20 URTEKO HISTORIA, BIDEAN HAZIZ ETA HELDUZ JOAN DENA

  • mugimendua Euskal Herriaren azken urteetako historian erreferente bat bilakatu da. Hainbatekimenen bultzatzaile, beste hainbat erasoaldiren pairatzaile ere izan da urteotan.

1999ko maiatzaren 16an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Duela 20 urte, 1979ko apirilean, Leioan lehenik eta Beasainen ondoren (maiatzaren 6an) Jarrai gazte erakundeak bere Biltzar Eratzailea burutu zuen. Gazte erakunde abertzale eta sozialista bezala definitu zuen bere burua aurkezpen hartan. Urtebete lehenago KASen baitan izandako eztabaiden ondorio izan zen bere sorrera. Orduan ezker abertzalean zeuden taldeengandik (EGAM eta GAI) aldenduko zen, gazteak bilduko zituen eta hauen autoantolakuntza bultzatuko zuen erakunde baten beharra ziren eztabaida haien zioa. Egitasmoak, azkenean, Jarrai izena jaso zuen.
Jarraik izan beharreko egituraketa politikoaren inguruan KASek zituen barne eztabaidak Jarrai bertara zabaldu ziren eta urte horretan bertan (urriaren 13an) burututako biltzar nazionalean, KASek zuzendaritza izatearen aldekoak gailendu ziren; Jarrai KASen gazte erakundea zen. Egituraketa hau berau izango zuen 80ko hamarkada guztian zehar.
1980an Jarraik bere I. Biltzarra burutu zuen Euban. Hainbat lan eremu izan zituen bilkurak, baina bi nabarmendu ziren besteen gainetik: soldadutza eta droga; gerora, urteen joanean, behin eta berriro errepikatuko zirenak. Lehenari dagokionez, aurkako jarrera azaldu zuen Jarraik –zera zioen orduko agiri batek: «

`mili'aren aurrean, gure jarrera ezezko borobila da. Kontzientzi-eragozpen eskubidearen alde gaude, bere bi aukerak, zerbitzu soziala eta intsumisioa, balezkotzat hartuz
»–, baina hiru urteren buruan, II. Biltzarrean, soldadutza Hego Euskal Herrian egitearen alde agertu zen: «milia miliekin». Jarrera honek, kontzientzi-eragozpenaren eta intsumisioaren alde Euskal Herri osoan abitutako mugimenduaren aurrean, aukera galtzea ekarriko du, atzean geratzea. Urteen poderioz, bere ikuskera aldatu eta soldadutzaren aurka azalduko da berriro.


SOLDADUTZA.

«Soldadutzari ez» eta «Soldadutza honi ez» dikotomian, izan ziren eztabaiden erakusgarri dira Patxi Xabier Fernandez, garai hartan Jarraiko militante izan zenaren –egun «Gara» egunkariko kazetari– hitzak: «

Beharbada ikuspegi utopikoago bat zegoen. Jendeak aipatzen zuenean euskal ejerzitoa sortzearen beharra, ikusten zuen bazegoela aukera bat estatu propio bat sortzeko, Kuba edo Vietnamen adibideak jarraituz. Espainiar eta frantses Estatuek ejerzito bat zuten eta hemen, Euskal Herrian, defensiboki bazen ere, horrelakoren bat eduki behar zen. Hori zen aitzakia, kakotx askoren artean, euskal ejerzito bat aldarrikatzeko edo `soldaduska honi ez' esateko. Nik gogoratzen dut orain kartzelan dagoen Pipe San Epifanio intsumisioaren defendatzaile sutsua zela garai hartan. Garaien dinamikak bultzatzen zaitu erabaki batzuk hartzera eta beste batzuk baztertzera; eta gazteriak berak bultzatu du intsumisioaren aldeko pausu hori. Izugarrizko eztabaidak zeuden, ez bakarrik Jarrairen barruan, baita alboko erakundeekin ere; EKI eta horiekin ez, harremanik ez genuelako, baina bai EMK edo LKIren inguruan zeuden gazteekin edo anarkistekin
».


DROGAK.

