"GIPUZKOAN BAINO EZ DAGO BERTSOLARITZA ZIURTATUA"


1999ko ekainaren 20an
L

esakako Nabaz auzoko Haritzpe etxean bizi da Arozena-Albizu sendia; Bortziriak eskualdean. Seme-alabak beren zereginetan zeudela, Maria Doloresekin batera hartu gaitu Manolo bertsolariak, baita segituan kontu-kontari hasi ere.
Goizuetan orain 50 urte denek egiten zuten bertsotan; Batista Madariagak errana da hori. Gure familia ere oso bertsolaria zen. Nire aita ez zen plazan sekulan ibili bertsotan, baina bertso zaharrak eta bat-batekoak asko kantatu zituen. Badago, nire aitonak –Andres Mitxelena, Mitxelena aranoarra– bere andregaiari utzita bertso jarriekin eginiko disko oso ezagun bat, Xabier Letek egina. Nik aitona ez nuen ezagutu, amona berriz bai. Amonak bertso doinu eta betso zaharrez osaturiko ikaragarrizko almazena zuen, eta umetatik bertso doinu zahar pila ikasi genituen...

Umetatik bertsozalea, eta gaztetatik lanean zaildua. Artean gazte eta berde zinela, Mutrikun egin zenuen lan. Kalkuluak eginda, gazte ezkondua, ezta?
Kalkuluak eginda? Guk kalkuluak ez ordea (kar, kar, kar.. bikotearen irri algarak). Baserrian zortzi seme-alaba izanik, gazte hasi ginen lanean, Añorgako Rezola lantegian ni. Enpresa honek harrobi bat hartu zuen Mutrikun, eta hara joan ginen lanera, soldaduskan modura, barrakoi batean jan eta lo egiten genuen, baita neskekin ibili ere. Artean, soldadutza egin behar izan nuen, urte eta erdiko seme bat izanda ere. Handik bueltan, kamioi batekin hasteko gogoa nuen, eta ordutik kamioilari aritu naiz, lehenbizikoz anaiarentzat eta gero autonomo bezala. Lesakara lanera etorri ginen orduan.

Lesakara heldu eta bertsotan hasi al zinen?
Mutrikun ere aritzen nintzen bertsotan; lagunekin tarteka. Lesakara etorri eta urteak pasa ziren bertsotan hasteko. Orain 24 urte etorri ginen eta plazan bertsotan duela 11 hasi nintzen. Artean, etxean, familia eta elkartean baino ez nuen kantatzen. Pablo Iantzi saria hasi zen Nafarroan –Nafarroako Txapelketa izatera pasa zen gero–, eta nik hura jarraitzen nuen, baina beti kanpotik. Lagunak-eta beti gainean, beti bultzaka ari zitzaizkidan: «Benga hi, atera». Eta atera ere. Ateratzeko horri ezin beti ezetza eman...

Txapelketaren hasieran plazaratu zinen. Plazaratze hori Bortzirietako bertso eskolaren dinamikarekin batera izan zen?
Bai, halaxe izan zen, nik uste. Bertso eskolen sorrera eta aurrera joate horrekin bateratsu, eta ni harroago naiz txapelketatik kanpo egin dudan edo egin dugunagatik, txapelketetan egin dugunagatik baino. Kontua da, bertsotan hasi eta segidan etorri zela Lontxo Aburuza. Bera ikastoletan ari zen bertsolaritza lantzen gazteekin, eta hemen zeuden gazteekin zerbait egiten ahal zela erran zidan. Estitxu Fernandez, Estitxu nire alaba, Xabier Silveira eta Iñigo Olaetxeak 8. maila bukatu ondoren, horiek eskolan bukaturik bertsotan gehiago ikasterik ez zutela izanen eta beste aukerarik sortu beharra zegoela-edo. Bittor Elizagoien eta biok bertso eskola irekitzea erabaki genuen orduan.

Bertsolari andana bat atera da Bortzirietatik. Azken urteotan ez dago halakorik. Eskolen arteko txapelketan maila jaitsi omen da. Zaila al da bertsolari berriak ateratzea?
Eskola arteko txapelketara Bortzirietakoak joaten dira beti. Nafarroako beste lekuetatik ez dira ateratzen. Nafarroako beste eskualdeetan ez da behar bezalako lanik egiten. Iruñerrian izan ezik, ez da bertsotan erakusten eskoletan –Goizuetako salbuespena, bertan Joxema Leitza ari da–. Iruñerriko hainbat ikastetxetan Estitxu biak ari dira, besterik ez. Beraz, oso zaila da bertsolaririk ateratzea. Bortzirietan hiru bertso eskola daude bestalde, Bera, Etxalar eta Lesakan. 35 bat gazte ari dira guztira. Kontua da, hasiera hartan zorte handia izan genuela. Bertso eskola hasi eta lau urtera lau bertsolari plazetan aritzeko ateratzea ez da gertatzen beti. Dena den, hor dator Xabi Terreros, eskola arteko txapelketan irabazle izan dena.

Bertsolaritza ziurtatua ikusten al duzu? Nola ikusten duzu bertsolarien egoera eskualdetik eskualdera?
Nik uste, bertsolaritza ziurtatua Gipuzkoan baino ez dago. Bizkaian ere ondo dago, baina hiruzpalau gazte baino ez dabiltza: Iturriaga, Elortza, Iratxe edo Oihane. Txapelketetan 40 gazte ikusten ditugu, baina gero plazetan betikoak. Nafarroan bestalde, badago plazetan dabilen dozena erdi bat, baina hala ere, horrek ez du bertsolaritzaren geroa ziurtatzen. Gipuzkoan bai, baina bertsolari askok ez du kantatzen. Eta jarraipena ziurtatua ikusten den eskualdean egoera mingarriena bizi dute bertsolariek. Adin guztietako 80 bertsolarik ez dute ia-ia kantatzen. Beraz, bertso eskoletan erakusteaz aparte, bertsoaz nola gozatu eta bertsoak nola zabaldu sustatu behar dute herriko elkarteek, nik uste.

Iparraldean are zailago oraindik...
Iparraldean berdin edo okerrago. Iparraldean orain urte batzuk agertu zen hemen ere arazo izan daitekeena. Urko Atxotegi eta Nagore Fernandez atera ziren, baina 16 urtera iritsita, ikasteari eman zioten lehentasuna, eta normala da horri lehentasuna ematea. Orain ere badago beste taldetxo bat Iparraldean, baina nork erraten digu ikasketak direla medio utzi beharko ez dutenik; eta Nafarroan berdin. Dozena erdi bertsolarik ez du bertsolaritzaren geroa ziurtatzen.

Zuregana bueltatuz, familiatik datorkizu bertsolari sena. Zein bertsolari edo zeintzu izan dituzu eredu, ordea?
Umetatik, nahiz ni baino askozaz zaharragoa ez izan, Jon Lopategi izan da nire idoloa. Lopategi nire barrenean eramatea desiratzen nuen gaztaroan. Gero, Xabier Amuriza plazaratu zenean, Lopategi nire idoloa ahantzi gabe, Amuriza zale bihurtu nintzen edota ginen, ni eta beste asko, alegia. 1980-82ko Xabier Amuriza hura ikusi izan ez banu, Baldako txapelketak haiek irabazten, uste dut ez nintzatekela sekula plazaratuko bertsolari gisa. Amurizak xarma berezi bat sortu zuen bere plazaratzean. Guk somatu genuen Amuriza mantso-mantso bertso egiten, eta beste batzuk jende aurrean ere proba egitera ausartu ginen. Xabier Amuriza plazaratu izan ez bazen, ez nintzen plazaratua izanen, seguro.

Handik hamar bat urtera, Nafarroako txapelduna atera zinen, hiru aldiz bakarka eta beste bat taldeka. Bertsolaritzaren booma deitu garaian, eta zure idoloen ondoan plazan kantari...
Nafarroako txapelketetan gogotsu aritu nintzen. Iparraldeko Eiheralarren debutatu nuen, bigarren atera; eta hurrengo urtean, berriz bigarren Iruñeko Gaiarren. Hurrengo urteetan, lau txapela jantzi nituen eta hark halako harrotasun intimo bat eman zidan. Bertsolaria sentitu nintzen. Horretxek eman zidan Lopategi eta Amuriza edota Egaña batekin bertsotan aritzeko aukera. Behin Lesakan bertso saio bat zela-eta, artean plazan kantatu gabe, elkartean afaltzen ari ginela, Lopategiri esan nion: «Ene bizi guzian hire ondoan bertsotan aritzea desiratu diat, eta egun hire ondoan». Gero, desiratze hori errealitate bihurtu zelarik, bada, ezin sinetsirik...

Txirrindularien modura, orduan. Gaztetako idoloaren ondoan sprintean ari dela ikusirik, ezin sinetsi...
Bai, halako zerbait. Nire kasuan haiekin sprintatu bai, baina irabazi sekula ez ordea (kar, kar, kar).

Nafarroako Txapelketaren palmaresean begiraturik, eztanda moduko bat da zurea. Iritsi, puntakoekin batera aritu eta aro bat markatu. Gero, beherakada etorri zen. Zure belaunaldikoak utzi, gazteak gogor etorri...
Ni hasi nintzenean giro ona zegoen. Bi aldeetako txapelketa egiteak giro polita sortzen zuen, halako tema bat izaten zen: «Iparraldetik lau sartu dira finalean, Hegoaldetik beste hainbeste, joño...». Gazteak hasi ziren sartzen, eta ez dakit, Iparraldekoak hizketaren ulermenagatik hasi ziren pixka bat atzeratzen. Normala ere bazen, 10 urtetan txapelketan aritu ondoren gainera, urtean zehar oso plaza gutxi eginda lehian aritu behar...

Bortzirietako talde berri honek garai berri bat zabaldu zuen eta «zaharrak» pixka bat gainditu nolabait ere.
Bai, hori ere egia da. Gazte talde bat atera zen hemendik, eta bertsolari askok bere burua desfasaturik ikusten zuen-edo. Nahiz Iparraldea hemendik, zuzen begiraturik, bost kilometrora baino ez izan, gaiak arrunt ezberdinak ziren batentzat zein bestentzat. Espainol hitzak sartzen ziren –eta dira– tarteka. Gogoratzen naiz Txapelketa Nagusiko kanporaketa Lesakan zela, eta Jean Pierre Mendibururekin aritzea egokitu zitzaidala. Gaia hauxe: «John Benjamin Toshack-ek janen ote du turroia datozen Eguberrietan Donostian?». Mendiburuk berriz, bere baitarako-edo: «Toshack, turroia». Helduiok horri bat-batean Iparraldekoa izaki.

Zuk azken txapela irabazi ondoren gazteok gora egin zuten edo zuek helduok behera egin zenuten?
Gazteek gora egin dute, dudarik gabe. Nafarroako Txapelketa segitu duena berehala ohartu da, duela hamar urte eta gaurkoa konparatuz, teknikoki konparaziorik ez dutela. Nik azken txapela irabazi nuenetik ez dut goiti egin, eta aurten Lesakan jokatu den finala oso adierazgarria izan da zentzu horretan. Bertsolari zaharrena Bittor Elizagoien txapelduna izan da, 35 urtekoa. Gainontzekoak bera baino gazteagoak izatea esanguratsua da oso.

Oraingo bertsolari batzuk karreradunak izaki, nola moldatzen zarete?
Gai guztiak hartuta, bada, lantzerakoan abantaila daukate gazte ikasi hauek. Baina, ni deitzen banaute herri batera, gai-jartzaileak badaki nire alorra zein den; beraz, bera arduratuko da nirekin ikustekorik ez duen gaia ez jartzen. Txapelketatik kanpo ez dago arazorik. Helduon eta gazteagoen artean naturaltasun osoz bizi dugu hori, berek badakite gurekin alferrik dela bertsotan aritzea gu trebe ez garen gaietan.

Garai hoberenak joanik ere, hor segitzen duzu. Nola daramatzazu kamioilari eta bertsolari izate biak?
Garai hoberenetan 50-55 plaza egiten nituen urtean, eta gaur egun erdia-edo. Beraz, kamioilari batentzako –autonomoa bada, nire kasuan bezala–, saio batengatik lana uztea gogorra da, kamioia geldirik baldin badago ere, gastu haundia baitauka. Orduan, kamioiarekin egin behar zen lana egiten saiatu naiz, eta gero bertsotan ahal moduan, askotan presaka eta nahiko lorik egin gabe, hor ibili naiz. Gure mailako bertsolariek ezin dute kantatzeagatik lana utzi, noski.

Bertsolaria herri xumetik hurbil eta boterearekiko kritikoa izan omen da. Iritzi horretakoa al zara zu?
Beno, kasualitatea den-edo, baina bertsolari gehienak ezker abertzalearen inguruan mugitzen dira. Ez dakit hala izan behar duen edo ez, eta bertsolari izateko ezkerreko izan behar den ere. Ez eta bertsolaria zarelako horrela posizionatu ere. Ezetz uste dut edonola ere. Nik bertsotan beti ere naturaltasunez egin beharra ikusten dut, bertsolari bat ez da herri xumearen bozeramailea derrigorrez izan behar. Egia da hala gertatu dela, Euskal Herrian, gure egoeragatik, bertsolaria premia handia dutenen alde jarri baita, eta gure herrian, asko dira zigortuak eta sofritzen dutenak... Hemendik aurrera, ezker edo eskuin, batuagoak gaude eta ea hoberako den!

