AJURIA ENEKO GOTORLEKUTIK LIZARRA-GARAZIKO LUBAKIRA

  • Lizarra-Garaziko akordioaren garaian bizi gara. Batetik besterako bideaz jarduteko bildu ditugu Joseba Arregi jeltzalea, Elkarriko Jonan Fernandez eta Emilio Lopez Adan `Beltza', idazlea. Mahaingurua hilaren hasieran Parisen hasitako atxiloketa uholdearen aurrekoa da.

1999ko martxoaren 28an
A

juria Eneko Ituna Aljerren ETAk eta PSOEren gobernuak izan zituzten negoziaketen atarian sinatu zen. Sakonduko al zenukete Itunaren sorrera arrazoietan?
JONAN FERNANDEZ.
Nik Ardanzari entzuna diot Ituna Aljerreko elkarrizketak bazetoztela eta horregatik sortu zela. Beste batzuk beste bertsio bat ematen dute. Nire ikuspuntutik, sorreraren arrazoia eta testuinguruak bere garrantzia izango du baina lekuko zuzenagoa izan behar da ondo aztertzeko nondik eta nola sortu zen.

JOSEBA ARREGI.
Agian garrantzia izan dezake zergatik sortu zen jakiteak eta historikoki bakoitzak zer intentzio zeukan edo ez zeukan, baina horrelakoekin, askotan gertatzen den bezala, gerokoak gertatzen direnak bihurtzen dira hasieran ez ziren arrazoi ere. Bakea eta euskal gizartearen etorkizuna biak lotuta daude baina, bestetik, bi gauza desberdinak dira eta ez da argitzen bakoitzak une bakoitzean zer nahi duen, edo bakea edo bakea lortzearekin bat euskal gizarteari buruzko zerbait nahi duelako... Itunaren historia hori da, barruko tira-bira hori, gauzak ez argitzea eta bahituta edukitzea. Bakea bideratu ahal izateko sortu zen eta, neurri batean, fruitua eman du gizartearen mobilizazio bati bide eman diolako. Azkenean, barne tira-bira horiek eraman dute amaitzera eta itotzera.

EMILIO LOPEZ ADAN, `BELTZA'.
Ni Arregiren bidetik joango naiz baina ondorioak alderantzizkoak aterako ditut. Itun honek erakusten du gatazkak bat baino gehiago direla. Batetik Euskal Herriaren kontzeptoa dago, hau da, espainiarrak garen ala ez; horrez gain, arazo soziala ere hor da, transnazionalek beren bideak, helburuak martxan dituzte eta arazo hau gure gizartean botere politikoaren arazoaren inguruan zentratzen da; eta gaur egun boterea lortzeko lege nagusia sistema demokratikoa da. Hor diskurtsu nagusia `demokratak eta biolentoak' zen. Demokratak hauteskundeetan nagusi ateratzen zirenak ziren. Demokraziaren kontzeptu nahiko murritza zegoen, hots, «gehiengoa dugunok badugu eskubidea gurea jende guztiari errespetarazteko». Hemen bada ETAren inguruan dagoen minoria garrantzitsua, eta jende honi Ajuria Eneko Ituneko diskurtsoan ez zaio lekurik uzten. Sektore hori damuarazi eta menperatu behar zen, eta orduan utziko zitzaion leku bat egonkortasun demokratikoan. Horrez gain, ETAren inguruko jendeek oraindik sinesten zuten apurketa iraultzailearen ondorioz botere politikoa aldatzen ahal zela.

Ezker abertzaletik esan izan da enfrentamendua euskaldunon arteko gatazka gisa agertaraztea izan dela haren helburu nagusia.
J.A.
Ajuria Eneko testua irakurrita ez dut uste hori inondik inora esan daitekeenik. Itunak gauza bikoitza dio eta biak elkarrekin lotuta daude: batetik, Estatuarekin arazo bat badagoela esaten da, eta hori oraindik ez dela behar bezala sendatu. Baina arazo horrek barrura begira bere isla ere baduela esaten da, Euskal Herrian bertan badagoela arazo bat bere izaera definitzerakoan.

