URTE BERRI ZAILA EUSKAL ARRANTZA SEKTOREARENTZAT


2000ko urtarrilaren 09an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Hasi berria dugun 2000. urtea ez da samurra izango euskal arrantza sektorearentzat, Hego Euskal Herrikoarentzat batez ere. Okerrago izan zitekeen Europako Batasunak (EB) legatz eta antxoa harrapaketak hasieran pentsatu bezain zorrotz murriztu izan balitu; erabaki horren ondorioak gain-gainean dugun antxoa kanpainan ikusi ahal izango genituzkeen. Hala ere, antxoa harrapaketak murriztearen gaineko azken erabakia urteko bigarren seihilekoa arte atzeratu da, Kantauri itsasoko antxoaren egoera aztertzen ari den ikerketa berriaren emaitza jakin arte.
Harrapaketak murrizteak ez du soilik antxoan, eta neurri txikiagoan, legatzean eraginik izango, atun zuriaren harrapaketak ere murriztuko omen baitira aurtengo bigarren kanpainatik hasita. Jakina da atun kanpaina oso garrantzitsua dela gure arrantzaleentzat. Dena den, eta geroxeago aipatuko dugun bezala, agintariak ondorengo hiru hilabeteetan zehar bilduko dira, norberari dagozkion harrapaketa kuotak zenbatean murriztuko dituzten erabakitzeko.


ANTXOAREN ARRANTZAREN GAINEKO ERABAKIA ATZERATURIK.

Bruselako agintariek antxoa harrapaketaren gaineko erabakia urteko bigarren seihilekoa arte atzeratu zuten orain bi aste, espezie horren egoera aztertzen ari den ikerketa berri baten emaitzen esperoan. Orain arte Itsas Ezagutzarako Nazioarteko Kontseiluaren txostenekoak ziren mahai gainean zituzten datu bakarrak. Irlandako itsasoan eta Kantauri itsasoan hurrenez hurren bakailaoa eta antxoa arrantzatzea debekatzeko aholkua ematen zuen txosten horrek eta Europako Batzordeak, azkenean, antxoa harrapaketak % 85 murrizteko asmoa agertu zuen txosten hari jarraiki.
Negoziazio gogorren ostean, tokian tokiko hauteskunde interesek zipriztindurik, batzorde horrek 16.000 tona antxoa arteko behin-behineko murrizketa onetsi zuen, Kantauri itsasoko flotak zeukanaren erdia, 33.000 tona inguru, alegia. Hori dela-eta ez du aurtengo antxoa kanpainan inolako eraginik izango, kanpaina urteko lehen sei hilabeteotan burutzen baita. Baliteke, hala ere, murrizketa berri eta handiak jasatea urteko bigarren seihilekoan, hurrengo kanpainatik aurrera gure arrantzaleen kaltetan izango liratekeenak hain zuzen.
Agortzen ari ote dira Kantauri itsasoko arrantza baliabideak? Bizkaiko Arrantza Teknologi Institutuaren (AZTI) esanetan, antxoa ez omen dago galbidean Kantauri itsasoan, garaiaren eta klimaren arabera egoera oso aldakorra izan badaiteke ere. EBk erabilitako beste txosten zientifiko batzuek, ordea, guztiz kontrakoa diote.
Hego Euskal Herriko arrantzaleak beraiek dira itsas baliabideak egokiro kudeatzearen aldekoak, badakitelako mugatuak direla eta neurrian erabili behar direla. Hala ere, ez dute egoera EBk ikusten duen bezain gorri ikusten. Arrantzaleek ederki asko ulertzen dutena zera da, Kantauriko antxoa salbatzeko alde batera utzi behar direla bolanta eta sare pelagikoa bezalako teknika agortzaile eta suntsitzaileak. Hego Euskal Herriko arrantzaleek debekaturik dauzkate jada, baina Frantziako flotek teknika horiek erabiltzen jarraitzen dute.
EBko erabakiak ez dira arrantzaleen oso gustukoak izan. Lehenik eta behin, Damoklesen ezpatak sektorearen gainean jarraitzen duelako eta bigarrenik, Frantziako flotekin arazo eta liskarrak egon daitezkeelako. Zergatik? 16.000 tona arteko behin-behineko murrizketa dela-eta (14.000 tona Espainiarentzat eta 2.000 tona Frantziarentzat), Hego Euskal Herriko flotak ezin izango diolako Frantziako flotari bere kuota berariazkoaren zati bat eman (9.000 tona Arcachongo akordioaren arabera). Antxoaren kanpainak dirauen bitartean arrantza egiteari uztearen truke frantsesei ematen zaizkien tonak dira horiek. Egoera horrek berriro sortaraziko lituzke aurreko urteetan gertaturiko istilu eta borrokak bi estatuko floten artean. Hori guztia eragozteko asmoz, harremanetan jartzea erabaki dute bi flotek, egoera ikusita akordioren batera iristea zaila izango bada ere.
Hirugarrenik, EBk proposaturiko neurriak, bolantadun arrantzuntziak mugatzea bezalako beste neurri batzuekin batera hartu ezean, ez dira espeziea zaintzeko batere eraginkorrak izango. Euskal kofradia batzuek urtebeteko «lugorria» eskaintzera heldu dira Frantziako flotak teknika pelagikoak erabiltzeari uztearen truke. Azkenik, arrantzaleek ez dute ulertzen zergatik ez duen EBk Portugalek Frantziari ematen dion 5.000 tonako kuota debekatzen Kantauriko antxoaren egoera hain larria bada.
Arraste-arrantzako flotako ordezkariak ere, Ondarroako armadoreen bitartez, legatzari ezarri zaion % 18ko murrizketaz kexu dira, hori, beren esanetan, sektorea arriskuan jartzea delako