Bortzirikoak nafarrak bai baina Gipuzkoari begira bizi zarete hein batean. Euskal Herria Nafarroatik eginen omen da, bestela nekez...
Nik gutxienez lau Nafarroa daudela uste dut, laugarrena Iparraldean dagoen zatia. Nafarroa guztiz ezberdinak, alegia. Esaterako, ni gernikar batekin identifikatzen naiz gehiago Tuterako batekin baino, naturala da. Erriberako batekin identifikatzea zaila da oro har. Nahiz hango euskaltzaleak izugarrizko lana egiten ari diren, Tuteran aurten Txapelketa barnean egin den bertso saioa lekuko. Iruñerrian berriz, duela urte batzuk egiten ez ziren gauzak egiten ari dira egun, eta geroz eta gehiago identifikatzen gara. Nafarroak Euskal Herriari utziz gero, zaila ikusten dut Euskal Herria egitea, ezinezkoa, alegia. Oinarriak jartzen ari dira bederen, eta geroak erranen du

MANUEL LASARTE
«Nafar bertsolari on bat, agian nafar bertsolaritzaren alde gehiegi egin ez duena»

LAZKAO TXIKI
«Errepika ezin den artista bat»

MIXEL AIRE "XALBADOR"
«Nire bertsotako hasieran asko lagundu ninduen Iparraldeko laguna»

JOSE MIGUEL ARGIÑARENA
«Bertsoak kantatzeari agudo utzi zion bertsolari laguna»

LONTXO ABURUZA
«Bertsolaritzaren alde lan asko egin zuena, eta denbora egokian eta justuan utzi zuena»

ESTITXU AROZENA
«Aitaren ilusioa eta bertsolaritzaren geroa»

BITTOR ELIZAGOIEN
«Bertsolari jator eta lagun haundiena»

XABIER SILVEIRA
«Nafarroako bertsolaritzan lan asko egin dezakeen tipo berezi bat»

MARIANO IZETA
«Txirritak erran zuen `hemendik 80 urtera izango dira nire aipamenak' eta, nik uste, Marianorenak hala izanen direla»

TASIO ERKIZIA
«Laguna. Txori bat ere hilko ez lukeena eta egin ez duen zerbaitengatik zigor bat ordaintzen dagoena»

Tantoa
Duela hamaika urte ezagutu nuen, 1988ko bertsolarien txapelketan, eta geroztik, hainbat bertso saio egin ditugu. Baita ere bertso eskolan elkarrekin ibiliak gara Bortzirietako gazteekin.
Manolo oso urte guttiz Euskal Herrian hagitz ezaguna egin den bertsolaria da, bera izan zen Bortzirietako bertso eskolaren sortzailea eta oraindik jarraitzen du bertso eskola bultzatzen duen haize sano izaten. Bera da Nafarroan txapel gehien jantzi duen bertsolaria eta oraindik ere edozeini susto bat eman diezaiokeela uste dut nik.
Nahiz eta azken txapelketetan txapelik ez duen jantzi, Manolok txapelduna izaten jarraitzen du oraindik ere. Bertsolari izateaz gain, gure entrenatzaile ere badela uste dut, txapelketa prestatzeko garaian bera izaten da gure managerra. Bera eta bere emazte Dolores sukaldaria, eurei eskerrak, ederki hornituta entrenatzen gara.
Ez dakit guri Manolok zer zor digun, guk berari bai zor diogula uste dut. Oso pertsona irekia da, jende gaztearengana erraz iristen dena bere umore onari esker. Bertsolari izateaz gain, pilotazale amorratua da nonbait, Olaizolatarren osaba izaki, baina hortxe dago koska baztandar batekin elkartzen denean: Nor da pilotarik onena? 1000-500 Goñiren alde. Aupa Goni!


Azkenak
Eneko Etxeberria: “Ez nioke nire semeari Jose Miguelen bilaketaren zama utzi nahi”

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua aurkitu gabe bukatu da Frantziako Landetan egindako bigarren indusketa. 44 urte dira militantea desagertu zenetik eta bere familiaren belaunaldi batetik bestera pasa da bere bilaketaren zama. Azken indusketa honek ez du, berriki hildako... [+]


2024-05-06 | Gedar
Asteartean hustu nahi dituzte Otxantegi Herri Lurrak

 

Hirugarren aldiz, Berangon birjabetutako lurrak husteko data berri bat ezarri dute. 08:00etan bertaratzera deitu dute Otxantegi Herri Lurretako kideek.

 


"Elkarren berririk izan gabe lelo berdina hautatu dugu, 'Palestinako umeak gureak ere badira': esanguratsua da"

Gasteizko hezkuntza komunitateko hainbat zentrok eta eragilek ekimena antolatu dute maiatzaren 10erako, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Urriaz geroztik zenbait eskola ekimenak antolatzen hasi ziren Paletinarekin elkartasunez, nork berea;... [+]


Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


Eguneraketa berriak daude