URTEBETEKO SU-ETENA: BERKOKATU ETA SEGI AURRERA

Urtebete iragan da ETAk 1998ko irailaren 16an su-etena iragarri zuenetik. Beste urtebete su-eten honen lurreratzea ekarri zuen Lizarra-Garaziko Adierazpena sinatu zenetik.
Bi hauteskunde izan dira Euskal Herrian tarte horretan: EHren sorrera; EAJ eta EA koalizioan aurkeztu ziren iragan ekaineko hauteskundeetan, banatu zirenetik 13 urtera; ETA eta Espainiako Gobernua ofizialki bildu dira, Aljerreko elkarrizketen ondoren lehenbiziz; Lizarra-Garaziko alderdiek deituta manifestazio jendetsuak ikusi dira kalean; EAJ, EA eta HBk Aberri Egun bateratua ospatu zuten; Udal Ordezkarien Biltzarra eratu da; espetxeratutako HBko Mahai Nazionalaren kaleratzea... Makinatxo bat gauza gertatu dira eta beste makinatxo bat ez: euskal preso politikoek sakabanatuta jarraitzen dute; ez da alderdi guztien foro bateraturik eratu; EAE eta Nafarroako Foro Komunitatearen arteko harremanak bere horretan dirau, hots, ia ezertan; biolentzia eta errepresio guneak hor dira, hori bai, azkeneko urteekin konpara ezineko neurrian...
Ondorioa: euskal gizartea, ororen gainetik, pozik dago baina duela urtebete hasitako prozesu politikoa geldi dago. Bi aktore nagusietakoek –Espainiako Gobernuak eta ETAk– hala adierazi dute, elkarri errua bizkarreratuz.
Abertzaleen artean, urrats ikaragarriak eman badira ere, ez da kontraesanik falta izan, eta batzuetan tira-bira gogorrak agertu ere bai, ETAk EAJko sektore batzuei «bake prozesu ustela» abiarazi nahi izatea egotziz, eta EAJk «ETAren tutoretzarik» ez duela onartzen erantzunez, ETAri berean kabitu dadila eskatuz.
ETAri prozesuaren tutoretza hori ukatzen diote ia aktore politiko guztiek; ezker abertzaleak, ostera, ETAk eztabaida politikoan esku hartzeko duen eskubidea aldarrikatzen du. Giro politiko orokorrean, dena den, oso barreiatua dago ETAren tutoretza ahalegin hori eta, nahi ala ez, oraingoz horrela da. ETAren 40 urtetako jarduna –areago ezker abertzalearen baitan izan dena eta denarekin– nekez ezaba daiteke batetik bestera. ETAri armak isilaraztea eskatzen zitzaion eta armak isilik daude. Gero gerokoak.
Espainiako Gobernuari dagokionez, urtebetean egin daitekeena baino dezente gehiago egin zezakeen. Lizarra-Garaziko alderdiez gain, PSOE ere ados da horretan. Politika penitentziarioa Aznarren borondatearen icebergaren tontorra besterik ez da; ur azpian dira ETAren –arrazoi osoz– diskrezio ezaren salaketa, errepresio neurri batzuk, Lizarra-Garaziko untzia urperatzeko komunikabideen erabilera gaiztoa, HBko Mahai Nazional espetxeratuaren auziarekiko presioak eta beste zenbait jarrera.
Jaime Mayor Oreja Barne Ministro donostiarra ei da erruduna; Javier Zarzalejos ETArekiko negoziazio taldea gidatzen duen bilbotarrari gailendu ei zaio, Aznar gobernuburuaren nondik norakoak bideratzerakoan.
Geroak erakutsiko digu jarrera eta akatsei buruz. Orain, duela urtebete hasitako prozesua, bake prozesu bihurtzean datza gakoa. ETAren behin-behineko su-eten hau, ETAk jarduera armatua behin-betiko uzteko lehen urratsa dela esan da leku askotatik; hori izan liteke, akaso, ETAren borondatea, eta hala gerta daiteke gauzak txukun egiten badira. Egun aldiz, ezin da ahaztu –eta hala gogorarazi behar da– ETAren su-etena behin-behinekoa dela eta armak berriro erabil ditzakeela. Desioen mundutik errealitatera jausi eginez, hori da ahaztea komeni ez dena. Ezin ahantzi, halaber, Irlandako bake prozesuak 18 hilabete behar izan zituela britainiar gobernuak zerbait serioari ekiteko.
Prozesuaren aktore guztiak dira ados geldiunearen definizioan, zergatien analisiak desberdinak badira ere. Geldiunea izan liteke, zalantza barik, baina beste kontzeptu garrantzitsu batez ere hitz egin da zerbait, nahiz eta garrantzi handirik ez zaion eman: berkokatzea. Urtebete iragan da, urte honek bere funtzioa bete du eta orain bake prozesuari martxa emateko ordua da. Lizarra-Garazikoen artean bake prozesua eta eraikuntza nazionalaren arteko dialektikak ika-mika bat baino gehiago eragin du, PPk eta PSOEk nahi eta diotena baino askoz gutxiago, dena den. Berkokatzea iragartzen du Adierazpenaren urteurreneko agiriak baina eraikuntza nazionalean aurrerapausoak ere bai: hilaren 18ko Udal Ordezkarien Biltzarraren zehaztea izango da lehen urratsa; ikusiko da ezker abertzaleak nahiko lukeen Parlamentu Nazionala nola gauzatzen den.
PPk eta PSOEk, bitartean, kementsu jarraitzen dute Lizarra-Garazitik jarritako zubiei muzin eginez. Prozesu hau bake prozesua bihurtzeko, bi munduen arteko adostasun gune bat eraiki beharko da bederen eta gune hori ez da zehaztu oraindik. «Euskal erabaki esparrua» da abertzaleen gune hori; ETAk behin-betiko armak uztea eta negoziazio `tekniko' bat –armak presoen truke– PP eta PSOEren gunea. Indar harreman horien artean ari da borrokan Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria, bere Foroa eratu gura gabe, adostasun gune hori zehaztu artean. Foroa bera –edo antzeko zerbait–, ordea, ezin balia daiteke erdigune hori zehazteko? Arriskua handiagoa da baina bigarren fase honetan mundu guztiak arriskatu beharko du gehiago. Hori da bederen munduko bake prozesuen eskola desberdinetan ikasten dena.
Aktore guztiek onartu behar dute beren erantzukizun maila, herritar xumeenetik hasi eta politiko garrantzitsuenetara. Gaur egun, Estatu espainiarra gidatzen duen heinean, argi dagoena da Espainiako Gobernuak duela erantzukizunik handiena, gutxienez bake prozesu serio bati hasiera ematerako orduan

ETAren su-etena indarrean urtebetez
98-9-12.
EAJ, HB, EA, IU-EB, AB, Batzarrre, AAB, Senideak, Elkarrik eta beste alderdi eta elkarte ugarik Lizarrako Adierazpena sinatu zuten.

98-9-16.
ETAk su-eten mugagabea eta baldintzarik gabekoa –hilaren 18an sartuko zen indarrean– iragarri zuen.

98-10-2.
Lehenbiziko noraezaren ondoren, Espainiako Gobernuak bake prozesuari ekiteko prestutasuna agertu zuen.

98-10-25.
Hauteskunde Autonomikoak EAEn. Euskal Herritarrok indarra aurkezten da lehenbiziz. EAJ izan zen irabazle eta EHk eta PPk gorakada nabarmenak izan zituzten. Lizarra-Garaziko alderdiak garaile atera ziren.

98-11-3.
Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuburuak ETArekiko kontaktu zuzenak bahimendu zituen.

98-12-5.
HB eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak bildu ziren Briviescan.

98-12-9.
EHren sostenguarekin Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari izendatu zuen EAEko Legebiltzarrak.

99-1-9.
Lizarra-Garaziko alderdiek eta beste elkarte ugarik egindako deialdiari jarraiki, Bilbon egin den manifestazio jendetsuenetakoa izan zen euskal presoen eskubideen alde.

99-2-6.
Euskal Herriko Udal Ordezkarien Biltzarra eratu zen Iruñean.

99-2-18.
EAJ, EH eta EAk biolentzia guztien aurkako adierazpena adostu zuten Gasteizko Legebiltzarrean; biolentzia gainditzeko, bake prozesuan sakontzearen aldeko apostuan indar egitea erabaki zen.