E.L.A.
ETAren inguruan izan den diskurtsoa, hau da, gatazka Euskal Herria eta Estatuaren artekoa dela, faltsua da. Hori badago, dudarik gabe, baina gero Euskal Herriko gizartean ispilatzen da gatazka hori. Hemen diren indar antiabertzaleek hazkurria bilatu dute Ajuria Eneko Itunean baina arazoa ez da propagandazkoa, egiturazkoa baizik, eta noizbait irtenbidea eman beharko zaio.

J. F.
Lehen esan dut ikuspegi desberdinak daudela Ajuria Eneko Itunaren sorreraz, baina agian ona da azpimarratzea memoria desberdinak ere badirela. Horrez gain, ez dago balorazio absoluturik eta Ajuria Eneko Itunak izan ditzake gauza positiboak eta negatiboak. Une honetan, ezker abertzaletik gatazka edo bake prozesuaren testuingurua hemen bakarrik kokatzen da, euskaldunen arteko arazoa balitz bezala. Elkarrin jende askorekin egotea egokitu zaigu, eta ikusi dugu Ajuria Eneko Mahaiak, `Gesto'k edo EGIk berak ere, zeregin bat izan dutela irtenbide bat ematen gizartearen zati handi baten haserreari; eta hori, nola-hala, modu ordenatu batean egin da. Horrez gain, orain interesgarria da Ajuria Eneko Mahaiaren idazki batzuk irakurtzea, literalitateari begiratuta behintzat oso ausartak zirelako. PPk, PSOEk eta beste batzuk horiek sinatu zituztela pentsatzea benetan interesgarria da. Alde negatiboa, ezker abertzalearen isolamendua bultzatzeko itun moduan garatu dela, ekimen politiko positiborako gaitasunik agertu gabe.

E.L.A.
Nik ez diot ezer positiborik ikusten.

Eta negatiborik?
E.L.A.
Jonanek aipatu du ondorioa: isolamendua. Euskal Herriko populazioaren zati bat menderatzeko eta damuarazteko izan zen eta horrek ondorio latzak ekarri ditu. Horrek enfrentamendua areagotu du –ezker abertzaleak ere ez du egin enfrentamendua apaltzeko, alderantziz– eta, bestetik, bidea eman dio ikusi dugun erasoaldi espainolistari. Erasoaldi ikaragarria izan da abertzaletasun osoaren aurka. Beraz, bi ondorio izan ditu: isolamenduaren politika eta nazionalismoaren arbuiatzea.

J.A.
Ez nago horrekin ados, Ajuria Eneko Itunaren asmoa ez zelako hori izan, menperatzea eta isolatzearena, gutxienez denen asmoa. Beste gauza bat da, Jonanek esan duen bezala, praktikan batzuek horrela erabili nahi izana. Ez dut uste gero abertzaletasunaren aurka eman den eraso hori zuzenean lotu daitekeenik kausalitate bidez Ajuria Eneko Itunarekin. Gizartean zegoen haserre bati bidea eman zion eta gizartea bera biolentziaren aurrean behar bezala kontzientziarazteko balio izan zuen. Alderdi txar bezala zera jarriko nuke, batzuek –PPk batez ere– akordio hori bahitu egin zutela, bakearen atzean beste zerbait ikusi nahi zutelako eta beste zerbait hori ukatu nahian, bakea lortzeko bideak ukatu dituela.

J.F.
Nik beti eduki dut Itun honekiko oso ikuspegi kritikoa. Dena den, sufrimenduaren sozializazioaren garaian, ikusi izan ditut hemengo gazte batzuk makilekin institutura joateko prest kale borroka eta abarrekoei erantzutera; haserre hori bideratu zen, beraz. Heldu da dena beltz edo txuri ez begiratzeko unea.

E.L.A.
Nire ikusmoldearekin jarraituko dut. Boterearen gaia zentrala da honetan. Ajuria Eneko Ituna horrelakoa zelako edo bahitu egin zutelako edo gero sortzaile batzuek nahi ez zituzten ondorioak eman dituelako –ez dut hori dudatan jartzen–, PPk pentsatu zuen sozialisten laguntzarekin EAE beren eskuetan har zezaketela. Alderdi jeltzalea konturatu da hori posible dela, konturatu da botere politikoa eskuetan atxikitzeko Ajuria Eneko Ituna ez zela bidea, hortik PPk irabaziko zuela; bidea, berriz Euskal Herriko nortasuna eta eskubide historikoetan oinarritzea zela eta, batez ere, biolentziaren arazoari irtenbideren bat emanez gero tanto eder bat eskuratuko zuela. ETAk, bestalde, EAJrekin Itun bat erdiesteko su-etena egitea onartu du. Etorri zaigu Lizarrako itun nazionalista eta gauzak aldatu egin dira, EAJk buelta eman dio egoerari.