Soldadutzaren eztabaidarekin batera, drogen afera ere ez zen eztabaida gutxiren iturri izan Jarrain. Adostasuna erabatekoa zen espainiar Estatuak, euskal gazteria malgutu nahian, heroina hauen artean barneratu zuela adierazterakoan; drogen legeztapenaren kontuan baina, ez zetozen denak bat. «

Desadostasunak zeuden (eta egun ere oraindik mantentzen dira, nik uste, ez bakarrik Jarrain, baizik eta ezker abertzalean eta gizartean oro har) erabilpenaren inguruan, legeztatu ala ez legeztatu. Ponentzia amaigabeak genituen droga bigunak eta droga gogorren artean, legalak eta ilegalak, alkohola sartu ala ez sartu; alkoholarekin ere, nolabait esatearren, gazteak borrokarako galtzen zirela; beste batzuk zioten alkohola bai, droga zela, baina sozialki onartuta zegoela Euskal Herrian; tabernen garrantzia azpimarratzen zen gazteriaren kokagune gisa...
» dio Patxi Xabier Fernandezek.


AKTIBISMOA.

1983an II. Biltzarra burutu zuen Jarraik. Ordurako ZEN Plana delakoak bere jarduera abiatua zuen, gazte oro zen susmagarri. Honi aurre egiten saiatu zen Jarrai, beste aldarrikapenak albora utzi gabe: «

Hasiera haietan gauza asko jorratu nahi genituen, baina azken finean borroka antierrepresibora mugatzen ginen. Denbora aurrera joan ahala, Bigarren Kongresutik batez ere, arlo antierrepresibo horrez gain, eguneroko dinamika horrez gain, gazteriari zegozkion arloak lantzen hasi ginen
». 1986an, zenbait barne kritikek bere jarduna soilik aktibismoan oinarritzen zutela eta beste zenbait esparru utzita zeuzkatela zioten. Horren ondorio izan ziren ikastetxe, auzo eta herrietan eginiko aurkezpenak eta, besteak beste, gazteek nozitzen zuten langabeziaren aurka abiatutako kanpaina. Ordurako HBren «Martxa eta Borroka» kanpaina –euskal rock musikak azken urteetan bizitako

boom
aren isla– pasea zen eta gaztetxeen mugimendua ere loratzen hasia.
Ondorengo urteetan Jarrai hazten joan zen eta Hegoaldeko auzo eta herri gehienetan antolatzen hastea lortu zuen. Funtzionamendua garbia zen eta da: lehenik herri eta auzoko militanteak biltzen dira, gero eskualdeetako biltzarrak, herrialdeetakoak ondoren, eta nazionala azkenik. Batzorde Nazionala berriz, herrialde bakoitzetako kide kopuru finko batek osatzen du. Egoera juridikoari dagokionez, alegalitatea. «

Ikastetxeren batean biltzeko, eskatzen genuen baimena elkarte kultural-errekreatibo bezala. Jarrai bezala ezin zen ezer antolatu, ez manifestaziorik, ez ezer
» dio Patxi Xabier Fernandezek.
Hazkunde horrekin batera, Jarrairen aurkako errepresioa ere areagotu egin zen: «

Garai hartan mugitzeko erraztasuna handiagoa zen. Urteekin batera Estatu espainiarrak eta frantsesak zorroztu egin dituzte euren tresnak gazteria kontrolatzeko
». Erasoaldi horren maila gorena 1992an Bilboko Txurdinaga auzoan burutzen ari ziren V. Biltzarrean gertatu zen. Poliziak 300dik gora lagun atxilotu zituen eta Barne Ministerioko ordenagailuetan fitxatu ondoren aske utzi zituzten.
V. Biltzar horretan gazte mugimenduaren inguruko kontzepzioa bera aldatu zen, Olatz Dañobeitia Jarraiko egungo bozeramaileetako batek dioenez: «