Sei urteren buruan 200 untzi berri eraikiko dira Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak datozen sei urteetan 200 untzi berri eraikitzeko aurreikuspena egin du berriki. Honek 20.000 milioi pezetako (800 milioi inguru libera) inbertsioa esan nahiko luke, zeinak Hego Euskal Herriko flotaren erdia berritzeko balioko lukeen. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak urtarril honetan Bruselara igorriko duen agiri batean ageri diren datuak dira honakoak.
Euskal flota berritzeko apustu hau garrantzitsua da oso euskal untzigintzarentzat eta iragan ekitaldian sektore honek izandako gorakada datozen urteetan ere mantentzen lagunduko duena.
Hego Euskal Herriko flota Espainiako bigarrena da eta Gasteizko Arrantza eta Nekazaritza Sailaren arabera, ia 5.000 lanpostu zuzen eta zeharkako beste 25.000 eskaintzen dituzten 474 untzik osatzen dute. Baxurako untziak (366 untzi) dira lanpostu gehien (2.733 behargin) eskaintzen dutenak. Alturako untziak datoz bigarren, 63 untzi eta 864 langilerekin. Hirugarren, izozkailudun atun-untziak (27), 621 langilerekin, eta gero bakailao-untziak (10) dauzkagu, 254 langilerekin. Izozkailudun arraste-flota da untzi eta behargin gutxien dauzkana, 8 untzi eta 135 behargin hain zuzen.
Antxoa eta atun harrapaketen murrizketak nolakoak izan, halakoa izango da Hego Euskal Herriko flotaren etorkizuna. Ondorioz, bere arrantzaleena berdintsua izango da, okerragoa ere izan litekeelarik. Eragin handia izango luke horrek guztiak euskal ekonomian, zeharka 25.000 pertsonari ematen baitio ogibidea arrantzak.
Hego Euskal Herriko arrantza sektoreak birmoldaketa gogorra jasan behar izan du azken urteotan, untzi kopurua erdira jaitsi delarik. 1997an ehun untzi baztertu eta 8.000 milioi pezetako (320 milioi libera) diru-laguntzak eskaini ziren. Agintarien esanetan ordea, beste untzi askoren modernizazioa beharrezkoa da, asko eta asko 20 urtetik gorakoak baitira; eta ezinbestekoa da arrantzaleen segurtasuna, untzien bizigarritasuna eta arraina erabiltzeko arauak hobetzea

ATUN ZURIA ERE MURRIZTU LITEKE
Urte berri honen lehen hiru hilabeteetan erabaki liteke atun zuriaren harrapaketen murrizketaren gainean. Atun Atlantiarra Zaintzeko Nazioarteko Batzordeak bilera egingo du lehen hiruhileko honetan, kuotak zehazteko hartu nahi diren irizpide berrien egokitasunaren inguruan eztabaidatu ahal izateko. Bilera horretan erabakiko omen da hain zuzen, atun zuriaren harrapaketen murrizketa, eta EAEko ordezkariak murrizketaren alde agertu dira arrantza mota hori desagertzea nahi ez bada.
Aipatu batzordeak azaroan Rio de Janeiron egindako 16. bileran Gasteizko Arrantza eta Nekazaritza Saileko ordezkariak izan ziren. Atun zuriaren harrapaketak murriztearen alde neurri are eraginkorragoak hartzearen alde agertu ziren orduan, Harrapaketa Kuota Onargarriaren alde, alegia. Arrantza eta Nekazaritza Saila aspalditik dabil atun zuriaren harrapaketak murriztu nahian, Gasteizko zerbitzu zientifikoek, AZTI institutuaren bitartez, hala aholkatzen dute-eta.
Batzorde honetako herrialdeek atun eta ezpatarrain harrapaketa-kuotak zehazteko irizpideak bere horretan uztea erabaki zuten Rio de Janeiroko bilera hartan. Zentzu horretan, badirudi kuotak herrialdeen eskubide historikoen arabera zehaztuko direla (aurreko urteetan izandako arrantza gaitasuna eta harrapaketa kopurua aintzat harturik) eta ez herrialde bakoitzaren ahalmenaren arabera. Herrialde horiek ezin izan zuten azaroan akordiorik adostu baina momentuz behintzat, uko egin diote kuotak zehazteko irizpide berriak erabiltzeari. Ikusteko dago oraindik erabaki hori batzordeak aurten egingo duen bileran mantentzerik izango duten.
Testuinguru honetan aipatu beharra dago Felix Garziandia pasaitarraren «Análisis estratégico y económico aplicado a la pesca» (Arrantzaren gaineko azterketa estrategiko eta ekonomikoa) liburuaren agerpena. 200 milien kontzeptuak, flota murrizketak, bolantek, lizentziek... arrantza sektorean izan duten eragina du liburuak aztergai. Era berean, Espainiako atunaren % 80 harrapatzen duen euskal flotari datorkion etorkizun iluna argitzeko irtenbideak ere plazaratzen ditu.
Idazlearen esanetan, ezinbestekoa da iparreko atuna arrantzatzeko kuotak ezartzea eta bere erregulazioaren alde egitea. Arrantza desagertzerik nahi ez badugu, harrapaketak mugatu, espezien egoera biologikoa onartu eta arrantzan egiteko euskal arrantzaleen eskubide historikoak errespetatuko dituen legeria egin beharra dago. Espainia osoko atun harrapaketen % 80 euskaldunek egiten dutela aipatu ondoren, merkatuaren bidez harrapaketa motak ezberdintzea proposatzen du egileak, prezioen gorabeherak jasango dituen harrapaketa kopuruari atxikiz. Atunaren erregulazioak gutxienez antxoarena bezalakoa izan behar duela dio Felix Garziandiak: arrantzan noiz egin daitekeen esango duen egutegia adostea, kuotak ezartzea eta arrain-sarrerak mugatzea. Garziandiaren ustez, onartezina dena zera da: «

Mediterranioan zimarroiarekin amaitu duten untzi frantsesak arrantzan hona etortzea. Edo atuna harrapatzeko inguraketa teknikaz baliatzen diren eskoziarrak. Izozkailudun atun-untziak Kantauri aldera etor ez zitezen debekatu zen teknika hori eta etortzen baziren, inolako muga edo murrizketarik ez zegoelako zen
»


Azkenak
“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


Azpiegitu handiak
Osasunak bat egin du Nafarroako AHTren aldeko Plataformarekin

Osasuna futbol taldeak bat egin du Nafarroako Abiadura Handiaren aldeko plataformarekin, azken honek ostegun honetan jakinarazi duenez. UGT sindikatuak eta Eraikuntzaren Industrializatzearen Aldeko Nafarroako Klusterrak ere bai.


Bilboko etapa Palestinak “irabazi” zuela azpimarratu dute, eta protestan jarraitzera deitu

Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu ditu adingabeen artean Macsonrisas-ek

Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.


Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion

Asteleheneko bileran helarazi zioten asmo hori enpresa batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.  


Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeei eraso egin diete Errioxako Cervera herrian

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]


2025-09-05 | Gedar
Gaztetxea lortu dute Etxaurin

"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".


“Hondarribiko alardearen bi aldeak parez pare jartzea da zilegitasun bera ematea zapaltzaileari eta zapalduari”

Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]


Eguneraketa berriak daude