREAREN GARRANTZIAZ JABETUTA
Burdinak gure herrian izan duen eragina islatzen duten arrasto fisikoak galtzear daude kasu askotan. Horretaz jabeturik azken urteotan hainbat ekimen sortu da burdinaren ondarea berreskuratzeko. Legazpin Lenbur Fundazioa (Legazpi Natura eta Burdina) sortu zen 1997an. Zonalde hura burdinaren inguruan nola eraldatu den ezagutaraztea du helburu eta horretarako hainbat ekintza burutzen du. Hainbat argitalpen karrikaratu du dagoeneko, batzuk Legazpiko jardueraren inguruan eta beste batzuk orokorragoak (azkena, Elena Legorbururen "La labranza del Hierro en el País Vasco" EHUrekin batera berriki ipini du kalean). Mirandaola parkea ere hor da. Bertako burdinola 1952an jarri zen berriro martxan, baina azken urteotan bere aktibitatea areagotu egin da. Uda partean igandero dago publikoari zabalik (azarotik martxora bitarte, hileko lehen igandetan) eta ikusentzunezko bat ere paratu dute horren inguruan. Lenbur Burdinaren Bideak izeneko ekimenaren barruan dago gainera, Zerain Dezagun Fundazioa, Zumalakarregi Museoa, Ormaiztegiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Ekimen honek bisitariari goiz bateko ibilbidea proposatzen dio. Legazpin Mirandaolako parkea da bisitagai, Zerainen aldiz Aizpeako Meategiak; hemen ere ikusentzunezko bat dago prestaturik eta Herri Museora ere joateko aukera bada. Ormaiztegin trenzubia ikusteko aukera dago, baita Zumalakarregi Museora osteratxo bat egitekoa ere. Hitzordua 943 80 15 05, 943 73 04 28 edo 943 88 99 00 telefonoetara deituta egin daiteke

SOMORROSTROKO MEATEGIETATIK ETORRI ZEN IRAULTZA
Euskal Herria aberatsa da hematite eta karbonatoetan, Bizkaia bereziki. Eta Bizkaia barruan Somorrostrokoa da gune nagusia, burdin mineralaren kalitate zein kantitateagatik. Bessemer eta Martin-Siemens sistema berri oinarrizkoak azkar hedatu ziren Ingalaterran XIX. mendearen bigarren erdian. Mineral eskaerak gora egin zuen nabarmen, baina bertako meategietako fosforodun minerala ez zen oraindik aproposa tresna berrientzako. Fosforo gutxiko hematite bizkaitarra behar zuen bere altzairu produkziorako. Mende horretako 60ko hamarkadan esparru honetako legedia liberalizatu eta exportazioak boom izugarria ezagutu zuen. 1876tik 1913ra bitarte, 133 milioi tona mineral atera zen Somorrostrotik eta horren %70 Ingalaterrako portuetara iritsi zen.
Altxor mineral honek ondorio garrantzitsuak ekarri zituen, baina ez bereziki meagintzan. Izan ere, urte horietan berrikuntza gutxi ezagutu zuen burdinaren erauzketa metodoak; Behe Erdi Aroko eskuzko sistema erabiltzen zen oraindik. Eskulan ugari eta merkea eskura izanik mekanizazioak behar zuen inbertsioa ez zen errentagarri. Eskulan merke eta ugaria Bizkaiatik etorriko da hasieran, Euskal Herri osotik gero eta XIX. mende amaierarako Espainiatik langile ugari hurbilduko da. 40 urtetan Bizkaiko populazioa bikoiztu egiten du inmigrazioak. Etorkinak Ibarrezkerran bilduko dira zonalde hau goitik behera aldatuz.
Etorkinez gain, kapitala ere bildu zen inguru honetara eta meategietako akziodunak finantza ahalmen handiko oligarkia bilakatu ziren, Ibarra, Chavarri eta Rivas buru zituztela. Burdin erauzketaren etekinak industria eta enpresa berrietan inbertitu ziren (altzairutegi berrietan kasu).
Gainera, burdina Ingalaterrara eraman beharrak merkataritza eta ontziterian eragin zuen. Bizkaiko portuetatik Ingalaterrara 21 untzi irteten zen astero. Nerbioi itsasadarreko zein meategi inguruetako azpiegiturak ere hobetu ziren ondorioz.
Errentagarritasunaren bila, Ingalaterrara abiatutako ontziak ez ziren handik esku hutsik itzultzen; altzairutegiek beharrezko zuten erregaia ekartzen zuten trukean eta horrek hazten ari zen euskal altzairugintzari bultzada garrantzitsua eman zion.
Somorrostroko burdinak Bizkaiko gizartea eta ekonomia irauli zuen horrela. Egun, Europako burdin iturririk garrantzitsuenetakoa izan zena agorturik dago


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Industrializazioa
Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Industrializazioak loa aldatu zigun

Londres, XVII. mendea. Hiriko artxiboetako dokumentu kriminaletan loari buruzko hainbat erreferentzia jaso zituzten; “lehen loaldia” eta “bigarren loaldia” aipatzen zituzten, baita tarteko esna-aldian egiten zutena deskribatu ere.


Ibilbide geologikoak (IV)
Bodovalle: burdinazko zuloa arrezifea zenean

Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.


400 urteko lurrun makina eta aire girotu nafarrak

Jeronimo Aiantz Gendulaingo margolari, kosmografo eta militarrak XVI. mendean meatzeetako ur filtrazioak konpontzeko lurrun makina asmatu zuen.


Eguneraketa berriak daude