Jarrai erakunde baino mugimendu bezala definitzen hasten da. Gaur ezagutzen dugun euskal gazte mugimendua V. Biltzar horretan egin ziren hausnarketen ondorio dela esan dezakegu
».
Bost urte igaroko ziren 1997an VI. Biltzarra burutu arte. Bitarte horretan, «

gazte erakundeak izugarrizko indarra eskuratu zuen, askoz gazte jende gehiago bilduz, era antolatuan eta maila lokalean gazte espresio ezberdinak sortuz eta borroka frente ezberdinak eratuz. Horren isla ziren intsumisioaren borroka bera edo Etxarri Aranazen abiatutako gazte topagunea
». 1994an hasi zen Jarrai, urtero eta Aste Santu garaian, topaketa hauek antolatzen. Jende andana bildu izan du edizio bakoitzean, beti ere festa eta aldarrikapena uztartuz.
1997ko Biltzarrean jauzi bat ematearen beharra nabarmendu zen, hots, indar metaketa horrek «

duen erabilgarritasun sozial eta politikoa, agerian utzi behar zen
». Horrez gain, gazteriak bizi duen egoeraren diagnostiko orokor bat egiten zuten: «

gazteriak egun dituen arazo larrienak pairatzen dituen bizi baldintzak dira, etxebizitzaren problematika, langabeziarena, lan baldintzena... Honek gazteengan etsipen jarrerak, ziurtasun-gabezia sentsazioak... sortzen ditu; eta hor ikusten zen borroka zabal bat martxan jarri behar zela ondorio horiek ezeztatzeko. Euskal Herriak, zorionez, badu gazteri oso aktibo eta konprometitua eta gure apustu nagusia gazteon bizi baldintzak borrokatzea da, beti independentzia eta nazio eraikuntzaren bidean kokatuta
» dio Olatz Dañobeitiak.


KALE BORROKA.

Jarraiko kideak beti miran egon badira ere, azken hilabeteotan hainbaten ahotan izan den kale borrokaren haritik, zera dio Dañobeitiak: «

Eraso mediatikoak, polizialak, eta bestelakoak ez dira soilik Jarrairen aurkako erasoak, euskal gazteriaren aurkakoak baizik. Euskal gazteri osoa da kriminalizatua eta egurtua, bai Jarrairi zuzenean jotzen zaionean, bai eguneroko errealitatean gazteriak bizi duen zapalkuntzan. Gazteria lehen lerroan egon da, eta horrek Estatu espainol eta frantsesean min egiten du. Hori mozteko, biolentziaren eta errepresioaren erabilera dago. Hor kokatzen dugu behin eta berriz Jarrai kale borrokarekin lotzearen saiakera. Eta hor kokatzen dugu, baita ere, Euskal Herriak ireki duen prozesuaren aurka joateko nahia
».
Lizarra-Garaziko akordioaren eta ETAren su-etenaren ondotik zabaldutako prozesuak garai batean sinestezina zen hainbat gazte talderen arteko elkarlan puntuala ere ekarri du. Aurrez ordea, duela hiruzpalau urte, Jarraik Ipar Euskal Herriko Gazteriak erakundearekin elkarlan sakonagoa abiatu zuen. Olatz Dañobeitiak, urrats hau oso garrantzitsutzat jotzen du, «

helburua Euskal Herrirako euskal gazte mugimendu bakar bat sortzea baita. Eta momentu honetan garrantzi handiagoa hartzen du. Zergatik? Momentu hau Paris eta Madrili begiratu gabe herri hau abian jartzeko momentua delako; euskal gazteri bakar bat bezala pentsatzen eta garatzen hasteko garaia delako
»

Jarrai, zorionak eta eskerrik asko

Z

orionak:
Orain 20 urte euskal gazte talde batek Jarrai sortu zuenean seguraski ez zuen pentsatuko 20. Urtemuga inoiz ospatzera ailegatuko ginenik, beste gauza askoren artean 20 urte bete baino lehenago Independentzia eta Sozialismoa eskuratuta izango genuelakoan, eta gutariko askori hori gertatu zaigu, hots, Jarrain sartu eta handik gutxira Borroka irabazita zegoela pentsatzen genuelako. Baina borroka gogorra da, aurrean daukagun etsaia ez da makala eta bere esku dauzkan tresna guztiak Euskal Herriaren kontra erabiltzen dituelako. Eta horra hor zorionak emateko beste arrazoietako bat. Jarraik bizirik dirau etsaiak bere aurka eginiko eraso guztien gainetik, bai euskal gazteriaren kontra erabilitako errepresio mota guztien gainetik, bai akulturalizazioaren gainetik, eta baita ere indibidualismoaren gainetik.
Eta atzera begiratuta zenbait gauza etortzen zait burura, ZEN Planaren kontrako mobilizazioak, drogari buruzko eztabaida bitxiak, soldaduskari buruzko eztabaida bukagaitzak, Kimuak-en sorrera, Gaztetxeak zabaltzen sartutako indarrak, eta nola ez Martxa eta Borroka, Gernika 37-87, kongresuetako gauetan eginiko parrandak eta herrialdekeriei buruzko txisteak.

Eta eskerrik asko:
Eskerrak emateko arrazoi asko daude, baina nik bi aukeratuko ditut. Lehenengo eta behin Euskal Herria maitatzen erakusteagatik. Jarraitik pasatutako pertsonak milaka izango gara, eta seguru nago guzti guztiok marka horrekin atera garena, erakunde horretan emandako urtetan Euskal Herria helburu izatea ikasi dugulako.
Eta bigarrenik, eskerrik asko bizi dugun une historiko honetara ailegatzen laguntzeagatik. Jarraitik pasatutako jende gehienak bere militantzia Ezker Abertzaleko beste erakunderen batetan jarraitu du, eta hemen Txato (Anuk) aipatu behar dut, bera izan baita danontzako adibiderik eredugarriena, bere konpromisoa heriotzaraino eraman baitzuen. Jarraitik pasatutako lagunek gaur egun LAB, HB, Egizan, Gara eta beste era askotako erakundeetan darraite bere konpromiso militantearekin, klandestinitatean eta estatu frantziar eta espainiarreko kartzeletan daudenak ahaztu barik, Euskal Herrian ezer ez litzateke berdin izango Jarrai gabe.
Bukatzeko animo eta aurrera Borroka gogorra bezain polita da, eta gaur egun Jarrairen inguruan antolatuta zaudetenok ondo dakizue, etsaiak ezin baitu onartu Euskal Herriaren Askatasuna egunero eraikitzen duen Jarrai bezalako erakunde bat paketan aritzen uzten. Beraz, jopuntuan jarraitu arren, jarrai ezazue Euskal Gazteria antolatzen, Euskal Gazteriarekin lanean ikastetxeetan, kaleetan, jarrai ezazue Euskal Gazteria eta gazte-ohientzako eredua izaten, jarrai ezazue Euskal Herria askatzen, Euskal Herria eraikitzen, jarrai ezazue Independentzia eta Sozialismoaren bidean. Garaipena gurea da, galtzen den borroka bakarra bidean uzten duena da eta. Eskerrik asko eta Zorionak Jarrai. Zorionak beti


Azkenak
Nola debekatu sare sozialak erabiltzea 16 urtez azpikoei? Australiako Gobernuak badu formula

Legez, 16 urte bete arte ezingo dituzte sare sozialak erabili Australian, urte bukaera honetatik aurrera. Baina nola gauzatzen da hori praktikan? Gobernuaren azterketa batek ondorioztatu du teknikoki bideragarria dela, eta aurrekaria jarri du bide bera hartu nahi duten... [+]


NATOtik ukatu egin dute Sánchezek iragarritako gastu militarraren salbuespena

Mark Rutte NATOko Idazkari Orokorrak ukatu egin du “baztertze klausula” onartu zaionik Espainiako Estatuari. Kalkuluen arabera, BPGren %3,5a gastu militarretara bideratu beharko du gobernuak, NATOk eskatzen dituen kompromisoak betetzeko.


Trumpek iragarri du Israelek eta Iranek su-eten akordio bat adostu dutela

Iranek AEBen Qatarreko base militarrari eraso egin ostean eman du gertakariaren berri Etxe Zuriko maizterrak, Truth Social sare sozialean. Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik ukatu egin du menia bat adostu dutela, eta adierazi du Israelek "bere legez kanpoko... [+]


Asteburu honetan eginen da EHZ festibala, Arberatze-Zilhekoan

Fermin Muguruza afixan nagusi, Olaia Inziarte, Naxker, Xiberoots, Errobi, Kaskezur, Zetkin, Tapia eta Leturia eta beste hainbat musikari igoko dira oholtzara ekainaren 27, 28 eta 29an. Horrez gain, antolatu diren hitzaldietan, hala nola lurraren defentsaz, diskurtso eta... [+]