Bereizi al daitezke faseak, une garrantzitsuak...
J.A.
Hamar urte hauetan gertatu den gauzarik garrantzitsuenetakoa, eta horretan Beltzarekin ados nago, zera izan da: batez ere PPren aldetik bahiketa hori gertatu dela ikusiaz, EAJk ikusi du Ajuria Eneko garapenetik ez zegoela biderik herri honentzako behar den bakea finkatzeko eta, beraz, beste zerbait bilatu beharra zegoela bakearen bidean urrats garrantzitsu bat emateko. Kontzientzi hartze hori eta hortaz jabetzea izan da hamar urte hauetan gertatutako gauzarik inportanteena: «Ajuria Eneak berea eman du, hemendik ez dago bakegintzan pauso bat aurrera ematerik eta beste zerbait saiatu behar da». Bestetik, ezker abertzalea eta ETAren munduan beste antzeko egoera bat eman da eta une batean batak besteari heltzeko modua ikusi da.

J. F.
Azken laupabost urteetan Ituna zalantzan jarri izan da, barrutik zein kanpotik. Gutxi gora-behera 94-95a arte, ezker abertzaleaz aparte Ituna ez da zalantzan jartzen. Baina hortik aurrera zalantzak datoz, nortasun eza dago –zertarako gaude?...–, PPren beto eskubidearekin dena blokeatzen zen... Ez dut gauzak etxeratzeko asmorik baina duela lau urteko Carltoneko Bake Konferentziaren argazkiak –EAJ, EA, EB-IU, HB eta UA– beste gauza batzuen beharra ispilatzen du. Sinbolikoki hori une garrantzitsua izan zen. Horrez gain, Blancorena eta Ardanzaren proposamenaren ingurukoa ere une bereziak izan ziren.

E.L.A.
Blancorenak argi eta garbi erakutsi zion ezker abertzaleari hausturako bide iraultzailetik ez zela irabazterik. Ardanzaren proposamenari dagokionez, argi dago hemen hegemonia arazo bat dagoela, eta nagusigoa non zen mahaigaineratu zenean PPk laster esan zuen «gu gara nagusi». Dagoen lekutik egina dagoelako –boteretik– eta botereari eusteko, hemen EAJk egin du apusturik gogorrena. Horrez gain, ETArena ere ez da txantxetakoa, erakunde militar batek bere buruaz beste egitea erabakitzen duenean, hori erabaki handia da. Espainolistak ez dira gai izan antzekorik egiteko. Baina EAJk eta ezker abertzaleak ez dute hori guztia egin bakerako, eta hemen berriz azaltzen da boterearen auzia. Bakerako ez zen Lizarrako akordiorik behar. Bakea nahi bada, eta errealista izanik, batak eman behar du besteak ere eman dezan. Beraz, halako negoziaketa tekniko bat izan beharko zen, presoak alde batetik eta bestetik armak. Horrelako kolore gabeko akordio bat eginez gero, posible da PP, PSOE eta besteak ere hor sartzea.
Baina Lizarran aipatu dena ez da hori, Lizarrako akordioa Euskal Herrian, edo behintzat hiru probintzietan, abertzaleei nagusigoa emateko egin da. Hori bide politikoa da, botereari lotuta dago, baina presoen eta exiliatuen egoera ez da Lizarrako akordiotik zuzenean etorriko.

J.A.
Ados nago Beltzarekin eta oso garrantzitsua da norbaitek hori horren argi esatea, oso gutxitan entzuten baita horrelakorik. Gauza horiek horren garbi esatea izan zen Ajuria Eneko Itunaren arazoa, eta une honetan Lizarrako itunarena ere izan daiteke. Ez dakit nire alderdiak hori horrela esango lukeen, ez dut uste. Azkenean, zertarako izan behar dute itun hauek eta zein dira eman beharreko pausoak? Bakea lortzeko ala hegemonia eta boterea lortzeko? Hor dago une honetan oso gako garrantzitsua. Gauza bat gertatzen da hemen, Beltzak egiten duen interpretazioaren arabera, Lizarrako abertzaleen hegemonia lortzeko apustuaren aurrean PPk eta PSOEk ez dutela beste inolako proiektu artikulaturik Euskal Herrian; edo ez dute asmatzen, ez dute nahi, edo ez zaie interesatzen, ez dakit, baina ez dago. Hauek uste dute Lizarrakoa abertzaleen nagusigoa besteei inposatzeko tresna dela, eta hortik dator une honetako egoera.

E.L.A.
Bitxia da ikustea botere politikoaren auziak nola funtzionatzen duen garai desberdinetan. Ajuria Eneko garaietan nagusia erabat nagusi: «gu gehiengoa, guk gobernatzen dugu». Orain PP eta PSOE minoria dira. Demokrazian ezin daiteke gobernatu gutxiengoen interesak kontuan hartu gabe eta gutxiengoei sozialki edo politikoki dagokien lekua eman gabe, nahiz eta gobernuan ez izan. Ni pozten naiz PPk eta PSOEk azkenean ulertu dutela zer den demokrazia, nahiz eta demokrazia formala izan. Noiz konturatu dira? Minorian geratu direnean. Hegemonia bateragarria izan daiteke demokrazia formalarekin eta gutxiengoekiko begirunearekin. Alde horretatik, oso ondo iruditzen zait abertzaleak lotzea noizbait nagusi izan daitezen.

J.F.
Ez nago ados gauza batzuekin. Batetik, ez dut uste Lizarra-Garaziko akordioa abertzaleen artekoa bakarrik denik. Merezimenduak banatzerakoan IU-EB azpimarratuko nuke, tentsio askorekin, kontraesan eta zailtasun askorekin zubi lan interesgarria egiten ari delako. Ez nago ados aukera hau zuzenean subiranotasun prozesu bat bihurtzearekin, lehenago bake prozesua burutu gabe. Eta zer da bake prozesu bat? Batetik biolentzia desagertaraztea eta, bestetik, hemen dauden tradizio politiko guztien arteko oinarrizko akordio bat izatea. Zer akordio mota? Oinarrizkoa eta joko arauak finkatuko dituena. Bakea ez da bakarrik negoziazio tekniko bat, bakea biolentzia eza da batetik, baina bestetik badago baita ere bake juridikoaren beharra, bake politikoa... Azken 30 urteetan biolentzia eta politika nahastuta bizi ditugu eta orain beste fase batera ari gara pasatzen non, dirudienez, inoiz gehiago ez ditugun nahastuko. Dena den, ez dut uste prozesu hau abertzaleen nagusigorako prozesua bihurtu behar denik.

J.A.
Beltzak esandakoetatik jarraituko dut. Abertzaleen hegemonia bilatzea guztiz zilegi iruditzen zait eta hori demokratikoki egin daiteke, eta minoriak ere errespeta daitezke. Hori aukera bat da eta ezin uka daiteke. Baina hori al da euskal gizartea eratzeko modu demokratiko bakarra? Bizi ditugun garai korapilotsu hauetan, hori al da euskal gizarteak etorkizunean bere burua indartzeko aukerarik onena?

E.L.A.
Ajuria Eneko azken denboretan, Ermuko izpiritua zela eta, hori dudatan eman izan zen. Nazionalismoa demokraziaren etsai gisa agertzen zen, eta garai batean alternatiba demokrata eta biolentoen artekoa bazen, gero demokratak eta nazionalisten artekoa bihurtu dute. Gaur egun, dirudienez, PP eta PSOEren bidea hemendik doa eta gatazkak beste itxura bat hartzen du. Jonan, zuk «betirako bakea» edo horrelako zerbait aipatu duzu. Oso dudatan jartzen dut hori, ETA eta Estatuaren arteko gatazka odoltsuari inoiz bukaera ematen badiogu oso bake partziala izango delako. Nire kapera txikian askok esaten dute Lizarra-Garaziko ituna biolentzia iraultzailearen gaitzespen orokorraren hasiera dela; ezker abertzaleak boterearen inguruan EAJrekin benetan egonkortasun politiko berri bat lortzen badu inoiz, han erakutsiko duela bakarrik nazionalista dela, ez duela borroka sozialerako gaitasunik eta errepresioaren bermea izango dela. Hau da nire ezker muturreko kapera txikian lagun batzuk esaten didatena.
Baina hori ez da gaur egungo arazo zentrala. Arazo zentrala da, kultura demokratiko baten barnean Euskal Herria garatzea, kontuan harturik gure gizartearen barnean populazio eta joera desberdinak daudela. Irtenbidea boterearen auziarekin lotua dago, Estatu boterearekin, baina irtenbide horrek ez luke sobera atzeratu behar presoen eta errefuxiatuen arazoaren konponbidea. Eta Lizarrako ituna, nahiz eta hor daudenek hori nahi duten, ez da horretarako egina. Espainolistek, ordea, ez dute ez bata ez bestea nahi.

J.F.
Nik ez dut hitz egin betirako bakeaz, ez baitut horretan sinesten. Gatazka bat daukan gizarte batez ari naiz, ez naiz beste gizarte bat imaginatzen ari. Akordio uniformizatzaile batean ere ez dut sinesten, ez baita esistitzen, baina konprometitu behar dugu joko arau batzuek adostera. Biolentziaz gain, bake ezaren adierazlerik garbiena oinarrizko joko arau berberekin ez aritzea da. Bakearen paketean hori ez badago, subiranotasuna eta bakea nahasteko arriskua dago eta beste gauza batzuk ere bai. Egunotan ez da posible alderdi guztiak hartuko dituen mahaia eratzea, baina horra jo behar dugu oinarrizko arauak finkatzeko. Horrek esan nahi du orain dagoenak ez duela balio? Ez, horrek esan nahi du ea dagoena nola hobetzen dugun, denok joko arau berberekin aritzeko.

J.A.
Ahaztu behar dugu norberak desiatzen duen egoera hura demokratikoki bakarra bailitzan hartzea.

Hegemonia borroka bat dagoela aipatzen da. Une honetako blokeoa gainditzeko zer egin daiteke?
J.A.
Herri honetan, identitateari dagokionez, modu desberdinetara pentsatzen duen jendea dago. Batzuek esan dezakete, «hobe da hegemonia borroka hori desblokeatu eta gauza batzuetan elkar hartu eta gauza berriak egiten saiatzea». Eta beste batzuek, ostera, «bada, joka dezagun gatazka hau demokratikoki»; azkenean demokrazia ez da gatazka bat bideratu edo desblokeatzeko, jasateko modu bat besterik baizik.

E.L.A.
Desio nuke protagonistek laster zerbait bilatzea, batez ere amnistiaren arazoa bideratzeko, nahiz eta handik edo hemendik lumaren bat edo beste galdu. Behin bakerako bidea helduta amnistia merezi dute eta hori diegu zor lehenbailehen. Baina ez dakit zer pisu izango duten beste era bateko kontsiderazioneek auzi honetan, Madrilen etsaia behar baitute; bestetik, ez dakit presoek eurek nola sentitzen duten beren askatasuna eta bide politiko berriaren arteko harremana.

J.F.
Nik ere desio berbera edukiko nuke, gure gizartea eta egoera alde guztietatik humanizatzea. Hainbeste urte gatazkan bizitzea eta arazoak klonifikatuta geratzea ez da ona gizartearentzat. Akordioaren esperientzia bateratu behar dugu eta gutxieneko joko arauak finkatu behar dira. Euskal Stormont bat behar dugu. Kontsentsuaren mahaiaren bila abiatzea da orain egin dezakegun ekarpenik baliotsuena.

Joko arauak aipatzen dituzu behin eta berri. Zehaztu daitezke?
J. F.
Ezker abertzaleak zer esaten du? Hemen ez dagoela baldintzarik helburu demokratiko bat lortzeko, hau da, independentzia. Ez dut esan nahi arrazoia duenik, baina esaten du, eta seguruenik arrazoiaren zati bat izango du. Aztertu dezagun gaurko joku arauen eskema eta kontrastatu dezagun ideia horrekin.

E.L.A.
Nik ez dut uste herri baten independentzia helburu demokratikoa denik, herri baten independentzia beste errealitate batean dago. Autodeterminazio eskubidea herri bati aitortzen zaio, nazio bati, baina nazio dela baiezteko ez da bide demokratikorik, indar harreman kontua da. Behin herri honek nolabaiteko frogak egiten dituenean, orduan bide demokratikoak datoz, erreferendumak eta abarrekoak. Oraingo harremanetan, Europan, gatazkak bideratzeko harremana demokrazia formalarena da. Iraultzak porrot egin du, besterik ez daukagu, beraz demokrazia formala da geratzen zaiguna.

J. A.
Azken bolada honetan nire baitan buelta asko ematen ari naiz ideia honi. Europan denok gatoz tradizio batetik, estatu nazionaletik, eta demokrazia estatu nazional bezala gauzatu da. Demokrazia estatuarekin nahasten dugu, estatua nazioarekin, estatu bat nazio bat. Horretan gauzatzen da demokrazia eta, azkenean, horrek guztiak egiten du nire identitatea, nire identitatea demokrazian bizi den estatu nazional honekin osatzen baita. Ez dezagun gure izaera lotu bakar-bakarrik joku arau horiekin, estatuarekin eta demokraziaren funtzionamenduarekin. Utzi dezagun hor tarte bat, joko arauak errespetatuz, norberak bere izaera hemendik, handik eta bestetik hartutako osagaiekin definitzeko.

Euskal erabaki esparrua aterako dugu mahai gainera. Zein da aipatzen duzuen joko arauen esparrua?
J. A.
Galderak berak eramaten gaitu berriro lehen Beltzak esan duenera, hau da, esparrua izango da gizarteak erabakitzen duena. Gehiengo zabalez abertzaleek erabakitzen badute euskal esparrua bakarrik izatea, horrela izango da. Baina orain hemen batzuek esparru bakarrekoak sentitzen dute beren burua, eta beste batzuk esparru bat eta bestea aldi berean sentitzen dute.

E.L.A.
Abertzaleak eta besteak, biok ematen diogu interpretazio nazionalista demokraziari. Niretzako esparruak Euskal Herria izan behar du eta joko arauak, nonbait, Konstituzioak definitzen ditu eta Konstituzioa Europako sisteman dago. Orain demokraziaren froga da, protagonista guztiei gaitasuna ematea konstituzioaren aldaketa indar sozialek nahi duten bidetik egiteko. Eta Konstituzioa Euskal Herrian gehiengoak nahi duen bidetik aldatzeko oztopoak jartzen bazaizkigu inoiz, hor joko demokratikoa hausten ari da. Gakoa, beraz, Konstituzioaren aldaketa edo erreforman dago, ez nago ziur nola, hori eztabaida teknikoa da eta. Gaitasun hori aitortu behar zaio gizarteari eta guk frogatu behar dugu, gurea den praktika bereziarekin –eta ez bakarrik hauteskundeetan– euskaldunok garela sujeto. Indar harremanen kontua da.

J.F.
Mitoak egiteko sekulako erraztasuna dugu eta Euskal erabaki esparru honekin ere mito bat egin da. Eztabaida, berez, honakoa litzateke: zein esparru eta zein edukirekin. Baina desmitifikaziora joko nuke, hori ez baita subiranotasun osoa, hori ez da esistitzen. Herria eraikitzeko funtsezkoa da gizarte zibilaren integrazioa eta horregatik, guretzat, gai honi buruz jarduterakoan argudio berbera erabili daiteke Nafarroan edo Gipuzkoan, gehiengoen proportzioak erabat desberdinak dira eta. Joko arauak ezin dira hegemoniatik planteatu, kontsentsutik baizik.

Denbora aurrera doa eta, beraz, azken txanda bat bakoitzarentzat, konklusio gisa.
J.A.
Esparruaren galdera sujetuaren galdera da, ez dago esparrurik sujeturik gabe; sujetua da eraiki beharrekoa eta honetarako alternatiba desberdinak egon daitezke. Demokraziak ez du esaten sujetuak honelakoak edo bestelakoak izan behar duten, identidatea ez da sekula normatiboa, zirkunstantziek baldintza dezakete baina ez dute behartzen inor halakoa edo holakoa izaten; identitatea norberak egiten duen aukera bat da. Saiatu daiteke, beraz, Euskal Herrian sujetu euskaldun `subiranoa' eraikitzen, hori zilegi da. Eta zilegi da baita ere sujetu berri bat eraiki nahi izatea, bietatik hartuko duena eta identitate berri bat garatu nahi duena, eta kasu bakoitzean esparrua desberdina izango da. Behin sujetu hori eraikiz gero, bere esparrua bilatuko du eta horretarako bide demokratikoak egon beharko dute.

E.L.A.
Oro har orain bizi dugun hau baikor izateko unea da. Euskal gizartean bada gatazkarik baina, zorionez, Euskal Herrian ez da inoiz izan, Irlandan bezala, komunitateen arteko gatazkarik. Euskal Herrian badira sujetu independente bat sortzeko baldintzak bide demokratikoen bidez. Bestetik, Europan gaude eta ez dirudi Madrildik Division Brunete bidaltzeko ausardiarik izango dutenik. Orduan, nonbait, onartu beharko dute hemen erabakiko dena

Barne tentsio artean biziraun duen Ituna

Duela hamaika urte pasatxo sortu zen Ajuria Eneko Ituna, 1988ko urtarrilaren 12an, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren gidaritzapean eta Aljerreko negoziazioen bezperan. Jose Antonio Ardanza bera, Txiki Benegas (PSE), Xabier Arzalluz (EAJ), Inaxio Oliveri (EA), Kepa Aulestia (EE) eta Julen Gimon (AP) izan ziren bilera haren protagonista nagusiak. Harrezkero arre eta iso artean jardun du Itunak.
ETA eta ezker abertzale osoaren aurrean eraman beharreko bidea zehazteko orduak bilduta pasatzen zuen batean eta hurrengoan erlojuak di-da irensten zuen tramiteko bilera. Hamalau bilera egin zituen bere lehenbiziko bost urteetan: 88an, adibidez, 5 bilera eta 90ean bat bera ere ez. Edozein modutan ere, «Euskadi normaltzeko eta pakeratzeko hitzarmena» funtsezko erreferentzia izan da azken 11 urte hauotan. Ezker abertzaleak bere zeregina eta izaera gutxietsi zuen hasieran baina berehala konturatuko zen, kontraesanak kontraesan, haren indarrak bapo baldintzatzen zuela bere jarduna.
Euskal gizartea ETAren biolentziaren aurrera ateratzea lortu zuen Ajuria Enerko Itunak eta batzuetan, abagunearen arabera, HB politikoki bazterreratzea ere bai. Gernikako Estatutuan sakontzea eta bide elkarrizketatuaren erreferentzia ere egiten ditu bere idazki askotan baina PPk eta PSOEk samur antzutu dute lur sail hori.
Eremu horietan aurrera egiten ez zela eta EAk arazo ugari izan du Itunean eta 92ko urtarrilean, esaterako, Ituna utzi zuen. 91ko bilera batean, lehenbiziz Itunaren bizitzan, Itunak Espainia eta Euskal Herriaren arteko gatazka onartzea lortu zuen EAk.
92an Irurtzun-Andoain autobidearen inguruan lortutako Leizarango akordioak egoera larrian jarri zuen Ituna. 1993an bergizarteratzearen inguruko eztabaida hasi eta 95era arte PPk gai honen inguruan izandako jarrerak –«terroristek bere osotasunean bete behar dute kartzela zigorra»– Ituna berriz jarri zuen kinka larrian. 93an jada EAJk honako hausnarketa egiten zuen: «ziklo bat amaitu da eta etorkizunari buruzko hausnarketa beharrrezkoa da». 95ean Ardanzak honakoa zioen: «Itunak batasun erreferentea izateari utzi dio»; EAJk salatzen zuenez, PPk helburu elektoralistekin erabiltzen zuen borroka antiterrorista. Ajuria Eneko Mahaiak oraindik garrantzia izango zuen 97ko uztailera arte, baina jadanik hil hotsak gero eta ozenagoak ziren. Xabier Arzalluzek zera zioen 96an: «Gaurko egunean oso gaitza litzateke Ajuria Enekoa moduko baketze akordioa sinatzea».
1997ko uztailean, ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia bahitu eta hil ondoren, goia jo zuen PPren Ajuria Eneko Itunaren moldeak. Alderdi estatalisten nazionalismoaren aurkako erasoaldiaren ondoren, EAJk aspaldi besopean zuen lana atera zuen Ardanza lehendakariaren eskutik. Ardanzak 1998ko martxoan aurkeztu zuen bere txostena baina PPk eta PSE-EEk atzera bota zuten. Ajuria Eneko Mahaiaren azken bilera izan zen hura. Irailean etorriko ziren Lizarrako Akordioa eta ETAren su-etena


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude