XX. MENDEA: HAZKUNDE DISTIRATSUTIK BIRMOLDAKETA ILUNERA

  • Euskal siderometalurgiak -AHVk bereziki- hedapen ikusgarria izan zuen, gerraosteko lehen garaietan. Beherakada 73an hasi zen petrolioaren lehen krisialdiarekin batera. 80 eta 90eko hamarkadetan birmoldaketa larria izan zuen sektoreak.
AHVk (Bizkaiko Labe Garaiak), bere jarduerarekin jarraitu izan balu, 2002. urtean beteko zuen bere mendeurrena. Haren lurretan, gaur egun, instalazio berri eta moderno bat besterik ez da geratzen. Orain dagoen enpresa horrek, Aceria Compacta de Bizkaia ACBk, garai batean 15.000 langilerekin baino gehiago produzi dezake askoz plantila txikiagoarekin. Ikusgarria da garaiak nola aldatzen diren!
Halaxe da, AHV, 1902an hasi zen 200 enplegatu, 14 ingeniari, 75 kontramaisu, 5.620 langile arrunt eta 230 meatzarirekin, eta 32 milioi pezeta (1,3 milioi libera inguru) baino askoz gehiago ez zen kapital sozialarekin. 147.778 tona inguruko ekoizpena zuen. Gerra zibilaren ondoren izan zuen sekulako hedapena. 1940an Compañia Siderúrgica del Mediterraneo erosi zuen. 1941ean, Sociedad Española de Fabricaciones Nitrogenadas SQA (Sefanitro) sortu zuen. 1946an Aguas y Saltos del Zadorra eratu zuen, Bizkaian zituen lantegiei argindarra hornitzeko, eta Regatoko obrak amaitu zituen ur-horniduraren arazoa konponduta uzteko. 1948an Orconera historikoa erosi zuen. 1950ean Saguntoko labe garaiak handitu zituen.1954an Aceria Siemens osatu zuen, bertako produkzioa bikoizteraino iritsiz. 1958an Laminación en Bandaseko hotzeko ijezkailu edo laminadorea jarri zuen Etxebarrin, Basconia S.A.rekin jabekidetzan. 1960an, Blooming-Slabbing ijezkailu berria jarri zuen Sestaon. 1966an beroko zerrenden ijezkailua hasi zen lanean Ansion. 3.000 milioi pezeta kostatu zen eta AHVk ordurarte egindako obra garrantzitsuena izan zen.
Sozietateko lehendakari gisa, Claudio Boada, 67tik aurrera, eta Villar Mir, 1970ean, izan ziren garai horietako hedakuntza arrapaladatsuaren arduradunak, gerora etorriko zen hondamendia eraginez. Neurrigabeko itxaropen onen garaiak ziren, Barakaldo eta Sestaoko ekoizpena 1.300.000 tonataraino handitu nahi zen, eta horrek %50eko hazkundea esan nahi zuen. Etxebarriko Bandas 300.000tik 400.000 tonatara handitu nahi zen. Ez zuten 1973ko udazkeneko petrolioaren krisialdia aurreikusten, krisialdiak ekarri zuen prezio gorakada aurreikusten ez zuten bezalaxe, eta horrek ondorio oso larri eta sakona izan zuen siderurgia arlo guztian. II. Mundu Gerra amaitu zenetik etengabeko hazkundea izan zuen altzairu gordinaren kontsumo orokorrak erabateko geldialdia izan zuen mendebaldeko herrialdeetan.
Boada, INIren lehendakari izana, 77an itzuli zen AHVra, eta garbi jakinarazi zuen "AHV aurrera atera nahi bada, Euskadiko eta Estatuko Administrazioen laguntza handi bat" beharko zuela. AHVren nazionalizatze estaliaren garaiari ekin zitzaion, AHVren suntsipenari. Entitate pribatuek ez zuten inondik ere bertan inbertitu nahi, negoziorik ikusten ez zutelako. Kreditu ofizial publikoak hasi ziren. Lehenengoa 4.500 milioi pezetakoa, UCDren garaiko Suarezen Gobernuak erabaki zuen, enpresaren saneamendurako eta berregituraketarako, Espainiako Estatua Europako Batasunean sartzeari begira.
Hortik aurrera, lanpostuak galaraziz egindako birmoldaketa prozedurei ekin zitzaien. AHV Taldeko plantila, bere garai onenetan izandako 22.000 langileren kopurua, beheraka eta beheraka hasi zen: 17.000, 12.000, 8.000, 5.000, azkenik plantila erabat desagertarazi arte. 1983-85 bitarteko kopuru batzuk gogoratu besterik ez dago. 1983an, 83.745 milioi pezetako fakturazioarekin, eta 11.064 langilerekin, AHVk 5.390 milioi galdu zituen. 1984an, 98.249 milioi pezetako fakturazioarekin, eta 10.805 langilerekin, 5.321 milioi galdu zituen. 1985ean, 87.655 milioi pezetako fakturazioarekin, eta 10.228 langilerekin, 5.239 milioi galdu zituen. Ondorengo urteetan, salbuespen batzuk kenduz, diru eta langile galerak biderkatu egin ziren.
Aldi berean fondo publikoetako hogeitaka mila milioi pezeta inbertitu zituzten enpresa modernizatzeko. Lortu zen neurri batean modernizatzea, plantila geroz eta gehiago eta modu nabarmenagoan murriztu zen eta berriro etekinak lortzen hasi zen. Baina ez dago irtenbiderik. Siderurgiaren mundu osoko krisialdiak eta merkatarien Europak ez dio irtenbiderik uzten AHVri. Azkenik, Felipe Gonzalezen Gobernu "sozialista" da, 1985-93 bitartean, aurrekaririk gabeko birmoldaketari aurre egin beharko diona. Gobernu sozialistako Barne Ministro ohia, Corcuera, garai batean sindikalista izana, giltzarrietako bat izan zen birmoldaketa hura lortzeko itun sozialaren bideraketan. Espainiako Gobernuan sartu izana, Felipe Gonzalezen sari bat izan zen, "langileen odola" ibaira iritsi gabe lortu zen birmoldaketa anker hartan eskainitako laguntza ordainezinaren ordainetan.
Corporación Siderúrgica Integral, CSI, AHVren birmoldaketa eta suntsiketa gauzatzeko prozedura burutzeko erabili zen baliabidea izan zen. Ensidesan ere bai, nahiz eta Asturiaseko sozietate honek tratu bereziki hobea jaso zuen Gobernu sozialistaren eskutik. Aceralia, CSI publikoaren oinordekoa, sortu zenean, AHV Taldeko hainbat enpresa, esate baterako Etxebarriko Laminaciones de Bandas Bizkaian, Laminaciones de Lesaca eta Perfrisa Nafarroan, talde horretan sartu ziren. Talde honek, aldi berean, ACBko kapitalaren %65 kontrolatzen du.
Birmoldaketaren gizarte mailako ondorioak arintzeko eta langileen "matxinada" saihesteko, ehunka mila milioi erabili ziren. Langileak langabezian uzi zituzten 52 urterekin, baina jubilaziorako 65 urteetara iritsi arte baldintza ekonomiko eta sozialak ziurtatzen zaizkie. AHV 1996ko uztailaren 2an itxi zen ia inolako langile-mugimendurik gabe. Izan ziren mobilizazio bakarrak euskal siderurgiaren suntsipena aldez aurretik ezagutzen zuten sindikatu batzuek bideratu eta kontrolatutakoak izan ziren. Ehunka batzuk, oraindik adin horretara iritsi gabeak zirenak, beste nonbaiten kolokatu zituzten, eta beste batzuk bete-beteko langabezian geratu ziren. Aceria Compacta de Bizkaia, ACB, izango zen euskal siderurgia erabat itxitzat ematearen prezioa. Une horretan, ezaugarri horietako Europako lehenengoa izan zen.
ACB 94ko uztailean eratu zen sozietate bezala. Instalazio berrietako obrak 1995eko otsailean hasi ziren eta, 50.000 milioi pezeta inguruko inbertsioa egin ondoren, 96ko uztailaren 22an atera zen lehenengo labe elektrikoaren lehenengo galda. Lehenengo bobina, berriz, urte horretako urrian atera zen. 350 langilerekin 1.000.000 tona produzitu daitezke. Bere lehen urteko ekitaldian, 35.000 milioi pezetako fakturazioarekin, dagoeneko 2.000 milioi pezetako irabaziak izan zituen. Ondorengo ekitaldietan nabarmen gainditu dituzte irabaziak

NEGOZIOA ERRENTAGARRIA ZENEAN SOILIK SARTU ZEN JOKOAN BANKA
Euskal Herriko burdinaren historia aztertzerakoan aurkitzen den alderdi garrantzitsu bat Bankak siderurgiako eta altzairu berezi eta arrunteko enpresekin izandako jarrera da. Banka oso presente egon da enpresen "oparotasun" garaian, dirua erraz emanez, etekin ederrak "zurrupatzeko" aukera ona zuelako. Hau da, erabat "errentagarri" zitzaionean. Eta bere dirua eta laguntza ukatu egin du "urritasun" garaian, etekin errazik lortu ezin zuenean.
Horrela, euskal siderurgia, nagusiki Bizkaiko Labe Garaien Taldean bildurik, euskal enpresa pribatuaren gotorlekua izan zen 1975ean Franco hil zen arte. Euskal finantza erakundeek -Hegoaldekoak jatorriz eta egoitza sozialez, orduko Banco Bilbao eta Banco Vizcaya- enpresa honen aldeko jarrera hartu zuten hasiera batean, etekin handiak ematen zizkietenean. Beste hainbat banku espainiar eta atzerriko enpresa pribatu ere haien ondoan egon zen garai oparoetan. Horren adibide garbia United State Steel-ena izan zen, 1964an AHVren kapitalaren %25aren jabe egin zenean.
Gerora, UCDren gobernuarekin sozietatea INIren eskuetara igaro ondoren, Banka eta enpresa handiak susmoa hartzen dute euskal siderurgia, aurrez Espainiakoa eta Europakoa bezalaxe, krisialdian sartuko dela. Kapitala eta laguntza alde batera uzten dute. Gerora, birmoldaketa egin, AHV erabat suntsitu eta milaka lanpostu galdu ondoren eta haren ordez, gutxieneko langile kopuru batekin lan eginez, errentagarri izan daitekeen minialtzairutegi konpaktoa, ACB, eraiki zutenean, berriro hasi ziren beren partaidetza eta laguntza eskaintzen. Horrela, ACBren lehenengo bazkideen artean ia euskal eta espainiar finantza entitate guztiak zeuden sarturik, BBK, BBV, BCH, BEX, BBV, Banco Urquijo eta abar.
Antzeko jarrera hartu zuen Bankak Altzairu berezien arloan, azken urteetan inolako aurrekaririk gabeko birmoldaketa eta milaka lanposturen galera izan zuenean. Azkenik hainbat enpresatatik bakar bat geratu zen: Sidenor

ALTZAIRU BEREZI ETA ARRUNTAREN BIRMOLDAKETA
Krisialdiak euskal altzairu berezien sektorean ere eragin larria izan zuen. 1984an Euskal Herrian 11 enpresa zeuden eta gaur egun Sidenor eta GSB taldeak soilik aritzen dira. 15.000 lanpostu inguru galdu ziren.
Lehen ekintza plan bat burutu zen, Aceriales sortu zen eta hainbat enpresa desagertzea eta beste batzuk -V.Luzuriaga, Fundiciones Echevarria, Aceros de Irura, BW.- altzairuaren jarduera uztea eragin zuen. Afora eta Patricio Echevarriak krisialdiaren irtenbidea ekimen pribatuaren bidetik eraman zuten, eta gainerakoek Acenor talde publikoa osatu zuten, eta honek ere porrot egin zuen.
Azkenik, sektoreko enpresa publikoek Sidenor Taldea osatu zuten, eta Orbegozo (Hernani) eta Aceros de Llodio lantegiak itxi zituen. Taldeak Forjas Alavesas (Gasteiz), Olarra (Bizkaia) eta Echevarria (Basauri) bildu zituen, Reinosako Foarsa-rekin batera. Bestalde, Afora eta Patricio Echevarriak beren martxa jarraitu zuten eta GSB taldea osatu zuten, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Olarra enpresa Digeco-Roda eusko-italiar taldeari saldu ondoren, talde hartako gainerako enpresen pribatizazioari ekin zitzaion, eta, aipatutako taldeaz gainera, GSB eta Corporación Alfa sartu ziren. 1995eko azaroan, Espainiako Gobernuak Sidenor Taldea Digeco-Rodaren eskaintzari eman zion.
Gaur egun Sidenor Basaurin Altzairutegi berria irekitzekotan dabil. Bertan 11.400 milioi pezeta inbertitu ditu eta 750.000 tona ekoizteko gaitasuna du. Instalazio horiek gaur egun Gasteizen eta Basaurin dituztenak ordezkatuko dituzte. 1.200 langile baino zertxobait gehiagorekin, 1999an 63.000 milioi pezetako fakturazioa, 649.000 tona inguruko salmenta eta 2.607 milioi pezetako etekin garbia izan zuen. GSBk, berriz, Sidenor baino fakturazio askoz txikiagorekin, eta 1.000 langile baino zertxobait gutxiagorekin, azken urteetan, 2.500 milioi pezetatik gorako irabaziak izan ditu.
Altzairu arrunta. Siderurgiako krisialdiak altzairu arruntean ere bere eragina izan zuen, eta hau ere ia guztiz kontzentraturik dago Euskal Herrian. 1986koa izan zen bere historiako urterik beltzena. 1974an Espainiako Estatuko altzairuaren ekoizpena eta kontsumoa 12,2 milioi tonaren inguruan orekaturik zeuden. Data horretatik aurrera geroz eta desoreka handiagoa sortzen joan zen, eta 1985ean kontsumoa 6,5 milioikoa zen eta ekoizpena berriz 14 milioikoa.
Egoera horretan sektoreak esportaziora jo zuen arren, ezinbestekoa izan zen bisturia ere lanean jartzea. Nahiz eta ez siderurgia integralean bezain modu larrian. Barneko kontsumoa erori zen urteetan, esportazioari esker orekatu zuten sektoreko enpresek. Enpresak hainbat taldetan integraturik daude: Marcial Ucin, J.M. Aristráin eta Celsa katalana, Nervacero eta Arregui euskal lantegiekin

ZUZENEAN EDO ZEHARKA, 40.000 LANPOSTUTIK GORA SUNTSITURIK
Burdinaren krisialdiak lanpostu ugari galarazi du Euskal Herrian azken urteotan. Zuzenean nahiz zeharka. Ez da erraza kopuru guztia kalkulatzea, batez ere 80ko hamarkadan eta 90ekoaren hasieran, siderurgian, altzairu berezietan eta altzairu arruntean galdu zirenak. Kontuan hartu beharra dago siderurgia enpresek, eta oso bereziki AHV taldeak, instalazioetan bertan lan egiten zuten enpresa laguntzaileetan lanpostu ugari eragiten zutela. Instalazioen kanpoko merkataritzan duen eragina ere aztertu beharra dago. Oraingo Sestao eta Barakaldo ikusi besterik ez dago, zenbat negoziok itxi behar izan duen jabetzeko (tabernak, dendak, okindegiak... ). Bertako errolda nabarmen jaitsi da.
Gauzak horrela izanik, AHV Taldea, Altzairu Bereziak, Altzairu Arruntak eta horien enpresa laguntzaileak kontuan hartuz, ez litzateke burugabekeria 35.000 lanpostu galdu direla adieraztea. Eta horien ekoizpen ingurunean kokaturiko kanpoko merkataritza guneetan galdutako lanpostuak gehituz, 40.000ra iritsiko ginateke. Birmoldaketaren aldekoek esango lukete milaka batzuk salbatzea lortu dela pentsatu behar dugula. Birmoldaketarekiko hartzen dugun ikuspegian dago koska


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Industrializazioa
Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Industrializazioak loa aldatu zigun

Londres, XVII. mendea. Hiriko artxiboetako dokumentu kriminaletan loari buruzko hainbat erreferentzia jaso zituzten; “lehen loaldia” eta “bigarren loaldia” aipatzen zituzten, baita tarteko esna-aldian egiten zutena deskribatu ere.


Ibilbide geologikoak (IV)
Bodovalle: burdinazko zuloa arrezifea zenean

Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.


400 urteko lurrun makina eta aire girotu nafarrak

Jeronimo Aiantz Gendulaingo margolari, kosmografo eta militarrak XVI. mendean meatzeetako ur filtrazioak konpontzeko lurrun makina asmatu zuen.


Eguneraketa berriak daude