99-3-9.
Polizia frantsesak ustezko sei etakide atxilotu zituen Parisen. Hurrengo egunean, Polizia Nazionalak beste bederatzi pertsona atxilotu zituen Gipuzkoan, ustez Donostia Komandoarekin zerikusirik zutela eta. Ondorengo egunetan, Guardia Zibilak atxiloketa berriak egin zituen, besteak beste, Mikel Egibar, HBko nazioarteko arduradun ohia.

99-3-20.
HBko Donostiako egoitza miatu zuen Guardia Zibilak, besteak beste 18 ordenagailu eramanez.

99-3-20.
Jose Luis Geresta ustezko etakidea hilda agertu zen Errenteriako zelai batean, tiro batekin buruan eta pistola bat aldamenean. Ezker abertzaleak gerra zikinari egotzi zion hilketa. Bertsio ofizialik ez zen egon baina, orain artean, Ertzaintzak suizidioaren hipotesia lehenetsi du. Zalantza ugari argitu gabe daude oraindik.

99-4-4.
Aberri Eguna. Milaka lagunek jarraitu zituzten EAJ, HB eta EAk goizean elkarrekin antolatutako ekitaldiak.

99-4-10.
Lizarra-Garaziko alderdiek deituta, dozenaka milaka pertsonek manifestazioa egin zuten Bilbon, «Bakea eraikitzen, Euskal Herriak du hitza» lelopean. Getxoko PPko zinegotzi baten etxebizitza eta autoaren aurkako sabotaiak kalte handiak eragin zituen eraikuntza osoan.

99-4-16.
Zabor edukiontziak erretzen harrapatu zuten Iruñeko polizia nazional bat Txantrea auzoan.

99-5-18.
1999-2003ko legealdirako akordioa sinatu zuten EAJk, EAk eta EHk.

99-6-13.
Udal eta Foru hauteskundeak EAEn eta Nafarroan autonomikoak ere bai. EAJ eta EA elkarrekin aurkeztu ziren, espero baino emaitza kaskarragoa lortuz. EHk gora egin zuen, batez ere Nafarroan.

99-6-28.
Gobernu Militarrari hamabost koktelez eraso egin zioten Gasteizen.

99-7-21.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, espetxeratutako HBko Mahai Nazionala aske uztea agindu zuen.

99-8-20.
Sevillan, Presoekin Elkartasun Taldeko bi kide,

giraldillaz
mozorroturik, 20 minutuz izan ziren eszenario gainean Atletismo Mundialetako hasiera ekitaldian, mundu osoari «Repatriation bask prisoners» leloa erakutsiz.

99-8-25.
Espainiako Gobernuburu Jose Maria Aznarrek «bake prozesua geldirik» zegoela iragarri zuen. Maiatzean ETArekin egindako bilera ofizialaren ondoren, bigarren bilera bat ez zela egin publiko eginez. Errua ETA eta HBri egotzi zien.

99-8-26.
ETAren prentsa ohar batek, erakundea eta Espainiako Gobernuaren arteko «komunikatzeko bideak» blokeatuta daudela iragarri zuen. «Gutxieneko diskrezio» eza eta «gatazka armatua elkarrizketaren bidez gainditzeko heldutasun eza» leporatzen zion Gobernuari.

99-8-28.
Komunikatu luze bat medio, ETAk prozesuaren geldiunea azpimarratu zuen eta EAJren sektore batzuei ausardia eza leporatu zien.

99-8-31.
EAJk ez duela ETAren tutoretzarik onartzen jakinarazi zuen


Azkenak
Aroztegiko epaiketaren kronika (bosgarren eguna)
Frogarik gabe, zigor eskaera gogorra auzipetuen gainean

Fiskalak eta akusazio partikularrak zazpi auzipetuen zigor eskaerak berretsi dituzte, 46 hilabeteko kartzela zigorra eta 56.000 euro enpresei egindako kalteen ordain gisa. Auzipetuen abokatuek absoluzioa eskatu dute. Epailearen eskuetan geratu da erabakia.


Arabako zentral fotovoltaikorik handienari baimena eman dio Espainiako Gobernuak

231.000 panel jarriko dituzte, Arabako hego-mendebaldeko ehun hektareatan zehar: Armiñonen. EUskal Herriko bigarren eguzki parke handiena izango da.


2025-05-23 | Gedar
Preso politikoei harrerak egitea debekatzen saiatuko dira berriz Espainiako Estatuan

PPk Senatuan proposatu du, gainera, euskal preso politikoek damua erakutsi behar izateko xantaia areagotzea.


2025-05-23 | ARGIA
Arantxa Tapia fitxatu duen enpresak diseinatuko du Jaurlaritzaren mila milioi euroko inbertsioa

Maiatzaren 22an EAEko Legebiltzarrak mila milioi euro zorpetzeko lege proiektua onartu du “zientzian, teknologian, enpresan eta industria sektorean eragiteko”. Naiz hedabideak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak KPMG Asesores SL enpresari eskatu dio plana... [+]


2025-05-23 | Irutxuloko Hitza
Aldi baterako alokairu kontratuen “iruzurra” salatu du Donostiako Stop Kaleratzeakek

Donostiako Parte Zaharreko maizter batek 11 hilabeterako alokairu kontratua bost urterako legezko kontratu bihurtzea lortu du.


Netanyahuk dio ‘Palestina askatu’ dela gaur egungo ‘Heil Hitler’

Washingtonen Israelek duen enbaxadako bi langile tiroz hilda agertu eta gero egin ditu adierazpenak Netanyahuk. Israelgo Gobernuak zuzenean lotu ditu Washingtongo erasoak eta  Europako zenbait gobernuburuk Gazako sarraskiaren aurka egindako adierazpenak.


Seaskaren baliabideak emendatzeko eskatu diote Frantziako Hezkuntza ministroari Ipar Euskal Herriko parlamentariek

Maiatzaren 21ean bidali diote gutuna Elisabeth Borne Frantziako Hezkuntza ministroari Ipar Euskal Herriko sei parlamentariek. Dagoen ikasle kopurua ikusita, ikastoletarako aurreikusi dituzten lanpostuak "aise gutxiegi" direla deitoratzen dute gutunean. Kexua adierazteko... [+]


Eibarko Udalak jai batzordeari jarritako oztopoak salatu dituzte

Eibarko San Juanetara begira, Eibarko jai batzordeak udal-gobernuaren eta alkatetzaren aldetik jasotzen ari duen jarrera salatu du. JHH Jaixak Herrixak Herrixandakoak batzordeak luzatu proposamenak "arrazoirik gabe" errefusatu dituztela deitoratzeaz gain, Udalak... [+]


2025-05-23 | Elhuyar
Ipar globaleko konpainia gutxi batzuk dira baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazken arduradun nagusiak

Ehun konpainia multinazional baino ez daude baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazka guztien % 20aren atzean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketak agerian utzi du iparralde globaleko herrialdeetako konpainiak baliabideez... [+]


“Arau askorekin jaten ikasten badugu, agian ez ditugu gorputzaren beharrak nabarituko”

Mireia Centeno Gutierrez psikopedagogoak haurren elikaduraren inguruko zenbait gako eman ditu; hala nola jatera behartzeak eta jakiak debekatzeak dituen ondorioak aipatu ditu.


Aroztegiko epaiketaren kronika (laugarren eguna)
Taldean erabakita, dena era baketsuan egin zutela esan dute auzipetuek

Ostegunean auzipetuek deklaratu dute, eta haien adierazpenetatik honakoa laburbildu liteke: Lekarozko plazan edo akanpadan biltzen ziren herritarrek taldean erabakitzen zuten zer egin; oro har, obren eremura joan eta makinen aurrean era pasiboan jarri.


2025-05-22 | ARGIA
Bizilagunekin plataformak ‘Donostia Tropikala’ festa egingo du maiatzaren 30ean

Ekimen honekin tonu alai eta ironikoan salatu nahi dute aldaketa klimatikoa eta turistifikazioa elkar elikatzen ari direla, eta horrek "gure hiria eta lurraldea merkatuaren logikaren esku uzten" dituela.


Eguneraketa berriak daude