Udaltzaingoan arreta euskaraz bermatzeko gomendatu dio Arartekoak Erandioko Udalari

2024ko irailean, herritar batek salatu zuen Erandioko udaltzain batek arreta euskaraz ukatu eta jokabide hori behin baino gehiagotan errepikatu zela, baita telefonoz kexatu zenean ere. Salaketak erakusten duenez, hasiera batean, arreta eta dokumentazioa gaztelaniaz bakarrik eman... [+]


2025-06-24 | Gedar
“Gazteon erantzunari esker Durangoko Gaztetxeari eustea lortu dugu”

Gaztetxearen aldeko manifestazio jendetsu bat egin zuten larunbatean Durangon, espazioaren irekieraren berri eman eta lau egunera. "Lehenengo gaua ere ez genuela bertan pasatuko esan ziguten, eta oraindik gaztetxean tinko jarraitzen dugu", aldarrikatu... [+]


2025-06-24 | Euskal Irratiak
Laida Mugika
“Espero dugu datorren urtean halakorik egin beharrik ez izatea, eta errektoretzak neurriak hartzea”

Errektoretzaren erantzun ezan, ehun bat irakaslek berriz eskainiko diete ikasleei ahozko froga euskaraz pasatzeko aukera. Guraso elkarteek ere bat egin dute ekimenarekin, errektoretzaren inplikazioa eskatuz.


Eskuin muturreko talde batek Donostiako ‘Jesusen Bihotza’-ren aldeko ekimena egin du

Donostiarra, defenda ezazu zurea leloarekin pankarta bat jarri dute, Jesusen Bihotza duen Espainiako bandera batekin batera.


Hazparneko etxebizitza agentzia bat okupatzeagatik epaituko dituzte zazpi lagun irailean

2024ko urtarrilean Arberoako Lurra eta Etxebizitza kolektiboak Hazparneko Puyo agentzia okupatu zuen. Ekainaren 20an elkarretaratzea egin zuten ekintzaileei babesa emateko.


2025-06-23 | Axier Lopez
asteko argazkia
Isolamendua

Israelek aldebakarrez eraso egin dio Irani eta 950 pertsona baino gehiago hil ditu, horietatik %90 zibilak. Nazioartean atxilotzeko agindua duen Benjamin Netanyahu gerra-kriminalak dio "eraso prebentiboa" izan dela, bere inguruan inork ez dezan eduki berak aspaldian... [+]


NATOrekiko kompromisoak gastu militarra %5era igo gabe betetzea adostu duela iragarri du Sánchezek

Igandean iragarri du akordioa Pedro Sánchez Espainiako presidenteak. Espainiak gastu militarrera BPGaren %2,1 bideratuko duela ziurtatu du.


Israelek beste 33 palestinar hil ditu Gazan, eta Mahmud Khali ikaslea aske utzi dute AEBetan

Israelek 33 palestinar hil ditu Gazan igandetik astelehenera bitartean, horietatik sei janari bila zihoazela. Israelgo armadak jakinarazi du Gazan bahituta zituzten hiru israeldarren gorpuak berreskuratu dituela. Bestetik, Mahmud Khali AEBetako Columbia Unibertsitateko ikaslea... [+]


2025-06-23 | Hala Bedi
Gasteizko Txosnek 2025eko programazio osoa argitaratu dute

Gasteizko Txosnek gaur aurkeztu dituzte ofizialki 2025eko Andre Mari Zuriaren jaietarako kartela eta musika zein kultur programazioa. Hirugarren urtez jarraian, Entxosnatu, etorri gugana! lelopean, gune autogestionatuak abuztuaren 4tik 9ra egongo da irekita, 40 kontzertu eta... [+]


“Ongi etorrien” auziko inputatuei bi urteko espetxe zigorra ezarri diete eta ez dira kartzelara joango

Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicenteri 120 ongi etorri baino gehiago antolatzea eta terrorismoa goratzea leporatzen zien Espainiako Auzitegi Nazionalak. Auzipetuek, akusazio partikularrak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude